Marcello Caetano
Marcello José das Neves Alves Caetano (Lisboa, 1906ko abuztuaren 17a - Rio de Janeiro, 1980ko urriaren 26a) portugaldar politikaria izan zen. Portugalgo lehen ministroa izan zen 1968tik 1974ra.
Zuzenbidean doktoratu zen eta Lisboako Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko katedraduna izan zen. 1930eko hamarkadan hasi zen politikan, António de Oliveira Salazarren erregimen kontserbadorean. Laster "Estado Novo"ko gobernuko figura garrantzitsua izan zen. 1940an Portugalgo Gazteriaren Erakundeko buru izendatu zuten eta 1944tik 1949ra Kolonietako ministro izan zen eta, 1955etik 1958ra, Presidentetzako ministro. Erregimeneko bigarren gizona zen, Salazarren ondoren.
Salazarrek bihotzekoa izan zuen 1968ko abuztuan eta Américo Tomás presidenteak Caetano izendatu zuen lehen ministro. Hazkunde ekonomikoa bultzatzen saiatu zen eta neurri sozial batzuk sartu zituen, baina inflazioak eta 1973ko petrolioaren krisiak ez zituzten eraginkorrak egin. Diktaduraren barruan ere saiatu zen liberalizazio-neurriren bat hartzen, eta Tomas presidentearen oposizioarekin egin zuen topo. Afrikako gerrak Portugalgo koloniak mantentzeko izan zuen bilakaerak ere atsekabe handia sortu zuen herrialdean eta armadan.
1974ko apirilean Krabelinen Iraultza gertatu zen. Erregimen diktatoriala erori zen eta Caetano kargutik kendu zuten. Erbestera joan zen eta Rio de Janeiron hil, 1980an.