Euskal Herriarentzako Sortaraua

Lizarrako estatutu» orritik birbideratua)

Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak:
Euskal Herriarentzako Sortaraua

Euskal Herriarentzako Sortaraua[1] —onartu zen lekuagatik Lizarrako estatutua eta aplikatzekoa zitzaion eremuarengatik Hego Euskal Herriko estatutua izenez ere ezaguna— 1930eko hamarkadan eta Espainiako Bigarren Errepublikaren barnean Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaia lurraldeentzako autonomia-estatutuaren proiektua izan zen.[2]

1930 eta 1936 artean zenbait estatutu-proiektu egin zuten. Eusko Ikaskuntzak idatzitako zirriborroa oinarritzat hartuz[3], Lizarrako 1931ko ekainaren 14ren alkateen batzarrak, gehiengo karlista eta abertzaleak osatuak, proiektua onartu zuen, Espainiako Gorteek Konstituzioa onartu baino lehen. Proiektuak Eliza Katoliko Erromatarrarekiko harremanen aginpidea euskal gobernuarentzat gorde zuenez, Indalecio Prieto sozialistak Hego Euskal Herrian Gibraltar vaticanista ezarri nahi zutela esan zuen. Auzi hori eta beste batzuk gailentzeko, bigarren proiektu bat onartu zen, oraingoan Nafarroa Garaia bazter utzita: 1936ko Euskal Autonomia Estatutua, Gerra Zibilean onartua.

Bilakaera aldatu

Lehen pausoak aldatu

 
Ikurrina izan zen Lizarran, 1931ko ekainaren 14an Euskal Herriarentzako Sortaraua onartu zuen batzarraren buru.[4]

Euskal estatutua lortzeko lehendabiziko pausoak 1917 eta 1919 bitartean eman ziren[5] eta, Primo de Riveraren diktadurapean ere (1923 - 1930), eman zituzten, baina Espainiako buruzagiek ez zuten erantzun ere egin[6]. Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu bezain laster, autonomia-estatutua eskuratzeko eskaria hasi zen. 582 udali galdetu ondoren, %83,30a alde agertu zen. Hori zela eta, alkate-batzorde iraunkorra aukeratu (Zangoza, Getxo, Azpeitia eta Laudiok osatuta), eta honek Eusko Ikaskuntzari eskatu zion proiektuaren zirriborroa idaztea.

Aurreproiektuak aldatu

1931ko Nafarroako Foru Aldundiaren Batzorde kudeatzaileak, berriz, 1931ko maiatzaren 13an aurreproiektu bi idaztea erabaki zuen: alde batetik, eusko-nafarra (lau lurraldeentzat) eta, bestetik, Nafarroa bakarrarena eta Nafarroako barne politikarako konstituzioa.[7]. Errioxako Ganbarak ere prozesuan parte hartzeko nahia azaldu zuen[6].

Eusko Ikaskuntzaren Batzordeak 1931ko maiatzaren 31n   Euskal Estatuaren Estatutu Orokorra izeneko txostena aurkeztu zuen[8][9]. Horren arabera, lau lurraldeak "espainiar estatuaren barruan estatu autonomo gisa" antolatuko ziren.[10] Espainiako Gobernuak kanpo harremanetan, komunikazioetan, moneta, penal eta merkataritza-zuzenbideetan, Eliza-Estatu harremanetan, Espainia mailako hauteskundetan eta armadan aginpideak izango zituen. Euzko Jaurlaritzak, berriz, bere mugen barne beste gaietan edukiko zituen, tartean polizia eta euskal armada (Euzko Gudarostea).

EAJk ekainaren 7an proiektua ontzat eman zuen, oztoporik oztopo, Elizarekiko harremanak Gobernua espainiarraren eskuetan uztea gogoko ez zuelako. Sozialistek, errepublikazalek eta karlistek ere onartzen zuten, bakoitzak bere kontrako arrazoiak zituena. Guztira, lau lurraldeetako 520 udaletik 480 aldekoak izan ziren

Iruñean ekainaren 14an udalen batzar orokorrera deitu zuten proiektua eztabaidatzeko. Hala ere, bertan oraindik EAJ kidea ez zuen Koalizio Katoliko-Foruzalearen mitina antolatuta zegoenez, Lizarran egitea erabaki zuten[7][11]. Batzarrean puntuz puntu eztabaidatu zuten proiektua eta 427 udalek onartu zuten aldaketa bakar nagusi eginez: Euskal Estatua eta Aulki Santuaren arteko harremanetan autonomia bermatzen zuen, Vaticano Hiriarekin konkordatua negoziatzeko gaitasuna izanik. Honek Lizarrako zuzenketa izan zuen izena. Bertan zeuden 220 nafar udaletatik 200k egin zuten alde (hau da, biztanleriaren %89,93a)[4]. Batzarrean izandako jarrera zela eta, Koalizio Katoliko-Foruzaleak EAJrekin bat egitea negoziatu eta onartu zuen. Batzar hori zela eta, proiektua Lizarrako estatutu bilakatu zen.

Nafarroako Foru Aldundiaren Batzorde kudeatzaileak ekainaren 15ean aipatutako hiru txosten argitaratu eta Eusko Ikaskuntzaren testua berridatzi zuen. Lau lurraldeetako proiektuaren hitzaurrean estatutu bakarraren alde egin zuen «Euskal Herriarentzako Sortarauak abantailak baino ez ekarriko dituelako"[7]. Uztailaren 13an Nafarroako Foru Aldundiaren Batzorde kudeatzaileak Lizarrako Batzarra ahaztu eta Iruñean udal batzar berria antolatu zuen. Testuak arreta handiagoz aztertzeko, ez zuten bozkatu, eta bost merindadeetan batzarrak egiten hasi ziren. Denek estatutu bakarraren alde egin eta 1931ko abuztuaren 10ean aukera guztiak bozkatu zituzten[7]:

Nafarroako Udal Batzordea (1931ko abuztuaren 10a)
Alde Udalak Boto %
Euskal Herriarentzako Sortaraua 200 314.740 89,83
Estatuturik ez 15 30.290 8,64
Nafarroa Garaiko estatutua 3 2.802 0,80
Eskualdeko autonomia 2 2.561 0,63
Guztira 220 350.393 100,00

Lizarrako zuzenketa aldatu

Lizarrako zuzenketa onartzea arratsaldean bozkatu eta biztanleriaren %59,2ak onartu zuen[7]. Irailaren 22an 420 alkate-ordezkariak (horietatik 156 nafarrak[7]) Madrilera joan zen Niceto Alcalá-Zamora behin-behineko gobernuaren presidenteari proiektua ematera. Irailaren 25 eta 26an Madrilgo gorteen batzordeak eztabaidatu eta Eliza-Estatuaren harremanei buruzko artikulua konstituzioaren kontrakotzat hartu eta guztiz errefusatu zuen proiektua.

Abenduaren 9an Errepublikaren Konstituzioa onartu eta honek Estatu espainiarraren izaera laikoa finkatzeaz gain, Aulki Santuarekiko harremanak Espainiako Gobernuarentzat erreserbatzen zituen. Eliza eta Estatua bereizi, Espainiatik bestaldeko autoritatearekiko mendetasun-botoa zuten ordena erlijiosoak (hau da, Jesusen Konpainia) legez kanpo utzi eta ordena erlijiosoei heziketan aritzea debekatu zuen. Lehendabiziko proiektuaren atzera botatzeak nolabait autonomia grina berpiztu eta, Konstituzio berriaren arabera, prozesua bultzatu behar zuten lau foru aldundiek Bilbon abenduaren 15an bildu eta Konstituzioarekin bat zetorren proiektua idazteko Batzar Kudeatzaile aukeratu zuten. Batzarrak 1932ko ekainean bukatu zuen bere lana. Proiektua berriak ez zuen Euskal Estatuaz hitz egiten baizik eta estatu espainiarren barnean izango zen unitate autonomo politiko-administratiboaz eta erakunde berriak gaztelaniaz País Vasconavarro eta euskaraz Euzkadi izango litzateke izena. Legearen arabera, lurralde bakoitzak bere kabuz udalen batzarra sortu eta honek elkarrekin edo bakarrik autonomia izatea erabaki behar izan zuen.

Proiektu berria ez zen guztiz karlisten gustukoa, eta bere buruzagiek jarraitzaileei boto askapena eman zien. Karlista askok foruen kontrakotzat bazuten ere, EAJk benetako foruak antzinako borondatean baino "gaur egunean bizi zirenean" zeudela erantzun zien.

1932ko nafar udalen batzarra aldatu

1932ko urtarrilaren 31n nafar udalen batzarra egin eta hauek alde bozkatu zuten. Hala eta guztiz ere, Comunión Tradicionalistak kideei boto askapena eman eta Emilio Azarolak zuzendutako nafar-ezkerraren zati batek kontra egin zuen. 229 udaletatik 69k egin zuten kontra eta gainera Azarolak Nafarroa Garaiko udalen eta, behin betiko bozketan, boz-emaileen bi herenak onartu behar zutela zioen zuzenketa ezartzea lortu zuen. Hona hemen emaitzak[7][12]:

Nafarroako Udal Batzordea (1932ko urtarrilaren 31a)
Alde Udalak Boto %
Euskal Herriarentzako Sortaraua 160 209.479 64,46
Estatuturik ez 21 66.553 20,48
Nafarroako estatutua 36 28.891 8,89
Eskualdeko autonomia 12 20.044 6,17
Guztira 229 324.967 100,00

Aurreproiektu berria apirilaren 21ean argitaratu eta bozketa hasieran maiatzaren 22rako prest bazegoen ere, azkenean ekainaren 19an egin zuten.

 
Iruñeko Gayarre Antzokia, 1932ko ekainaren 19ko batzarraren egoitza

Bitartean auziak eta eztabaidak Nafarroa Garaiko alderdi guztietan izan ziren nagusi[7]:

 
[Estatutuaren aldeko elkarretaratzea Lizarran, 1932ko ekainean

Azkenean 1932ko ekainaren 19an Batzarra Orokorra egin eta hona hemen emaitzak[7]:

Batzar Orokorra (1932ko ekainaren 19a)
Lurraldea Udalak Biztanleak %
Alde
Nafarroa Garaia 109 135.582 38,72
Araba 51 89.956 88,97
Gipuzkoa 84 281.827 95,13
Bizkaia 110 435.345 94,19
Guztira 354 942.710 79,25
Kontra
Nafarroa Garaia 123 185.666 53,04
Araba 11 3.496 3,46
Gipuzkoa 2 5.708 1,93
Bizkaia 1 1.066 0,23
Guztira 137 195.936 14,67
Abstentzioak
Nafarroa Garaia 35 28.856 8,24
Araba 15 7.647 7,57
Gipuzkoa 3 8.734 2,94
Bizkaia 6 25.800 5,48
Guztira 137 71.037 6,08

Ikusten denez, Nafarroa Garaiko zenbakiak ez ziren zuzenketak eskatutako bi herenetik gertu ezta gehiengo soiletik ere. 1977an Jimeno Juríok, "Navarra jamás dijo no al estatuto vasco" bere liburuan, bortxaketa zela eta ordezkarien boto asko udalen mandatuaren aurkakoak zirela egiaztatu zuen. Honek salaketa asko sortu zituen baina ez zituzten kontuan hartu. Dena dela, 1931 eta 1932ko bozketen arteko aldea bortxakeria[13] ez ezik beste eragileak ere izan zituen kausak: karlistei auzi erlijiosoa kenduta ez zaie hainbeste interesatzen, ezker eta eskuindar alderdien barneko banaketa (Erriberan asko izan ziren estatutaren kontrakoak), 1932ko proiektua 1931ekoa baino zentralistagoa izatea, eta abar.

