Kontinente-lurrazala edo lurrazal kontinentala arroka igneo, sedimentario eta metamorfikoz eraturik dagoen eta kontinenteak eta kontinente-plataformak (itsasoko eremu ez sakonak, itsasertzetan kokatuta) osatzen dituen Lurraren azaleko eremua da. Lurraren gainazalaren ia %40a inguru betetzen du. Kontinente-lurrazala osatzen dituzten elementuei begira, ugarienak silizea eta aluminioa dituzten mineralak dira.

Kontinente-lurrazalaren geruzak.

Garrantzitsua da lehen bait lehen nabarmentzea kontinente-lurrazalak dentsitate baxuagoa duela (d=2,83g/cm3) ozeano-lurrazalarekin konparatuz. Honen arrazoia lurrazal bakoitzak dituen osagaiekin du zerikusia: Ozeano-lurrazalak mineral mafiko gehiagoz dago osaturik (pisutsuagoak direnak), eta kontinentalak, aldiz, mineral feltsiko ugariago ditu. Bestetik, kontinente-lurrazala ozeanikoa baino lodiagoa da, 25 eta 70 km bitarteko lodierak ditu(batez-besteko lodiera 35km-koa izanik). Ozeano-lurrazalak aldiz, 7 eta 10 km bitarteko lodiera izan ohi du.

Lurrazalaren lodiera (km).

Jatorria eta sorrera

aldatu

Kontinente-lurrazala mantuan jatorria duten magmen desberdintzapen magmatikoz eta asimilazio-prozesuen bitartez sortu zela onartzen da. Desberdintzapen magmatikoz konposizio desberdineko magmak sortzen dira, horrela konposizio ezberdineko arroka igneoak garatzen dira. Kontinente-lurrazalean lortutako datazio erradiometrikoak baliatuz ondorengo datuak aipa daitezke:

  1. Badaude kontinente-lurrazalaren arrastoak orain dela 3,5Mu-koak, baina oso datu gutxi dira.
  2. Kontinente-lurrazalaren bolumenaren %20a orain dela 3.000 Mu eratuta zegoela onartzen da
  3. Kontinente-lurrazalaren bolumenaren %60a2.500 eta 3.000 Mu artean garatu zen.
  4. Gelditzen den %20a azken 2.500 Mu-tan joan da eratzen, gaur egungo egitura lortu arte.

Kontinente-lurrazalaren jokaera eta ertz motak

aldatu

Kontinente-lurrazalaren tamaina, forma eta kontinente kopurua etengabe aldatzen ari da denbora geologikoan zehar planetaren dinamismoari esker. Kontinente-lurrazalaren zati ezberdinak urrundu, beraien artean talka egin eta bateratu egiten dira ziklo bat balitz bezala. Horrela eratzen dira estentsio guneak eta haien ondorioz eratutako kontinente-riftak, konpresio guneen subdukzio-eremuak eta orogenoak, edo muga transformatzaileen zizailazko mugimenduak, besteak beste. Mugimendu horiek guztiak kontineentetako ertzetan ematen dira, eta ezaugarri tektonikoen arabera, kontinente- ertzak 4 multzotan sailka daitezke:

  • Ertz egonkorrak edo Atlantiar motako ertzak: Ozeano Atlantikoan, Indikoan eta Artikoan, eta modu berean, Antartika inguratuz ematen dira. Ertz hauen garapena arro sedimentario ozeanikoak zabaldu heinean eta kontinenteak haustu bitartean ematen dira.
 
Bi plaka kontinentalen arteko talka muga konbergentea adieraziz.
  • Ertz konbergenteak edo Andetar motako ertzak: Ertz mota hauetan ozeano-litosfera kontinente-litosferaren azpitik jasaten du subdukzioa, eta horrela subdukzio-eremuak emango dira.
 
San Andreseko faila, muga transformatzaile baten mugimendua adieraziz.
  • Ertz transformatzaileak edo Kaliforniar motako ertzak: Kasu honetan ere topografian aldaketak ematen dira. Haien egiturari begira, garatu gabeko plataformak, arro sedimentario sakonak eta ur gaineko eremuak tartekatzen dira irregularki.
  • Arkuoste-ertzak edo Japoniako itsasoko ertzen motakoak: Bi gune desberdintzen dira arkuoste-ertzetan, Atlantiar motako ertz egonkorrak eta aktiboak diren uharte-arkuen eremu ozeaniko estuak. Ertz hauetan dauden gune aktibo zein pasiboek aurretik deskribatutako ezaugarri guztiak gordetzen dituzte. Adibide moduan Japoniako itsasoa dugu. Asiako ekialdeko kostaldearen ertz egonkorraren eta Japoniako arku bolkaniko aktiboaren artean kokatuta dago.

Kontinente-lurrazalaren eremu geodinamikoak

aldatu

Lurralde zenozoikoetan bereizten diren eremu geodinamikoak ondorengoak dira:

Kontinenteetako barne plataformak
Altuera gutxiko barne-eremuak dira, arroka sedimentario sekuentzia osaturik. Plataforma hauen egitura oso sinplea da, baina balio ekonomiko izugarria dute (petrolioa, hobi mineralak eta ikatza ateratzen da) eta horrez gain, leku egokiak dira nekazaritzarako.
Gerriko orogenikoak
Plaken konbergentziaren bitartez deformatutako kontinente lurrazaleko eremuak dira.
Kontinenteetako riftak
Kontinente-lurrazala estentsioaren eraginpean jartzean garatutako egitura. Gaur egungo adibide garrantzitsuenak Estatu Batuetako mendebaldean dagoen Basin & Range lurraldea eta Afrika ekialdeko rifta dira.

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu