María Bruguera Pérez

Espainiako aktibista feminista libertarioa (1913-1992)
Maria Bruguera» orritik birbideratua)

María Bruguera Pérez (Jerez de los Caballeros, 1913ko azaroaren 6aMadril, 1992ko abenduaren 26a) espainiar militante libertarioa eta aktibista feminista izan zen.

María Bruguera Pérez

Bizitza
JaiotzaJerez de los Caballeros1913ko azaroaren 6a
Herrialdea Espainia
HeriotzaMadril1992ko abenduaren 26a (79 urte)
Hobiratze lekuaLa Almudenaren hilerria
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakanarkosindikalista, politikaria eta emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea
KidetzaLanaren Konfederazio Nazionala
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoaMujeres Libres

Bruguera konbentzimendu libertario sakonak zituen familia batean jaio zen. Bere aita, Antonio Bruguera, extremadurarra jaiotzez eta Palafrugelleko katalan baten semea, militante anarkista zen eta Jerez de los Caballeroseko Herriko Etxeko presidentea izan zen, nahiz eta herrian CNT - Confederación Nacional del Trabajo-ko (Lanaren Konfederazio Nazionala) sindikaturik ez egon. Bere anaia Antonio ere ideal libertarioaren jarraitzailea izan zen. Bederatzi urte baino ez zuela, hasi zen bere engaiamendu politikoa, Juventudes Libertarias (Gazte Libertarioak) taldean sartu zelarik. Ni Dios Ni Amo emakumezkoen antzerki taldean ere parte hartu zuen.

Bruguerak, Espainiako Gerra Zibilaren hasieran, 1936ko uztailean, 21 urte zituen. Momentu hartan, haurdun zegoen bere seme bakarra izango zenaz. Hasiera batean, bat egin zuen Espainiatik Portugaleko mugara zihoan giza fluxu handiarekin. Muga itxi zenean, baina, bere familiarekin joan zen bikotekidearen lursail batera. Han, bikotekidea eta ama hil zituzten. Nebak eta aitak, ordea, ihes egin zuten; baina frankistek Bruguera eta bere seme jaio berria harrapatu zituzten.

Bruguerak heriotza zigorra saihestu zuen, baina 30 urteko kartzela zigorra jaso zuen. Zigorra kartzelan egin zuen lanagatik murriztuko zen. Ama-semeak banandu zituzten, eta agintariek umeari santu baten izena ezarri zioten, haurrak santu eta santa katolikoen izendegian agertzen ez zen izenik ezin zutelako izan, legean egon ziren aldaketen arabera. Kartzelan zortzi urte pasatxo eman ondoren, 1946an askatu zuten Bruguera.

Bruguera askatu eta gutxira, Aureliano Lobo CNTko militantearekin bikotean jarri zen. Garai berean, Bruguera CNTn sartu zen berriro, bilera klandestinoetan parte hartuz. Franco diktadorea hil eta gero, Madrileko Mujeres Libres (Emakume Askeak) taldearen berreraiketan parte hartu zuen. CNTren zatiketan, María Bruguera adar bananduarekin lerratu zen. Geroago, Mujeres Libertarias (Emakume Libertarioak) aldizkari feminista sortu zuen.

1992ko abenduan hil zenean, Brugueraren gorpua erraustu zuten. Errautsak Madrilgo Almudena hilerrian gorde zituzten.

Biografia aldatu

María Bruguera Pérez emakume militante libertarioa izan zen, bere idealen aldeko borrokalari nekaezina 1992an Madrilen hil zen arte. [1] [2] Hasieran, CNT - Confederación Nacional del Trabajo (Lanaren Konfederazio Nazionala) sindikatuaren kidea izan zen. Geroago, Bruguera Lanaren Konfederakunde Nagusian (CGT) sartu zen. Mugimendu anarkistarekin ere bat egin zuen. [3]

Gaztaroa aldatu

Bruguera Jerez de los Caballerosen jaio zen 1915eko azaroaren 6an. Bere gurasoak Antonio Bruguera eta Elisa Pérez izan ziren. [1][2][3] [4] [5] Aita, jaiotzez Extremadurako bazen ere, Kataluniako Palafrugell-ekoa zuen aita.

