María "La Jabalina"

militante anarkista eta miliziano espainiarra

María Pérez Lacruz (Teruel, 1917ko maiatzaren 3aPaterna, 1942ko abuztuaren 8a), militante anarkista espainiarra izan zen, Federación Ibérica de Juventudes Libertarias (Gazte Libertarioen Iberiar Federazioa) erakundeko kidea; Jabalina (basurde emea) ezizenez ezaguna zen, familia Teruelgo Jabaloyas udalerrikoa zuelako.[1]

María "La Jabalina"

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakMaría del Milagro Pérez Lacruz
JaiotzaTeruel1917ko maiatzaren 3a
Herrialdea Espainia
HeriotzaPaterna1942ko abuztuaren 8a (25 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakerizaina eta langilea
KidetzaLibertarian Youth (en) Itzuli
Izengoitia(k)La Jabalina
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakEspainiako Gerra Zibila

Biografia aldatu

María Pérez Isabel Lacruz Civera eta Manuel Pérez de la Esperanzaren alaba zen. 1923an familia Saguntora joan zen lan bila, Teruelgo trenbideetako eta meatzaritzako langileen lan baldintza bereziki gogorrek eragindako giro gatazkatsuagatik. Gazte-gaztetatik, Perezek, bere bost anai-arreben moduan, lagundu zuen familiaren bizimodua ateratzen, barazki postu batean lan eginez eta etxe pribatu bat garbitzen.[2][3] 1934an Federación Ibérica de Juventudes Libertarias (Gazte Libertarioen Federazio Iberikoan) erakundean sartu zen.

Gerra Zibila eragin zuen estatu kolpea gertatu zenean, eta hemeretzi urte besterik ez zuela, María Columna de Hierro edo Columna de Ferro (Burdinazko zutabea) izeneko miliziano anarko-sindikalisten zutabean sartu zen Sarrion; bertan, erizain gisa, lan egin zuen frontean ospitale bat sortzeko. 1936ko abuztuaren 23an, Teruelgo batailan, hankan zauritu zuten tiro batez Puerto Escandóneko tren geltokian.[1] Valentziako Ospitale Probintzialean ia sei hilabete eman ondoren, atzeguardian segitu zuen lanean, Saguntoko arma fabrika batean, hasieran, eta geroxeago Ciezako altzairu fabrika batean.[2] Gerra amaitutakoan, 1939ko apirilaren 23an, haurdun zegoela, Guardia Zibilak atxilotu zuen 24. Espedizio Konpainiako ofizial nagusiaren aginduz:[4]

[...] auzokoen garbiketa lanean jarraituz, behean sinatzen duenak Maria Perez Lacruz armada marxistaren Columna de Hierro deituriko zutabearen zerbitzura egon zela jakin zuen; horregatik, arduraz deitu eta etorrarazi zuen haren aurrera, eta bertan legez galdekatua izan zen eta erantzun zien egin zitzaizkion galderei.

Galdeketan, Burdinazko zutabeko kideei eta Sarrionen izandako hilketei eta lapurretei buruzko informazioa eskatu zioten. Itaunketaren ondoren, burua soildu zioten eta herriko kaleetan pasearazi zuten. Gero libre utzi zuten. Maiatzaren amaieran, berriz ere deklaratzera deitu zutenean, uko egin zion epaile militar kapitain batek irakurri zion deklarazioa berresteari, bertan aipatzen zirenak ez zirela egiazkoak salatuz. Askatu zuten, baina biharamunean, maiatzaren 31n, berriro atxilotu eta Puerto de Saguntoko kartzelan sartu zuten inolako salaketarik gabe.

Ondoren, "matxinadari laguntzeagatik" kargu-orria bideratu zioten. Instrukzio epaileak Puerto de Saguntoko eta Ziezako agintariei eskatutako txostenetan adierazten zen, besteak beste, María arrimaturik bizi zela, "izaera libertinoa" zuela, emakume "azaldatua" zela, eta siderurgian lan egiten zuenean agerian uzten zituela bere Errepublikaren aldeko balioak eta alderdi frankistarekiko mespretxua. Zenbait buruzagi falangistak "inongo gehiegikeriatan ez duela parte hartu" adierazi zuten arren, bizilagun batek eliza erretzea leporatu zion, bere deklarazioa "hala esaten da" edo "suposatzen da" bezalako esapideekin matizatu bazuen ere. Geroago, hainbat kargu zituen atxilotu errepublikano batek zenbait salaketa egin zuen Mariaren kontra: parte hartu zuela Castelloko espetxearen aurkako erasoan eta espetxeko zaindari batzuen heriotzetan; Valentziako Boliviako kontsularen heriotzarekin ere zerikusia izan zuela egotzi zion, nahiz eta Valentzian ez zen inoiz Boliviako kontsulik izan, eta baita zortzi apaizen eta diputatu baten hilketekin ere, beste salaketa txikiez gain. Valentziako Probintzia Ospitaleko zuzendariak, zeinean Maria gerra-zauriengatik ingresaturik egon zen, adierazi zuen delitu horiek gertatu zirenean ospitaleraturik zegoela.

