Marlene Dietrich

Marlene Dietrich (Berlin, Alemania, 1901eko abenduaren 27a - Paris, Frantzia, 1992ko maiatzaren 6a), aktorea eta abeslaria izan zen. Jatorriz alemaniarra zen, baina herritartasun estatubatuarra ere hartu zuen. Zazpigarren Arteko mitorik bikainenetakotzat hartua izan da, baita garai guztietako bederatzigarren emakumezko izarrik hoberenetakoa ere American Film Institute delakoaren arabera.[1]

Marlene Dietrich
Marlene Dietrich in No Highway (1951) (Cropped).png
Bizitza
Izen osoa Marie Magdalene Dietrich
Jaiotza Rote Insel (en) Itzuli1901eko abenduaren 27a
Herrialdea  Alemaniar Inperioa  (1901eko abenduaren 27a -  1918)
 Weimarko Errepublika  (1918 -  1933)
 Hirugarren Reicha  (1933 -  1939)
 Ameriketako Estatu Batuak  (1939 -
Talde etnikoa alemaniarra
Lehen hizkuntza alemana
Heriotza Parisko 8. barrutia1992ko maiatzaren 6a (90 urte)
Hobiratze lekua III. Städtischer Friedhof Stubenrauchstraße (en) Itzuli
Heriotza modua berezko heriotza: giltzurruneko gutxiegitasuna
Familia
Aita Louis Erich Otto Dietrich
Ama Wilhelmina Elisabeth Joséphine Felsing
Ezkontidea(k) Rudolf Sieber  (1923ko maiatzaren 17a -
Bikotea(k) Erich Maria Remarque
Jean Gabin
Mercedes de Acosta
Yul Brynner
Seme-alabak
Familia
Hezkuntza
Heziketa Goethe Gymnasium (en) Itzuli
Ernst Busch Academy of Dramatic Arts (en) Itzuli
Hochschule für Musik „Franz Liszt“ (en) Itzuli
(1918 -
Hizkuntzak alemana
frantsesa
italiera
ingelesa
Jarduerak
Jarduerak zinema aktorea, abeslaria, autobiografialaria, animatzailea, biolin-jotzailea, antzerki aktorea, aktorea, musikaria eta telebista-aktorea
Lantokia(k) Los Angeles eta Berlin
Enplegatzailea(k) Office of Strategic Services (en) Itzuli
Jasotako sariak
Nominazioak
Izengoitia(k) Marlene Dietrich
Ahots mota kontraltoa
Musika instrumentua biolina
musical saw (en) Itzuli
ahotsa
Diskoetxea Liberty
Zerbitzu militarra
Adar militarra United Service Organizations (en) Itzuli
Parte hartutako gatazkak Bigarren Mundu Gerra
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioa state atheism (en) Itzuli
IMDb nm0000017
marlene.com
Marlene Dietrich Signature.svg

BiografiaAldatu

Alemanian jaio zen; 1920an Berlinek bereganatutako Schöheberg herriko Rote Insel auzoan, hain zuzen ere. Bere familia klase sozial erdi-aberatsekoa zen. Aitak Louis Erich Otto Dietrich (1867-1908) izena zuen, polizia tenientea zen; ama,  Wilhelmine Elisabeth Josephine Felsing (1876-1945), bitxigile- eta erlojugile-familia batekoa zen. Ahizpa zaharrago bat izan zuen, Elisabeth izenekoa (1900-1973), baina, heldutasunean, militar eta nazien erregimeneko funtzionarioekin nolabaiteko tratua izan zuela jakitean, harengandik urrundu zen.

Bi ahizpek hezkuntza prusiarra izan zuten, arduratsua eta zorrotza, frantsesa ikastea barne hartzen zuena. Aita 1907an hil zen eta, bederatzi urte beranduago, ama bigarren aldiz ezkondu zen senar zenaren lagun batekin (Eduard von Losch, aristokrata eta militarra), baina handik gutxira hil zen I. Mundu Gerran jasandako zaurien ondorioz.

Marie Magdalene gazteak haurtzarotik adierazi zuen ospea eta ikuskizunarekiko interesa. 11 urte zituela “Marlene” (bere bi izenen uztarketa) izenez dei zezaten eskatzen omen zuen. Nerabezaroan poesia eta antzerkiaren inguruko jakinmina piztu zitzaion. Biolina jotzen ikasi zuen, baina ezin izan zuen maila profesionalean aritu, eskumuturreko lesio bat zela-eta. Film mutuen emanaldiak animatzen zituen orkestra batean lan egin zuen; labur-labur, handik aste gutxira kaleratu baitzuten.

Hastapenak AlemanianAldatu

Korista gisa egin zuen estreinaldia oholtzan, Alemanian biran zebilen kabaret batean. Max Reinhardten interpretazio eskolan sartzen saiatu zen 1922an, baina entzunaldi batean atzera bota zuten. Hala eta guztiz ere, korista lanak egin eta paper txikiak lortu zituen Reinhardtek kudeatzen zituen lokaletan.

