Biolixibiazio

Lixibiazio biologiko» orritik birbideratua)

Biolixibiazioa edo lixibiazio biologikoa meetatik metalak ateratzeko mikroorganismoak erabiltzen dituen teknika da. Lixibiazio klasikoaren aldean (disolbatzaile kimikoak erabiltzen dituena metalak erauzi ahal izateko), biolixibiazioa garbiagoa eta ekologikoagoa da, ingurugiroa gutxiago kaltetzen duelako.

Jakina denez, lixibiazioa hauts egindako mea edo mineral bati disolbatzaile bat gehitzean datza, metal disolbagarri bat erauzi ahal izateko. Adibidez, lixibiazio klasikoaren kobrea birrindutako material gordinari azido sulfurikoa botatzen lortzen da:

SCu + H2SO4 → CuSO4 + H2S

SCu ez da disolbagarria, eta sortutako CuSO4, aldiz, bai. Azken honetatik kobrea elektrolisiaren bidez bereizten da.

Biolixibiazioaren bitartez kobrea ez ezik, zinka, beruna, nikela, kobaltoa eta beste metal batzuk ere erauz daitezke.

Antzinako erromatarrek, duela 2.000 urte, biolixibiazioa erabiltzen zuten kobrea lortu ahal izateko: kobre gutxi zuten piritetan ura botatzen zuten (pirita horiek kalkopiritekin lotuta daude sarritan), eta tratamendu horren ostean kobrea jasotzen zuten. Haiek jakin gabe, prozesu horretan bakterio batzuek parte hartzen dute (Acidithiobacillus generokoek), kobre sulfuroak kobre sulfato bihurtzen dituztenak, kobrea disolbagarrituz:

CuFeS2 + 4 O2 → FeSO4 + CuSO4

Garbiagoa eta ekologikoagoa izan arren, lixibiazio klasikoaren aldean biolixibiazioa motelagoa da.

Acidithiobacillus generoko bakterioak dira biolixibiazio prozesuetan gehien erabiltzen diren mikrobioak. Acidithiobacillus thiooxidans-ek sufrea eta sulfuroak oxidatzen ditu, kimiolitotrofoa baita. Acidithiobacillus ferrooxidans-ek, aldiz, sufrea ez ezik, burdina ere oxidatzen du.

Sulfuro metalikoen oxidazio zuzena aldatu

SX + 2 O2 → SO4X

X izanik erauzi nahi dugun metala (kobrea, zinka, burdina, nikela, beruna...)

Acidithiobacillus generoko bakterioak sulfuro metalikoen kristalen gainean hazten dira, sufrea oxidatuz.

Sulfolobus arkeobakterioa eta hainbat onddo ere erabili dira lixibiazio biologikoa burutu ahal izateko.

Sulfuro metalikoaren oxidazio zuzenaren bidez ez ezik, Acidithiobacillus generoko bakterioek sortzen duten H2SO4 eta Fe2(SO4)3 molekulek ere biolixibiazio prozesuetan parte hartzen dute.

Kanpo estekak aldatu