María Brugueraren familiak uste libertario sendoak zituen, aitak Sevillako kortxoaren industrian aprendiz zebilela inguru anarkistetan harremanak izan zituelako. Bruguera jaio zen unean, Jerez de los Caballeros herri sozialista zen nagusiki, eta haren egitura politikoa, gehien bat, korporatibista zen. Maríaren aitak bere ideia anarkosindikalistak herriko zirkulu politikoetan partekatzen zituen bitartean, denbora tarte luzea behar izan zen eta komunitateak mugimenduaren irakaspenak ezagutu zitzan. [1] 1920ko hamarkadaren amaierarako CNT sindikatuak Badajoz eskualdeko nekazari eta langile gehienak antolaturik zituen . Aita Jerez de los Caballeroseko Herriko Etxeko presidentea izan zen. Gaztea zela ezinezkoa zuen Jerezen CNTn afiliatzea, han ez zegoelako Konfederazioarekin elkartutako sindikaturik. [2]

Umea zela, Bruguerak bere amak zuzendutako janari denda txiki batean lan egiten zuen; horregatik, oso denbora gutxi izan zuen ikastetxe batean hezkuntza formala jasotzeko. Horen ordez, janari denda bere heziketa informaleko eskola bihurtu zela esan daiteke. [1] [2] Dendan lanean ari zela, amak brodatzen ere irakatsi zion. Bederatzi urte zituela, eskola utzi zuen; urte berean, Juventudes Libertarias (Gazte Libertarioak) taldea bere hirira iritsi zen. [4] María bere neba Antonioren eta Francisco Torradoren eraginez Gazte Libertarioetan sartu zen. Ni Dios Ni Amo (Ez Jainko eta ez Nagusi) antzeztaldean ere parte hartuko zuen, txikitatik miresten zuen emakume talde artistikoarekin. Ni Dios Ni Amo taldeak eskualdeko hainbat herritan burutu zituen bere ekitaldiak.[1]

Espainiako gerra zibila aldatu

Espainiako Gerra Zibilari hasiera eman zion estatu-kolpea 1936ko uztailean hasi zen. Bruguerak, une hartan, 21 urte zituen, eta seme bakarra izango zuen Antonioz haurdun zegoen, Francisco Torradorekin zuen harremanaren ondorioz. [1]

Maria Brugueraren aita eta anaia Jerezko Defentsa Batzordean sartu ziren berehala.[1] Komitearen helbururik behinena, Espainian osatu ziren gainerako batzordeenak bezala, eskuinarekin erlazioa zuten pertsonak atxilotzea zen, beren herrietan antzeko altxamenduak saihesteko. Jerezko batzordeak eskuineko 137 lagun inguru atxilotu zituen. Hasieran, ezkerrean ez zen heriotzarik izan, eta eskuinean, berriz, zortzi lagun hil zituzten. Nola hil ziren ez dago dokumentaturik. 1936ko irailaren 18an, ordea, Jerez frankisten esku erori zen, eta haren kaleetan hirurogei hildako izan ziren.[1]

Bruguerak eta haren familiak Jerezeko ezker errepublikanoak jasan zuen sarraskitik ihes egitea lortu zuten. Aitak eremu errepublikanora alde egin zuen, Badajoz ingurura. Maria Bruguera eta bere senide batzuk, Huelva eta Badajozeko hainbat lagunen antzera, Portugaleko muga zeharkatzen saiatu ziren. Iheslari asko Coitadinhako errefuxiatu-esparruan elkartu ziren, Noudarretik gertu, Portugal aldean. Beste batzuk Mourão inguruko kanpamendu batera heldu ziren.   Espainiatik kanpo egon arren, Portugal ere ez zen bat ere segurua Errepublikaren aldekoentzat, Francok gidaturiko bandoaren antzeko gobernu baten pean baitzegoen. [1]