Hitler aurreko Berlin lizun eta eferbeszentea gau-aretoz josia zegoen, eta hiriak bizi zuen sexu-askatasun eta trabestismoaren gorakadaren ondorioz zen ospetsua. Berlinek Marlene gaztearen izaera markatu zuen, eta etorkizunean izango zuen janzkera androginoa azaltzen lagundu du, baita bere bizitza intimo desinhibitua ere.

Dietrichek 1923an egin zuen debut ofiziala zineman. Izan ere, agerpen labur bat egin zuen The Little Napoleon filman. Hala ere, historialariek azpimarratzen dutenez, figurante izan zen Alemaniako hainbat filmetan 1919az geroztik. 1923an Tragödie der Liebe (Maitasun tragedia) filmean parte hartu zuen eta errodajean Rudolf Sieber ezagutu zuen, zuzendariaren laguntzaile zena; urte bereko maiatzean ezkontza zibila ospatu zuten Berlinen, baina elkarbizitza ez zen luzea izan. Nork bere kasa bizi izan zuten beren bizitza intimoa, baina ez ziren inoiz dibortziatu, eta nolabaiteko adiskidetasuna mantendu zuten. 1924ko abenduan, bikoteak alaba bat izan zuen, Maria Elisabeth (egun María Riva), aktorearen ondorengo bakarra. 1920ko hamarkadan zehar, Marlenek Berlin eta Vienako eszenatoki eta platoetan jarraitu zuen lanean. Antzerkian garrantzi handiko paperak izan zituen Shakespeare eta George Bernard Shawren muntaietan, baita aldizkari eta musikaletan ere. Garai hartan musika herrikoi amerrikararekin harreman estua izan zuen. Zinemari dagokionez, gutxienez hiru filmetan parte hartzea lortu zuen 1927 eta 1929 artean.

Der blau engel (1930)Aldatu

Emil Jannings aktore sonatuarekin batera egin zuen europako lehen film soinuduna, Der blau engel (1930), Josef von Sternbergen[2] zuzendaritzapean. Lan horrek Marlene Dietrich izar bilakatu zuen  Izan ere, irakasle errespetagarri bat galbidera eraman zuen Lola-Lola kabaret-artistaren paper ausartak zirrara sortu zuen nazioartean; batik bat, izterrak erakusten zituen bitartean, hitz limurtzaileak abesten zituelako. Garai hartan zinema oso geldoa zen eta film nolabait erotikoa klandestinitatean besterik ez ziren mugitzen. 1933an nazien erregimenak zinta debekatu egingo zuen Alemanian.

 
Marlen Dietric Der blaue engel filman

Esaten dutenez, Josef von Stenbergek divaren mitoa eratu zuen Marlene Dietrichen inguruan, zazpi pelikula filmatu baitzituen berarekin. Hala ere, bere memorietan argi kontatu zuen zailtasun handiak izan zituela Marlen Dietrich izar bilakatzeko.[2]

Marlenek ingelesa ikasi eta bere itxura findu behar izan zuen. Bere irudi sendoa lirain bihurtu zuen, eta horretarako 15 kilo argaldu zituen. Horrez gain, bekainak depilatu zituen, Greta Garbok bezala eta, diotenez, azkenaginak kendu omen zituen aurpegiera hezurtsuagoa lortu nahian. Makillake-trikimailuak ikasi zituen eta pantailan gehien laguntzen zituen keinuak entseatu zituen. Behin mitoa sortuta, Dietritch, neurri batean, ospea eman zion irudi horri lotuta geratu zen, eta bizi osoa pasako zuen bere itxura misteriotsuaren fintasunaren etengabeko bilaketan. Bere paper bitxi eta zalatzagarriek lagundu zioten horretan, bere lagun Orson Wellesen Touch of evil (1958) filmean eginikoa, esaterako; film hartan, 57 urte zituela, antzezpen ikonikoa egin zuen, alegia.

Bere lehen deskribapen sakona Franz Hesselek islatu zuen liburu batean (Marlene, 1931). Idazlea Walter Benjaminen laguna izan zen, eta berarekin itzuli zuen Marcel Prousten lana.

Josef von SternbergekinAldatu

Sternbergi esker, ordurako ezaguna zinemaren munduan, Marlen Dietrich Hollywoodera joan zen Der blau engel filmaren estreinaldi estatubatuarrerako eta Paramountekin kontratu esklusibo bat sinatzeko, MGM etxearen esanetara zegoen Greta Garboren gorakadari erantzuna eman nahian. Ameriketako Estatu Batuetan egin zuen lehen filma Morocco (1930) izan zen, Sternbergen zuzendaritzapean eta Gary Cooperrekin batera. Filmak hautsak harrotu zituen Marlenek eszena batean, frakez jantzita, ikusle bati ahoan musu eman ziolako. Paper horrengatik jaso zuen Oscar Sarietarako bere izendapen bakarra. Sternbergek dioenez, Sergei Eisenstein zinemagile errusiarrak Morocco filma goretsi zuen.

 
Marlene Dietrich "Shangai Express" filman.

