Margot Duhalde

Margot Duhalde Sotomayor (Río Bueno, Txile, 1920ko abenduaren 12a - Santiago, Txile, 2018ko otsailaren 5a) txiletar hegazkinlaria izan zen. Bere herrialdeko lehenengo emakumezko gerra pilotua izan zen eta Hego Amerikako hegazkinlaritzako aitzindarietako bat.

Margot Duhalde
Margot Duhalde ATA.png
Bizitza
Izen osoa Margot Duhalde Sotomayor
Jaiotza Río Bueno1920ko abenduaren 12a
Herrialdea  Txile
Lehen hizkuntza gaztelania
Heriotza Santiago2018ko otsailaren 5a (97 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzak gaztelania
Jarduerak
Jarduerak hegazkinlaria eta gudaria
Jasotako sariak
Zerbitzu militarra
Adar militarra Frantziar Indar Askeak
Royal Air Force
Gradua Q47882843 Itzuli
Parte hartutako gatazkak Bigarren Mundu Gerra
IMDb nm4115273

BizitzaAldatu

Margot Duhalde Sotomayor 1920ko abenduaren 12an sortu zen Txile hego aldeko Rio Bueno izeneko herrian. Aitaren aldetik, euskaldunak ziren, aitatxi Luhusokoa izanik, eta amaren aldetik indioen ondorengoak. Margotek bizitza osoan aldarrikatu zituen bere baitan zeramatzan bi herri horien odol indartsua, erdi euskalduna eta erdi indioa zela, erraiten baitzuen. Duhaldetarrak laborantzatik bizi ziren eta hamabi seme-alaba izan zituzten.

Rio Bueno aldean ohikoak ziren posta-hegazkinak. Antza denez, Margot txikitatik igotzen zen etxeko teilatura, iragaten ziren hegazkinak hurbilagotik ikusteko. Hori horrela, gurasoek largabista oparitu zioten, hegaldiak behatzeko. Horietako aireplano bat etxetik hurbil erori zen eta Margot izan zen bertara iritsi zen lehenagoetakoa. Aparatua ukitu zuenean, pilotu izatea erabaki zuen.

Harrezkero, behin eta berriz saiatu zen gurasoen baimena lortzen Santiagoko hegazkin pilotuen eskolan sartzeko, baina gurasoek ez zioten baimenik eman hamasei urte izan arte. Horrela, 1938ko otsailean hasi zen Txileko Aire Klubean ikasketak eta lehen hegaldiak egiten. Horretarako, agiri ofizialetan hemezortzi urte zituela jarri behar izan zuen eta trikimailu horri esker, onartu zuten. César Copetta pilotu ospetsua izan zen bere irakasle eta trebatzailea. Horrela, hemezortzi urte bete gabe zituela, pilotu graduazioa atzeman zuen.

Bigarren Mundu GerraAldatu

Bigarren Mundu Gerran laguntzeko gogoa sentitu zuen. Ordurako pilotu zibila bazen ere, hasieran, Frantziako enbaxadara joan zen boluntario gisa eta, geroago, De Gaullen armada eratzeko deialdiarekin bat egin zuen. Adingabea zenez, gurasoei pilotu-trebaldiak egitera Kanadara joan behar zuela esan zien, eta horrela, haien baimena eskuratu ahal izan zuen.

Valparaisoko portutik abiatu zen beste hamahiru pertsonarekin. Londresera iritsi zenean, bost egunez izan zuten preso susmagarri zelakoan. Hainbat hilabeteren ondoren, pilotuen aterpe batean ezarri zuten garbiketa-lanetan. Orduan erabaki zuen frantsesak utzi eta ingelesekin bat egitea. Air Transport Auxilary zelakoan, 165 emakume pilotu erabiltzen zituzten euren hegaldietan laguntzaile gisa, eta Margot hantxe aritu zen. Hegazkin egin berriak aire-egoitza ezberdinetara eramaten zituzten. Urte haietan, ehun hegazkin mota baino gehiago gidatu zituen, baita gerla-hegazkinak eta bonbardatzeko aparatuak ere.

Gerra osteanAldatu

Gerra bukatu zelarik, Frantziako Aire Indarretan aritu zen lanean, eta 1947an Txileko merkataritza-hegazkin bateko komandante izendatu zuten, Txileko historian graduazio horretara iritsi zen lehen emakumea izan zen. Hortik urte batzuetara, Txileko Aire Indarretako kontrol dorre bateko buru izendatu zuten eta lan horretan jardun zuen berrogei urtez.

Hiru aldiz ezkondu eta bigarren senarrarekin seme bat izan bazuen ere, berea hegan egitea zen eta gainerako guztia bigarren mailan uzten zuenez, ez zituen oso harreman egonkorrak izan. Hegaldi-ikasketak eman zituen eta bere izena daraman hegaldi-eskola sortu zuen. Tarteka, denbora bilatzen zuen Euskal Herrira etortzeko eta Luhusoko eta Baionako familiarekin harremanari eusteko.

Laurogei urte bete zituenean, 3.660 metroko jauzia egin zuen jausgailuz. Munduko hedabide guztien arrera bereganatu zuen gertakari horrekin. Urtebete geroago jubilatu zen, laurogeita bat urterekin.

Literatura eta dokumentalakAldatu

Bere biografia kontatzeko liburu bat idatzi zuen: Margot Duhalde, mujer alada (Margot Duhalde, hegodun emakumea). 1991n, bestalde, Magdalena Silva Valdes idazleak Margoti buruzko Margot Duhalde, aviadora (Margot Duhalde, hegazkinlaria) liburu ospetsua plazaratu zuen. Horretaz gain, Ingalaterran egindako hainbat dokumentaletan parte hartu zuen, Bigarren Mundu Gerrako emakume pilotuen abenturak eta balentriak kontatzeko.

Kanpo estekakAldatu

  • Joseba Aurkenerena: Margot Duhalde, zeruetako bideetatik barna: [1]
  • (esp) Margot Duhalde: la primera piloto de guerra en Chile, bideoa.
  • (esp) Tras las huellas de Margot Duhalde, bideoa
  • (esp) Margot Duhalde "La mujer alada" Primera mujer piloto de guerra WWII de Chile, bideoa.