Luis Karril

arrantzalea, arraunlaria

Luis Karril Uribe (Donostia, 1847ko abuztuaren 25a - Donostia ondoko itsas uretan, 1892ko urriaren 19a) euskal arrantzale eta traineru estropadetako patroi ospetsuenetakoa izan zen.

Luis Karril
Bizitza
JaiotzaDonostia1847ko abuztuaren 25a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaDonostia1892ko urriaren 19a (45 urte)
Familia
Haurrideak
Jarduerak
JarduerakArrantzalea eta arraunlaria

Arraun munduko ikono bihurtu da, bere bizitzan izan zituen gertakari batzuk direla-eta: Kontxako Banderan izandako garaipenak, Ondarroari irabazitako traineru desafio ezaguna eta, azkenik, itota hiltzean izan zuen heriotz mingotsa.

Leku askotan jaiotzez asturiarra zela agertzen bada ere, Luis Karril donostiarra zen, bere familia osoa bezala[1][2]. Luis Karrilek Torrekua goitizena zuen (Luis Torrekua), Torrean bizi zelako, garai batean Itsas Kontsuletxe izandakoan, gaur egungo Euskal Itsas Museoan[3]. Hain zen ezaguna goitizena, 1889ko Kontxako Banderaren agirietan irabazlea ez da Luis Karril izen-abizenez ageri, Luis Torrekua goitizena bakarrik aipatzen da[1].

Kirol ibilbidea

aldatu

Donostiako traineru patroi historikoen artean ezagunena izango da, seguruena, Luis Karril.

1889ko eta 1890eko Kontxako Banderak irabazi zituen.

Era berean, 1890ean Ondarroaren aurkako desafio famatua irabazi zuen[4]. Desafio hori oso sonatua izan zen, arraunketaren historian izan den desafio ospetsuena, seguru asko. Ikusmira handia eta apustu ikaragarriak izan ziren, eta Luis Karril idolo bihurtu zen donostiarren artean.

Desafio horren ondorioz, Baionako traineru batek bigarren desafio bat bota zion Donostiari, baina oraingoan Luis Karrilen mutilek galdu egin zuten, polemika bertan izan bazen ere (abordatu egin zuten, antza, donostiarren trainerua, eta estropada irabazteko aukerak galdu zituen hor)[5].

Porrot honen ondoren «Kiriko» patroiak hartu zuen Donostiako traineruaren ardura, Luis Karrilek berak hala gomendatuta.

Heriotza

aldatu

1892ko urriaren 19an, bere arrantza kuadrillarekin arrantzan ari zen, beste hainbatetan bezala. Haize zakarra omen zebilen, iparra (NNE). Itsasoa bare, eta, haizea aprobetxatuz, belarekin ari ziren nabigatzen, kostatik 9 milia ingurura. Anboto ikusi orduko (kala ondo enfilatzeko puntua zen mendi hura) Joxe Mari Tabernak ordularia atera eta “ordubata” esan omen zuen. Oraindik gorde ez zuenean, haize-bolada bortitz batek derrepentean bela bete-betean harrapatu zuen, ontzia trabeska jarri eta azkenean irauli egin zuen. Karril une horretan pipa kargatzen ari omen zen, patroi lana istante batez utzita, eta kasualitatez, orduantxe gertatu zen haize bolada hura.

Luzaro egon ziren ontzi irauliari helduta, eta nekearen nekez banan-banan amore ematen eta ontzitik askatzen joan omen ziren. Karrilek arropa erantzi egin zuen, ontziari hobeto heltzeko-edo, baina horrek azkartu egin zuen bere patua: ordu eta erdi eskasera, agian hotzak giharrak uzkurrarazita, eskuak gilatik askatu eta hondoratu egin zen betiko.

Ezbehar horretan hil ziren Luis Karril bera, Jose Joakin Leunda, Joxe Mari Taberna, Joxe Beobide, Joxe Migel Egaña, Luziano San Sebastian, Mariano Blanco, Francisco Agirre eta Manuel Uribe. Bizirik irautea lortu zuten Roman Etxenike, Pedro Galdos, Lorentzo Ituarte eta Ascensio Landabereak.

Erreferentziak

aldatu
  1. a b «Luis Carril era donostiarra» Diario Vasco 2008-10-10 (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  2. Luis Karrilen bataio agiria Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoan
  3. UNSAIN, J.M. (2009): 565-580
  4. Desafio hau lantzen da "Kanpo loturak" atalean aipatutako [1] dokumentaleko 6:45 minututik aurrera
  5. OBREGÓN, Angel (2015): 17

Bibliografia

aldatu
  • AGUIRRE, Rafael (2002): Donostiako Estropadak (1879 - 2001) Regatas de la Concha. Donostia: Kutxa Fundazioa, ISBN
  • OBREGÓN SIERRA, Angel (2015): Historia de las traineras. 1939 - 1963. Del esplendor a la crisis. Santander.
  • ZUBIKARAI, Augustin (1987): Treiñeru estropadak. Ondarroa'ko talaitik (1865-1970). Bilbo.
  • UNSAIN AZPIROZ, José M. (2009): “La Casa-Torre del Consulado, edificio de servicios portuarios transformado en museo marítimo”, Itsas Memoria. Revista de Estudios Marítimos del País Vasco, 6, Untzi Museoa-Museo Naval, Donostia, 2009, 565-580 or.

Kanpo estekak

aldatu
  • (Gaztelaniaz) "Gora Arraunak" dokumentala, sarrerako kapitulu honetan, Luis Karrilek irabazitako Donostia-Ondarroa desafio famatua lantzen da 6:45 minututik aurrera
  • (Gaztelaniaz) "Gora Arraunak" dokumentala Donostiako arraunaren historiari buruzko kapituluan, Luis Karril aipatzen da 2:18 minutuan
  • Tornozulotik bloga Luis Karrilen desafio ezagunenari eta heriotzari buruzko artikulua, Donostiako arraunketari buruzko blog batean