Muga itxita egonik aukerak mugatuak zirenez, Bruguera eta bere familia Francisco Torradoren lur sail batera joan ziren. Han zegoela, Bruguerak umea izan zuen amaren laguntzarekin. Inguru hura patruilatzen zuten Guardia Zibilek taldea harrapatu eta Torrado eta Elisa Pérez hil zituzten, taldeko beste kide batzuekin batera. [1] [2] Gorago esan bezala, Maríaren aitak ihes egin zuen eta azkenean lortu zuen soldadu errepublikanoekin frontean elkartzea. Nebak ere ihes egin zuen, baina handik gutxira frankistek harrapatu zuten.

Espetxeko bizitza aldatu

Bruguera ez zuten hil harrapatu zutenean. Jerezera eraman zuten. Han, semearekin zortzi egunez, ospitaleratu egin zuten, Badajozko espetxe batera urtebeterako eraman aurretik. Hasieran baimena izan zuen semea berarekin izateko eta zaintzeko, baina, bederatzi hilabete pasaturik, banatu egin zituzte ama-semeak. Umea Torradoren gurasoekin bizitzera bidali zuten.[1]

Badajozko espetxean epaiketaren zain urtebete egon ondoren, Bruguera epaitu egin zuten.[1] Heriotza-epaia jaso zuen 1937ko abenduan, baina kommutazioa izan zuen eta hogeita hamar urteko kartzela-zigorra ezarri zioten.[2] Ez zituen hogeita hamar urteak bete, zigorraldia laburtzea lortu zuelako kartzelan egindako joste eta brodatze lanari esker. Hainbat kartzelatan ibili zen, haien artean, Badajozko Ama Oblaten komentu batean. Mariak uko egin zion kartzela bihurtutako komentuen kudeaketa eramaten zuten mojentzat lan egiteari, brodatzeko trebetasunak erabiltzen jarraitu bazuen ere.

Espetxean zegoela, Maríak aitaren heriotzaren berri izan zuen. Antonio Bruguera 1939ko azaroaren 17an hil zuten Badajozen; frontean borrokan ari zela harrapatu zuten. [1] Mariaren osasuna ere hondatzen hasi zen espetxean zegoela.

Geroago, hainbat espetxe ezagutuko zituen Bruguerak: Salamanca, Valladolid, Saturraran eta Santander. Ordainsari hobea eta aukera gehiago lortu ahal izateko, Madrilgo espetxe batera aldatzeko eskatu zuen. [1] [3]Madrilgo kartzelan zegoela, geroago Mujeres Libres (Emakume Askeak) taldearen aro berriari hasiera emango zioten emakumeekin harremanetan jarri zen. [2]

Kartzela osteko ekimen politikoa aldatu

Bruguera 1946. urtean, zortzi urte luze preso eman ondoren, kartzelatik atera zen. Askatu ondoren, semearen zaintza berreskuratu zuen eta berriz ere kontaktatu ahal izan zuen Antoniorekin, aita eta Mariarekin batera atxilotu zuten nebarekin, hain zuzen. Arreba baino hilabete batzuk lehenago askatu zuten. Bi neba-arrebek apartamentu txiki bat alokatu zuten Madrilen. Bruguera bizitza berri bati ekiten saiatu zen, baina aurreko jarduera politikoetan ere segitu zuen parte hartzen. [1]

Bruguera laster ezagutu zuen Aureliano Lobo CNTko militantea.   Biek harremana izan zuten eta elkarrekin bizitzera joan ziren.   Loborekiko harremanak indarberritu zuen María, eta borroka antifrankistan parte hartzeko bere gogoa ere piztu. [1] [2] CNTren barruan ere jarraitu zuen aktibista gisa.

