Mahābhārata

Mahabharata» orritik birbideratua)

Mahābhārata (sanskritoz: महाभारतम्, Bharatatarren gerraren narrazio handia; K.a. III. mendea), tradizionalki Vyasa idazleari egotzia, Indiako testu epiko-mitologiko luze bat da.

Mahābhārata
Jatorria
Egilea(k)Vyasa
Izenburuaमहाभारतम्
Ezaugarriak
Genero artistikoaepopeia
Hizkuntzasanskritoa
Egile-eskubideakjabetza publiko
Deskribapena
Honen parte daItihasa (en) Itzuli
Fikzioa
Razmnamaren (Gerren liburua, 1761-1763) 134 marrazkietako bat, Mahābhārata olerkiaren pertsierazko itzulpena. Akbar erregeak (1566-1605), Naqib Khani, testu hindua itzultzeko agindu zion, bi kulturen arteko harremanak hobetzeko. Eszena honetan, Bhishma aitonak bere azken irakaskuntzak ematen ditu, hil zorian dagoen bitartean, bost Pandavez (musulman jantziekin) eta Krishnaz (larruazal urdinekoa) inguraturik. Behean, Ganges amaren iturburu bat ikusten da, Aryunak, Bhishmaren egarria asetzeko deitu zuena.

Herrialde horretako bi olerki epiko nagusietako bat da, bestea Ramayana.[1]

Sanskritozko testua

aldatu

Hinduismoaren funtsezko testutzat hartzen den testu bat da, sanskritoz idatzia. Munduko bigarren lan literariorik luzeena da, Gesar erregearen epopeia izeneko lanaren ondoren.[2] Olerkiaren izenburua India Handia bezala itzul daiteke, «bhārata» hitza «Bharatarena» esan nahi duen patronimiko bat baita, Bharata-varsha erresuma sortu zuela uste den erregea.[3] Indiak, hindi hizkuntzan, Bharat du izen ofiziala.[4]

Testu hinduen sailkatzearen barnean, iti ha āsa (sanskritoz: इति ह आसhala izan zen benetan) istorioen barruan dago Mahābhārata, zuzenean filosofikoak ez diren testu sanskritoek jasotzen duten izena, Purana bildumekin batera.[5]

Bertsio osoak 100.000 bertso lerro baino gehiago ditu, Biblia baino lau aldiz luzeagoa, eta Iliada eta Odisea baino zortzi aldiz luzeago.

Jatorrizko esanahia

aldatu

Bere sakontasun filosofiko handiarekin eta bere handitasun puruarekin, Indiako kulturaren eta tradizio vedikoaren irudikatze osoa, Mahābhārata-ren irismena hobeto laburtzen da bere lehen parva edo liburuaren hasieran dagoen esaera batean: «Hemen dagoena, beste toki batzuetan aurki daiteke, baina hemen ez dagoena, ez da beste inon aurkituko» (sanskritoz: धर्मे चार्थे च कामे च मोक्षे च भरतर्षभ यदिहास्ति तदन्यत्र। यन्नेहास्ति न तत् क्वचित्).[6]

Errege, jakintsu, jainko eta deabruen istorio bat da Mahābhārata. Honen bidez, bere egile mitikoa den Krishna Dwaipaiana Vyasak bizitzaren lau xedeei buruz eman nahi ditu iorakaspenak: dharma (behar erlijiosoa), artha (aberastasuna), kama (gozamena) eta moksha (salbabidea, hinduek arimaren azken xedetzat jotzen dutena). Karmaren lege mitikoak (literalki «jarduera», akzioren eta erreakzioaren legea, eta ondorengo berraragitzea) funtsezkoa da Mahābhārata zentzuz ulertu ahal izateko.

Testuaren historia

aldatu

Egilea

aldatu

Ez da testu honen benetako egilea ezagutzen.[7]

Mahābhārata beraren arabera, Vyasak kontatu zuen, istorioan bertan pertsonaia dinastiko nagusietako bat baita, istorioan zehar askotan agertzen ez den arren. Vyasa jakintsua istorioko bi dinastia protagonisten aitona zen: Kauravak eta Pandavak. Senidetasun honek errege familiaren barneko gertakariei buruz asko jakiteko aukera eman zion. Gainera, bera Kurukshetran bizi zenez, gudu zelaitik gertuko baso batean ―istorioaren muina―, bere begien aurrean gertatu zen gerrari buruzko xehetasun guztiak bildu eta, azkenean, istorioa idazteko aukera ukan zuen.

Vyasa eta Ganapati

aldatu
« Brahma jaun handiak (unibertsoaren sortzailea) jaitsi egin zen eta Vyasari, bere lanerako (istorioa idazteko), Ganapatiren (Ganesha) laguntza lortzeko esan zion. Ganapatik, Vyasak errezitatutako ereserkiak buruz idatzi zituen, eta, hala, Bharata idatzia izan zen. Ganapatik ezin zuen Vyasaren abiadura berean idatzi, eta, ondorioz, zenbait hitz, are bertso osoak, galdu egin ziren. »

Mahābhārata[8]


Vyasaren garaian, idazketa ez zen ezagutzen, edo behintzat, ezohiko baliabide bat zen, teknologia berriegia. Jakintsuek ez zekiten idazten, uste zuten idazketa egokia zela Kaliren aroko hilkorrentzat, milaka bertso oroimenean gordetzeko gaitasun mugatua baitzuten haiek.[9]

 
Mahābhārata olerkian aipatzen diren tokiak, mapan adierazita. Hori koloreko izenak erresumak dira, laranja kolorekoak, atzerriko erresumak. Arrosa kolorekoak tribu exotikoak dira, ibaiak urdinez agertzen dira, mendiak morez eta basoak berdez.

Mantendu ziren lehen bertsoak, 500. urtekoak dira, indu eta brahmi hizkiez idatzia (sanskritoa idatzi zen lehen hizki motak, devanagari sistema sort6u aurretik).

Errezitatzaile profesionalek kontatutako istorioak alderatzean, ezberdintasunak nabaritzen ziren bertsio batetik bestera, testua idazterako orduan Ganeshek egindako akatsengatik gertatzen omen zirenak. Edonola ere, ahozko istorio izan zen garai luzean informazio oso gutxi galdu zuela uste dute adituek, antzinako hinduek errezitatze teknika bikainen ondorioz. Vedak izan ziren ahozko tradizioan hobeki gordetako testuak, Mahābhārata bera baino askoz antzinakoagoak diren arren.[10]

Idazkeraren beste mito bat

aldatu

Mahābhārata-ren lehen zatiak azaltzen du Ganesh jainkoak (elefante burudun jainkoa, Shivaren semea) eskuizkribua idaztea onartu zuela Vyasak diktatzen bazion, baina soilik hark bere azalpenean etenik ez egitekotan: Vyasak, orduan, beste baldintza bat jarri zuen: idatzi aurretik, Ganeshek uler zezala Vyasak errezitatutakoa. Orduan, Vyasak ulertzeko zaila zen bertso bat esaten zuen, bere etengabeko azalpenean arnasaldi bat hartu ahal izateko.[11] Sanskritozko bertso lerro bakoitza, gutxi gorabehera, bi segundotan irakur daiteke, eta, beraz, olerkiak dituen 100.000 lerroak, 56 ordu inguruan.

 
Ganesh Mahābhārata idazten, Vyasak esan ahala.

Mito honek azaltzen du, baita ere, zergatik Ganeshen irudiak daukan ezker letagina hautsita: idazteko presaren presaz, jainkoari bere idazluma hautsi zitzaion, eta, orduan, berak, bere letaginaren muturra puskatu eta idazluma bezala erabili zuen, odola ere tintaren ordez erabilita, horrela diktaketa ez eteteko.[12]

Ganesha jainkoak Mahābhārata idazterakoan izan zuen zailtasuna, mitoak azaltzen duen gisan, sinesgarria izan zitekeen, Izan ere, errezitatzaile profesionalek ahoz esandako istorioak idazten saiatzen zirenak zailtasunetan egongo ziren, istorioaren haria galduz gero: errezitatzailea geldiarazi eta puntu batetik aurrera jarraiaraztea ia ezinezkoa izango zen, istorioa etenik gabeko jarraitasun gisa ikasia baitzuten buruz.