Hiru herrialdetarako Estatutua aldatu

Harrezkero, Eusko Alderdi Jeltzaleak eta Eusko Abertzale Ekintzak jarraitu zuten Euskal Herriarentzako Sortarauaren alde, Nafarroa Garaian zenbait ezkertiar alderdiekin batera ("Acción Autonomista" izeneko koalizioa sortu zutenak). Bere buruzagietako bat zen Mariano Ansóren esanetan estatutua Nafarroa Garaia "erreakzioaren barrutia" ez izateko beharrezkoa zen.[14]

Baiezkoaren alde, EAJ eta ANV-EAE zeuden hasieratik. Errepublikanoen gehiengoak ere Estatutuaren alde egin zuen, ez ordea Gipuzkoan eztabaidarik sortu gabe. Izan ere, La Voz de Guipuzcoa egunkari errepublikarrak aldeko kanpaina sutsua egin zuen eta Pedro Sarasquetak Dios, el Estatuto Vasco y los Fueros artikulu ezaguna idatzi zuen bertan –bistan denez, Jainkoa eguneroko politikan ageri zen–. XIX eta XX. mendeko karlistek piztu zituzten gerren giroan kokatu zuen eztabaida errepublikano eibartarrak, zera aldarrikatzeko: Estatutua foruzalea zela, baina herriaren aldeko foruen ildokoa eta ezelan ere ez monarkia absolutuaren foruen aldekoa. Bestalde, azaroaren 3an Manuel Azaña Donostian izan zen eta Errepublikaren egitekoa autonomiak bermatzea zela aldarrikatu zuen[15].

Monarkikoen eta tradizionalisten artean zatiketa gertatu zen. Esaterako, Donostiako integrista katolikoen La Constancia egunkaria Estatutuaren aurka zegoen guztiz (Fueros sí, Estatuto no). Tradizionalisten buruzagien artean berriz, Oriol, Pradera eta Olazabal aurka zeuden, baina Oreja, Elorza eta Perez Arregik Estatutuaren alde egin zuten. Beste zatiketa eta eztabaida Bilboko errepublikanoen artean gertatu zen. Azaroaren 2an, Acción Republicana, Partido Radical-socialista Independiente eta Federación Socialista Vizcaínak abstentzioa aldarrikatu zuten. Oposizio hori oztopo latza zen Estatutuak behar zuen %66ko parte-hartzea lortzeko. Dena den, Bilboko Udaleko alkate Ernesto Erkorekak eta zinegotzi errepublikarrek Estatutuaren aldeko botoa eskatu zuten, eta Ramon Madariaga abokatu eta buruzagiak Acción Republicana utzi zuen, alderdiaren erabakiaren kontra zegoelako. Euskadiko Partidu Komunista alderdi txikiak Estatutuaren kontra egin zuen, bere ustez burgesiaren mesedeko zelako[15].

Zalantza handiena Araban zegoen. Horregatik, urriaren 29an, Estatutuaren aldeko ekintza nagusiena Gasteizen antolatu zen. Mateo B. Morazaren omenez egin zen ekitaldia, 1876-1877an Espainiako Parlamentuan foruak sutsuki defendatu zituen politikaria. Gasteizen lau Diputazioetako agintari errepublikanoak, Bilbo, Donostia eta Gasteizeko alkateak eta udalerrietako ordezkariak bildu ziren, besteak beste; Catalunya eta Valentziako ordezkaririk ere izan zen bertan. Hitzaldi nagusian Jose Antonio Agirre euskaraz eta gaztelaniaz jardun zen eta Ramon Madariagak Estatutuaren muina azaldu zuen. Ekitaldian, Bilboko koralak eta bandak Guridiren Escenas vascas eta Gernikako arbola kantatu zuten eta Donostiako Orfeoiak kontzertua eskaini zuen bertaratu zirenentzat. Estatutuaren himnoa ere entzun ahal izan zen Arabako hiriburuan. Hurrengo astean, azaroaren 5ean bozketa egin zen, igandearekin. Parte-hartzea oso handia izan zen, handiegia sinesgarri izateko: Bizkaian %90, Gipuzkoan %91, baina Araban %58 –hauetatik %12 ezetzaren alde–. Beraz, kontsultak erraz gainditu zuen %66a, azken finean batez bestekoak hiru herrialdeen artekoa izan behar baitzuen. Salaketa ugari izan ziren ordea bozketa prozesuan; adibidez, norbaitek Indalecio Prietoren semearen izenean botoa eman zuen[15].

 
Emakumezkoak bozkatzen, lehen aldiz, Eibarren.

