Manuel Irujo Apeztegi

Manuel Irujo Apeztegi
Bizitza
JaiotzaTafalla1803ko urriaren 27a
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
Heriotza1871 (67/68 urte)
Familia
Seme-alabak
Hezkuntza
HeziketaZaragozako Unibertsitatea
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakabokatua eta politikaria

Jaiotza eta Ikasketak aldatu

Tafallan jaio zen Manuel eta 1803ko urriaren 27an bataiatu zuten Manuel Evaristo Tafallako eliza nagusian. Pedro Matias Irujoren (1759-1832) eta Maria Teresa Polonia Apeztegiren (1757-) semea zen, biak Tafallakoak. Pedro Matias espartingile zen.

Agian gazteena zelako, Manuel izan zen anai-arreben artean goi mailako ikasketak amaitu zituen bakarra. Ikasketak Iruñeko Seminarioan amaitu zituen, baina apaiza izateari utzi eta zuzenbidea ikasi zuen Zaragozako Unibertsitatean. Zuzenbidean eta kanonetan lizentziatua izateak eta Manuel Solanoren abokatu bulegoan praktikak egiteak, Nafarroan abokatu karrera garatzea lagundu zion.

Gerra eta Erbestea aldatu

Irujok 1833ko urtarrilean Nafarroako Erret Auzitegietako abokatu gisa burutu zuen lehen lanen arteko bat Jabetza Erregistro Batzordeari txostena ematea izan zen. Nicolas Iribas lurjabeari eta Tafallako alkate ohiari zerga ekarpena jaisteko eskaera luzatu zuen. Batzordeak urtarrilaren 29ko ebazpena onartu zuen eta Irujoren eskaerari jarraiki adierazi zuen ekarpenak norberaren aberastasunaren proportzioan ezarri beharko liratekeela legeak ezartzen zituen beste salbuespenik gabe.

Lehen Karlistaldia hasi ondoren, Nicolas Iribas Nafarroako Errege Gobernu Batzordeko kide izendatu zuten 1836ko irailaren 27an. 1833 eta 1835eko otsailaren artean Irujo Tafallan egon zen. Hala ere, karlistek kontrolatutako eremura ihes egin behar izan zuen eta 1835eko martxoaren 10ean agintari liberalek bere etxea eta bestelako ondasunak bahitu zituzten. Lau mahasti eta lau lur sail desjabetu zizkioten, 5.142 errealetan baloratuak, eta izendatutako administratzaile baten ardurapean geratu ziren. Etxearen konfiskazio espedienteari atxikitutako ohar batean adierazi zuten Irujo diputatuaren etxean ez zutela ondasun baliotsuagorik aurkitu, izan ere, “liburu batzuk baino ez dira aurkitu eta, baliorik ez dutenez, ez dira erregistratuko”.

1838ko maiatzean Nafarroako Behin-behineko Aldundi Karlistako kide izendatu zuten, lehendik zegoen gobernu batzordea ordezkatu zuena, eta horrek agintari liberalen Irujorengan zuten interesa areagotu zuen. Litekeena da garai hartan Irujo Lizarran bizitzea eta Iribasekin harremanetan egotea. Kontseilu horretako kidea izan zen 1839ko ekainera arte, hots, gerra amaitu arte.

Karlistekin hartutako konpromisoak areagotu zuen liberalen jazarria. Domingo Luis Jauregi Nafarroako buruzagi politiko liberalak 1838ko uztailaren 17an agindu zuen Frantzian karlisten alde laguntza eske joan ziren pertsona susmagarrien zerrendan osatzea. Jeneralak, brigadistak, elizgizonak eta lurjabeak biltzen zituen zerrenda horrek adierazten du Irujo Nafarroako karlisten artean ekintzaile nabarmenetariko bat zela. 1838ko ekainaren 15eko erret agindua betez, Espainiar estatuko estatu idazkaritzak Frantziako Hegoaldeko kontsulei bidali zuen pertsona hauen inguruko informazioa eskatuz. Montpellieretik 30 bat kilometrora dagoen Herault departamenduko Sete hiriko kontsulak “Nafarroan agertzen diren hemeretzi goi mailako” karlisten eta beste batzuen deskribapen fisikoa jaso zuen, muga zeharkatzen saiatzen zirenean komunika zezan. Irujoren deskribapen fisikoak honela dio: “Manuel Irujo, laikoa, beste aldundi [karlistako] kide. 34 urte, altuera erregularra, ile beltza, begi beltzak, sudur erregularra, bizar itxia, aurpegi luzea, kolore osasuntsua, apur bat burusoila”.[1]

Tafallan eta Lizarran aldatu

1839ko martxoan gerra amaitu baino hilabete batzuk lehenago, Tafallako udalak “etsaiekin eta matxinatuek okupatutako lurraldean” zeudenen zerrenda egin zuen. Txosten hoetan deserriratze batzordeak emandako instrukzioaren arabera erbesteratu beharreko pertsonen izenak agertzen ziren, euren artean Irujo. Jazarpenaren ondorioz, gerraren amaieran Frantziara joan behar izan zuen eta bi urteko erbestealdia jasan zuen 1841ean Tafallara itzuli arte. Matias anaiarekin batera, “aurreko urteko hainbat hileko ordainketak” egitera behartu zituztenen zerrendetan jarri zuten alderdi liberaleko Milizia Nazionalarekin “konprometituta ez egoteagatik”.

1843ko urtarrilean, Tafallako udalak ikastetxeen batzordeko kide izendatu zuen “ardura eta instrukzio ezaguneko bizilaguna” izateagatik, eta urte bereko uztailean udalak hala eskatuta, Baldomero Espartero jeneral liberalaren aurka Iruñekoa goarnizioaren altxamenduarekin bat egin zuen.

1844ko martxoan, Matias anaia zinegotzigoa utzi zuenean, Tafallako alkateorde hautatu zuten, Nicolas Iribas alkate zela. Irailean Madrilgo gorterako hauteskundeetara aurkeztu zen baina ez zuen eserlekua lortu. Ez zen inoiz gehiago aurkeztuko. Udaletxeko saioetan eta karguaren beste funtzio batzuetan parte hartu zuen abokatu gisa lan egiten zuen bitartean. 1846ko urtarrilaren 1ean zinegotzi izateari utzi zion eta ondorengo lau urteetan abokatu lanari ekin zion soilik.

1850eko urtarrilean prestatutako udal erroldan Isabel ahizparen etxean bizi zen eta hamasei bizilagunen artean hautatuta izan zen katastroko erregistro batzorde nagusian industria klasea ordezkatzeko. Lizarrara joan zen bizitzera 1850eko martxoaren 10ean Engrazia Urrarekin (Lizarra, 1825-1885) ezkondu ondoren. Engrazia Felipe Urra Lizarrako udaletxeko idazkariaren alaba zen.

 
Lizarra XIX. mendean

Irujok jarduera profesional eta politiko handia burutu zuen Lizarran. Adibidez, hirian finkatu eta gutxira, estatua ordezkatu zuen Sorladako udaletxearen aurkako auzi batean, enkomenda bati atxikitutako zerga kentzeari buruzkoa. 1859an Lana haraneko Galbarra kontzejua ordezkatu zuen Ameskoako Larraonaren aurka Lokiz mendilerroan abereak izateagatik. Zuzenbidearen arloan egin zuen jarduerak Lizarraldeko herrien egoera oso ondo ezagutzen lagundu zion eta honek bere ibilbide politikoan balio handiko esperientzia eman zion.

1851ko uztailean Lizarrako hauteskunde zerrendan agertzen da urte horretako udal hauteskundeetako boto emaileen artean. 1853an arrakastarik gabe saiatu zen hiriko zinegotzi hautatua izaten baina 1857an lortu zuen eta lehen alkateorde izendatu zuten. Hala ere, kargu hori bateraezina zenez Lizarrako Epaitegiko ordezko epailearenarekin, otsailaren 1az geroztik zuen karguarekin, zinegotzigoa utzi behar izan zuen. 1858ko ekainean Lizarraldeko foru hauteskundeetan parte hartu zuen. Lizarran bigarren izan bazen ere, Los Arcosen ez zituen emaitza onak lortu eta bosgarren postuan geratu zen. Zenbaketa orokorraren egunean, ekainaren 28an, Irujok hauteskundeak bertan behera uzteko eskatu zuen, botoak aztertzen ari ziren idazkarietako batek sinatzen ez zekiela argudiatuta, baina bere salaketa ez zen kontuan hartu.

1862ko azaroan bigarren aldiz zinegotzi hautatu zuten eta gobernadoreak alkate izendatu zuen Irujo, baina kargua ez hartzea erabaki zuen, 1857ko egoera bera errepikatu baitzen. Hurrengo udal hauteskundeetan ez zen aurkeztu, baina 1862ko azaroko hauteskundeetan bai. Berriz aukeratu zuten, eta gobernadore zibilak alkate izendatu zuen. Hala ere, oraingoan ere ezin izan zuen kargua bete, bake epailearen bigarren ordezkoa izendatu baitzuten. 1857an bezala, Irujok epaitegiko lanarekin jarraitzea aukeratu zuen berriz ere. Azaroaren 31n gobernadoreak gogorarazi zion erregeari, konstituzioari eta legeei zin egiteko beharra, baina Irujok ez zuen halakorik egin.

Nafarroako Foru Aldundiko kide aldatu

Probintziako diputatuaren hurrengo hiru deialdietan ez zuen bere burua aurkeztu, baina Lizarrako barrutiko hautagai gisa aurkeztu zen 1866ko Nafarroako aldundiko hauteskundeetan. Lizarra 438tik 2.277 hautesle izatera pasa zen eta horietatik 1.107k bozkatu zuten. Irujoz gain, Gonzalo Fernández de Arcaya, Fortunato Fortún eta Manuel Pérez-Irujo agertu ziren. Irujo eta Fernández Arcaya hautagai karlistek alde handiarekin irabazi zuten. Irujok 1867ko urtarrilaren 1ean hartu zuen kargua eta Aldundiko presidenteorde izendatzeko bi boto izan zituen. Korporazioaren bilerak oso maiz izaten ziren eta hasieran Irujoren parte hartzea ohikoa izan zen. Hala ere, martxotik aurrera, absentziak gero eta luzeagoak gertatzen hasi ziren. Apirileko lehen hiru egunetan jauregira joan baitzen ere, gero joateari utzi zion eta dimisioa aurkeztu zion gobernadoreari, bere osasun egoerak Iruñea eta Lizarra artean etengabeko bidaiak egitea eragozten ziola adieraziz. 64 urte zituen orduan Irujok.

Lau urte geroago hil zen, 1871an, eta hiru seme-alaba utzi zituen: Juana (Lizarra, 1850-Iruña, 1935), Francisca (Lizarra, 1853-Iruña, 1932) eta Daniel Irujo Urra (Lizarra, 1862-Lizarra, 1911). Lehenengoa Estanislao Aranzadi Izkuerekin ezkondu zen, bigarrena Anselmo Gomendio Alzaárekin Oñatiarrarekin eta hirugarrena Aniana Ollorekin.

Erreferentziak aldatu

[1] Rodríguez Moñino, Rafael, El exilio carlista en la España del siglo XIX (carlistas y demócratas revolucionarios), Castalia, Madrid, 1984, pp. 57-60.

  1. Vallejo Pousada, Rafael; Lindoso-Tato, Elvira; Vilar-Rodríguez, Margarita. (2018-04). «Los orígenes históricos del turista y del turismo en España: La demanda turística en el siglo xix» Investigaciones de Historia Económica  doi:10.1016/j.ihe.2018.03.001. ISSN 1698-6989. (Noiz kontsultatua: 2020-10-16).

Kanpo estekak aldatu