«Ganapati» izena eliteak hautatutako buruzagia izendatzeko erabiltzen zen. Antzinako Indian, erresuma txiki edo probintzia ugari zeuden, rajá edo maharaja bat buru zutela, baita nolabaiteko errepublikak ere, kasta agintariek aukeratutako buruzagi edo ganapati batek gobernatuak.

Mahābhārata idatzi zuen ganapati hura, ziur aski, errepublika haietakoren bateko buruzagia izango zen, idazketaren artean ongi hezia. Ganapati hitza Ganesh jainko elefantea aipatzeko geroagoko kontu bat izango zen, ziurrenik.[13]

Yaia liburua, Vyasak idatzia

aldatu

Uste denez, Mahābhārata-ren istorio guztiak ahoz gordetako zenbait kontakizunetatik abiatuta konposatuak izan ziren Vyasak soilik olerkiaren «muina» idatzi omen zuen, Yaia (garaipena) izenburuko lan bat, olerki osoa baino askoz laburragoa, 25000 bat bertso lerro.

Geroago istorioa 100.000 bertso izan arte luzatu zen, ziurrenik zenbait egileren laguntzaren ondorioz, horien artean Vyasaren zenbait ikasle (Vaisampaiana, Yaimini, Paila eta Suka, besteak beste). Testu hura «Bharata» bezala ezagutzen da.[14] Yaia testuaren 18 atalek osatzen dute Bhagavad-gita izenburuko erlijio testua.

Azken fasean, testu epikoa, 150.000 bertso baino gehiagotara luzatu zen. Idazle belaunaldi gutxi batzuen lana izan zen, modu anonimoan lagundu zutenak, ekarpenak Vyasari emanez. Azken fase horri deritzo Mahābhārata.

Vyasaren Yaia testua egituratuta dago elkarrizketa baten forman: Dhritarashtra Kuru erregea eta eta bere idazkari eta ongile Sanyaia mintzatzen dira, Kurukshetrako guduan Pandaven aurka egindako borrokaz. Hamazortzi eguneko batailaren gorabehera bakoitza kontatzen du Sanyaiak, gertatu ahala. Dhritarashtrak batzuetan galderak egiten ditu eta beste batzuetan arranguraz mintzatzen da, bere seme, lagun eta ahaide bakoitzaren suntsipenaz ohartzen denean. Errudun ere sentitzen da, bere diru goseak suntsitu zituelako Indiako azpikontinenteko erresuma guztiak.

Hasieran, Sanyaiak Lurreko kontinenteak deskribatzen ditu, beste planeta batzuetako ozeanoak (ur gazia, ur geza, esnea, gurina, eta abar) eta biztanleak. Ondoren, Bharata Varsha (India) hartzen du aztergai, eta ehunka erresuma, tribu, probintzia, hiri, herri, herrixka, ibai, mendi eta basoren zerrenda landua ematen du.

 
Behe erliebe nahaspilatsua, Mahābhārata-ren elezaharra erakusten duena, non Abhimaniu gerlaria txakra-viujan sartzen baita (Hoysaleswara tenplua, Halebid, India).

Bi armadek egunero hartzen dituzten formazio militarrak (viuja) ere azaltzen ditu. Harri-orri-ar jokoan bezala, formazio egokia hartzen duen armadak gudu hori irabazten du: arrano forma duen armadak suge itxura duena garaitzen du, eta abar.

