Malaga-Almeria errepideko sarraskia

Espainiako Gerra Zibileko errepresioa

Malaga-Almeria errepideko sarraskia (gaztelaniaz: La Desbandada, «itsumustuko ihesa»;[1] gaztelaniaren Andaluziako aldaeran, La Desbandá)[2] Espainiako Gerra Zibilean, 1937ko otsailaren 8an, matxinatutako bandoak zibilen aurka eginiko sarraskia izan zen. Tropa frankistek Malagan sartu ondoren, itsasoz eta airez eraso zioten Errepublikako Herri Armadaren kontrolpean zegoen Almeriarantz ihesi zihoan errefuxiatu andanari, eta 3000-5000 bitarte zibil hil zituzten.[3]

Malaga-Almeria errepideko sarraskia
Irudia
Motasarraski
Honen parte daEspainiako Gerra Zibila
Data1937ko otsailaren 8a
KokalekuN-340 road (en) Itzuli
HerrialdeaRepublican zone (en) Itzuli
Erantzulebando matxinatu

Gaur egun, Malaga-Almeria errepideari N-340 deitzen zaio, gobernu frankistak 1941ean Cádiz-Bartzelona bide-ardatzari emandako izena, errepide horren zatia baita.

Almeriako errepideko sarraskia Gerra Zibileko Malagako gertaera gordinena izan zen, eta gatazka guztiko okerrenetako bat.

Aurrekariak aldatu

Espainiako Bigarren Errepublikan Malagak langile mugimendu indartsua zuen, bereziki CNT eta Espainiako Alderdi Komunistarena; 1936ko otsaileko hauteskundeetan azken alderdi honek bere historiako lehen diputatua lortu zuen Malaga probintziatik, Cayetano Bolivar; garai honetan Malagari Malaga Gorria esaten zioten horregatik. Urte hauetan zehar, polarizazio sozialaren ondorioz, hainbat gertakari bortitz izan ziren, horien artean komentuen erreketa eta etengabeko indarkeria politikoa nabarmentzen direlarik[4].

Errepublikaren aurkako 1936ko uztailaren 18ko altxamendu militarraren ondoren, Malaga hiria eta bere probintziaren zati handi bat errepublikanoen kontrolpean geratu ziren, kolpea itzaltzea lortu zuten langile milizien eraginez. Gerraren lehen hilabeteetan Malaga Errepublikaren gainontzeko lurraldetik ia isolatua egon zen, izan ere, Errepublikarekin lotzen zuen eta matxinatuen esku ez zegoen lurreko bide bakarra Almeriako errepidea baitzen, itsas bonbardaketaren aurrean ahula eta probintziara soldadu eta hornidurak bidaltzea zailtzen zuena. Berez, errepide hori moztuta zegoen 1937ko hasieran, Motrilen gertatutako uholde batzuen ondorioz. Horregatik, Malagako agintariek gobernu errepublikanoaren erabakietatik kanpo jardun zuten askotan.

Malagako gudua aldatu

 
Almirante Cervera itsasontzia, kostaldetik Malaga hiritik alde egiten zuten miliziano eta zibilen zutabeak kanoatu zituzten hiru ontzietako bat, ehunka hildako eraginez.

1937ko urtarrilaren 17an Queipo de Llano jeneralak Malagako probintzian lehen erasoaldia egin zuen Marbella mendebaldetik hartuz eta, Granadatik, Alhama eta inguruko lurraldeak hartu zituen. Aldi bereko bi eraso horietan errepublikanoek ia ez zuten aurka ezer egin, eta zibilen lehen exodoa eragin zuten Malagako hiriburura. Hala ere, agintari errepublikanoek ez zuten uste mugimendu horiek kanpaina orokor bat hasiko zutenik hegoaldean, eta ez zuten errefortzurik bidali.

Probintziaren iparraldean, Italiako alkandora beltzek bederatzi batailoi bildu zituzten, hau da, 10.000 gizon inguru. Bestalde, Errepublikak 12.000 miliziano zituen Malagan, baina 8.000 fusil besterik ez eta munizio eta artilleria gutxi.

Otsailaren 3an hasi zen Malagaren aurkako behin betiko erasoa Rondatik, frankistek erresistentzia handia aurkituz. Malagan, defendatzaileen eta zibilen artean izua piztu zen, isolatuta geratzeko beldurragatik. Otsailaren 6an italiarrek Ventas de Zafarrayako gailurrak hartu zituzten, eta handik Almeriako errepidetik erretiratzeko aukera guztiak menderatzen zituzten. Egun horretan bertan Malagako ebakuazioa antolatu zen eta, hurrengo egunean, Italiako tropak aldirietan sartu ziren[5]. Hilaren 8an, hiriburu osoa matxinatutako armadaren esku zegoen.

Almeriarako exodoa aldatu

 
Aireko bista

Malagarako lehen mugimendu frankisten aurrean, hiriburuan izua zabaldu zen errepresioaren beldurrez, eta, beraz, zibil eta miliziano askok Almeriako errepidetik ihes egitea erabaki zuten. Kalkuluen arabera, dezenaka mila izan ziren ihes egiten saiatu zirenak, baina bidea oso zaila zen, bai bonbardaketengatik, bai Motril parean errepidea egoera txarrean zegoelako. Bidea ez zegoen moztuta baina lehorretik, itsasotik zein airetik egin zitezkeen bonbardaketen menpe zegoen.

