Lumentza (leizea)

Bizkaiko koba, labar artea eta bestelako aztarna dituena

Lumentza (Lumentxa, Kalbario eta Garratxa izenez ere ezaguna), Ispasterren (Bizkaia), Lekeitiotik hurbil eta izen bereko mendiaren hegoaldeko hegalean dagoen haitzulo bat da, Kakueta izeneko ingurunean kokatua. 1930eko hamarkadan egindako indusketetan han Madeleine aldiko aztarnak topatu zituzten Telesforo Aranzadik eta Jose Migel Barandiaranek; egun, Euskal Arkeologia, Etnografia eta Kondaira Museoan daude aztarna horiek.

Lumentza
Garratxa
Map
Kokapena
Koordenatuak43°21′36″N 2°30′0″W
Ezaugarriak
Garaiera60
Altuera5 m
Sakonera88 m
Bisitagarriaez
ErreferentziaIS-037
KatalogoaADES

Toponimia aldatu

Mendiaren izena Lumentza (herriko ahoskeran) edo Lumentxa da (“-atxa” atzizkiarengatik, Lekeitioko Udalak onartu bezala[1] eta argitalpen zientifiko gehienek erabiltzen dutena). Bertan dozena bat inguru kobazulo daude,[2] eta artikulu honetan komentatzen ari garena Kakueta izeneko inguruan dago, zehatzago esanda Garratxa izeneko parajean; hauxe da, hain zuzen ere, Lekeition erabiltzen den izena.[3]

Historia aldatu

Kobazuloa aspaldi ezaguna zen, eta besteak beste, duela bi mendeko grafitoak agertzen dira (tartean "Ysabel 2" izena daraman bat, 1868ko datarekin[4], edo "Baldomero" izena daraman beste bat). 1936ko Gerrako bonbardaketetan, herritarren babeslekua izan zen, beste leku batzuetan gertatu zen bezala.

Bertan hainbat ikerketa espeleologiko egin dira; haien artean hauek nabarmendu ditzakegu:

Arkeologia aldatu

Esan bezala, kobazuloko aztarnategia 1924tik 1929ra induskatu zituen Jose Miguel Barandiaran eta Telesforo Aranzadirek, eta 1935ean emaitzak argitaratu zituzten Santimamiñeko lanei zuzenduriko hirugarren bilduman[12]. Honetaz aparte, artikulu bakan batzuk argitaratu zituzten aurkituriko arte higikorrari eskainiak, Santimamiñe, Bolinkoba eta Urtiagako beste adibide batzuekin batera[13][14], edota giza hezurdurei zuzendurikoak[15].

1937an, Lekeitioko udalaren aginduz, sarrera alboko galeria bat (B izenekoa) ireki zen, guda zibilean babesleku gisa erabiltzerakoan leku erabilgarria handitzeko asmoz[16]. Albo galeria hau, J.M. Barandiaranen helburu izan zen 1963. urtean egindako indusketa berrian, eta urtebete arinago, kobazuloaren estratigrafiaren lehendabiziko proposamena egin zuen ikerlari honek[17]. 1984tik 1993ra, J.L. Arribas Pastorreko induskatu zituen geratzen ziren testiguak.[18] Arinegi induskatu izanaren zailtasunak medio, eta egin diren eztabaida eta berrikuspenen ondoren, hau izan daiteke Lumentxan aurkituriko okupazio mailen laburpena:

  • Paleolito garaia: Hasieran Aurignac aldikoak izan litezkeen okupazio mailak proposatu baziren ere F mailarentzako (geroago VII deitua), litekeena da maila hau behe Madelein aldiari esleitu beharra. Nahasketa hau karrakagailu karenatuen balizko presentziagatik etorriko liteke. Sukarrizko pieza hauek, Aurignac aldian ohikoak diren arren, behe Medeleine aldian agertzen diren nukleo formako karrakagailuekin nahastu daitezke. Agertzen diren azagaiak, oin bakarrekoak eta galburu formako apaindurekin, azken garai honetakoak dira (mehe Medeleine aldikoak), beraz kobako okupaziorik zaharrena duela 30.000 urte ingurutik, 17.000 urte ingurura aurreratu beharko litzateke.[19] Antzeko kasua gertatu da berriki Santimamiñen egindako berrikuspenarekin, non maila antzinakoena Aurignac aldi ordez behe Madelein aldikoak direla proposatu diren.[20] Hurrengoko mailarekin (E edo VI) berdina gertatuko litzateke, goi Solutre aldia (18.000 urte inguru) proposatu zen arren, seguruena da behe edo agian erdi Madeleine aldikoa izatea (16.000 - 14.000 urte inguru). D eta C mailetan (edota V eta IV) ez da inoiz zalantzarik egon, Goi Madeleine aldiko (13.000 - 11.700 urte artean) fosil-gidari diren arpoi zirkularrak agertu baitziren. Honetaz aparte, okre zati ugari agertu ziren, tartean grabaturiko zaldiak zituen hematite zatitxo bat. Honen gainean, B geruza egongo litzateke (III ere deitua), non Azil aldiko (duela 11.700 eta 9.500 urte inguru) arpoi lauak agertuko lirateke.
  •  
    Neolito garaiko zeramikazko ontzitxoa (Arkeologi Museoa).
    Paleolito osteko garaiak: Antzinako okupazioak B edo III eta A edo II geruzetan egongo lirateke, Mesolito izeneko garaian, eta duela 7.000 inguruko datazioekin. Geruza hauetan maskortegiak agertuko lirateke, lapak eta ostrekin, ikatz arrasto batzuekin eta sukarrizko industria bakan batekin. Hauen gainetik zeramikazko lehen garaiak antzinako Neolitoan egongo lirateke (duela 6.100 urte inguru). Garai hauetan aldizkako bizileku bezala erabili izanaren arrastoak ageri dira, noiz behinka ehorzte leku bezala tartekatuz. Dinamika hau antzinako kalkolito eta brontze aroan ere gertatuko litzateke Lumentxan. Giza hezurdurak lurzoruaren gainean utziko lirateke, estali gabe, eta denbora baten ostean kobazuloa berriz okupatuko litzateke. Orotara gutxienez 7 banakoren aztarnak agertu dira, adin eta sexu ezberdinetakoak, eta garai ezberdinetakoak (duela 6.100 urtetik 3.500 urte ingurura).[21] Hauez aparte, esku errotak, eta zeramikazko ontzitxoak zein hortzak agertu dira.
  • Erromatarren garaia eta aro historikoak: Azkenik, goreneko mailetan (A edo I mailak), nahasturiko lurzorua agertu da eta arrastorik antzinakoenen artean Erromatarren garaikoak (Inperio aldikoak) diren zeramikak (Terra Sigillata) eta fibulak aipa ditzakegu. Batzuetan material hauek bertikalki desplazatu dira beheragoko mailetara ere. Goreneko geruzetan, garai modernotako arrastoak daude, sutondoak eta animalien hezurrak, batez ere.

Labar-artea aldatu

Lumentxako labar artea, 2012ko otsailaren 24an aurkitu zuten Diego Garate eta Joseba Riosek. Aurkikuntza hau XXI. mendeko paleolitoko labar artearen "euskal hutsunearen" betetze prozesuan sartuko litzateke bete-betean. Aurkikuntza berantiar hauek, ezagutzen diren kobazulo apainduen kopurua hirukoiztu egin dute gure lurraldean.[22]

 
Lumentxako kobako panel nagusia, Madeleine aldiko bi bisonte gorri eta zaldi buru batekin. (Garate et al. 2013)

Orotara, 27 unitate grafiko aurkitu dira kobazuloan zehar. Hauek, sarreratik irteten diren azpiko B galerian (karratu formako orbain gorria) eta batez ere, galeria nagusian aurkitzen dira. Gehienak orbain eta puntuazio sinpleak izango lirateke. Hala ere, kobazuloaren irteeratik hurbil dagoen albo-zoko batean kokatzen den bloke higatua aipatu beharko genuke. Honek bi bisonte handi (ia 2 metroko luzera duena) eta zaldi baten burua baititu gorriz margoturik. Bisonteen sorbalda egiteko, harriaren forma erabili zen maisuki. Hauen ezaugarriak (gorputz adarren perspektiba eta ilea, begiak eta bizarra bezalako xehetasunen presentziak), Madeleine aro berantiarra proposatzen dute egite-garai moduan.[11] Irudi hauez aparte, bisonteetatik gertu, okre errautsezko orbain bat agertu da bloke baten gaineko zoruan. Baliteke Madeleine aldiko artistek zonalde honetan prestatu izana animalien irudiak egiteko erabiliko zuten pigmentua. Ere aipatu beharko genuke sarrerako gelako horma bateko arrakala batean txertaturiko suharrizko tresna (jarduera sinbolikoekin lotuta egon ohi dena) eta pasabide bat ixten duen harriak multzokatuz egindako horma zaharra (gainean dituen estalagmitek bere antzinakotasuna frogatu egiten dute).

 
Kobazuloaren topografia (oina)

Geologia aldatu

Haitzuloak bi sarrera ditu, bat Hegoaldera begira eta bestea Ipar-Ekialdera.

50m inguruko garapena du eta galeria nagusi batez eratuta dago. Galeria horren bukaera partean, Sabaia hainbat puntutan erori da eta sasi-galeria batzuk sortu ditu.

Erreferentziak aldatu

  1. Paleolitoa Lekeition. (Noiz kontsultatua: 2017-XII-14).
  2. AYALA CARCEDO, Francisco Javier. FERRER GIJÓN, Mercedes. MARTINEZ PLÉDEL, Bruno. RAMÍREZ TRILLO, Federico. CISNEROS MACHO, Manuel. GRAO DEL PUEYO, José A. 1988. Estudio de riesgos geológicos asociados al karst de Lequeitio (Vizcaya). Instituto Tecnológico Geominero de España. Txosten geoteknikoa Lekeitioko Udal Artxiboan (argitara gabea).
  3. Lista de los nombres Geográficos de 48280 Lekeitio, Bizkaia. (Noiz kontsultatua: 2017-XII-14).
  4. ADES Espeleologia Elkartea. Galarra (Arrasate) 1884ko kronika bat. (Noiz kontsultatua: 2017-XII-14).
  5. Martinez de la Escalera, Manuel. (1899). «Examen del Grupo Bathyscia de España» Anales de la Sociedad Española de Historia Natural (Madril) XXVIII: 385,411..
  6. Adan de Yarza, Ramon. (1892). Descripción física y geológica de la provincia de Vizcaya. Comisión del Mapa Geológico de España, 120-121 or..
  7. Nolte, Ernesto. (1968). Catálogo de simas y cuevas de la provincia de Vizcaya. Bizkaiko Foru Aldundia, 42 or..
  8. Elosegi, Jesus. (1962). «D. Telesforo de Aranzadi Unamuno. Curriculum vitae» Munibe (Donostia) 14 (1-2): 7. (Noiz kontsultatua: 2017-XII-14).
  9. Barandiaran, Jose Miguel. (1966). «Excavaciones en Lumentxa (Campaña 1964)» Noticiario Arqueológico Hispánico (Madril) 8/9: 24-32..
  10. Arribas, Jose Luis. (1997). «Materiales de época romana de la Cueva de Lumentxa (Lekeitio, Bizkaia)» Isturitz 9: 643-656...
  11. a b Garate, Diego; Rios-Garaizar, Joseba; Ruiz, Aitor. (2013). «El arte parietal paleolítico de la cueva de Lumentxa (Lekeitio, Bizkaia)» Kobie (Bilbo) 32: 5-28. (Noiz kontsultatua: 2017-XII-14).
  12. Aranzadi, T., Barandiaran, JM, Eguren, E.. (1935). Exploraciones en la caverna de Santimamiñe (Basondo: Cortézubi): 3a. Memoria, yacimientos azilienses y paleolíticos ; Exploraciones en la caverna de Lumentxa (Lequeitio). Bizkaiko Foru Aldundia.
  13. Barandiaran, J.M.; Aranzadi, T.. (1927). Nuevos hallazgos de arte magdaleniense en Vizcaya (Santimamiñe. Lumentxa), Anuario de Eusko Folklore 3 (2). , 3-6 or..
  14. Barandiaran, J.M.; Aranzadi, T.. (1934). “Contribución del estudio del arte moviliar mag-daleniense del País Vasco (Santimamiñe, Lumentxa, Bolinkoba, Urtiaga)”, Anuario de Eusko Folklore 14. , 213-234 or..
  15. Aranzadi, T.. (1929). Restos humanos en las cavernas de Santimamiñe (Cortezubi), Arizti (Ereño) y Lumentxa (Lequeitio) de Vizcaya”, Asociación Española para el Progreso de las Ciencias. Congreso de Barcelona 6. , 71-99 or..
  16. Garrido Pimentel, D.. (2021). Clasificación tipológica y cadena operativa del instrumental óseo durante el Paleolítico superior cantábrico: el modelo de Aitzbitarte IV y Bolinkoba. (Monografías del Museo Nacional y Centro de Investigación de Altamira, No. 27) Tomo I.. Ministerio de Educación, Cultura y Deporte.
  17. Barandiaran, J.M.. “Excavaciones en Lumentxa (campaña de 1963)”, Noticiario Arqueológico Hispánico 7. , 56-61 or..
  18. Arribas Pastor, J.L.; Berganza Gochi, E.. (2018). Arribas Pastor, J.L., Berganza Gochi, E., 2018. Excavaciones en la cueva de Lumentxa (Lekeitio, Bizkaia) Campañas de 1984 a 1993. Kobie 36. , 1–26 or..
  19. Utrilla, P.. (1981). El Magdaleniense inferior y medio en la costa cantábrica.. Ministerio de Cultura, Dirección General de Bellas Artes, Archivos y Bibliotecas..
  20. López Quintana, J.C. (Dir.). (2011). Cueva de Santimamiñe: revisión y actualización (2004-2006). Kobie (Bizkaiko Arkeologi Indusketak), 1.. Bilbao: Diputación Foral de Bizkaia..
  21. García Sagastibelza, A. et al.. (2020). The human remains from the Lumentxa cave (Lekeitio, Biscay, Northern Iberian Peninsula): Paleobiology, Taphonomy and Chronology. Quaternary International Volumes 566–567. , 191-210 or..
  22. Garate, D.. (2018). New insights into the study of paleolithic rock art: dismantling the “basque country void”. Journal of Anthropological Research, 74(2). , 168-200. or..

Kanpo estekak aldatu