Luzia Sagastasoloa

maistra, kimikaria

Luzia Sagastasoloa Urtiaga (Mallabia, Bizkaia, 1912ko otsailaren 11aGasteiz, Araba, 1999ko abuztuaren 10a) Errepublika garaiko andereñoa izan zen. Magisteritza ikasketak egin zituen Bilbon eta Zientzia Kimikoetan lizentziatu zen Santiago de Compostelan. 35 urte zituela moja sartu zen eta Vedruna argitaletxearen sorrera bultzatu zuen.

Luzia Sagastasoloa

Bizitza
JaiotzaMallabia1912ko otsailaren 11
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaGasteiz1999ko abuztuaren 10a (87 urte)
Hezkuntza
HeziketaSantiago de Compostelako Unibertsitatea
Hizkuntzakeuskara
Jarduerak
Jarduerakmaisu/maistra eta kimikaria

Biografia aldatu

Lehen urratsak aldatu

 
Mallabiko Iruatxeta baserria, Areitio auzoan, Luzia Sagastasoloaren jaiotetxea.

Jose Meliton Sagastasoloa Uranga[1] eta Teodora Urtiaga Urizarbarrenaren[2] alaba, aita abadinarra zuen eta mallabitarra ama. Bertako Iruatxeta baserrian jaio zen, Areitio auzoan. Neskatoak 5 urte bete baino astebete lehenago, etxetik gertuko kaminu bazterrean aita hil zitzaion, bertan jarri zuten gurutze batek eta haren heriotza-agiriak aditzera ematen duten bezala.

Bilboko Teresianetan Magisteritza ikasi ostean, andereño jardun zuen Algortan. Basagoiti etorbideko eskolan irakatsi zuen, harik eta, Errepublikaren kontrako Gerra Zibila hasi zen arte. 1936an, gerratik ihes, zenbait ikaslerekin Bordele ingurura abiatu zen, Mungiako Josefina Torrontegirekin batera, eta hantxe errefuxiatu ziren.

Gerra amaitu baino lehen, ordea, Espainiara itzuli zen, oraindik errepublikarra zen Madrilera. Itzuleran, ezin izan zuen irakaskuntzan lan egin, eskola-umeekin Bordelera ihes egin zuelako. Egoera hartan, Santiago de Compostelara jo zuen Zientzia Kimikoak ikastera.

Durangaldera aldatu

1942-1943an itzuli zen Galiziatik Durangaldera Luzia Sagastasoloa, Kimikan jada lizentziatuta. Durangon irakasle jardun zuen Vedruna karmelitek Kurutziagan zuten ikastetxean, eta Komentu kaleko akademia txiki batean ere irakatsi zituen zientziak.[3]

Moja aldatu

1946-1947ko ikasturtean, Gasteizko Vedruna karmelitetan sartu zen moja, eta Ourenseko Comunidad Santa Joaquina de Vedruna komentura joan zen 1949an. Irakasten jarraitu zuen,[4] eta ordenako kargu altua izatera heldu zen Madrilgo Kolegio Unibetsitarioan (1963-1982).[5]

Vedruna argitaletxea aldatu

Vedruna argitaletxearen sorrera bultzatzen lan egin zuen, besteak beste, Maria Teresa Elgarrestarekin.[6] 1991n itzuli zen Gasteizera eta bertan hil zen,1999an.

Erreferentziak aldatu

  1. «SIGA-AKIS .:. AHEB-BEHA» internet.aheb-beha.org (Noiz kontsultatua: 2022-05-22).
  2. «SIGA-AKIS .:. AHEB-BEHA» internet.aheb-beha.org (Noiz kontsultatua: 2022-05-22).
  3. «Luzia Sagastasoloa, hil arte bere bokazioari eutsi gura izan zion errepublika garaiko andereñoa - Mallabia» Anboto.org (Noiz kontsultatua: 2020-03-03).
  4. Lucía Sagastasoloa, tenía un mundo impresionante, era como un aire nuevo. (Noiz kontsultatua: 2020.03.03).
  5. (Gaztelaniaz) Lucia Sagastasoloa Kongregazioko nagusiaren bisita (1968). (Noiz kontsultatua: 2020.03.03).
  6. Luzia Sagastasoloa Vedruna argitaletxean. (Noiz kontsultatua: 2020-03.03.).

Kanpo estekak aldatu