Azaroaren 4an, Valentziako Ospitalera eraman zuten osasun arazoengatik eta bere haurdun egoera aurreratuagatik. 1940ko urtarrilaren 9an, erditu ondoren, alta eman zioten, baina umearen berri ez zen berriro izan, lapurtu eta adopzioan eman baitzuten.[3] Kartzelara itzuli zen, Valentziako Gobernu Zibilaren ziegetara eta geroago Santa Klarako Emakumeen Espetxe Probintzialera. Han egon zen Valentziako emakumeen kartzelan sartu zuten arte. Hango emakume funtzionarioek ezkongabea zela eta ume bat zuela utzi zuten idatzirik jasota. Maríaren kontrako gerra kontseilua 1942ko uztailaren 28an hasi zen. Fiskaltzak "matxinadari atxikitzea" delitua egotzi zion eta heriotza zigorra eskatu zuen. Instrukzioan jasotako adierazpenak baino ez ziren froga moduan aurkeztu. Defentsak sei urte eta egun bateko zigorra baino ez zuen eskatu, Mariak "matxinadari laguntza eman" arren, ezein delitutan parte hartu ez izana eta bere lana Burdinazko Zutabeko erizainarena izan zela argudiatuta. Minutu batzuk igaro ondoren, auzitegiko kideak ezkutuan bildu ziren eta fiskalaren eskaera onartu zuten: "matxinadarekin bat egitea" eta " Mugimenduarekiko borondate txarra" delituak egotzita, hiltzera zigortu zuten. Handik hamar egunera Paterna hilerrian fusilatu zuten sei gizoneko talde batekin batera.[4] Frankoren diktadurak fusilatutako azken emakumea izan zen.[5]

Eskerrak aldatu

2003an, Puerto de Saguntoko Baladre auzuneko ”Trencant Silencis” (Isiluneak apurtuz) Emakumeen Elkarteak frankismoaren errepresioa bizi izan zuten emakumeei omenaldia eskaini zien, horien artean María la Jabalinari. Urte hartan, irailean, kale edo plaza bati bere izena jartzeko eskatu zuten. María Pérez Lacruz kalea Saguntoko La Pinaeta auzoan dago.[3]

Lola López, Companya Hongaresa de Teatre (Hungariako Antzerki Konpainia) taldekoa, María la Jabalina, la historia de una joven miliciana (María la Jabalina, emakume gazte miliziano baten istorioa) antzezlanaren egilea, aktorea eta antzerkigilea da. Lan horretan María Pérez Lacruzen bizitza kontatzen du eta beren askatasun-idealen alde borrokatzeagatik errepresaliatuak izan ziren emakume guztiak omendu zituen. Lana Paca Aguirre poetaren enkarguari erantzuteko sortu zen 1930eko hamarkadako emakumeen istorioa kontatzeko helburuarekin.[6]

2021ean, Saguntoko Udalak Cristina Durán ilustratzaileari eta Miguel Ángel Giner komiki-gidoilari eta marrazkilariari mandatua eman zien La Jabalina izenez ezaguna den María Pérez Lacruzen bizitza islatuko duen lan grafikoa sortzeko.[7]

Erreferentziak aldatu

  1. a b (Gaztelaniaz) joselito. (2018-07-16). «María Pérez Lacruz mas conocida por “la Jabalina” (Vida y obra)» SOBRE LA ANARQUÍA Y OTROS TEMAS (VIDA, OBRA Y BIOGRAFIAS DE ACTIVISTAS, LUCHADORAS Y LUCHADORES ANARQUISTAS) II. (Noiz kontsultatua: 2021-07-24).
  2. a b (Gaztelaniaz) Espílez Murciano, Felipe. (2020). «María Pérez Lacruz, la Jabalina» Encima de la niebla (Noiz kontsultatua: 2021-07-24).
  3. a b c (Gaztelaniaz) «MARÍA PÉREZ LACRUZ, ANARQUISTA, combatiente de la columna de hierro, MALTRATADA y VEJADA, su bebé ROBADO, FUSILADA por los franquistas en 1942» RecueRda RepúBlica, documento memoria 2018-03-11 (Noiz kontsultatua: 2021-07-24).
  4. a b Girona, Manuel. (2007). Una miliciana en la Columna de Hierro : María "la Jabalina". (Edición digital. argitaraldia) ISBN 978-84-370-8740-5. PMC 992001976. (Noiz kontsultatua: 2021-07-24).
  5. Población, Félix. (2020). «El hijo robado de María Pérez Lacruz, la última mujer fusilada por el franquismo» www.elsaltodiario.com (Noiz kontsultatua: 2021-07-24).
  6. (Gaztelaniaz) ‘MARIA LA JABALINA’ La historia de una joven miliciana. – Valencia Teatros. (Noiz kontsultatua: 2021-07-24).
  7. (Gaztelaniaz) Giménez, Miguel. (2021-06-26). «María 'La Jabalina', la vida de una miliciana republicana fusilada por el franquismo se convertirá en un cómic» ElDiario.es (Noiz kontsultatua: 2021-07-24).

Bibliografia aldatu

  • Una miliciana en la Columna de Hierro: María "la Jabalina". Girona Rubio, Manuel. Valentziako Unibertsitatea. 2007. ISBN 84-370-6656-5
  • Si me llegas a olvidar. Corral-Márquez, Rosana. Ed Polifazetikoa. 2013an. {{ISBN|9788492929849}}

Kanpo estekak aldatu