Los Angelesko katedral katolikoa

Los Angelesko Gure Andre Mariaren katedrala, (ingelesez: Cathedral of Our Lady of the Angels) bestela ere COLA ingelesezko siglarekin edo Los Angelesko katedrala bezala ezaguna, Eliza katolikoak Los Angelesen duen katedrala da, Kalifornian, AEBetan. Rafael Moneo arkitekto nafarrak diseinatu zuen. 2002an ireki zen, eta berau da Los Angelesko artxibarrutiko eliza nagusia,[1] , baita José Horacio Gómez artzapezpikuaren egoitza ere.[2]

Los Angelesko katedral katolikoa
Kokapena
Estatu burujabe Ameriketako Estatu Batuak
Estatua Kalifornia
Kaliforniako konderriLos Angeles konderria
Charte city Los Angeles
Koordenatuak34°03′30″N 118°14′45″W / 34.058333333333°N 118.24583333333°W / 34.058333333333; -118.24583333333
Map
Historia eta erabilera
Irekiera2002
Izenaren jatorriaTheotokos
Erlijioakatolizismoa
ElizbarrutiaRoman Catholic Archdiocese of Los Angeles (en) Itzuli
Arkitektura
ArkitektoaRafael Moneo
Materiala(k)hormigoia
Estiloaarkitektura modernoa
Kontaktua
Helbidea555 West Temple Street, Los Angeles
E-postamailto:info@olacathedral.org
Webgune ofiziala

Katedral berriak ordezkatu zuen Santa Vivianaren katedral zaharragoa eta txikiagoa, zeinak 1994an kalte handiak jaso baitzituen Northrigeko lurrikaran. Roger Mahony kardinalaren agindupean hasi zen eraikitzen 1998an; ireki, berriz, 2002ko irailean egin zen. Katedral berriaren diseinuak eta gainkostuak sekulako eztabaidak eragin zituzten. Baita katedral azpian kripta bat eraikitzeko erabakiak ere.[3]

Katedralak 23.000 m²ko eremu bat betetzen du, Temple eta Grand Avenue artean, Los Angelesko erdigunean, 101 autobidearen ondoan. Hamabi solairu ditu, eta bertan sar daitezke 3.000 erromes. Katedralaren inguruan lorategiak eta ur-jauziak daude. Hitzaldi areto bat dauka, gotzainentzako egoitza, eta beste bat Roger Mahony kardinalarentzat. Los Angelesko Gure Andre Mariaren katedrala da gunerik inportanteena Los Angelesko artxibarrutiko bost milioi katolikoentzat.[4]

Diseinua aldatu

 
Santa Viviana katedral zaharra, 1885ean

Los Angelesko katedral katolikoa Rafael Moneo arkitekto nafarrak diseinatu zuen, berau Pritzker sariduna.[5] bertan arkitektura posmodernoaren elementuak erabilita. Elizak eta Katedraleko guneak zenbait angelu zorrotz eta kamuts erakusten dituzte, angelu zuzenak baztertuta. Gaur egungo estatuek eta altzariek dekoratzen dute gunea. Horien artean nabarmentzen dira brontzezko ateak eta estatua bat Ama Birjina izenekoa, denak sarreran eta Robert Graham-ek diseinatuak.

Elizaz gain, katedralaren guneak bere baitan ditu mausoleoa, opari denda, kafetegia, hitzaldi aretoa eta elizgizonen egoitzak. Mausoleoan, bestalde, berau katedralaren azpian, hilobiratuta daude hainbat gozain eta artzapezpiku, Santa Vivianaren erlikiak eta zenbait laiko famatu, hala nola Gregory Peck aktore ohi famatua.

