Mailegu kontratu
|
Artikulu edo atal hau ez dator bat formatu hitzarmenekin. |
Artikulu honek erreferentziak behar ditu. Hemen erreferentzia egiaztagarriak gehituz lagun dezakezu. |
Mailegu kontratu batean, alderdi batek besteari gauza bat ematen dio, epe jakin batean itzul dezan.
Garrantzi historiko eta ekonomikoa
aldatuGizakia komunitatean bizi denetik, era guztietako harremanak egiteko beharra izan du, pertsonekin eta ondoren, instituzioekin. Azken hauek, ondasunak gorde eta eskuratzeko aukerak eskaini dituzte, horrela, bankuek paper garrantzitsua jokatu dute gizartearen historian. Antzina, pertsonek, besteek emandako hazien beharra zuten ereiteko, horrela sortu ziren lehenengo maileguak K.A 2000 urte inguruan.
Gerora, antzinako inperio handietan, maileguen erabilera geroz eta handiagoa izaten hasi zen, izan ere, zorrak ordaindu ezin zituenari, esklabotza edo heriotzarekin zigortzen zitzaion, eta hori ekiditeko era maileguak eskatzea zen. Garai honetan ezagutzen zuten jada "interes" kontzeptua, nahiz eta araututa ez egon. Erromako mailegatzaile ezagunenetariko bat Marko Junio Bruto izan zen, honek, %48kok interesak ezartzen zituen maileguak ematerakoan.
Bankuak sortzen hasi ziren heinean, maileguen kontzeptua formalizatzen hasi zen. Banketxeen garapena Europa osora zabaltzen hasi zen XVI. mendetik aurrera. Azpimarratzekoa da, kristautasunean sinesten zutenek ez zituztela begi onez ikusten interesak zituzten maileguak. Paradoxikoki, Espainian, bankari eta mailegatzaile handienak Jesusen Konpainiakoak izan ziren, hauek, egindako maileguei esker aberastasun handiak lortu zituzten.
Denboraren poderioz, eliza malgutuz joan zen maileguekiko zituen pentsamenduei zegokienez, eta bi mailegu mota bereizi zituzten. Alde batetik bizirauteko maileguak zeudela zioten, eta hauetan interesak kobratzea legez kontrakoa zela irizten zuten. Bestetik, inbertitzeko maileguak zeuden eta hauetan interes tipoak ezartzea justifikatzen zuten.
Gaur egun, mailegu pertsonalak zein kredituzkoak, finantza munduan asko erabiltzen diren eragiketak dira. Egunetik egunera, pertsona gehiagok bide hau aukeratzen dute, likidezia lortzeko, eta proiektuak modu erraz eta arruntean aurrera eramateko.
Izaera juridikoa
aldatuEspainiako ordenamenduan, mailegu kontratua Espainiako Kode Zibila 1740. artikuluak arautzen du. Jatorrian beti jaso da kontratu erreal gisa, traditioaren garrantzia abiapuntu gisa hartuta. Badakigu, mailegu kontratu batean entrega bat egingo dela kontratua sortuz. Honekin, esan nahi dena da, entregaren bidez iritsiko dela kontratuaren perfektutzea. Zuzenbide erromatarrean du oinarria.
Mailegu kontratu bat zibila edo merkataritzakoa izan daiteke. Merkataritza Kodeko 311.artikuluko baldintzen arabera honako hauek dira Merkataritzako mailegu kontratuaren betekizunak: alderdietako bat merkataria izango da eta kontratuaren objektua den gauza merkataritza jarduera lotuta egon beharko du.
Mailegu kontratu motak
aldatuKode Zibilak bi mailegu mota bereizten ditu:
- Mutuoa edo kontsumo mailegua: Mailegu hartzailea gauzaren jabe bihurtzen denean ematen da, eta honek, kalitate eta espezie bereko zerbait bueltatu beharko du.
- Komodatua edo erabiltzeko mailegua: Alderdi batek besteari gauza suntsiezin bat ematen dionean gertatzen da, denbora jakin batean erabili eta bueltatzeko.
