Maria Josefa Sansberro Echeverria

Maria Josefa Sansberro Echeverria (Maddi), ezkontza izenez Maria Josefa Nicolas (Oiartzun, Gipuzkoa 1895eko irailaren 22aSachsenhausen, Alemania 1944ko azaroaren 13a) Bigarren mundu gerran erresistentziarekin konprometitua eta nazien kontzentrazio eremuan hildako oiartzuar bakarra.

Maria Josefa Sansberro Echeverria

Bizitza
JaiotzaOiartzun1895eko irailaren 22a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaSachsenhausen1944ko azaroaren 13a (49 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
frantsesa
Jarduerak
JarduerakErresistentzia zibila

Bizitza aldatu

Maria Josefari Maddi deitzen zioten familian, ahizpa Juana Josefa (Joxepa)tik bereizteko. Oiartzungo Ugaldetxo auzoko Berrondo baserrian jaio zen, bost senideren artean bigarrena. Ama Nafarroako Arantzakoa, Lorenza Etxeberria Bereau, 1868ko urriaren 7an jaiotakoa. Aita, Lucio Susperregui, bigarren abizenik gabe. Expósito de San Sebastián modura azaltzen da, miserikordiakoa izan zela adieraziz. Zortzi urterekin adoptatu zuten Txokua baserriko Sansberro-Arbelaiz familiak. 1969-12-14an azaldu zen jaio berria, Lezoko Ardalakuntza goia baserrian.[1] (47-52 orr).

 
Senpere herriko errolda 1900. urtekoa

1900ean Senperera (Lapurdi) joan zen familia. Urristikoborda etxean erroldatu ziren eta handik lau urteren buruan, herri bereko Oyarcoenea etxeara aldatu ziren. 1918ko uztailaren 30ean Nikolas Perul ziburutar zurginarekin ezkondu zen. Ezkontzako agiriaren ertzean azaltzen denez, 1931ko urriaren 15ean, 36 urte zituela, Maria Josefa Sansberro Echeverria eta Nicolas Perul banandu egin ziren. Ziburuko erregistroan ordea, beste data azaltzen da: 1930eko martxoaren 3an banandu zirela. Ezkonduta eman zituzten urte guzti horietan ez zuten seme-alabarik izan.

1938 ko urtarrilaren 26ean, 43 urte betetzeko bidean berriro ezkondu zen, bera baino 17 urte zaharragoa zen Pierre, ezizenez Louis Nicolasekin, horrela Nicolas abizena hartuz (Susperregui, Sansberro, Nicolas). Pierre Uztaritzekoa zen jaiotzez (1978-08-18) St Iñazeko ostatuaren jabea. Maddik lan egiten zuen ostatukoa alegia.

Pierrek 1930eko maiatzaren 23an, lekuko bezela aitortzen du "Col de St Ignacen" haurtxo bat jaiotzen ikusi duela. Cyrin Lucien izenez inskribatu zuten, abizenik gabe. Sei hilabeteren buruan, 1930eko abenduren 23an Pierrek haurra aintzatetsi eta bere abizena eman zion.

1938ko urtarrilaren 14ean, Maria Josefak haurra semetzat hartu zuen, baina bere ama zenik onartu gabe. Hilabete berean, 12 egunen buruan, urtarrilaren 26an ezkontzen da Maria Josefa Pier-ekin, ezizenez Louis deiturikoarekin.

Lucien-i esker, 1965eko martxoaren 26an Azkaingo herriko etxeko dokumentuan, Baionako epaitegiak aginduta, abizen zuzenketa egiten da. Alegia Maria Josefa bataioko agirian ez dela Susperregui (bere aitaren,inklusakoa zenaren, lehen abizena) baizik eta Sansberro zela, bere aita adopzioan hartu zuen familiaren abizenarekin bataiatua izan zela Oiartzungo elizan.

Zuzenketa hau egiten du, bere ama erresistentziaren aldeko borrokan hil zela frogatzeko dokumentuak biltzen aritu zenean, dirulaguntza kobratu ahal izateko. Berari esker dokumentu garrantzitsu asko daude.

Erresistentzia garaia aldatu

Alemaniako naziak 1940ko ekainean heldu ziren Sarara, herria eremu okupatuan geratuz. Santinazioko lepoa Nafarroarekin mugan dago eta soldaduak han kokatu ziren Maddiren ostatuan.[2]

Maria Josefa edo Maddi,1941ean alargundu zen berriro eta 1942an Cyrin Lucien Uztaritzeko apaizen barnetegira bidali ondoren, ekainean bertan  hasi zen ORA (Organisation de résistance de l'Armée) [3], sarean parte hartzen. Sare hau Charles de Gaullek antolatzen zuen Londresetik. ORA taldeak soldadu nazien mugimenduak zaintzen zituen eta jasotako informazioa aliatuei helarazten zien. Maria Josefa Sansberro P2 agentea izan zen, liberatua zen eta tenienteorde kargua zuen. Bere lankide eta lehengusua zen Marie-Jeanne Echeverriarekin batera, erresistentziako sare gehiagotan ere parte hartu zuen Maddik, hara nola, Comète, Nivelle de Bidasoa Shelburn, Isole, Vaudevire Tartane-Masséna eta Democratie-rekin. 1940an hasi zen laguntza-lana horietan.[4]