Marlen Dietrichek zinemaren historiari egindako ekarpenik gogoratuena Sternbergek 1930ko hamarkadaren hasieran zuzendutako hainbat filmetan burututako izar-lana da; The Scarlet Empress (1934) eta Shanghai Express (1932) filmetan, esaterako. Haren distira nabarmendu zedin pentsatutako filmak izan ziren, komiki eta argazki-nobelak gogorarazten dituen ikus- eta argumentu-estilizazioaz eta femme fatale paperak antzeztu zituen. Sternbergekin egin zuen zazpigarren filmean, Perre Louvinsen kontakizun batean oinarritutako Devil is a woman (Deabrua emakumea da), Dietrichek emakume espainiar asezin bat gorpuztu zuen eta topiko ugariek Espainiako II. Errepublikako gobernu kontserbadorearen protestak eragin zituen. Filma debekatu egin zuten Espainian, eta ekoiztetxeak merkatutik erretiratzea onartu zuen, aktorearen ospea areagotu zuen lana izan zen arren. Diotenez, Marlenek zintaren kopia bat gorde omen zuen hainbat hamarkadatan, haren desagerpena eragotzi zuelarik.

Josef von Sternbergen filmak erabakigarriak izan ziren Marlene Dietrichen mitoa sortzerakoan; izan ere, zuri-beltzean filmatzeak, eta jantzi, orrazkera, argi zein enkoadraketaren hautaketa zainduak, diva gaztearen fotogenia handitzen zuten eta haren akatsak disimulatzen. Argumentuak errealistak ez izateak eta antzezlearen espresio-sorta mugatuak garrantzia galdu zuten, erakargarritasun handiko izarraren irudi publikoa finkatu baitzen.

1936-39: krisia eta Hitlerri ezezkoaAldatu

1933tik aurrera Marlene Dietrich beste zuzendari batzuekin elkarlanean hasi zen. The Song of Songs filmatu zuen Rouben Mamoulianekin; ez zuen arrakastarik izan. Lortu zuen baina, Frank Borzageren Desire (1936) filmarekin, eta berriz ere Gary Cooperrekin batera aritu zen. Arrakasta horrek, hala ere, ez zuen geroagoko porrotetatik salbatu, eta 1938an “lehiatilarako pozoia” ezizena jarri zioten; banatzaileek beste askori jarritako ezizena zen, Greta Garbo, Mae West, Joan Crawford eta Katharine Hepburnen mailako izarrak tarteko.

Aipu beltzak 1936-1937 urteetan egindako hiru proiektutan zuen jatorria. Charles Boyerrekin film bat egitea onartu zuen, Henry Hathawayren zuzendaritzapean, baina zuzendariarekin izandako eztabaiden ondorioz filmaketa bertan behera geratu zen. Filma ez zen inoiz osatu, eta, esanak esan, grabatutako eszenak suntsitu egin omen ziren. Hala eta guztiz ere, lortu zuten Marlenek eta Boyerrek elkarrekin film bat amaitzea, The Garden of Allah; Dietrichek 200.000 dolar kobratu zituen lanaren truke eta diru-bilketa txarra izan ez bazen ere, gastua altua izan zen. Hirugarren filmak, Erresuma Batuan filmatutako Knight Without Armour, antzezlearenganako mesfidantza areagotu zuen, 450.000 dolar kobratu baitzituen eta ez baitzen behar bezain errentagarria izan.

Londresen Knight Without Armour filmatzen ari zela, gerra hasi baino hilabete batzuk lehenago, ofizial naziek Marlene bisitatu zuten, eta Alemanian Hirugarren Reicheko izar nagusi izateko eskaintza gozoak egin omen zizkioten; berak, hala ere, uko egin omen zion eskaintzari eta hiritartasun estatubatuarra eskatu zuen; 1939an eskuratu zuen.

Bigarren Mundu GerraAldatu

1939an, Marlene Dietrichen karrera zinematografikoak gelditua zirudien, baina nolabaiteko indarra berreskuratu zuen bi filmi esker, Arizona (Destry Rides Again, 1939), Mendebaldeko komedia James Stewartekin, non Marlenek adierazkortasun lagunkoiagoa zabaldu zuen umore ukituekin, eta Seven sinners (1940), John Waynerekin.

1941ean, Bigarren Mundu Gerran, Dietrich lehen izarretako bat izan zen AEBetako gerra bonuak biltzen, Estatu Batuetako tropak gerra-frontean entretenitzeaz gain. Oso ezaguna izan zen bere iritzi politiko sendoengatik. Nazien aurkako jarrera irmoa izan zuen, eta garai hartako politika antisemitak arbuiatu zituen. Aurreko hamarkadaren amaieran, Billy Wilder eta beste batzuekin elkarlanean aritu zen, judu eta disidenteei Alemaniatik ihes egiten lagunduko zien funts ekonomiko bat biltzeko. Nazien kontrako zenbait diska ere grabatu zituen alemanez; tartean , “Lili Marleen” gerraren gorrotoa gainditzen zuen abestiaren adibide bitxia.  Bere emanaldietan, abesteaz gain, musika-zerra jotzen zuen tropak entretenitzeko, eta soldadu zein ofizial aliatuentzat abestu zuen Aljerian, Frantzian eta Alemanian James M. Gavin eta George S. Patton jeneralekin.