Mutuoa edo kontsumo mailegua
aldatuMutuoaren ezaugarriak
aldatuMutuoan edo kontsumo-maileguan, mailegu- hartzailea eskuratzen duen gauzaren jabe bihurtzen da, horren espezie eta kalitate bereko beste horrenbeste itzultzeko baldintzapean (KZko 1740. eta 1753. artikuluak).
Itzulketa egiteko, aurreko kasuaren moduan, epe bat ezarri behar da. Era berean, iraupenezko kontratu bat izateaz gainera, mailegua dohaineko-kontratua izan ohi da.
Hala ere, KZko 1755. artikuluaren kontrako irakurketa eginez, interesen ordainketa ere itundu daiteke. Baina, KZko 1756. artikuluari jarraiki, akordiorik ezean, mailegu-hartzaileak interesak ordainduko balitu, ezingo ditu horiek erreklamatu, ezta kapitalari egotzi ere. Dena den, Picazok adierazten duenez, legegileak artikulu horren bidez adierazi nahi duena da ordainketa horrek aditzera ematen duela alderdien artean interesen inguruko akordioa existitu dela, kontratuan jasoa izan ez bada ere. Aurkako kasuan, interesak ordaindu behar ez zituenak horiek ordaindu baditu, errakuntzan oinarrituz ordainketa aurkara dezake, akordiorik egon ez zela frogatzen badu.
Izan ere, maileguen eremuan, interesen ordainketak historikoki garrantzia izan du, lukuru-interesak ekiditea garai ezberdineko legeen objektu izan baita. Hasiera batean, Eliza Zuzenbideak debekatu egiten zuen interesak ordaintzea, maileguak ematen ziren kasuetan bekatuzko jardueratzat hartuz. Juduek, berriz, jakina denez, Eliza katolikoaren aginduak jarraitzen ez zituztenez, interesen ordainketa galdatzen zuten maileguak ematen zituzten, erregearen baimenarekin; eta azken horrek juduen aldetik onurak eta abantailak lortzen zituen. Aro modernoan, debekua desagerturik, hainbat lege onartu baziren ere interesen erabilerari mugak ezartzeko asmoz, azkenean, 1856ko martxoaren 14ko Legearen bidez, alderdiei askatasuna eman zitzaien, kasu bakoitzean, merkatuaren egoeraren arabera eta, are gehiago, mailegu-hartzailearen kaudimena kontuan hartuz, ordaindu beharreko interesak finkatzeko. Dena den, mailegu-emaileak aurkitzen duen lehentasun-egoera dela eta, hamarkada batzuk geroago, interesen askatasunak ekar zezakeen lukurreria ekiditeko legea onartu zen. Zehazki, 1908. urteko uztailaren 3an, Azkarate Lege ezaguna onartu zen, lukuru-interesei aurre egiteko helburu finkoaz.
Azkenik, aipatu beharra dago, lege honen aplikazioan hasierako urteetako Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia anitz aurki badaiteke ere, egun garrantzi praktikoa ahultzen joan zaiola, batez ere, epe luzerako bereganatzen diren betebeharren kasuan, inflazioaren ondorio negatiboak direla-eta. Hala ere, Azkarate Lege horrekin batera, gaur egun ezinbestekoa da kontuan hartzea kontsumitzaileen eremuan onartutako maileguei buruzko legea. 1986. urteko abenduaren 22an onarturiko Europako Zuzentarauaren garapenean (1990eko otsailaren 22an aldatu zena), Espainiako Gobernuak Kontsumo Kredituari buruzko 7/1995 Legea, martxoaren 23koa, onartu zuen.
Bestelako inguruabar batzuen artean, Legeak honako aukera hauek aurreikusten ditu bere efektuen artean:
- Ezin izango da, mailegu-hartzailearen kaltetan, maileguaren azken zenbatekoa aldatu, alderdiek idatziz horrela adostu ez badute. Hala dagokionean, aldatzeko aukerarik egotekotan, beharrezkoa izango da objektiboan den erreferentzia-indize baten arabera egitea (Legearen 8. artikulua).
- Kontsumitzaileak edozein unetan itzuli ahal izango du maileguan jasotako zenbateko guztia, soilik legearen arabera adostutako penalizazioa ordaintzera behartua geratuz (Legearen 10. artikulua).
Enpresariak zor ez zaiona kobratzen badu, interes legala ordaintzera behartua geratuko da, eta baita maltzurkeria edo eginbide faltagatik sortutako kalteak ordaintzera ere (Legearen 13. art.).
Mutuoaren elementuak
aldatuOinarrizko elementuak
- Adostasuna: Alderdien artean adostasuna emango da, mailegu emaileak gauza entregatuko du eta hartzaileak berriz adostutako epe eta inguruabarren arabera itzultzeko obligazioa izango du.
- Objektua: Kontratuan adostutako diru kopurua (prezioa) edota ondasun suntsigarri bat izango da mailegu kontratuaren objektua.
Elementu pertsonalak
Bi izango dira mailegu kontratu batean gutxienez egon beharreko elementu pertsonalak; mailegu hartzailea eta mailegu emailea.
- Mailegu hartzailea: Gauza jasoko duen alderdia izango da. Mailegu hartzailearen obligazioei dagokienez, lehenik eta behin, itzultzeko obligazioa aipatu beharra dago. Hartzailearen oinarrizko obligazioa da. Diruzko mailegu baten aurrean egon ezkero, KZeko 1170 artikulura jo beharko dugu, aldiz, gauza suntsigarri bat baldin bada mailegu kontratuaren objektua, kasu honetan, espezie eta kalitate bereko edota gauza berbera da itzuli beharko duena. Bestalde, interesak hitzartu baldin badira, interesak ordaintzeko obligazioa gehituko zaio. Honetaz gain, kontuan hartu beharko da itzultzerakoan gerta daitezkeen ezkutuko akatsen edo ebizkioaren aurrean erantzuteko erantzukizuna izango du.
- Mailegu emailea: Gauza entregatuko duen alderdia izango da, honako hau da bere obligazio nagusiena. Gauzaren ezkutuko akatsa eta ebikzioagatik erantzun egin beharko du. Bestalde, hemen maileguaren izaera erreala kontuan hartu beharko dugu, hala baldin bada ez delako entrega egiteko obligazioa egongo jadanik entrega eginda egongo delako.
Elementu errealak
- Dohako kontratua da. Alderdiek kontrakorik hitzartzen ez dutenean.
- Gauza suntsigarriak: espezie bereko gauzekin ordezkatu daitezkeen ondasunak dira. Erraztasunarekin beste antzekoa eta kalitate bereko gauzarekin ordezkatu dezake mailegu hartzaileak itzultzerako orduan.
- Interesak: Bestalde, mailegu kontratuaren interesak ditugu. Alde batetik mailegu kontratuaren interes legala ezarriko da eta beste aldetik, berandutza interesak ezarriko dira, alderdien artean adosteko aukera dagoela jakinda. Berandutza interesak zigor gisa ulertu behar dira, berandutza interesak ordaindu beharko ditu mailegu hartzaileak ez betetzea ematen denean. Epea igaro ondoren itzulketa ez denean egin, berandutza interesak ordaindu beharko ditu mailegu hartzaileak/zordunak.
Denborazko elementua: Alderdiek mailegu kontratuaren denbora hitzartu egingo dute. Hitzartutako mailegu kontratuak interesak baldin baditu, KZeko 1127.artikuluaren arabera, ezarritako epea bi alderdien onuran ezarriko da. Honako kasu hau ematen ez denean, zordunaren onuran pentsatuta ezarriko da epea.
Baliozkotasun elementuak
- Formazko elementua: Kontratu erreal baten aurrean gaudela kontuan hartuz, entrega betekizun formala izango da mailegu kontratua sortzerako garaian. Hala ere, kostubidezko mailegu kontratu baten aurrean baldin bagaude, eta interesak baldin baditu eta alderdien artean adostasuna eman denean, idatziz jasoko da kontratua eta entrega ez da betekizun formala izango.
- Gaitasuna: Bi alderdiek mailegu kontratu bat eratzeko garaian, kontratzeko gaitasunaz gain, mailegu emaileak besterentzako gaitasuna izan beharko du. Bestalde, emantzipatutako adingabeak ezingo du mailegu kontratu bat egin guraso edo kuradorearen baimenik gabe, KZEko 323.artikuluaren arabera. Eta bestalde, tutoreak ezingo mailegu kontratu bat egin epailearen baimenik gabe (KZeko 271.8.art)
Efektuak
aldatuMutuoegilearen betebeharrak
aldatu- Gauzaren jabetza transferitzea
- Gauza entregatzea
- Gauzaren ezkutuko akatsengatik erantzutea
- Ebikzioagatik erantzutea
Mutuodunaren betebeharrak
aldatu- Hitzartutako epean itzulpena egitea. Epea zehaztuta ez badago, ulertzen da mutuadunak beti izan beharko duela bere disposiziopean itzultzeko behar duena.
- Utzitako gauzaren genero bereko zerbait bueltatu behar duena.
- Hitzartutako interesak ordaindu beharko ditu.
- Ebikzioagatik erantzun beharko du.
- Bueltatutako gauzen ezkutuko akatsengatik erantzun beharko du.
Iraungipena
aldatuKomodatuan ez bezala, mutuoan ez da kontratua iraungiko gauza desagertzen bada, izan ere, gauza bera bueltatu behar ez denez, posible izango da bueltatzea, salbu espezie bereko gauza guztiak desagertu badira.
Kontratua desagertuko da hitzartutako epea betetzen denean, eta utzitakoaren kantitatea eta interesak itzultzen direnean.
Komodatua edo erabiltzeko mailegua
aldatuKomodatuaren ezaugarriak
aldatuKomodatuaren KZko 1740. artikuluan definitzen da, kontratu honen bitartez, alderdi batek besteari gauza suntsiezina emanez, hark epe zehatz batean gauza erabili ezan eta, ondoren, itzul diezaion. Kontratu horren ezaugarri nagusiak dira, beraz, iraupen mugatua duela eta dohainik lagatzen dela. Izan ere, KZ-ko 1741. artikuluak xedatzen duenez, ordainsaria badago, akordioak komodatu izateari utziko dio. Kasu horretan, hitzarmenak beste kontratu baten izaera hartuko du, ziur aski, errentamenduarena.
Kontratuaren iraupena alderdiek erabaki dezakete eta, hala ez bada, KZ. 1749. artikuluan adierazten den moduan, gauza zein erabilerarako eman den en maileguan kontuan hartuz, erabilera hor amaitu arte iraungo du kontratuak. Hala ere, epea eta erabilera finkatu ez badute, tokiko usadioetara joko da hauek zehazteko, edo bestela, komodatugileari dagokio hau erabakitzea.
Objektua, esan bezala, erabileragatik kontsumituko ez diren gauzek osatzen dute. Haatik, berez, kontsumigarriak diren gauzak ere izan daitezke kontratu horiek objektu, baina alderdiek adosten duten erabilerak ez du jaso behar kontsumitzeko ahalmena. Adibidez, Errioxako ardo botilak komodatu kontratuaren objektu izango dira, komodatudunak erakusketa bat egiteko hartzen baditu.
Alderdien gaitasunari dagokionez, kontratuen arau orokorrak ezarriko dira, kontuan hartuz, komodatudunari gauzaren erabilera ematen zaion heinean, komodatugileak horren erabilera xedatzeko adina ahalmen izan beharko dituela.
Komodatuaren elementuak
aldatuAdostasuna: Komodatua kontratu erreala den heinean, entregaz perfekzionatuko den kontratua da. Hala ere, horretaz gain, adostasunarekin ere sortuko da.
Elementu pertsonalak:
- Komodatugilea: Gauza ez suntsikorraren entrega egiten duena da. Komodatudunak gauza duen bitartean, berak izango du gauzaren gaineko jabaria. Honek esan nahi du erreibindikazio-akzioa tarteratzeko aukera izango duela. Doakoa da kontratua dela kontuan hartu behar dugu, prezioa ezarriko balitz errentamendu kontratu baten aurrean egongo ginateke.
- Komodatuduna: Erabiltzeko eta gozatzeko jasoko du ondasuna. Ondoren itzultzeko obligazioa izango duelarik. Doakoa den kontratu baten aurrean gaudenez gauza bera itzuli beharko du.
Gaitasuna: Alderdiek elkar obligatzeko gaitasuna izango dutenez, komodatu kontratua egiterako unean, jarduteko gaitasuna eskatuko da eta kontratatzeko gaitasuna. Gauzaren erabilera da transmititzen dena, hori dela eta gutxieneko eskubidea duen edonor egin dezakeela ulertu dezakegu. Hala ere, hau ezingo da gertatu eskubide pertsonaletan.
Forma elementua: Alderdiek elkar obligatzeko gaitasuna izango dutenez, komodatu kontratua egiterako unean, jarduteko gaitasuna eskatuko da eta kontratatzeko gaitasuna. Gauzaren erabilera da transmititzen dena, hori dela eta gutxieneko eskubidea duen edonor egin dezakeela ulertu dezakegu. Hala ere, hau ezingo da gertatu eskubide pertsonaletan.
Efektuak
aldatuKomodatudunaren posizioa
aldatuEskubideak
aldatuKomodatudunak gauza erabiltzeko eskubidea du, fruituak bereganatu gabe.
Betebeharrak
aldatu- Aita on batek izango lukeen arretaz gauza kontserbatzeko betebeharra.
- Utzitako gauzaren kontserbazio eta erabilerarako beharrezkoak diren gastuak asetzeko betebeharra.
- Kontratua amaitzen denean gauza bueltatzeko betebeharra.
Erantzukizuna
aldatu- Komodatudunak, ez du gauzaren erabilera arruntak eragiten dituen kalteengatik erantzun beharko.
- Komodatudunak utzitako gauza hitzartu ez zen beste helburu edo erabilera batera bideratzen badu, edo honen edukitza hitzartutako epean baina denbora luzeagoz mantentzen badu, hau galtzen bada honen galeragatik erantzun beharko du, ustekabez desagertzen bada ere.
- Utzitako gauza tasazio bidez entregatu bazen eta hau galtzen bada, ezustez bada ere, komodatudunak erantzungo du prezioagatik kontrakoa hitzartzen ez bada.
Komodatuegilearen posizioa
aldatuEskubideak
aldatu- Utzitako gauzaren jabetza eskubidea kontserbatuko du.
- Utzitako gauza berreskuratzeko, akzio pertsonala balia dezake, kontratutik eratortzen dena, eta jabea baldin bada, aldarrikatze akzioa ere balia dezake.
- Komodatuegileak utzitako gauza erreklamatzeko aukera izango du, hitzartutako epea baina lehen gauzaren premiazko beharra badu edo epea hitzartu ez denean eta ohituraz hau zehaztu ezin denean ere.
Betebeharrak eta erantzukizuna
aldatuKomodatuegileak ez ohiko gastuak ordaindu beharko ditu utzitako gauzaren kontserbaziorako, betiere komodatudunak gastuak egin aurretik jakinarazten badio. Honen salbuespena emango da, kontserbazio lanak urgenteak direnean eta jakinarazteko denbora ematen ez dionean Komodatuegileak utzitako gauzaren akatsak ezagutzen dituenean eta komodatudunari jakinarazi ez dizkionean, hauek eragindako kalteengatik erantzun beharko du.
Komodatuaren iraungipena
aldatuKomodatu kontratua iraungitzeko arrazoiak:
- Hitzartutako epea edo erabilera amaitzea
- Komodatudunaren erreklamazioa, nahiz eta hitzartutako epea ez bete premiazko beharra duenean.
- Prekarioan, komodatugilearen erreklamazioa dela eta.
- Utzitako gauza desagertzean.
- Komodatudunaren heriotza ematen denean, komodatua pertsona jakin horri egin zaionean
Mailegu kontratua ordenamendu desberdinetan
aldatuEsan bezala ordenamendu espainiarren zalantza eta eztabaida sortzen da mailegu kontratuaren izaera zehazterako garaian, kontratua erreala den ala adostasunezkoa den sailkatzerakoan. Hala ere ordenamendu askok ez dute honako arazo hau. Peruko Kode Zibilak, adostasunezko kontratu gisa sailkatzen du eta gure ordenamenduan ez bezala, bateratze lana egin da mailegu kontratu zibila eta merkantilaren artean. Honako ordenamenduaren beste berezitasunetako bat mutuo faltsua da. Mutuo faltsua Peruko Kode Zibilak eta Suizako Obligazioen Kode Federalean soilik aurki dezakegun kontzeptua da. Mutuo faltsu baten aurrean egongo gara, diru baten prestazioa egin eta salgaiak itzultzen direnean, hau da, salerosketa kontratu baten aurrean egongo garela ondorioztatuz. Honako kontzeptu hau aipatutako bi ordenamenduek soilik arautzen dute, gainontzeko eraentza modernoek ez dute honako supostu hau jasotzen.
Argentinako ordenamendua irizpide gisa hartuz bi kontzeptu jasotzen ditu, bereizketa bat eginez: alde batetik, mutuoaren kontratu aldebakarra bereizten du, tradiioaren perfekzionatuko den kontratua delarik eta beste aldetik, kostubidezkoa edo doakoa izan daitekeen mutuoaren promesa jasotzen du. Argentinako ordenamenduaren arabera, ahoz kontratua eratzeko aukera dagoenez, eta ez dagoenez idatzita jasotzeko betekizunik, arazoak sortzen dira kontratua eman dela frogatzerako garaian eta baita traditioa, entrega, egon dela frogatzeko.
Kubako ordenamendu juridikoak, beste herrialdetako sistemetan ez bezala, ez ditu elkarrekin arautzen komodatua eta mutuoa. Bi kontratu erabat ezberdin bezala aldarrikatzen ditu. Kubako Kode Zibilak, autonomoak eta ezberdinak diren bi figura gisa ulertzen ditu. Honako sailkapen honek, erromatar zuzenbidean dauka oinarria.
Merkataritza zuzenbidearen ikuspegitik, Kubako ordenamenduak mutuoa soilik onartzen du merkataritzako mailegu kontratu gisa.
Frantziako Kode Zibilak, gure ordenamenduan bezala artikulu berean bi mailegu kontraturen bereizketa bat egiten du. Alde batetik, suntsiezinak diren gauzen erabilerari egiten dio erreferentzia, komodatua edo erabilpen mailegua deritzona. Eta beste aldetik, erabiltzerakoan kontsumigarriak diren gauzei egiten dien erreferentzia, kontsumo mailegua izenez ezagutzen dutena, edo mailegu kontratua.
Italiako Kode Zibileko laugarren liburuko III. tituluak, kontratuak arautzen ditu. Bertan, zehazki XIV eta XV kapituluetan komodatua eta mutuoaren eraentza aurkitu dezakegu. Gure ordemenduaren arauketa berdina dagoela ondorioztatzen da.
Erreferentziak
aldatu- ↑ (Gaztelaniaz) Rodriguez, Lic Lisettys Gonzalez. (2006-04-19). «El contrato de préstamo» Monografias.com (Noiz kontsultatua: 2024-07-29).
- ↑ https://web.archive.org/web/20180509075628/http://www.ivap.euskadi.eus/contenidos/informacion/legedia_euskaraz/eu_3818/adjuntos/Zuzenbide-zibila/Kode_Zibila.pdf
- ↑ Luis Diez Picazo, Antonio Gullón. "Sistema de Derecho Civil. 2". Editorial Tecnos. Madrid. 9ª Edición (2003).
- ↑ https://www.studiocataldi.it/codicecivile/codice-civile.pdf
- ↑ https://www.legifrance.gouv.fr/affichCode.do?cidTexte=LEGITEXT000006070721
- ↑ https://www.boe.es/buscar/act.php?id=BOE-A-1885-6627