Osotasunean baiezkoak garaitu zuen arren, hurrengo hilabeteetan Jose Luis Oriol enpresari karlistak Arabako emaitzak baliatu zituen Espainiako Parlamentuan Estatutuaren tramitazioa oztopatzeko. 1933ko azaroaren 19an, Espainiako Parlamenturako hauteskunde nagusiak izan ziren; Euskal Herrian EAJren emaitzak izugarriak izan ziren, Estatutuaren aldeko uholdea bereganatu zuen alderdi jeltzaleak. Espainian aldiz, eskuinak irabazi zuen eta jakina zen Espainiako eskuinak ez zituela Estatutuak gogoko. Horregatik Prietoren esaldi ezagun hau: “Hauteskundeak irabazi dituzte, baina Estatutua galdu”. Eta hala gertatu zen, 1936ra arte ez baitzen Estatutuaren bidezko eusko agintaritzarik lortu[15].

Nafarroa Garaia kenduta, gainontzeko hiru lurraldeek proiektua abian jarri eta 1936ko Euskal Autonomia Estatutua lortu zuten, jadanik Gerra Zibilean onartua.

Laugarren idazpurua, 15. art. aldatu

« Euskal Estatuak legeak egiteko, administratzeko eta epaitzeko eskumena du; eta bere lege eta dekretuak eta bere auzitegi eta epaitegien dekretu eta erabakiak ondorengo gai hauetan ezar daitezke: Euskal Herriaren konstizuzio eta erregimen autonomikoa (...); Justiziaren antolamendu eta administrazioa (...); zerga eta ekonomi erregimena (...); Euskal Herriko bizimodu eta politika ekonomikoa; segurtasun publikoa eta defentsa, polizia, armada eta itsas gudarostea barne hartzen dituela (...); osasungintza eta higienea (...); irakaskuntza, maila eta espezialitate guztietan (...); gizarte eta lan legeria (...) gutxienez langileriak lortu eta Espainiako legeriak berretsitakotik abiatuta (...); ongintza (...); herrilanak (...); barruko komunikazioak (..); legeria zibila, hipotekarioa, prozesala et notariala: Elizaren eta Euskal Estatuaren arteko harremana, Euskal Estatuak Aulki Santuarekin Konkordatua negoziatuko duelarik »

[16]


Erreferentziak aldatu

  1. «Araba, Gipuzkoa, Naparroa ta Bizkai'ko Aldundien bein-beñeko ordezkariak ontzat artutako Euskalerriarentzako sortarau-asmoa. Iruña'n udalak baztar nagusian erabilliko duten Euskalerrientzako sortarau-asmoa» itemaren fitxa, Euskal Memoria Digitala webgunean.
  2. Auñamendi Eusko Entziklopedia
  3. Javier Retegi: Eusko Ikaskuntzaren Euskal Estaturako Estatutu Orokorretik 75 urtera
  4. a b Diario de Noticias de Álava: 75 años sin soltar el nudo estatutario (2007-VI-25)[Betiko hautsitako esteka]
  5. Estatutua lortu guran
  6. a b Lizarrakoa, lehen Autonomi Estatutua
  7. a b c d e f g h i Jimeno Jurío, José María. (2007). Navarra en la época moderna y contemporánea. Iruñea: Pamiela ISBN 978-84-7681-457-4..
  8. Stanley G. Payne. (1974). El Nacionalismo Vasco. ISBN 84-7235-196-3..
  9. Estornés Zubizarreta, Idoia. (1990). La construcción de una nacionalidad vasca: el autonomismo de Eusko Ikaskuntza (1918-1931). Donostia: Eusko Ikaskuntza ISBN 84-7235-196-3..
  10. Estatutuaren zati baten testua euskaraz
  11. Euskal Estatuaren Estatutu Orokorra (1931)
  12. Iruñeko asanblea, 1932ko ekainaren 19a
  13. Argia: Euskal Estatutua eta Nafarroa
  14. Ferrer Muñoz, Manuel. (1993). «La Segunda República» Historia Ilustrada de Navarra. Iruñea: Diario de Navarra ISBN 84-604-7413-5..
  15. a b c d «1933ko Autonomia Estatutua, euskaldunen lehen plebiszitoa» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-11-03).
  16. Zenbait autore: Historia general de la Guerra Civil en Euzkadi. Donostia, Haranburu, 1979, 64. or.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu