Mariatxi
Mariatxi (gaztelaniaz: mariachi, /maˈɾjatʃi/ ahoskatua) Mexikoko herri musika-generoa da. Mariatxi taldeak normalean bi biolin edo gehiago izaten ditu, hainbat neurritako gitarrak, eta batzuetan harpa bat eta tronpeta pare bat.[1]

2011n UNESCOk Gizateriaren Kultura Ondare Immaterial izendatu zuen.[2]
Bi aldaera ezberdintzen dira:
- Tradizionala: XIX. mendean nekazari ingurunean sortua eta jantzi xumeekin jo ohi dena. Batez ere sokazko instrumentuak erabiltzen dira, hots, gitarrak, gitarroiak, biolinak, bihuelak, kontrabaxuak eta baita harpak ere. Ez da tronpetarik erabiltzen, zenbait tokitan klarineteak ageri badira ere.
- Modernoa: XX. mendean hedatu zen aldaera, gaur egun famatuena dena. Mariatxi tradizionalean erabiltzen diren instrumentuez gain, tronpetak ere ageri dira eta garrantzi handia dute. Horrez gain, janzkera dotoreagoak darabiltzate musikariek, charro jantziak edo bertako zaldizkoen jantziak, alegia.
Hitzaren jatorria
aldatuMariatxi hitzaren jatorria ez dago argi, eta zenbait hipotesi eztabaidatzen dira. Hedatuenak inbasio frantsesean kokatzen du jatorria: horren arabera, frantsesezko mariage ("ezkontza") hitzetik etor liteke, frantsesek horrela izendatzen baitzituzten musika talde horiek, ezteietan askotan jotzen baitzuten. Kontuak kontu, hipotesi hori egun baztertzen da. Izan ere, 1981ean, eliza bateko artxiboetan, apaiz batek 1848an idatzitako eskutitz bat eriden zen –frantsesen okupazioa gertatu baino hamar urte lehenagokoa, alegia–, mariatxiek egindako zarataz kexuz.
Teoriarik onartuenaren arabera, hitzaren jatorria Cocula eskualdean dago –mariatxien sehaskatzat jotzen da, hain zuzen–: XVI. mendean, koka indigenek horrelaxe esaren zioten musikari bati. Hitz horren lehen agerpen idatziak 1832koak dira: jatorri indigena du, musika talde baten ingurukoa.
Nolanahi ere, beste batzuen ustez, maien hizkuntzatik etor liteke, mariamchi hitzak "nire odolkideak" esan nahi baitu. Azkenik, Mexiko erdialdeko otomi tribuaren hizkuntzan "festa eguna" esan nahi duela azpimarratzen dute batzuek, hitzaren jatorria han kokatuz.
Erreferentziak
aldatu- ↑ Lur entziklopedietatik hartua.
- ↑ INAH. (2011-11-27). UNESCO Reconoce al mariachi como patrimonio de la humanidad. .
Kanpo estekak
aldatu
Artikulu hau musikari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |