Linfozitoen ohiko kopurua odolean leukozito guztien %20-%40 artean dago. Kopuru hori %40tik gora dagoenean linfozitosi diagnostikatzen da (4.500 linfozito/ml baino gehiago). Umeengan linfozitoen ohiko kopurua altuagoa dela kontuan hartu behar da linfozitosia diagnostikatu aurretik [1].
Infekzioek edo gaitz autoimmuneek linfozitosi poliklonala sortu ohi dute, hots, linfozito klon ezberdinen gehiegizko kopurua. Prozesu tumoralek, aldiz, linfozitosi monoklonala eragin ohi dute, linfozitoen klon baten gehiegizko kopurua.
Linfozitoen kopurua ez ezik, beren morfologia aztertzea ere (behaketa mikroskopikoaren bidez) garrantzitsua da, zantzu asko ematen baitu linfozitosiaren jatorriaz.