Ireki menu nagusia

Maite Barnetxe, jatorrizko izenez Maite Ameztoi Castorene (Bidarrai, 1941 - Biarritz, 1986ko abuztua), euskal herritar kazetari eta zinegilea izan zen. Euskarazko telebistaren aitzindaritzat hartzen da[1].

Maite Barnetxe
Bizitza
Jaiotza Bidarrai1941
Herrialdea  Nafarroa Beherea, Euskal Herria
Heriotza Biarritz1986 (44/45 urte)
Jarduerak
Jarduerak kazetaria eta zinema ekoizlea

BiografiaAldatu

Maite Ameztoi Castorene Bidarraiko Barnetxe baserrian jaio zen. Lehenbiziko ikasketak herriko eskolan egin ondoren, Uztaritzeko mojen ikastetxean musika eta idazkaritza ikasi zuen eta Biarritzeko Bréguet hegazkin lantegian lanean hasi zen[2].

1963an Côte Basque frantsesezko irratian idazkari lanpostua lortu zuen[3]. 1966an, egunero bost minutuko saioa euskaraz egitea erabaki zutenean, Maiteri eskaini zioten horren ardura. Eginkizun horretan, besteak beste, Janbattitt Dirassar, Ramuntxo Kanblong eta Gexan Lantziri izan zituen kolaboratzaile[2].

1971an, Mixel Intxausperen ahaleginari esker, Frantziako Telebista Publikoa hilabetero 15 minutuko bi saio euskaraz ematen hasi zen. Emankizun horiek egiteko Maite Barnetxe hautatu zuten. Ondoko bi hamarkadetan 300 emanaldi inguru egin zituen, 75 ordu denetara, eta ETB sortu arte hori izan zen euskarazko telebista bakarra. Dena bere gain izaten zuen: saioen gidoiak egitea, filmatzea, aurkeztea eta editatzea. Horrez gainera, saio horiek garai hartako paregabeko testigantza dira: pastoralak, Etxahun-Iruri, Leon Dongaitz pilotaria, Lekorneko iruleak, ikastolen hasiera, Xalbador eta Mattin bertsolariak, Francoren heriotza, Piarres Lafitte euskalaria, Hazparneko zapatagintzaren krisia, Mixel Labéguerie, Estitxu, Errobi, Niko Etxart, Maite Idirin eta Pantxoa eta Peio kantariak... Emankizun bilduma osoa Euskal kultur erakundean kontsultagarri dago gaur egun. 1978an, Frantziako Telebistaren errealizatzaile-karnet ofiziala eskuratu zuen[4][2].

Maite Barnetxe 1986ko abuztuan hil zen. Haren omenez, 1994an ETBk Maite Barnetxe saria sortu zuen[5].

2018tik aurrera posible da 1971 eta 1985 artean FR3 katean hedatu ziren "Euskal Herria Orai eta Gero" 300 telebista emankizunak Euskal kultur erakundeko egoitzan (Lota Jauregia, Uztaritze).[6]

Kanpo loturakAldatu

ErreferentziakAldatu

  1. Arozamena Ayala, Ainhoa, Maite Barnetxe Auñamendi Eusko Entziklopedia. Euskomedia.org
  2. a b c Arbelbide, Xipri, Maite Barnetxe Bidegileak saila. Euskomedia.org
  3. Bedaxagar, Maider, "Maite Barnetche (1941-1986): euskarazko irrati eta telebistaren ama" Mintzoak.eus
  4. Amatiño: Maite Barnetche Eibar.org
  5. Arbelbide, Nora, Omenaldia Maite Barnetxeri Paperekoa.berria.info
  6.   «Maite Barnetxe (1941-1986) kazetariaren telebista emankizunak Uztaritzen ikusgai» sustatu.eus . Noiz kontsultatua: 2018-11-01 .