Bonbardaketan, aireko indar frankistaz gain, Canarias, Baleares eta Almirante Cervera ontziek parte hartu zuten, baita tanke eta artilleria matxinoek ere. España aireko eskuadrila, Errepublikarekiko leiala, iheslariak defendatzen saiatu zen, arrakasta gutxirekin. Torre del Marreko farozainak ere faroa itzali zuen, kolpistek iheslariak gauez jazartzeko erreferentzia bezala erabiltzen baitzuten; handik egun gutxira horregatik afusilatua izango zen.[6] Almeriarako bidean zeuden herri gehienek ez zieten iheslariei lagundu, matxinatuen ondorengo errepresaliei beldurra zietelako. Hala ere, beldur horrek berak Malagako kostaldean kokatutako herri horietako bizilagunetako asko ere beren etxeak uztera behartu zituen; hala gertatu zen Velez-Malaga udalerriko Lagosen, itsas aurrean zegoen etxe multzo batean, non bizirik atera ziren batzuek itsasontzien eta hegazkinen lehen bonbardaketak kokatu zituzten errepidetik ihes egiten ari zen herritar errugabeen aurka. Era berean, otsailaren 8an lehorreratze bat izan zenTorre del Marren, iheslarien erretiratzea eteteko asmoz[7].

Gertaera horretan, Norman Bethune doktoreak esku hartu zuen, eta Valentziatik Malagara joan zen berariaz, odol-transfusioko unitatearekin, sarraskia jasaten ari zen biztanleria zibila laguntzeko. Hiru egunez, berak eta Hazen Sise eta T.C. Worsley laguntzaileek zaurituei lagundu zieten eta errefuxiatuak Almeriako hiriburura eramaten lagundu[8]. Esperientzia traumatiko honek El crimen de la carretera Málaga-Almería (Malaga-Almeria errepideko krimena) kontakizuna idaztera eraman zuen[9].

Ondorioak aldatu

Malagako iheslari kopuruari buruzko kalkuluak nahasiak eta zailak dira.15.000 eta 150 000 artean izan omen ziren. Armada frankistak 3.000 eta 6.000 hildako artean eragin zituen Almeriako errepidean, gehienak zibilak[10]. Norman Bethunek desplazatuak 40.000 inguru izango zirela kalkulatu zuen, eta hildakoak 3.000 inguru.

 
Almeriako errepideko biktimei omenaldia, Malagan, Peñón del Cuervo hondartzan, 2015eko otsailaren 15ean.

Era berean, hirian geratu zirenen aurkako errepresioa, Badajozeko sarraskiaz geroztik, basatiena izan zen, 1936ko abuztuan. Hugh Thomas historialariak kalkulatzen du fusilatuak eta hobi komunetan lurperatuak 8000ren bat izan zirela, San Rafael hilerrian, esaterako, eta horietatik 6100en izena lortu da.

Miguel Angel Melero Malagako Unibertsitateko irakasleak aitortu du oraindik zaila dela zenbakiak jartzea ihesaldi hari. 200.000 eta 250.000 desplazatu artean – nahiz eta zenbaitek kopurua 300 000 arte igo – eta lau mila eta sei mila hildako artean, Melerok jasotzen duen bezala.

Oroitzapenak aldatu

2005eko otsailean Torre del Mar-en Memoriala inauguratu zen sarraskiaren biktimen omenez, exodotik bizirik atera zirenetako batzuk bertan zirela. Ordutik, otsailaren 7ro lore eskaintza bat egiten da bertan eta, 2007tik aurrera, Malaga-Almeria Errepideko Biktimen omenezko Martxaren iritsierarekin bat egiten du.

Azken urteotan, biktimak eta bizirik atera zirenak gogoratzeko hainbat ekitaldi egin izan dira, bai eta argazki-erakusketa ibiltaria ere, El Crimen de la carretera Málaga-Almeria izenburupean.

Erreferentziak aldatu

  1. (Gaztelaniaz) «La "Desbandá", el atroz y olvidado genocidio del fascismo español» El Plural 2020-02-08 (Noiz kontsultatua: 2021-09-08).
  2. (Gaztelaniaz) Vázquez, Alfonso. (2014-03-02). «José Bravo: pasar de la desbandá a Mathausen» La Opinión de Málaga (Noiz kontsultatua: 2021-09-08).
  3. «Homenaje a las víctimas de la "desbandá"», La República, 2014-02-17.
  4. (Gaztelaniaz) Cenizo, Néstor. (2014-02-08). «Málaga-Almería, febrero del 37: 'La desbandá', el infierno en el camino» ElDiario.es (Noiz kontsultatua: 2021-09-08).
  5. (Gaztelaniaz) La desbandá: El genocidio de la carretera Málaga-Almería (febrero de 1937) – Ateneo republicano de Las Rozas. (Noiz kontsultatua: 2021-09-08).
  6. «Anselmo Antonio Vilar García | Todos los Nombres» www.todoslosnombres.org (Noiz kontsultatua: 2022-02-11).
  7. «RMH: La Memoria de los Nuestros» web.archive.org 2008-10-28 (Noiz kontsultatua: 2021-09-08).
  8. (Gaztelaniaz) País, El. (2004-04-25). «El solidario Norman Bethune» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-09-08).
  9. Norman Bethune (1937): El crimen de la carretera Málaga-Almería (Febrero de 1937) in CAUM, 2005
  10. «260 kilómetros a pie homenajean a las miles de víctimas de la 'desbandá' 80 años después» www.publico.es (Noiz kontsultatua: 2021-09-08).

Ikus, gainera aldatu


Kanpo estekak aldatu