Zergatik egin zuen galdetu ziotenean, arriskua nabaria izan arren, alemanez erantzun zuen: "Aus Anstand" ("duintasunagatik", euskaraz). Baina AEBen aldeko jarrera hain oldarkorrak ondorioak ekarri zizkion urte batzuk berandugo, 1960an Alemaniara itzuli zenean, hain zuzen ere. Mendebaldeko Alemaniako publikoak traidoretzat jo eta txistu egin zion; Ekialdeko Alemaniakoak, aldiz, goraipatu egin zuen. 1962an Israelen jardun zen, eta harrera ona izan zuen; alemanezko abestiak ere interpretatu zituen, eta horrek tabu moduko bat apurtzea zekarren.

Marlene Dietrichek hainbat errekonozimendu jaso zituen nazismoaren aurka eta juduen alde egindako borrokagatik, 1965ean Israelgo Balioaren Domina kasu; saria mugarri izan zen garai hartan, alemaniar jatorriko pertsona bati ematen zitzaion lehen aldia baitzen; emakumezkoa, gainera. Baina, nolabait, Dietrich ez zen nazismoaren orbanetik libratu: gerraostean, bere arreba Elisabethekin Alemanian berriz topo egitean, hark eta haren senarrak Bergen-Belseneko kontzentrazio-esparruko militar eta funtzionarioek maiz bisitatzen zuten zinema bat kudeatu zutela jakin zuen. Hitlerren erregimenaren konplize izanagatik errepresaliatuak izan ez zitezen saiatu zen arren, urte batzuk beranduago bikotearekin harremana eten zuen; ahizparik ez zuela eta alaba bakarra zela esatera ere iritsi zen.

Helduaroko filmakAldatu

Marlene Dietrich, heldutasunera heldu zen heinean, erakargarritasun erotikoaren xarma galduz joan zen, Rita Hayworth eta Marilyn Monroe bezalako aktore gazteagoen bultzadaren parean. Hala ere, bere antzezlan-errepertorioa zabaldu zuen balio handiko zinta batzuetan, hala nola: Alfred Hitchcocken Stage Fright (1950), Jane Wyman eta Michael Wilding aktoreekin batera; Fritz Langen Rancho Notorious (1952), Arthur Kennedy eta Mel Ferrerekin; Billy Wilderren A Foreign Affair (1948), Jean Arthurrekin, eta Witness for the Prosecution (1957), Tyrone Powerrekin; baita Orson Wellesen Touch of evil (1958), Charlton Heston eta Janet Leighekin batera; eta Nurenbergeko Epaiketei buruzko Judgment at Nuremberg (1961), 1961ean Stanley Kramerrek filmatua, eta aktore-zerrenda luze zein zabal batekin batera. Taldean, besteak beste, Spencer Tracy, Burt Lancaster, Montgomery Clift eta Maximilian Schellek parte hartu zuten eta Schellek Oscar Saria jaso zuen paper harengatik.

Marlenek film arinagoak ere egin zituen, esaterako, The Monte Carlo Story (1957), Vittorio de Sicarekin batera, Around the World in Eighty Days (1956), Cantinflas, David Niven eta Shirley MacLainerekin, eta Paris, When It Sizzles (1964), William Holden eta Audrey Hepburn protagonista zituen komedia.

Zenbaitetan harremana zaila izan zen zuzendariekin. Hollywooden hasi zenean, ikastun otzana eta nekaezina izan zen Josef von Sternbergekin, erabateko eraldaketa fisiko eta espresiboa bizi izan zuen. Garai hartan, Wellesen jarraitzaile zintzoa zen, izugarri miresten zuen, halakoak esateraino: “Jendeak aitaren egin beharko luke hari buruz hitz egin aurretik”. Ordea, Billy Wilderrekin tirabirak izan zituen, argi eta kameren kokapenaren karira, bere alderdirik onena erakutsi nahi baitzuen. Behin, “ez dizkidazu lehen bezain argazki onak egiten” aurpegiratu zion ohiko argazkilari bati. Hark, diplomaziaz, erantzun zion: “hamabost urte zaharragoa bainaiz”.

Abeslari lanakAldatu

Judgment at Nuremberg filmean, Marlene pasieran dabil Spencer Tracy aktorearekin, taberna batetik heldu den kantu-soinua entzunez. “Lili Marleen” abesti alemaniar ospetsua zen, Marlenek berak gaztaroan ezagutarazia eta filmarako ingelesera itzulia.

Dietrichek hainbat filmetan abestu zuen, Der blaue engel filmean, esaterako, “Berriz ere maitemintzen” abestu zuen (alemanez “Ich bin von Kopf bis Fuß auf Liebe eingestellt”, euskaraz “goitik behera maitasunerako sortua naiz”); 1920ko hamarkadan grabatu zen. Bere ibilbidean aro kaskar baten ondoren, Decca, Elektrola, EMI eta Columbia disketxeentzat hainbat diska grabatu zituen; tartean, “Lili Marleen” kantaren bertsio ospetsua. Gerora, zenbait abestitan bere ahots berezia satirizatua izan zen.

Antzerkia eta kabaretaAldatu

1950eko hamarkadaz geroztik, Dietrichek zineman jarduna murriztu zuen, eta nazioarteko birei ekin zien, kabareteko aktore gisa; jardunean jarraitu zuen 1975  urtera arte. 1953an Las Vegaseko Sahara hotelarekin sinatutako kontratu onuragarriak (astero 30.000 dolar iraupen laburreko emanaldi baten truke) bere estatusa finkatu zuen, kantuaren dama handia zen. Ikuskizun hartan, 52 urte beteak zituela, gorpuzkera ederra erakutsi zuen, nude efektuzko eta harribitxiz apaindutako zetazko txifoia jantzirik, eta ohiartzun handia izan zuen. Arrakastak bultzatuta, hurrengo urtean Londreseko Cafe de Paris aretoan jardun zen; estreinaldia Noel Cowardek aurkeztu zuen. Ondoren, kontratua berritu zuen Las Vegasen. Ia bi hamarkadatan planetaren erdia zeharkatu zuen biraz-bira: Brasil, Japonia, Hegoafrika, ErrusiaEspainian, 1972an Palma Mallorcakoan aritu zen, Tito’s festa-aretoan.

 
Marlene Dietrich eta Edtih Piaf, 1959.

Bere errepertorioan bere filmetako abestiak zeuden, baita garai hartako abesti herrikoiak ere, hala nola Edith Piafen "La vie en rose", Jacques Brelen "Ne me quitte pas", Gilbert Bécauden "Marie, Marie", Audrey Hepburn ospetsu egin zuen "Moon River"... Bob Dylanen "Blowin 'in the wind" eta The Doorsen "Light My Fire" ere abestu zituen.

60ko hamarkadaren erdialdera arte, Burt Bacharach musikagile ospetsua izan zen bere errezitaldien zuzendari musikala, eta harekin ezkongai izan zen. Bere orkestra moldaketek, izarraren ahots maila mugatua mozorrotzen lagundu zuten, eta bere abestiei efektu dramatiko maila gorena ematea ahalbidetu zuten. Interpretazio biribilak lortzeko, musikariekin sinkronizatuta, Marlenek keinu- eta aurpegi-adierazpen kalkulatuak lotzen zituen. Peter Bogdanovich zinemagileak harriturik esan zuen “Marlenek garrantzia ematen dio kantatzen duenari”, baina hain gogotsuak ez ziren beste kritikari batzuek nostalgiari egozten zioten arrakastaren zati bat: “Ikuskizun hau ilusionismo-joko baten antzerakoa da, non aztiak esku arina duen, baina publikoaren konplizitatea behar duen; eta ikusleren batek trikimailua sinesten ez badu, bere buruari egotziko dio errua”. Kritikariek oholtzan teknika sinesgarria aitortzen zioten eta, batez ere, “bere magiarengan uste osoa”.

Malenek bere onerako erabili zituen hainbat baliabide estetiko: bere gorputza kortse baten antzera konprimitu eta birdefinitzen zuten txifoizko bodyak; horiek ezkutatzeko, gardentasuna simulatzen zuten Jean-Louis Berthaulten jantzi ikusgarriak; kontu handiz erabilitako argi-sistemak, eta zurrumurruak zurrumurru, baita bat-bateko aurpegi-luzapenak ere (azala esparatrapuz eta txirikordaz tenkatu eta ileorde sentsualez ezkutatzen zituen). Hala ere, behin, prismatikoz begiratzen zion ikusle bati zera esan zion: “Ez itzazu erabili, magia hautsi egiten baita”.

1968an Tony saria jaso zuen Broadwayen ematen zuen An evening with Marlen Dietrich ikuskizunagatik. 1972an Londresen eskaini zuen I wish you love izenburupean, telebistako saio berezia grabatzeko. Bere izar paperaz une oro jabetuta, 8.000 dolarreko zisne-lumazko kapa handi batez eta harribitxiz jositako soineko estu batez jantzirik oholtzaratu zen Marlene. Nolanahi ere, lagunarteko jarrera ere izan zuen: publikoarekin txantxetan aritu zen, eta, bere kanturik irrigarrienetan taberna-giroko keinuak egin zituen. Izarrak gehiegizko baldintzak ezarri zituen: telebistarekiko uzkur, ikuskizuna benetako antzoki batean filmatu zedin eskatu zuen, entzulez inguratuta, eta ez plato batean; bere lanaren truke 250.000 dolar eskatu zituen, inoizko kopururik altuena. Horrez gain, saioa bitan (behin Estatu Batuetan, eta beste behin Erresuma Batuan) eman ondoren grabaketaren copyright-a gorde zuen. Biak ala biak 1973an eman ziren eta audientzia nahiz kritika onak jaso zituzten, Dietrich emaitzarekin ados egon ez arren. Saio berezi hura eskuragarri dago Youtuben.

Lesioak eta erretretaAldatu

Bizi-maila altua zela eta, Marlen Dietrichek diru andana behar zuen (Maria Riva alabak “beti porrot egoeran” bizi zela adierazi zuen), eta, ondorioz, bere musikari ibilbidea 70eko hamarkada ondo bete arte luzatu behar izan zuen. Zerbixeko minbizia gainditu zuen 1965ean eta odol-zirkulazio txarra zuen zangoetan, baina emanaldiei eutsi zien harik eta oholtzan izandako bi istripuk erretiratzera behartu zuten arte.

1973an Marylanden emanaldi batean, orkestraren lubakira erori zen eta ezkerreko izterrean zauria egin; sendatzeko, azal-mantuak behar izan zituen. Beste ezbehar batek eman zion amaiera bere ibilbideari, 1975ean: Sydneyn, oholtzaratzear zela, erori eta zangoa hautsi zuen.

Zineman jardun gabe hamabost urte eman bazituen ere, Just a gigoló (1979) filman parte hartu zuen, David Hemmingsen gidaritzapean eta David Bowie, Sydne Rome eta Kim Novak protagonista zirela. Gainera, 80ko hamarkadan hainbat liburu idatzi eta lagundu zituen.

Azken hamarkada, batez ere, Parisko (Frantzia) Montaigne etorbideko bere apartamentuan eman zuen. Denbora-tarte hartan ez zen jendaurrean agertu, ez omen zuen nahi zahartzaroko itxurak bere irudi mitikoa lausotzea. Hala eta guztiz ere, gutunak idazteko zein telefonoz deitzeko zaletasun handia zuen. Esamesek diotenez, azken urteetan bolada depresiboak bizi izan zituen, eta alkohol gehiegi kontsumitzen zuen; hori dela eta erori omen zen komunean, eta hargatik egin omen zuen okerrera bere mugikortasun eskasak.

Dokumentala: Marlene (1984)Aldatu

Maximilian Schellek, hogei urte lehenago, Judgment at Nuremberg (1961) filmean, Marlenekin lanean aritua zen, eta dokumental biografiko baterako elkarrizketa bat egitea lortu zuen (Marlene, 1984); ahots-grabazioa soilik izateko baldintzapean onartu zuen, ez baitzuen bere aurpegia ez bere etxea erakutsi nahi. Hortaz, dokumentalean ikus daitezkeen irudiak bere film zaharren eta Marlenen Parisko egongela birsortzen zuen dekoratu baten enkuadraketen zatiak dira.

Galdera askoren aurrean, jarrera mukerra eta zorrotza izan zuen, bere kondaira gordetzeko jeloskor, baina zuzendariak, trebeki, erdizka esandakoak artxiboko irudiz ilustratu zituen eta egia agerian utzi. Dokumentala Dietrichek espero baino gordinagoa eta adierazgarriagoa izan zen, eta horrenbesteko haserrea sorrarazi zion, ezen harremana eten baitzuen Schellekin. Hala ere, erreportajeak Oscar saria jasotzeko izendapena jaso zuenean, harekin berradiskidetu zen. Hainbat sari eta Newsweek aldizkariaren laudorioak jaso zituen: "Filmak ez du parekorik; baliteke zinema izar handi bati buruz inoiz egin den liluragarriena eta zirraragarriena izatea".

Azken urteak eta heriotzaAldatu

Parisko erretiroan harreman gutxi izan zuen Maria Riva alabarekin, bien arteko tirabirak zirela eta. Mariak ama musika-biretan lagundu zuen, haren esanetara lan eginez; izarra hil ondoren, bere janzteko trikimailuak ezagutarazi zituen. Peter Riva bilobarekin, ordea, harreman jarraia izan zuen Dietrichek, eta Parisko bere etxebizitzan sartzen zen hurbileko gutxietakoa zen. Rudol Sieber senarrak Estatu Batuetan bizitzen jarraitu zuen, eta minbiziak jota hil zen 1976ko ekainaren 24an.

 
Marlene Dietrichen hilarria, Berlin

2005eko azaroan Alemaniako Der Spiegel aldizkarian egindako elkarrizketa batean, alabak eta bilobak esan zuten Marlene Dietrich politikoki "aktibo" egon zela urte horietan; agintari ospetsuekin telefonoz harremanetan egon zen, eta hilean 3.000 dolarretik gora gastatu ohi zituen telefono-deietan. Bere kontaktuen artean zeuden Ronald Reagan eta Mikhail Gorbatxov, eurengan izan zuen eragina ezagutzen ez den arren.

Dietrich lasai hil zen 1992ko maiatzaren 6an, 90 urte zituela, Parisen. Hileta elizkizuna Parisko La Madeleine elizan egin zen; 3.500 lagun bertaratu ziren, eta jendetza bildu zen tenpluaren kanpoaldean. Gorpua, Estatu Batuetako ikurrinaz estalia, Berlinera eraman zuten eta Berlin-Schönebergeko udal hilerrian lurperatua izan zen, bere jaioterrian. Marlene Dietrichek zera esan zion Parisko luxuzko etxebizitzan lagun zuenari: “Dena nahi izan genuen, eta lortu genuen, ezta?”.

1994an, erakunde estatubatuarrek interesik agertu ez zutenez, bere dokumentu eta objektu pertsonalak Alemaniar Fundazioaren Zinetekari saldu zitzaizkion, non Potsdamer Platzen Sony Zentroko erakusketaren arreta gune izan ziren, Berlinen.

Marlene HollywoodenAldatu

Dietrich ez zen inoiz Hollywoodeko industriara egin, eta beti izan zen bere gustuen jabe. Bere alemaniar doinu indartsuak aparteko ukitua eman zien bere interpretazioei, baina horrek “atzerritar” etiketa balio izan zion amerikarren begietara.

Gainera, modaren ikono bat izan zen goi-mailako diseinatzaileentzat, baita haren oinordeko izan ziren izarrentzat ere. Besteren artean, Chanel, Balentziaga, Hermès eta Christian Diorren soinekoak jantzi zituen eta hainbat jantziren erabilera zabaldu zuen, hala nola, prakak. Honek, bere jendaurreko irudiari eta lehen filmetako bisexualitate iradokuzunei lotuta, sarritan, bere bizitza sentimentalari buruzko zurrumurru indartsuak sortzen lagundu zuen; berak ez zituen inoiz baieztatu.

Bere itxura dotoreak, irudi konplexu eta aztertuak, jantzi bikainek (emakumezkoen praken moda ezarri zuen) eta bere femme fatale irudiak ospea eman zioten. Marlene dotorezia eta glamourraren ikono izan zen, eta, beraz, beti izan zen hollywoodiar distiraren parte. Heldutasunean aitortu zuen soilik bere irudi publikoaren eskakizunak zirela-eta erabiltzen zituela soineko hain sofistikatuak, eta bere bizitza pribatuan modu informalean janztea gustuko zuela, praka bakeroak erabiltzea barne (“gizonezkoenak”, noski).

Bizitza pribatuaAldatu

Bere bizitza profesionala kontu handiz maneiatua eta mundu osoan ezaguna bazen ere, Marlene Dietrichek bere bizitza pertsonal kitzikagarria begi publikotik kanpo mantendu zuen. Hala izan zen, neurri batean, Hollywoodeko ekoiztetxeen Star systemak izarren irudi ona zaintzen zuelako, prentsak jasotzen zuen informazioa dosifikatuz. Kontuan hartzekoa da ere garai hartako kazetaritza sektorea ez zela egungoa bezain ziztatzailea eta teknifikatua.

1923an, artean ezezaguna zela, Berlinen ezkondu zen Rudolf Sieber (1897-1976) zuzendari-laguntzailearekin, baina elkarbizitza laburra izan zen eta banandu egin ziren; ez ziren inoiz dibortziatu, eta nolabaiteko adiskidetasuna mantendu zuten. 1944an senarrari adi egon zen pneumonia baten ondorioz, eta berriz ere 1956an bihotzeko krisi baten ondorioz. Sieber Kalifornian bizi izan zen batez ere; han, hegazti-ustiaketan aritu zen, eta bertan hil zen.

Baieztatu gabeko iturri batzuez gain, Marleneren bizitza pribatuari buruzko xehetasun apurrak bere alaba bakarrak eman ditu, Maria Rivak (bere ezkondu osteko izena da, bere ponteko izena Maria Elisabeth Sieber baitzen). Alabak aitortu zuenez, izar gisa errespetua bazion ere, ez zuen inoiz ama maite izan; Marlene Dietrich ispiluan proiektatutako irudi harentzat, harengatik eta haren pean bizi zela esan zuen. Marlenek eraikitako mitoari kritikarik zorrotzena egin zion, eta amak ez zuela sekula benetako maitasuna ezagutu adierazi zuen, oso pertsona bakartia eta manipulatzailea izan zela, eta bere interpretaziorik onena ez zuela filmetan egin, bizitza errealean baizik.[3]

 
Gary Cooper eta Marlene Dietrich Morocco filmaren irudi batean.

Marlene Dietrich sexualki oso askea izan zen Berlinen hasi zenetik, eta ez zuen zalantzarik izan gizon askorekin harreman estuak izateko, baita emakumezkoekin ere; Hollywooden vox populi bazen ere, publikoaren gehiengoak ez zekien. Eremu pribatuan, The Sewing Circle (Jostunen zirkulua, euskaraz) taldeko kide nagusietako bat izan zen; beren sexualitate lesbiana edo bisexuala ezkutatzen zuten Hollywoodeko emazkumezko izarrek osaturiko taldea zen. Baieztatutzat eman da Mercedes de Acosta poetarekin abentura bat izan zuela, baina eztabaidagarriagoak dira Edith Piafekin eta Greta Garborekin lotzen duten informazioak.

Marlenek harreman estua izan zuen lankide askorekin, besteak beste, James Stewart, John Wayne eta Gary Cooper (haren bikotekidea haserrarazi zuen), Errol Flynn, Frank Sinatra, Burt Bacharach musikaria, John F. Kennedy politikaria eta Josef von Sternberg.[4] 50 urte beteak zituela, Yul Brynnerrekin elkartu zen, eta aldizkako harreman hura hamarkada batez luzatu zen. Alabak dioenez, Marleneri, berez, sexua ez zitzaion gustatzen, eta gehien maite zuena seduzitzea eta desiratua sentitzea zen. Batzuen arabera, aktorearen bizitzako maitasuna Jean Gabin frantziar aktore eta heroi militarra izan zen; beste batzuen arabera, ordea, berekoikeriak eragotzi egin zion inorekin emozionalki lotzea. 1948an, Maria Riva semeaz erditu zenean, Dietrichek “munduko amona erakargarriena” ezizena jaso zuen.

FilmografiaAldatu

  • In Fortune's Shadow (1919) (papera egiaztatu gabe)
  • Love Tragedy (1923)
  • The Little Napoleon (1923)
  • Man by the Roadside (1923)
  • The Monk from Santarem (1924)
  • Leap Into Life (1924)
  • Dance Fever (1925)
  • The Imaginary Baron (1926)
  • Manon Lescaut (1926)
  • Madame Doesn't Want Children (1926)
  • A Modern DuBarry (1927)
  • Heads Up, Charley! (1927)
  • His Greatest Bluff (1927)
  • Cafe Electric (1927)
  • Princess Olala (1928)
  • The Happy Mother (1928)
  • Dangers of the Engagement Period (1929)
  • I Kiss Your Hand Madame (1929)
  • The Woman One Longs For (1929)
  • The Ship of Lost Men (1929)
  • Der blaue Engel (1930)
  • Morocco (1930)
  • Dishonored (1931)
  • Shanghai Express (1932)
  • Blonde Venus (1932)
  • The Song of Songs (1933)
  • The Scarlet Empress (1934)
  • The Fashion Side of Hollywood (1935)
  • The Devil is a Woman (1935)
  • I Loved a Soldier (1936) (bukatu gabe)
  • Desire (1936)
  • The Garden of Allah (1936)
  • Knight Without Armor (1937)
  • Angel (1937)
  • Destry Rides Again (1939)
  • Seven Sinners (1940)
  • The Flame of New Orleans (1941)
  • Manpower (1941)
  • The Lady Is Willing (1942)
  • The Spoiler (1942)
  • Pittsburgh (1942)
  • Show Business at War (1943)
  • Follow the Boys (1944)
  • Kismet (1944)
  • Martin Roumagnac (1946)
  • Golden Earrings (1947)
  • A Foreign Affair (1948)
  • Jigsaw (1949) (Cameo)
  • Stage Fright (1950)
  • No Highway in the Sky (1951)
  • Rancho Notorious (1952)
  • The Monte Carlo Story (1956)
  • Around the World in Eighty Days (1956)
  • Witness for the Prosecution (1957)
  • Touch of Evil (1958)
  • Judgment at Nuremberg (1961)
  • Black Fox: The True Story of Adolf Hitler (1962) (dokumentala) (ahotsa)
  • Paris, When It Sizzles (1964) (Cameo)
  • Triumph Over Violence (1965) (dokumentala) (ahotsa)
  • Just a Gigolo (1979)
  • Marlene (1984) (dokumentala)

Abesti hautaketaAldatu

  • Nimm dich in Acht vor blonden Frau’n
  • Ich bin von Kopf bis Fuß auf Liebe eingestellt
  • Wenn die beste Freundin
  • Quand l’Amour meurt
  • Wenn ich mir was wünschen dürfte
  • Die Welt war jung
  • Ich hab noch einen Koffer in Berlin
  • Es liegt in der Luft
  • Ich bin die fesche Lola
  • Give Me the Man
  • Falling in Love Again
  • Kinder, heut’ abend, da such ich mir was aus
  • Johnny, wenn du Geburtstag hast
  • Paff, der Zauberdrachen (auch englisch Puff, the Magic Dragon)
  • Leben ohne Liebe kannst du nicht
  • Cherche la Rose
  • Sag mir, wo die Blumen sind
  • Du hast ja keine Ahnung, wie schön du bist, Berlin
  • Die Antwort weiß ganz allein der Wind
  • Wo hast du nur die schönen blauen Augen her
  • Just a Gigolo
  • Lili Marleen
  • The Boys in the Backroom'
  • Awake in a Dream
  • Illusions
  • The Laziest Gal in Town
  • I May Never Go Home Anymore
  • Allein in einer großen Stadt
  • Bitte geh nicht fort (Ne me quitte pas)
  • Mein blondes Baby
  • Blond Woman
  • You’ve Got That Look
  • Peter
  • Hot Voodoo
  • Lieber Leierkastenmann
  • Untern Linden… untern Linden
  • Das war in Schöneberg
  • Das war sein Milljöh
  • Wenn du einmal eine Braut hast
  • Mein Mann ist verhindert

ErreferentziakAldatu

  1. Aktore onenen zerrenda, AFIren (American Film Institute) arabera
    Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Marlene Dietrich  
  2. a b Josef von Sternberg, Diversión en una lavandería china. Memorias, JC, 2002, cap. IX.
  3. [1]
  4. Josef von Sternberg, Memorias, cap. IX.

BibliografiaAldatu

  • Maria Riva, Marlene Dietrich, Plaza y Janés, 1992. ISBN 84-01-35196-0.
  • Donald Spoto, Marlene Dietrich, el ángel azul, Ediciones B, 1992. ISBN 84-406-3161-8
  • Josef von Sternberg, Diversión en una lavandería china. Memorias, JC, 2002. ISBN 84-95121-23-9 (or.Fun in a Chinesse Laundry)
  • Franz Hessel, Marlene Dietrich, Madrid, Errata naturae, 2014 (de 1931).

Ikus, gaineraAldatu

Kanpo estekakAldatu