Emakume ausarta zen eta arlo askotan bere garairako emakume aurreratua. Bere antolaketa propioa zuen, ongi funtzionatu zuena. Beste lan askoren artean, soldadu aliatuei eta juduei laguntzen zien muga igarotzen. Inoiz ez zuen inor galdu bidean. 1944ko ekainera arte egin zituen lan horiek, Normandiako aliatuen lehorreratze ondoren, ekainaren 8an atxilotu zuten arte. Beste 30 lagunekin batera eraman zuten atxilo, tartean bere lehengusu Marie-Jeanne Etxeberria bera.

Nazien kontzentrazio esparruan atxilo aldatu

 
Sachsenhausen-go kontzentrazio zelaia

Atxilotu ondoren, Hendaiako Villa Pardora eraman zituzten, naziek atxilotuak torturatzen zituzten lekura. Handik, ekainaren 10ean, Bordeleko Fort du Hâ-ra eraman zuten. 1944ko abuztuaren 9an Touloussetik zetorren Beldurrezko tren fantasma deitu izan zen trenean sartu eta Alemaniako Dachauko kontzentrazio esparrura eraman zituzten. Dachaura 1944ko abuztuaren 29an iritsi ziren eta  hantxe tatuatu zioten preso-matrikula 93869 zenbakia eramango zuena.[5]

Atxilotu zituzten 750 presoetatik, 536 besterik ez ziren iritsi Dachau-ra. Maria Josefa eta Marie-Jeanne, Ravensbrückeko emakumeen kanpamendura  eraman zituzten. Gero Neuengammera[6] bidali zuten eta azkenik Oranienburg-Sachsenhausengo zelaira.

 
Maria Josefa Sansberroren fitxa Alemanian sortua

Bertan hil zen 1944ko azaroaren 13an.[7][8]

Bizitzari buruzko eleberria aldatu

Maddi y las fronteras (Galaxia Gutenberg) izeneko eleberria sortu du Edurne Portela idazleak.[9][10] Liburua hau Izarraitz Villaluce Aizpurua eta Joxemari Mitxelena Kazabon oiartzuarrek egindako ikerketa lanean oinarritua dago.

Aitortzak aldatu

 
Sara herriko hilerrian dagoen oroigarria

Erresistentziari egin zion ekarpenarengatik[2]

2021ko azaroaren 13an, Oiartzungo udalaren omenaldia jaso zuen. Nazien kontzentrazio-eremuetan hildako herritar bakarra izan zen eta ekitaldiak giza eskubideen urraketen erreparazioa izatea zuen helburu.[12]

2021eko maiatzaren 8an, erresistentzian izandako konpromiso aktiboa goraipatzeko Sarako herriak aipamen gehigarria erantsi zion herrian dagoen Gerraren Memorialean. Bere izenari Resistante, Sous-Lieutenant FFC-Morte pour la France azalpena gehitu zioten.

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) «Oiartzun urtekaria 2018 by Oiartzungo Udala - Issuu» issuu.com (Noiz kontsultatua: 2022-11-30).
  2. a b (Ingelesez) «96 Udala Informatzen (versión en español) by Oiartzungo Udala - Issuu» issuu.com (Noiz kontsultatua: 2022-11-30).
  3. (Frantsesez) Organisation de résistance de l'Armée. 2022-11-02 (Noiz kontsultatua: 2022-11-30).
  4. (Frantsesez) Larre, Ximun. (2021-08-05). «Maria Josefa Sansberro et Marie-Jeanne Echeverria, de Sare à Ravensbrück» www.mediabask.eus (Noiz kontsultatua: 2022-11-30).
  5. Gipuzkoako deportatuen errolda. Euskal Memoriala, 5 or..
  6. (Gaztelaniaz) Campo de concentración de Neuengamme. 2022-02-13 (Noiz kontsultatua: 2022-11-30).
  7. «En Recuerdo De - Todas las Víctimas» www.enrecuerdode.com (Noiz kontsultatua: 2022-11-30).
  8. Antzina. Antzina, 9 or..
  9. (Gaztelaniaz) Gallardo, David. (2023-03-16). «Edurne Portela: "Siempre nos horrorizamos a toro pasado, no aprendemos de la Historia en absoluto"» infoLibre (Noiz kontsultatua: 2023-03-18).
  10. (Gaztelaniaz) Rodrigo, Inés Martín. (2023-02-23). «Edurne Portela: "Para mí, escribir es un compromiso político"» elperiodicodeespana (Noiz kontsultatua: 2023-02-27).
  11. (Ingelesez) Mort pour la France. 2022-07-31 (Noiz kontsultatua: 2022-11-30).
  12. (Gaztelaniaz) Muga, -A.. (2021-11-14). «Oiartzungo Udalak Maria Josefa 'Maddi' Sansberro omendu du» Noticias de Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2022-11-30).

Kanpo estekak aldatu