Bhārata liburua, Vaisampayanak idatzia

aldatu

Yaia testuaren garapena, Bhārata eratu arte, ziurrenik Vyasaren ikasle izandako Vaisampayanak egin zuen, beste zenbait egile ezezagunekin batera. Bharata dinastiako erregeen historiari buruzko kontakizun bat da, Vaisampayanak esana Janameyaiari, Arjuna izeneko Pandava bost anaietako baten birbilobari, alegia.[15]

Mahābhārata liburua, UgraSravá Sautik idatzia

aldatu

Vyasaren lanaren azken fasea Mahābhārata liburuan amaitzen da. Ugrasrava Sauti izeneko historialari profesional batek 24.000 bertsotik 100.000 baino gehiagora garatu zuen Barata testua eta Mahā-Bhārata bataiatu zuen. Ugrasravak Naimisarania basoan bildutako jakintsuen biltzar baten aurrean kontatu zuen, Shaunaka Rishi buru zelarik.

Testua garatzen jarraitu zen 215.000 bertso izatera iritsi arte.

Mahābhārata-ren egitura

aldatu
 
Ilustrazio bat Draupadi eta bost Pandava beraren senarrei buruz. Erdian, Yudhishthira Draupadirekin. Behean: Bhima ezkerrean, Arjuna eskuinean. Alboetan, Nakula eta Sahadeva bikiak. Raja Ravi Varmaren margoa (ca.1900).

Mahābhārata hemezortzi parva edo liburutan dago idatzita:

  1. Adi parva (lehen liburua): liburuaren sarrera istorioak, Pandava bost printzeen jaiotza eta heziera.[16]
  2. Sabha parva: Pandavatarren etxeko bizitza, dadoen jokoa Dhrita-Rastraren seme Duriodhana lehengusu gaiztoarekin, Pandavatarrak basamortura erbesteratzea eragiten duena. Arjunaren aita Indra jainkoak baratze hiri bat sortu eta oparitu zien, non Maia deabruak (Danuren eta Kashyapa jakintsuaren 40 seme deabruetako bat) Pandavatarren jauregia eta auzitegia (sabha) eraiki baitzituen.[17]
  3. Vana parva (edo Aranya parva, non «vana» edo «aranya» basoa baita): basoan erbestean iragandako hamabi urteak.[18]
  4. Virata parva: Viratako erresuman erbesteratutako urtea; Arjuna eunuko bihurtzen da.[19]
  5. Udyoga parva: gerrarako prestaketak.[20]
  6. Bhishma parva: bataila handiaren lehen zatia, Bhishma «aitona birjina» kurutarren komandante zela.[21]
  7. Drona parva: borrokak aurrera jarraitu zuen, Drona komandante zela.[22]
  8. Karna parva: borroka berriro, Karna komandante zela.[23]
  9. Shalya parva: guduaren azken zatia, Salya komandante zela.[24]
  10. Sauptika parva: Pandava armada loaren bitartez suntsitu zuten Ashwattamak (Drona maisuaren seme mendekatia) eta bizirik iraun zuten Kurutar apurrek.[25]
  11. Stri parva («stri», emakumea): Gandhari eta beste emakumeek hildakoak deitoratzen dituzte.[26]
  12. Santi parva («santi», bakea): Iudishtiraren koroatzea eta Bhishmaren jarraibideak.[27]
  13. Anusasana parva («anusasana», jarraibidea): Bhishmaren azken jarraibideak.[28]
  14. Ashwamedha parva: zeremonia inperiala edo ashwa medhá (zaldi baten sakrifizioa) Iudishtirak gidatua.[29]
  15. Asramavasika parva: Dhritarashtra (Pandu erregearen seneskala), Gandhari emaztea eta Kunti erregina (Pandava familiaren eta Karnaren ama) ashram batean isolatu ziren basoan, hil artean.[30]
  16. Mausala parva: Ydaven (Krisná erregearen 16.100 semeak) arteko gorputzez gorputzeko sarraskia mazoekin («mausala»), itsasertzean egindako jai batean hordituta.[31]
  17. Mahaprasthanika parva: Iudishtira eta bere anaiak Himalaiarantz doaz hil arte («mahaprasthana», bidaia handia, heriotzaren eufemismoa).[32]
  18. Svargarohana parva («svarga», zerua): Pandavatarrak paradisu materialera igotzen dira.[33]

Badago gehigarri bat ere, 16.375 bertso dituena, Harivaṃśa izenekoa (Hariren familia, Krishna jainkoaren beste izen bat).

Lan nagusiaren eta Mahābhārata-ren parte diren istorioen artean badira batzuk sarritan isolatu eta berezko lan osotzat hartzen direnak:

 
Krishna eta Arjuna gurdi baten gainean, XVIII-XIX mendeetako ilustrazioa.
 
Kurukshetrako guduaren irudia. Bertan, Krishna jainkoa Arjuna arkulari pandavatarraren koadriga maneiatzen ikusten da, bere geziak kurutar gaiztoen aurka jaurtitzen.
  • Bhagavad-gita: Krishnak Arjuna irakasten du (6. liburuan, Bhishma parva).
  • Krishnavatara: Krishna jainkoaren istorioa (atal edo liburu askotan kontatzen da).
  • Rama: Ramayana testu epikoaren bertsio laburtua (3. liburuan, Vana parva).
  • Nala eta Damaianti: errege baten eta bere emaztearen arteko maitasun istorioa (3. liburuan, Vana parva).
  • Savitri eta Satyavan: Savitri printzesaren eta Satyavan erregearen arteko maitasuna (3. liburuan, Vana parva).
  • Risiasringa (edo Rishia Shringa), rishi edo jakintsu adardunaren istorioa (3. liburuan, Vana parva).

Edizio kritikoa

aldatu

1919 eta 1966 artean, Puneko Bhandarkar Oriental Research Institute erakundeko ikertzaileek Indian eta atzerrian gordetako olerkiaren eskuizkribuak alderatu zituzten, eta Mahabharata-ren edizio kritiko bat prestatu zuten: 13.000 orrialde, 19 liburukitan, gehi Harivaṃśa bi liburukitan, eta aurkibideak beste sei liburukitan. Mahabharata-ri buruzko erreferentziazko azterketetan erabili ohi den testua da hori.[34]

Mahābhārata, istorio epikoa

aldatu

Lan honen istorio nagusia da Hastināpura hiriburuko tronua lortzeko borroka dinastikoa, Kuru klanaren erresuman. Hastināpura eta inguruko erresumak, Doab-en kokatuak zeuden, Ganges gaineko eskualdean eta Yamuna ibaian, egungo New Delhiren iparraldean. Borrokan parte hartzen duten familiako bi adar nagusiak dira Kaurava (Kururen seme-alabak, familiako adar nagusia) eta Pandava (adar gazteena, Dhrita-Rastraren anaia eta Vyasaren semea zena Vichitra-Viriaren emaztearekin).

Borroka amaituko da Kurukshetrako 18 eguneko gudu handian, eta azkenean Pandavatarrek irabaziko dute. Mahābhārata Krishna jainkoaren heriotzarekin eta bere dinastiaren amaierarekin bukatzen da, eta Pandava anaiak jainkoekin batera zeruko planeta batera igotzearekin. Une horrek ere Kali Yugaren aroaren hasiera markatzen du. Gizateriaren laugarren eta azken aroa da hori, non gizadiak irudikatzen dituen balio handiak eta ideia nobleak gainbehera etorri baitira eta gizakiak moraltasunaren eta, oro har, bertutearen erabateko desegiterantz abiatzen baitira.

Istorio batzuk

aldatu
 
Bhishmaren aita Shantanu erregea, Satiavati arrantzaleaz maitemintzen denean, ordurako Vyasaren ama zelarik.

Mahābhārata olerkiko pertsonaia eta istorio batzuen azalpen laburra:

  • Pertsonaia noble eta ospetsuenetako batzuk Kurutarren alde borrokatzen dira, gatazkaren aurretik sortutako leialtasunak direla eta.
  • Yudhishthira da Pandava bost anaien arteko zaharrena, Kunti erreginaren semea (Panduren emaztea) Dharmarashekin (erlijioaren erregea) izandakoa. Yudhishthira osotasun eredu bezala ezagutzen da Indian, inoiz ez baitzuen gezurrik esan bere bizitzan eta horrela botere mistikoak lortu zituen. Bost Pandaven arma-maisu Drona hiltzeko asmatutako amarru batean parte hartu zuen. Drona maisuaren semearen izen bereko elefante bat hil zuten. Orduan Yudhishthira bere maisuarengana hurbildu eta esan zuen: «Ashwattama (elefantea) hil da». Dronak bere armak erortzen utzi zituen eta Pandava anaiek hil zuten. Une horretan, Yudhishthiraren koadrigak —bere bertutea zela eta, lurretik zentimetro batzuetara joan ohi zen, etsaien armada izuz betetzen zuena— berehala jo zuen lurra.
  • Pandava anaietako bat da Bhima, indar, tamaina eta leialtasun mitikoa zuena.
  • Arjuna (latinezko «argentum» hitzaren sustraikide, zilarreztatua), Kuntiren semea Indra jainkoarekin izandakoa, Krishna jainkoaren lagunik onena (azkenean, Kurukshetrako gudua irabaztera behartzen duena, trikimailuz).
  • Nakula eta Sajadeva Madriren (Pandu erregearen bigarren emaztea) seme bikiak dira, Ashvins jainkoen sendagile bikiekin izandakoak.
  • Istorio hunkigarrienetako bat Karnarena (belarria) da, Kunti erreginaren semea Suriarekin (eguzkiaren jainkoa) izandakoa, gerlari noble bat zen, inork ez zekiena bost Pandaven anaietatik zaharrena zenik. Bere botere neurrigabeek huts egin zioten guduan, urte batzuk lehenago gezurra esan ziolako bera nor zen jakiteko guruari.
  • Bhishma «aitona» gudari printzipal guztien osaba aitona noblea zen, beren artean lehengusuak zirelarik. Bere erreinuari uko egin zion, eta aitak emakume arrantzale batenganako zuen amodioagatik ezkongabe gelditu zen. Emakume arrantzaleak nahi izan zuen erregearekin izandako semea printze oinordekoa izatea, eta Bhishmak bizitza osoan seme-alabarik ez zuela izango zin egin behar izan zuen. Uko egite horren bidez, jainkoen bedeinkapena lortu zuen, hiltzeko unea aukeratzeko. Azkenean, Arjunak, bere bilobarik maiteenak, jarritako gezi ohe baten gainean hil zen; bezperan galdetu zion nola hil zezakeen, ezingo baitzuten inoiz gerra irabazi aitonaren aurrean.

Mahābhārata modernoa

aldatu

Hinduismoaren tradizioan, Mahābhārata olerkiak veda guztien esentzia eta batura gordetzen ditu: milurteko bat lehenago konposatutako testu epiko erlijiosoak, Indiako literaturako zaharrenak, eta hinduen beste idatzi ugari; hinduen mitologiako zati handi bat; jainkoen eta jainkosen historia kosmologikoak; eta hindu filosofiaren ikasleentzako parabola filosofikoak. Mahābhārata-ren istorioak haurrei kontatzen zaizkie maiz, funtzio erlijiosoetan edo etxe giroan. Mahābhārata irakurtzen dutenei esan ohi zaie ez dituztela inoiz beteko beren bilaketa espiritualak eta yoga bideak.[35]

1980ko hamarkadaren amaieran, Indiako Doordarshan (hindiz: दूरदर्शन) telebista nazionalak Mahābhārata olerkiaren telesail bat eman zuen. Igandero eman zuen atal bana, eguerdia baino lehenago, eta herrialde osoa ia erabat gelditzen zen saioa ikusteko. Jendeak bere jantzio ederrenekin janzten ziren eta telebista lorez apaintzen zuten. familiaren aldarean jainko bat balitz bezala.[36]