1950eko hamarkadaren amaieran eta 1960ko hamarkadaren hasieran, CNTk Francoren diktaduraren errepresio handia jasan zuen, eta aktibismoa are zailagoa bihurtu zen. Bruguerak, baina, CNTren ezkutuko bileretan parte hartu zuen. 1976an, Lobo hil egin zen. Urte berean, Bruguerak CNTko Osasun Batzordea antolatu zuen. Sasoi horretan, María Carrión eta Loboren arrebekin batera, Bruguerak Mujeres Libres Batzordearen antolaketan lan egin zuen. [1] [2]

1980ko hamarkadaren erdialdean, Bruguera Madrileko feminista libertario batzuekin ere harremanetan hasi zen. Aldi horretan bertan, CNTren zatiketa gertatu zen. Bruguerak bat egin zuen CGT erakunde bananduarekin. [2] Horrez gain, Mujeres Libres komitearekin, Mujeres Libertarias aldizkariaren sorreraren abangoardian egongo zen. Bere aldizkariaren lehen edizioa argitaratu zuten Madrilen 1986an. [1] Bruguerak funtsezko zeregina izan zuen aldizkariaren kudeaketan: aldizkariari laguntzeko baliabideak aurkitu zituen, banaketa-kanalak aurkitzen lagundu zuen eta edukirako ideiak ematen zituen.[6] Aldizkaria feminismoaren bigarren olatuan kokatzen zela esan daiteke.[7]

Franco diktadorea, 1975eko azaroaren 20an hil ondoren, Bruguerak giro irekiagoan garatu ahal izan zuen bere aktibismo politikoa, eta, aldi berean, bere ibilbidean eginiko ahaleginak ere hasi ziren aintzatesten, bereziki erakunde libertarioetan eta feministetan. [1]

1992ko abenduaren 26an hil ondoren, bere gorpua erre eta errautsak Madrilgo La Almudena hilerrian zabaldu zituzten. [1] [5] Bere omenez eginiko ospakizun hunkigarrian, senideez gain, hainbat herrikidek parte hartu zuten. Han aitortua izan ziren Mariak bizitza osoan emakume eta langileen alde eginiko borrokan adierazitako besteenganako eskuzabaltasuna eta begirunea. 1993ko Mujeres Libertarias aldizkariaren 14. zenbakia bere omenez argitaratu zen. [2] Aldizkariaren azken zenbakietako bat izan ze, Maria Bruguera hil eta gutxira desagertu baitzen.

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e f g h i j k l m n o p q r s t (Gaztelaniaz) Acosta Bono, Gonzalo. (2014). «Bruguera Pérez, María» memorialibertaria.org (Noiz kontsultatua: 2021-06-25).
  2. a b c d e f g h i j k «MARIA BRUGUERA PEREZ - ANARQUISTA Y DEL GRUPO DE TEATRO "NI DIOS NI AMO" | CNT Puerto Real» web.archive.org 2019-02-18 (Noiz kontsultatua: 2021-06-25).
  3. a b c Chaves Rodríguez, Candela: Sentenciados. La represión franquista a través de la justicia militar y los consejos de guerra en la provincia de Badajoz. 1937-1950 .Diputación de Badajoz, PREMEX, (2015).
  4. a b Miguel Iñiguez, Esbozo de una Enciclopedia histórica del anarquismo español, Fundación de Estudios Libertarios Anselmo Lorenzo, Madrid, 2001, page 103 . [ archive ] (es)
  5. a b «María Bruguera Perez | Todos los Nombres» www.todoslosnombres.org (Noiz kontsultatua: 2021-06-30).
  6. Gallego Ayala, Juana. (1990). Mujeres de papel : de Hola! a Vogue : la prensa femenina en la actualidad. (1. ed. argitaraldia) Icaria ISBN 84-7426-169-4. PMC 23016074. (Noiz kontsultatua: 2021-06-30).
  7. (Gaztelaniaz) «La CGT recoge en una exposición el papel de la mujer en el anarquismo español» BURGOSconecta 2018-10-01 (Noiz kontsultatua: 2021-06-30).

Kanpo estekak aldatu