Maki (frankismoaren aurkako gerrilla)

Makia edo mendi gerrilla[1] Espainiako Gerra Zibilan eta hurrengo urteetan Espainian sortu zen frankismoaren aurkako gerrilla izan zen. Hitza borrokalarien taldeari zein pertsona bakoitzari, mugimenduko kideari, deitzeko erabiltzen da. Behin Espainiako gerra bukatuta talde hauek borrokan jarraitu zuten, gehien batean mendietan ezkutatuta, nahiz eta inguru hiritarretan laguntzaileak izan. Ideologikoki komunistak eta anarkistak ziren.

Sallenten (Katalunian) egindako grafitia, makien oroimenez.

Frantzian zeuden soldadu errepublikano asko ere Frantziako Erresistentzian sartu ziren, Frantziako makian, alegia. Espainiako azken makiak, Ramón Vila eta José Castro, hurrenez hurren 1963an eta 1965ean hil zituzten. Gerrillaren garai indartsuena 1938tik 1950 arte luzatu zen. Haien aurkako errepresioa bortitza izan zen.

Aktibitateen inguruakAldatu

 
Makien aktibitate gune nagusiak. Lauki horiez gerrillaren hiri nagusiak markatu dira.
  • Hirietako gerrilla:

Mendiko ekintzen oihartzuna eskasa zen. Horregatik, makien ekintzak hirietara ireki ziren:

    • Bartzelonan eta Kataluniako beste herriak: garrantzitsuena izan zen. Maki horren atzean CNT sindikatua eta FAI zeuden eta gizartearen babesa handiagoa zuen.[2]
    • Madrilen: indar gutxiago izan zuen. Komunisten babesa zuen eta gutxi iraundu zuen.
    • Málaga eta Granada: bi taldek ospe handia lortu zuten, Antonio Rayarena eta Quero anaienak.[3]
    • Bilbon.

Gerrillaren faseakAldatu

 
Makiei omenezko monumentua Santa Cruz de Moyan, Cuencan.
 
Exército Guerrilleiro de Galicia.
  1. Gerra Zibilean zehar faxistek hartutako inguruetan erresistentzia taldeak sortzen dira.
  2. Bigarren Mundu Gerrak Errepublikaren aldeko soldadu asko Frantzian harrapatzen ditu. Horietako asko Frantziako Erresistentzian integratzen dira. Agrupación de Guerrilleros Españoles antolatzen da.
  3. 1944tik aurrera, nazien porrotarekin batera, gerrillari askok gerra penintsulara eraman nahi dute. Arango haranaren inbasioaren saiakerak porrot egiten du. Dena dela, talde batzuk penintsulan sartzen dira eta bertan zeuden gerrilleroekin elkartzen dira.
  4. 1945 eta 1947 artean mugimendua indartsu dago. Halaber, frankisten errepresioa gerrilleroen eta populazioaren aurka indartu zen. Militante asko hil zituzten.
  5. 1948tik aurrera Alderdi Komunistaren jarrera aldatu zen. Poliki-poliki gerrilleroen taldeak desegin ziren.
  6. 1952an azken talde garrantzitsuak penintsulatik atera ziren. Barrualdean gelditu zirenak oso sakabanatuta zeuden eta, askotan, bizirauteko borrokatu behar zuten.
  7. 1956an komunistek «Adiskidetze Nazionala»ren politika zabaldu zuten.
  8. 1963an Ramón Vila gerrillari anarkista Guardia Zibilak hil zuen.
  9. 1965an José Castro gerrillaria Guardia Zibilak hil zuen.

Makia Euskal HerrianAldatu

Makian euskaldun asko aritu zen, esaterako Luis Fernández bilbotarra. Zuzendaritzan Jesus Monzón eta Carmen de Pedro zeuden, guztiak Alderdi Komunistaren militanteak. 1944an, Arango haranaren inbasioarekin batera, gerrillari talde bat , urriaren 3an, Erronkaribartik Hego Euskal Herrian sartu zen; urriaren 7an, beste talde batek gauza berea egin zuen Orreagatik. Liskar handiak izan ziren eta hildako ugari, tartean Miguel de la Mano falangista.

Talde handien inbasioaren porrota ikusita, PCEk estrategia aldatu zuen: 1944an eta 1945an 40 maki baino gehiago muga igaro zuten talde txikietan, batzuk txalupaz, Hondarribitik. Celestino Uriarte, Sebastián Zapirain, Asensio Arriolabengoa, Fermín Isasa eta beste batzuk gerrillaren buruan jarri ziren, baina ez zuten arrakasta izan: Euskal Herria ez zen horrelako borrokarako inguru egokia. Errepresioa oso gogorra izan zen. Guardia Zibilak Gipuzkoako taldeak desegin zituen: 16 maki hil eta 23 atxilotu zituzten; kolaboratzaile asko ere espetxeratuak izan ziren. Errepresio horretan Melitón Manzanas nabarmendu zen.

Nafarroan ere, inbasio baten beldurrez, gerrillarien aurkako hamazazpi talde, ia 2.500 gizon, prestatu ziren. Dena den, gerrillariek nahiago zuten Nafarroako mugan lasaitasuna mantentzea, bide egokia baitzen Penintsulan armak eta makiak sartzeko. Hala ere, liskar ugari izan ziren. Nafarroako errepresioaren datuak ere oso gogorrak izan ziren: 35 gerrillari hil zituzten, eta 200 baino gehiago atxilotu.[4] 40ko hamarkadako istilu hauetakoak dira 2020ko udan ikertutako Imotzeko bi makiren gorpuzkiak.[5]

Gipuzkoako azken makia, Frantzisko Etxeberria Isarri, Oiartzunen harrapatu zuten, 1951ko urtarrilean. Nafarroan ezagutzen den azken ekintza 1961ko abuztuaren 8an izan zen: Valentín González El Campesino Guardia Zibilarekin topo egin zuen Iratin; dirudienez, Frantziako Zerbitzu Sekretuen salaketa baten ondorioa izan zen.[6] Aipatu behar da, azkenik, nahiz eta makiak ados ez izan, Nafarroako makia Aragoiko egituran egokituta zegoela.

Makiak zinemanAldatu

BibliografiaAldatu

  • Dolors Marín Silvestre. Clandestinos. El maquis contra el franquismo. Plaza & Janés. Bartzelona, 2002. ISBN 84-01-53053-9
  • Mikel Rodríguez Álvarez. Maquis. La guerrilla vasca (1938-1962). Txalaparta argitaletxea.ISBN 84-8136-195-X.

ErreferentziakAldatu

  1. https://dle.rae.es/maquis
  2. Dolors Marín, 291.
  3. Jorge Marco. Hijos de una guerra. Los hermanos Quero y la resistencia antifranquista. Granada, Comares, 2010
  4. http://www.euskonews.eus/0081zbk/gaia8102es.html
  5. Lartzanguren, Edu. «Bi makiren gorpuzkiak atera dituzte Imotzen» Berria Noiz kontsultatua: 2020-07-27.
  6. http://www.euskonews.eus/0081zbk/gaia8102es.html

Ikus, gaineraAldatu

Kanpo estekakAldatu