María Victoria Lareu

ikertzailea, unibertsitateko irakaslea eta auzitegiko mediku galiziarra

María Victoria Lareu Huidobro (Santiago de Compostela, Coruña, 1960ko martxoaren 7a) ikertzailea, unibertsitateko irakaslea eta Galiziako auzitegiko medikua da. Lareu USCko Auzitegiko Zientzien Institutuko zuzendaria da, munduko liderra bere arloan.[1][2]

María Victoria Lareu
Bizitza
JaiotzaSantiago de Compostela1960ko martxoaren 7a (64 urte)
Herrialdea Galizia
Hezkuntza
HeziketaSantiago de Compostelako Unibertsitatea
Jarduerak
Jarduerakunibertsitateko irakaslea eta mediku forentsea
Jasotako sariak

Ibilbidea aldatu

Santiagoko Unibertsitateko (USC) Medikuntzako eta Kirurgiako lizentziaduna izan zen 1984an, eta auzitegiko medikuntzan garrantzi berezia duten atzerriko ikerketa-zentroetan jarraitu zuen bere formazioa. Hala, ikerketa-lan garrantzitsuak egin zituen Portugalgo Coimbrako Auzitegiko Medikuntza Institutuan, London Hospital Collegen eta Birminghameko Forensic Science Service-n. Erresuma Batuan egon ondoren, Santiagora itzuli zen, eta han egin zuen bere doktore-tesia, gibeleko zirrosi alkoholikoen markatzaile genetikoei buruzkoa. Auzitegiko Medikuntzaren Unibertsitate Institutuko laborategi-lana Medikuntzako Fakultatearekin uztartu du. 1996. urtean irakasle titular bihurtu zen fakultate horretan bertan. USCko Auzitegiko Medikuntzako katedradunak Galiziako Urteko Sarietako bat jaso zuen 2008an, Grupo Correo Gallego, Galicia Hoxe, Radio Obradoiro, Tierra de Santiago eta Correo Televisión-ek emana. Sari horrekin atentatu terroristen biktimen identifikazioan (11-S eta 11-Mar, besteak beste) egindako lana aintzat hartu zitzaion eta baita itsasoak itzulitako gorpuzkiak edo Atapuercako aztarnategiko edo Espainiako Gerra Zibileko aztarna historikoen identifikazioan egindako lanak ere.[1] Tsunamiaren biktimak identifikatzen ere lan egin zuen, edo Alcàsserko krimenean hildako hiru neskatoen kasuan.[2]

1998az geroztik Institutuko Auzitegi-Genetikako zerbitzuko burua da, eta idazkari kargua ere betetzen du. 2007an Auzitegi Medikuntzako Katedra lortu zuen, Espainiako hirugarren emakumea izanez kargu horretara iristen. Horrez gain, Victoria da Investigadoras gallegas izeneko liburuko protagonistetako bat. Correo Gallego Taldeak Hezkuntza Ministerioarekin elkarlanean argitaratutako lan honek Galiziako beste ikertzaile askori egindako 50 elkarrizketa biltzen ditu.[2]

Medikuntza Fakultateko instalazioetatik, Victoria Lareu eta bere kolaboratzaileak auzitegi-analisirako metodo berriak diseinatzen ari dira. Zuzentzen dituen proiektuen artean, pertsona baten ezaugarri fisikoak zehaztu nahi dituena nabarmentzen da, DNA duen edozein aztarna biologikotatik abiatuta, hala nola odol- edo listu-tanta txiki batetik. Beste proiektu batek oso degradatutako lagin biologikoetatik datuak lortzeko ezintasuna arindu nahi du, adibidez, baldintza klimatiko oso txarrean dauden laginetatik.[2]

Bere jardueretako bat zerbitzu publikoarena da, eta lagin biologikoen analisian parte hartzen du kriminalistikako kasu askotan. Horregatik du Guardia Zibilaren Merituaren Ordenaren bereizgarri zuridun gurutzea.[3]

Bere ibilbidean, Lareuk tesi ugari zuzendu ditu eta Xuntak, Hezkuntza Ministerioak eta Europar Batasunak finantzatutako ia hogei proiektutan parte hartu du. Gainera, auzitegiko genetika, giza genetika eta biokimika arloko ehun argitalpen baino gehiago ditu.[2][4]

Sariak aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. a b (Gaztelaniaz) «La catedrática de Medicina Legal Victoria Lareu, Gallega de Febrero» www.elcorreogallego.es (Noiz kontsultatua: 2022-03-29).
  2. a b c d e (Gaztelaniaz) «María Victoria Lareu: «Estamos analizando ADN de soldados de Japón de la Segunda Guerra Mundial»» La Voz de Galicia 2017-08-06 (Noiz kontsultatua: 2022-03-29).
  3. (Gaztelaniaz) administrador. «Victoria Lareu Huidobro» Executivas (Noiz kontsultatua: 2022-03-29).
  4. (Gaztelaniaz) «María Victoria Lareu Huidobro» Dialnet (Noiz kontsultatua: 2022-03-29).
  5. (Galizieraz) Galicia, Xunta de. (2021-11-06). «A Xunta distingue á catedrática de Medicina Legal e Forense, Victoria Lareu Huidobro, co Premio María Josefa Wonenburger para mulleres científicas» Xunta de Galicia (Noiz kontsultatua: 2022-03-29).
  6. Press, Europa. (2021-11-06). «La catedrática de medicina legal y forense, Victoria Lareu Huidobro, premio María José Wonenburguer para científicas» www.europapress.es (Noiz kontsultatua: 2022-03-29).