Artean

aldatu

Angkor Wat tenpluan (Kanbodia) behe-erliebez egindako 49 m-ko friso luze batek Mahābhārata-ren pasarte bat deskribatzen du, Kurukshetrako azken gudu beldurgarria, Pandava eta Kaurava klan aurkarien artekoa. Kaurava armadak ezkerretik egiten du aurrera eta Pandavak eskuinetik, eta erdigunean topo egiten duten heinean hasten da gudua.[37]

Erreferentziak

aldatu
  1. (Ingelesez) Garg, Ganga Ram. (1982). International Encyclopaedia of Indian Literature. Delhi: Mittal Publications, 266-273. or. ISBN 978-0391027794. OCLC .13946438 (Noiz kontsultatua: 2025-02-16).
  2. (Frantsesez) «La tradition épique du Gesar» UNESCO - Secteur de la culture (archive.wikiwix.com) (Noiz kontsultatua: 2025-02-16).
  3. (Ingelesez) Chattopadhyaya, Brajadulal. (2018). The concept of Bharatavarsha and other essays. Albany: State University of New York Press ISBN 978-1438471761. OCLC .1050110537.
  4. (Ingelesez) Clémentin-Ojha, Catherine. (2014-12-25). «‘India, that is Bharat…’: One Country, Two Names» South Asia Multidisciplinary Academic Journal (10)  doi:10.4000/samaj.3717. ISSN 1960-6060. (Noiz kontsultatua: 2025-02-16).
  5. (Ingelesez) Pargiter, Frederick Eden. (1922). Ancient Indian historical tradition. London: Oxford University Press, H. Milford ISBN 978-8120814868. OCLC .1131561338 (Noiz kontsultatua: 2025-02-16).
  6. (Ingelesez) «The Mahabharata» Book 1: Adi Parva: Adivansavatarana Parva: Section LXII (sacred-texts.com) (Noiz kontsultatua: 2025-02-16).
  7. Sharma, Vishal. (2021-11-01). «Reading the Mahābhārata as Śāstra: The Role of the ‘Righteous’ Pāṇḍavas and ‘Villainous’ Kauravas in Madhva's Dvaitavedānta» The Journal of Hindu Studies 14 (3): 279-300. or.  doi:10.1093/jhs/hiab014. ISSN 1756-4263. (Noiz kontsultatua: 2025-02-16).
  8. (Ingelesez) «The Mahabharata» Book 1: Adi Parva: Section I (sacred-texts.com) (Noiz kontsultatua: 2025-02-16).
  9. (Frantsesez) Kitsikis, Dimitri. (1985). L'Orocc, dans l'âge de Kali. Québec: Éditions Naaman ISBN 978-2890403598. OCLC .16038423.
  10. (Ingelesez) Joshi, Kireet. (2003). The veda and Indian culture: an introductory essay. Delhi: Motilal Banarsidass ISBN 978-8120808898. OCLC .750698539.
  11. (Ingelesez) «The Mahabharata» Book 1: Adi Parva: Section I (sacred-texts.com) (Noiz kontsultatua: 2025-02-16).
  12. (Ingelesez) Brown, Robert L. (1992). Ganesh studies of an Asian god. Delhi: Manohar ISBN 978-8173040245. OCLC .257528762.
  13. (Ingelesez) Apte, Vaman Shivaram. (1965). The Practical Sanskrit-English dictionary containing appendices on Sanskrit prosody and important literary and geographical names of ancient India. Delhi: Motilal Banarsidass ISBN 978-8120805675. OCLC .477524578 (Noiz kontsultatua: 2025-02-16).
  14. (Ingelesez) Vyasa, Dwaipayana. (2021). The Mahabharata of Vyasa: (Complete 18 Volumes). Enigma Edizioni (Noiz kontsultatua: 2025-02-16).
  15. (Ingelesez) «Story of Vaiśampāyana» Wisdomlib (web.archive.org) 2019-01-28 (Noiz kontsultatua: 2025-02-17).
  16. (Ingelesez) «Adi Parva» The Mahabharata, Book 1 (Sacred-texts.com) (Noiz kontsultatua: 2025-02-17).
  17. (Ingelesez) «Sabha Parva» The Mahabharata, Book 2 (Sacred-texts.com) (Noiz kontsultatua: 2025-02-17).
  18. (Ingelesez) «Vana Parva» The Mahabharata, Book 3 (Sacred-texts.com) (Noiz kontsultatua: 2025-02-17).
  19. (Ingelesez) «Virata Parva» The Mahabharata, Book 4 (Sacred-texts.com) (Noiz kontsultatua: 2025-02-17).
  20. (Ingelesez) «Udyoga Parva» The Mahabharata, Book 5 (Sacred-texts.com) (Noiz kontsultatua: 2025-02-17).
  21. (Ingelesez) «Bhishma Parva» The Mahabharata, Book 6 (Sacred-texts.com) (Noiz kontsultatua: 2025-02-17).
  22. (Ingelesez) «Drona Parva» The Mahabharata, Book 7 (Sacred-texts.com) (Noiz kontsultatua: 2025-02-17).
  23. (Ingelesez) «Karna Parva» The Mahabharata, Book 8 (Sacred-texts.com) (Noiz kontsultatua: 2025-02-17).
  24. (Ingelesez) «Shalya Parva» The Mahabharata, Book 9 (Sacred-texts.com) (Noiz kontsultatua: 2025-02-17).
  25. (Ingelesez) «Sauptika Parva» The Mahabharata, Book 10 (Sacred-texts.com) (Noiz kontsultatua: 2025-02-17).
  26. (Ingelesez) «Stri Parva» The Mahabharata, Book 11 (Sacred-texts.com) (Noiz kontsultatua: 2025-02-17).
  27. (Ingelesez) «Santi Parva» The Mahabharata, Book 12 (Sacred-texts.com) (Noiz kontsultatua: 2025-02-17).
  28. (Ingelesez) «Anusasana Parva» The Mahabharata, Book 13 (Sacred-texts.com) (Noiz kontsultatua: 2025-02-17).
  29. (Ingelesez) «Aswamedha Parva» The Mahabharata, Book 14 (Sacred-texts.com) (Noiz kontsultatua: 2025-02-17).
  30. (Ingelesez) «Asramavasika Parva» The Mahabharata, Book 15 (Sacred-texts.com) (Noiz kontsultatua: 2025-02-17).
  31. (Ingelesez) «Mausala Parva» The Mahabharata, Book 16 (Sacred-texts.com) (Noiz kontsultatua: 2025-02-17).
  32. (Ingelesez) «Mahaprasthanika Parva» The Mahabharata, Book 17 (Sacred-texts.com) (Noiz kontsultatua: 2025-02-17).
  33. (Ingelesez) «Svargarohanika Parva» The Mahabharata, Book 18 (Sacred-texts.com) (Noiz kontsultatua: 2025-02-17).
  34. (Ingelesez) «Bhandarkar Institute, Pune» Virtualpune.com (web.archive.org) 2018-10-19 (Noiz kontsultatua: 2025-02-17).
  35. (Ingelesez) Bhattacharjee, Anirban; Sarkar, Dhrubajyoti. (2024-07-23). Contemporaneity of the Mahabharata Narrative: Epic of the Moment. (1. argitaraldia) Routledge India  doi:10.4324/9781003516408. ISBN 978-1003516408. OCLC .1450348721 (Noiz kontsultatua: 2025-02-19).
  36. (Ingelesez) Bhardwaj, Tarun. (2019-03-10). «31 years of Mahabharat on Doordarshan: Interesting facts about one of most popular TV shows ever» The Financial Express (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2025-02-19).
  37. (Ingelesez) «Centre For 21st Century Humanities» The University of Newcastle (web.archive.org) 2019-02-28 (Noiz kontsultatua: 2025-02-19).

Bibliografia

aldatu

Mahābhārata-ren testua

aldatu

Azterlanak

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu