Man Ray
Man Ray —jatorrizko izen-deiturez Emanuel Radnitzky (Filadelfia, Ameriketako Estatu Batuak, 1890eko abuztuaren 27a - Paris, Frantzia, 1976ko azaroaren 18a) artista modernista izan zen, argazkilaria, margolaria eta zinemagilea.
Estatubatuarra zen eta errusiarrak eta juduak zituen gurasoak, baina bere karreraren zatirik handiena Parisen egin zuen. Dadaismoari eta surrealismoari ekarpen handiak egin zizkion, nahiz eta arte mugimendu horiekiko lotura informalak baizik izan ez zituen. Askotariko euskarrietan egin zituen artelanak, baina bere burua margolaritzat zuen. Ezaguna da argazkiengatik, erretratugile eta modako argazkilari lanetan nabarmendu baitzen; bai eta (bere izenarekin hitz jokoa eginez) rayograph izendatu zituen bere fotogramengatik ere.
Bizitza eta karrera
aldatuNew York
aldatuArkitektura eta industria-diseinuko ikasketak egin zituen New Yorken; baina, publizitatean denboraldi bat egin eta gero, azkenean, pinturan hasi zen. 1908. urtean Adon Lacroix olerkariarekin ezkondu zen, eta 1915ean dada talde bat osatu zuen New Yorken, Marcel Duchamp frantses margolariarekin batera, eta ready-made edo artelantzat harturiko merkatuko gauzaki bihurrikatuak hasi zen aurkezten, horien artean The Gift (1921, Oparia), azpian eratxikitako iltze-andana bat duen plantxa. Kristalak ere landu zituen, aerografoz baliatuta.
Paris
aldatu1921ean Parisa jo eta André Bretonen inguruko talde surrealistarekin hasi zen lanean. Iritsi eta gutxira Montparnasse auzoan kokatu zen, eta bertan Alice Prin ("Kiki de Montparnasse") ezagutu eta harekin maitemindu zen, artisten modeloa izan zena eta oso ezaguna hiriko zirkulu bohemioetan: Pablo Picasso, Tristan Tzara, James Joyce, Gertrude Stein, Jean Cocteau, Salvador Dali, Peggy Guggenheim eta Antonin Artaud, besteak beste.
Argazki lanetara jo zuen, dirubide bila, eta arian-arian aldendu zen alor horretan ere molde tradizionaletatik: rayograph edo azalera sentikorraren gainean ezarritako objektuen inpresio zuzena asmatu zuen. 1922an aurkeztu zuen teknika horren bidez eginiko lana, Les Champs Délicieux (Zelai gozoak) liburuan. Ospe handia lortu zuen argazkilari gisa.
Rayren argazkietan, pultsio erotikoaren eskutik azaltzen zaizkigu elementu bitxi ironikoak: emakume-imagina bat ageri da aurrez xehe-xehe landuriko konposizioetan, natura hil baten antzeko zerbait balitz bezala.
1924. urtean, dadaismoa albo batera utzi eta surrealismora jo zuen. Izan ere, 1925. urteko Parisko lehenengo erakusketa surrealistan parte hartu zuen. Horretaz gain, film labur batzuk ere egin zituen, estetika surrealistari jarraituz, betiere: Le Retour à la raison (1923, Itzulera arrazoira), L´Étoile de mer (1928, Itsas izarra), Les Mystères du château de Dé (1929, Déko gazteluko misterioak).
Lapurdin sei hilabeteko egonaldian egindako etxearen izen bera eman zion historiako lehen film surrealistatzat hartua denari, Emak Bakia (1926). Pintura eta marrazkia landu zituen, argazki surrealistez gainera, arrazoitik kanpoko ilusiozko irudiak eskainita: Observatory Time-The Lovers (1932-1934, Maitaleak behatokiaren orduan), Sade markesaren erretratua (1939).
2012an, Oskar Alegria zinemagile iruindarrak "Emak Bakia baita" dokumentala egin zuen, hain zuzen ere Rayren "Emak Bakia" pelikulan ageri den etxearen bilaketa ardatz duena.
Azken urteak
aldatu1940. urtean Man Rayk ihes egin zuen naziek hartua zuten Paristik, eta Los Angelesko hirira joan zen. Richter zinemagilearekin lan egin zuen gidoigile eta antzezle Hollywooden, Dreams That Money Can Buy (1946, Diruz eros daitezkeen ametsak) eta Dadascope (1956-1961) filmetan.
1946an itzuli zen Parisa, eta pintura lantzen jarraitu zuen birikako infekzio batek jota hil arte.
Lanak
aldatu- 1920: L'Enigme d'Isidore Ducasse («Isidore Ducasseren eginma»), 1971n berreraikia.
- 1921: Cadeau («Oparia»)
- 1925: Zure hezurren arkitektura.
- 1925: Zuhaitzak.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011-12-26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.