Mari Karmen Menika

UEUko ikastetxe nagusiko arduraduna Eibarren

Mari Karmen Menika Basterretxea (Arraño, Lemoa, Bizkaia, 1961eko ekainaren 29a) UEUren Ikastetxe Nagusiaren arduraduna da, Eibarren.

Mari Karmen Menika
MKMenika Argia2013DaniBlanco3.png
UEUko idazkari nagusia

1986 - 2000
Bizitza
JaiotzaLemoa1961eko ekainaren 29a (61 urte)
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakkoordinatzailea
Lantokia(k)Eibar eta Bilbo
Enplegatzailea(k)EHNE  (1980 -  1981)
Euskal Herriko Unibertsitatea  (1981 -  1983)
Udako Euskal Unibertsitatea  (1982 -
KidetzaUdako Euskal Unibertsitatea

1983ko irailetik UEUn lanean dihardu. Urte hauetan lan eta ardura desberdinak izan ditu UEUn: Argitalpenak, Udako Ikastaroak, Jardunaldiak, Idazkari Nagusi, Berezko Tituluak. 2001. urteaz geroztik Ikastetxe Nagusiaren arduraduna eta bertako urtean zeharreko ikastaroen arduraduna da.

UEUko argitalpengintzaren hasiera (1980-1986)Aldatu

19 urteekin 1980an EHNEn beharrean zegoenean, UEUko zuzendaria zen Martin Orbek eskatuta, bere ordu libreetan UEUko liburuak mekanografiatzen hasi zen. 1981-1983 ikasturteetan EHUko Euskararako Kabinete Teknikoan lan egin zuen eta, besteak beste, UEUko liburuak mekanografiatzen. UPV/EHU sortu berria zen eta estatutuen aurreproiektua idazten ari ziren. Euskararen normalizazioa Unibertsitatean egitasmoa zehazten ari ziren eta euskararekin zerikusirik zuten unibertsitateaz kanpoko erakundeekin harremanak bideratzen, besteak beste, UEUrekin batera liburuak ateratzen hasieran baina bide hori itxi egin zen handik gutxira. 1982 eta 1983ko ekain-uztailean Menika lanean aritu zen arratsaldeetan UEUn, udako ikastaroen matrikulazio eta azpiegitura-kontuetan eta bi urte horietan Udako Ikastaroetan lanean aritu zen Iruñean.

Garai hartan egilearen liburuen testu originalak eskuz idatzita jasotzen ziren, idazmakinaz testua idatzi eta hutsuneak uzten zituzten sinbolo matematikoak edo formulak geroago eskuz txertatzeko, baita irudiak marrazteko ere. Idazmakinaz idatzitako orrialdeak Martin Orberi pasa, Martinek egileari, eta honek “rotrina” hartu eta eskuz betetzen zituen hutsuneetako zeinuak eta irudiak. Lan horietan, Jose Ramon Etxebarriarekin, Jesus Mari Txurruka eta Martxel Ensuntzarekin aritzen zen hasieran.[1] Geroago Nekane Intxaurtza eta Ander Altuna ere aritu izan dira argitalpengintza zerbitzuan.[2]

 
UEUren udako ikastaroen balorazioa 1995ean.(  elkarrizketa osoa Wikitekan)

UEUko idazkari nagusia Larraonako garaian (1986-2000)Aldatu

Iruñeko Larraona egoitzan 1979-1998 urteen artean antolatu ziren Udako Ikastaroak funtsezkoak izan ziren unibertsitateko mailako hizkuntza, irakasleak eta materialak sortzeko. Horri esker urte-tarte horretan apurka-apurka EHUko hainbat lizentziatura-ikasketetan euskal lerroak sortu ahal izan ziren.

UEUren garapenean 1984an Aralarko San Migelen egin zen gogoeta-mintegia eta 1995eko kongresua funtsezkoak izan ziren. Horrela, 1986an, UEUk legezko kultur elkarte izaera hartu zuen, eta Menika Idazkari Nagusi kargua hartu zuen. Bazkidetza figura sortu zen han, eta UEU bazkidez osatutako elkarte modura egituratu zen.[3] Bazkideak gero eta gehiago, gaur egun 1.200 bazkidetik gora dira.[4]

1986tik hamalau urtez UEUko idazkari nagusia izan zen 2000raino, postu hori Ane Sarasuari pasa zionean. Geroago 2003an, bigarren kongresua egin zuen UEUk, eta gizartea aldatu den heinean, bere eginkizuna eta bidea egokitu eta moldatu zituen ere.

UEUko Ikastetxe Nagusiaren arduraduna Eibarren (2001-)Aldatu

2000. urtean Ane Sarasuari erakundeko idazkari nagusia izatea proposatu zioten orduko zuzendari zen Xabier Isasik eta Menikak berak, UEUren proiektuaren bideragarritasunaz arduratzeko.[5][6] Krisi larria pairatzen zuen UEUk urte haietan, 25. urteurrena ospatu eta gero ekonomikoki oso txarto zebilela.[7] Iruñeko udako ikastaroak izan ziren UEUren funtzionamenduaren bizkarrezurra ordura arte, baina formula hori nahikoa agortuta zegoen, garai hartan lortuta baitzegoen hainbat gradutan ikasleek ikasturte osoan euskaraz ikastea. Egoera horretan bi asteko udako ikastaro "klasiko" estrak ez ziren oso erakargarriak ikasle haientzat, gaindituta geratu ziren ikastaro mota haiek. Baina krisi hartatik eredu berria sortu zen, jardueran moldaketa ugari sortu ziren: udako ikastaroak erruz zabaldu ziren udazkenera eta udaberrira, euskarazko lehen graduondokoak eta masterrak ireki ziren 2001ean, profesional euskaldunen lehenengo bilkurak antolatu ziren.[8]

Orduan UEUren egoitza soziala Bilbon finkatu zen, eta Ikastetxe Nagusia Eibarren, Markeskua Jauregian. Eibarren urte osoko jarduerak burutzen hasi ziren, udan ez ezik. 2000. urtera arte, aste bat edo bi ziren, udan egiten zirenak. Geroztik, nahiz eta izena Udako Euskal Unibertsitatea izan, urte osoan aritu izan da UEU lanean. Ikastaro gehienak Eibarren egiten dira, baita on-line modukoak direnak ere, eta Menika izan da hasieratik Eibarko Ikastetxe Nagusiaren arduraduna eta Eibarko urtean zeharreko ikastaroena.[9][10][11][12] Gainera 2001. urtean martxan jarri zen Hizkuntza eta Teknologia Masterraren kudeatzailea ere izan zen bera.[4]

ErreferentziakAldatu

  1. Bai, jauna, bai : fisika euskaraz! : Jose Ramon Etxebarria irakaslearen omenez. ISBN 978-84-8438-650-6. PMC 1091705535. (Noiz kontsultatua: 2020-01-23).
  2. UEUko lantaldea: Nor da Nor? – UEU365. (Noiz kontsultatua: 2019-09-21).
  3. Azpurua, Mikel; Menika, Mari Karmen. (1998). Udako Euskal Unibertsitatearen historia eta oraina.. Ele aldizkaria, 18, 137-157 or..
  4. a b Elustondo, Miel A.. (2013-06-16). «Euskararen eta unibertsitatearen arteko zubia eraikitzen UEUk badu zer egin». Argia, 10-14 or..
  5. (Gaztelaniaz) «Andoni Olariagak idatzitako 'Erlatibismoaren egiak' liburua aurkeztu du UEUk» El Diario Vasco 2019-11-19 (Noiz kontsultatua: 2020-01-20).
  6. «Udalerri euskaldunen benetako garapenerako gakoak aztergai, ‘Lurraldea eta Hizkuntza’ jardunaldian | UEMA - Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea» www.uema.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-21).
  7. Lakasta, Juan Kruz. «Kinka ekonomikoa dela eta, UEUk ezin dio egitura osoari eutsi» Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003. (Berria.eus) (Noiz kontsultatua: 2020-01-24).
  8. UEU. (2018-05-03). Ane Sarasua #NikUEU. (Noiz kontsultatua: 2020-01-21).
  9. «UEUk 15 ikastaro eskainiko ditu udaberrian Eibar, Gasteiz eta Iruñean» EITB Euskal Irrati Telebista (Noiz kontsultatua: 2021-04-19).
  10. «mari karmen menika – Arrosa» www.arrosasarea.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-24).
  11. «Mari Karmen Menika, XIV. Juan San Martin bekaren aurkezpenean.» sustatu.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-24).[Betiko hautsitako esteka]
  12. (Gaztelaniaz) «La UEU quiere convertirse en una referencia académica en la comarca» El Diario Vasco 2010-10-07 (Noiz kontsultatua: 2020-01-24).

Kanpo estekakAldatu