Historia aldatu

 
Katedralaren diseinu posmodernoa, Grand Avenue & Temple kaleko izkinatik ikusita

Amaitu zenetik, 1876an, Santa Vivianaren katedrala Los Angelesko katedrala izan zen. Bukatu bezain laster, aldiz, diozesia konturatu zen kalitate eskaseko eraikina zela, eta txikiegia Los Angelesko populazioarentzat, izugarri hazten ari baitzen. 1904an Thomas James Conaty artzapezpikuak Vatikanoaren baimena jaso zuen katedral berria eraikitzeko, Guadalupeko Gure Ama Birjinaren omenez, eta lurrak erosi zituen helburua betetzeko. Hala ere, 1907ko krisi ekonomikoak ezerezean utzi zuen asmo hura. Katedral berriaren ordez, parrokia bat eraiki zen lur haietan. 1940an beste asmo bat plazaratu zen, katedral berria egiteko Wilshire Boulevarden, 3.000 pertsona hartuko zituena. 1945ean Vatikanoak onartu zuen katedrala izendatzea “Los Angelesko Gure Andre Mariaren katedrala”. Hala ere, James Francis McIntyre artzapezpikuak zuzendu zituen ordura arte katedral berria eraikitzeko jasotako diruak, elizak eta eskolak egitera.

 
Jarlekuen ikuspegia hegoaldeko gurutzaduran

1994an Northridge lurrikarak izugarri kaltetu zuen Santa Vivianaren katedrala, eta itxi behar izan zen, segurtasunagatik. 1995ean katedral berria egiteko asmoa kaleratu zen, katedral zaharra eraitsita. Horrek liskar luzea eragin zuen auzitegietan artxibarrutiaren eta kontserbazionisten artean, zeinek argudiatu zuten katedral zaharra mugarri bat zela hiriaren barruan, eta hori zela-eta, txertatu behar zela berrian, edo bestela preserbatu. Artxibarrutiak erantzun zuen katedral zaharra zaharberritzeak balioko zuela 18 eta 20 milioi dolar artean, inork emango ez lukeen kopuru bat.[6]

Lege-liskarrak eraman zuen artxibarrutia katedral berria beste lur batzuetan eraikitzera. 1996ko abenduan, artxibarrutiak jakinarazi zuen 2,3 hektarea lur erosi zizkiola Los Angelesko konderriari Temple kalearen eta Hollywood autobidearen artean, 10,85 milioi dolar ordainduta. Halaber, artxibarrutiak erabaki zuen atxikitzea “Los Angelesko Gure Andre Mariaren katedrala” izenari, Vatikanoak 1940an onartua. Hasierako proiektuak 150 milioi dolarreko aurrekontua zuen, baina azkenean igo zen 189,7 milioi dolarrera. Eraikitze-lanak hasi ziren 1998an, eta amaitu ziren 2002ko irailean. Bitartean, Tom Gilmore eta Richard Weintraub sustatzaileek katedral zaharra zaharberritu zuten, 6 milioi dolarreko kostoarekin, eta gertakizun-zentro bihurtu zuten.

2002ko irailaren 2an kontsakratu zen Los Angelesko Gure Andre Mariaren katedrala, eta inaugurazio-mezan parte hartu zuten 500 abade, gotzain eta kardinal baino gehiagok.

Kritikak aldatu

 
Gregory Peck aktorearen hilobia katedraleko mausoleoan

Roger Mahony kardinalaren erabakiak, Los Angelesko katedrala eraikitzekoa halako arkitektura modernoa erabilita, kritika latzak eragin zituen. Askoren iritziz, halako eliza handi eta garestia ez zen beharrezkorik, eta diru hura erabil zitekeen beste proiektu sozialetan.[7] Haien ustez, inguruko elizek bete zitzaketen katedral berriaren funtzioak, kosto dezente txikiagorekin. Orobat, proiektu berriak kritikak jaso zituen, haren arkitektura aldentzen zelako Kaliforniako misio historikoen arkitektura-estilo eta estetikatik. Haien ustez, gainera, proiektu berriaren ikonografiarik ezak ez zuen ispilatzen Kristautasunaren izpiritua.[8]

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu