Madame Bovary[1] Gustave Flauberten eleberri bat da. Atalka argitaratu zen La Revue de Paris aldizkarian, 1856ko urriaren 1etik abenduaren 15era arte. Liburu eran 1857an argitaratu zen.

Madame Bovary
Datuak
IdazleaGustave Flaubert
Argitaratze-data1857
Generoarealist novel (en) Itzuli
Jatorrizko izenburuaMadame Bovary
HerrialdeaFrantzia

Testuinguru historikoa aldatu

Errealismoa XIX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera garaturiko mugimendua da, eta Errealismoaren jatorria nobela epikoarekin, nobela naturalistarekin eta nobela magikoarekin lotuta dago. Madame Bovary erromantizismo berantiarraren generoan sailkatzen diren nobela garrantzitsuenetariko bat da, eta horretaz gain, errealismoaren erreferentzia-puntutzat ere hartzen da.

XIX. mendeko gizarte burgesa, Frantziako Iraultzaren ondorengoa, eta Napoleonek Frantzian ezarritako gobernu absolutista kritikatzen ditu nobela honek. Beraz, oso lotuta dago nobela alegorikoarekin.

Gustave Flaubertek hiru ataletan erakusten digu XIX. mende hasierako gizarte aberatsari buruzko bere ikuspuntua, zorroztasun literario harrigarriaz baliatuta. Madame Bovary nobela bat baino gehiago da: erretratu zehatza eta paradigma ezin egokiagoa literatura errealistarentzat, literatura unibertsalarentzat eta XIX. eta XX. mendeetako filosofiarentzat.

Argumentua aldatu

Lehenengo atala aldatu

Charles Bovaryk, probintzia-eskola batean eta Roueneko fakultatean ikasketak burutu ondoren, Tostesera bidaiatzen du, medikuntzan jardutera. Bertan, amaren agindupean, alargun geratu den emakume batekin ezkontzen da, baina harremana berehala bukatzen da, lehen emazte hori ezkondu eta gutxira hiltzen delako. Emaztea hil baino lehenago, Charles Bovary Charles Rouault jauna bisitatzera joaten da, eta haren baserrian Rouault jaunaren alaba ezagutzen du, Emma. Charles maitemindu egiten da, eta Emmarekin ezkontzeko baimena eskatzen dio Rouault jaunari. Emmak onartu, eta Bovary andrea bihurtzen da.

Alfred de Richemonten irudia, Madame Bovaryren edizio baterako

 
Alfred de Richemonten irudia, Madame Bovaryren edizio baterako.

Madame Bovaryk, nobela erromantikoen irakurlea delarik, ezkontzari buruzko ideia batzuk ditu, eta ideia horiek ez dira Charlesekin duen harremanera egokitzen. Vaubyessardeko markesaren etxea bisitatu ondoren, Emmak bizitza idiliko eta pribilegiatu batekin amets egiten du. Baina senarrarekin duen eguneroko bizitzara itzultzean, Madame Bovary gaixotu egiten da. Orduan, Charles eta Madame Bovary Rouenetik hurbil dagoen herri batera joaten dira, Yonvillera hain zuzen. Hala ere, bertan, haien bizitzak monotonoa eta aspergarria izaten jarraitzen du.

Bigarren atala aldatu

Yonvillera joatean, Emma haurdun dago. Berthe izeneko alaba bat jaiotzen da, baina Madame Bovaryk ez du ia inoiz amaren rola beteko. Yonvillen, Bovary familiak auzotar berriak ezagutuko ditu: Homais jauna, farmazialaria, eta haren familia; Lherheux jauna, merkatari manipulatzaile bat; Lefrançois andrea, Lion D'Oren jabea; Tuvache jauna; eta Guillaumin jauna, besteak beste.

Auzokide guztien artean, Léon Dupuis aipatu beharra dago, Emmaren laguna bihurtzen baita. Literatura mota bera irakurtzen dute, eta horrek haien arteko maitasuna suspertuko du. Egoera hau ikusita, Léon Rouanera joaten da ikasketak bukatzera. Emma, helburu pertsonalik eta interesik gabe, aspertu egiten da eta Rodolphe Boulangerrekin maite-jolasean ibiltzen hasten da. Madame Bovary eta Rodolphe maitale bihurtzen dira, eta gauero Emmak etxetik ihes egiten du, Rodolpherekin elkartzeko. Gau batean, Emmak elkarrekin Yonvilletik ihes egitea proposatzen dio, eta Rodolphek baietz esaten dio. Hala ere, ihes egiteko unean, Emmari huts egiten dio. Gutun bat idazten dio, eta horrek Bovary andrea berriro gaixotzea eragiten du. Gaixotu baino lehenagotik, Madame Bovaryk dirua zor zion Lhereux jaunari, eta gaixotu ondoren zor horiek handitu egiten dira. Madame Bovary hobetu ondoren, Rouenera joaten da operara bere senarrarekin batera. Bertan, Léon Dupuisekin elkartzen da berriro.

Hirugarren atala aldatu

Léon eta Emma maitale bihurtzen dira berriro, eta Emmak piano klaseak erabiltzen ditu aitzakia gisa elkarrekin egoteko. Zor asko izaten jarraitzen du, eta bere familia diru arazo ugarirekin uzten du. Egoera hau dela medio, Emmak, etsita, bere buruaz beste egitea erabakitzen du. Homais botikara joan, eta artseniko kantitate handia hartu, eta handik lasterrera, ohean hiltzen da. Emma hil ondoren, Charlesen egoera ere okerrera doa. Zorrak ordaindu ezin dituenez, etxea eta ondasunak galtzen ditu. Gainera, Rodolphek Emmari bidalitako agur-gutun bat aurkitzen du, eta emaztea ez zela leiala ohartzen da. Hala ere, ez dio inoiz hildako emaztea maitatzeari utziko. Denbora igaro ahala, Léonek bidalitako gutunak aurkitzen ditu, eta horrek benetan gertaturikoa ikusten laguntzen dio. Azkenean, Bovary jauna hil eta Berthe umezurtz geratzen da. Familia kiderik hurbil geratzen ez zaionez, izeko batekin bizitzera bidaltzen dute, eta kotoizko hariak egiten dituen fabrika batean lan egiten hasten da.

Balorazioak aldatu

Obra oso ondo baloratua izan da, eta maisulantzat jotzen da. Mario Vargas Llosak, adibidez, zera esan zuen: «Emmaren drama errealitatearen eta ilusioaren arteko amildegia da, desiraren eta desira hori betetzearen arteko distantzia».

Henry Jamesek idatzi zuen: «Madame Bovary perfektua da, eta horrek bakarra egiten du: ziurtasun eskuraezina dauka, eta edozein adimen kitzikatzen dituen erronka da».

Marcel Proustek «araztasun gramatikala» goraipatzen du Flauberten estiloan, eta Vladimir Nabokovek esan zuen: «estilistikoki prosa da, baina poesiak egiten duena egiten du». Antzeko iritzia du Milan Kunderak: «Flauberten obra heldu arte prosak estetikoki gutxiago izatearen estigma zuen. Madame Bovaryrekin, nobela poesiaren pareko artetzat kontuan hartzen hasten dira». Giorgio de Chiricok esan zuen: «Narratiboki aztertuta, Flauberten Madame Bovary perfektua da».

Euskaraz aldatu

Patxi Apalategik euskarara ekarri eta Ibaizabal argitaletxearekin argitara atera zuen 1993. urtean, literatura unibertsalaren bilduman. Kepa Altonagak itzulpen hau garai batean egiten ziren euskaraketa kaxkarren eredutzat erabili zuen bere Back to Leizarraga entseguan. Kepa Altonaga, bere entseguan, oso kritiko agertu zen itzulpenarekin eta Patxi Apalategik erabilitako euskara Julio Cortazarren giglikoaren antza zuela adierazi zuen.

Edizio berria, orraztua eta zuzendua, atera zuen Elkar argitaletxeak 2012. urtean Urrezko biblioteka sailean.

Zineman aldatu

Madame Bovary hainbat aldiz zinemaratu da. Film aipagarrienak hauexek dira:

  • Jean Renoirrek zuzendua (1933). Madame Bovary: Valentine Tessier
  • Vincente Minnellik zuzendua (1949). Madame Bovary: Jennifer Jones
  • Claude Chabrolek zuzendua (1991). Madame Bovary: Isabelle Huppert
  • Gerhard Lamprechtek zuzendua (1937). Madame Bovary: Pola Negri
  • Carlos Schlieperrek zuzendua (1947). Madame Bovary: Mercha Ortiz
  • Zbigniew Kaminskik zuzendua (1977). Madame Bovary: Jadwiga Jankowska-Cieslak
  • Tim Fywellek zuzendua (2000). Madame Bovary: Frances O'Connor
  • Arturo Ripsteinek zuzenduriko pelikula mexikarra, Las Razones del corazón (2011). Madame Bovary: Arcelia Ripstein
  • Sophie Barthesek zuzendua (2014). Madame Bovary: Mia Wasikowska
  • Anne Fontainek zuzendua, Primavera en Normandía (2014). Madame Bovary: Gemma Arterton

Erreferentziak aldatu

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu