Estekatzaile

Ligando» orritik birbideratua)

Kimikan estekatzailea edo ligandoa da koordinazio-konplexuen osatze-prozesuan, ioi edo molekula metaliko bati elektroi-pare bat ematen dion ioia edo molekula[1].

Estekatzaile
Motamoiety (en) Itzuli
Identifikatzaileak
Gmelin52214
MeSHD008024

Estekatzaileak, espezie monoatomikoak edo poliatomikoak izan daitezke, lehenak, anioiak eta bigarrenak anioiak edo molekula polarrak izanik. Haluroak, (F-, Cl-, Br-, eta I-) lehen taldeari dagozkio, zianuro (CN-), isozianatoa (SCN-), amoniakoa (NH3), ura, aminak eta azido organikoak bigarren taldeari dagozkiolarik. Estekatzaile guztien berezitasun amankomuna, gutxienez elektroi bikote bat askerik izatea da eta zentzu horretan Lewis-en baseak dira[2].

Kobaltoaren konplexu bat sei amoniako estekatzaile dituena. Kloroa ez da estekatzailea


Estekatzaile-motak aldatu

Emateko moduan dituzten elektroi-bikoteen kopuruaren arabera, estekatzaileak hainbat taldetan sailka daitezke.

Hortz bakarreko estekatzaileak aldatu

Emateko elektroi-bikote bakarra duten estekatzaileei hortz bakarreko esaten zaie. Horrelakoak dira, amoniakoa, ura, haluro anioiak edo alkilo anioiak.

Hortz anitzeko estekatzaileak aldatu

Emateko elektroi-bikote bat baino gehiago dituzten estekatzaileei hortz anitzekoak esaten zaie; bi hortzekoak, hiru hortzekoak, lau hortzekoak, ... izan daitezke. Horrelakoak, fosfato anioiak (PO3-), karbonato anioiak (CO2-), oxalato anioiak (-OOCCOO-), etilendiamina eta bipiridina.

Hortz anitzeko estekatzaileek aukera dute elektroi-bikote horiek ioi metaliko bakarrarekin lotzekoa eta eraztun moduko egiturak eratzen dituzte: kelatoak

 
EDTAk metal batekin eratutako kelatoa

Hortz anitzeko estekatzaileen artean batzuk txikiegiak dira tamainaz aldi berean bi elektroi-bikote emateko, nahiz eta elektroiak emateko gaitasuna duten atomo bat baino gehiago izan. Horiek atomo baten edo beste baten bidez lotzen dira zirkunstantzien arabera. Horrelakoak dira tioisozianato (S=C=N-), nitrito (O=N-O-) eta isotiozianato (NC-S-) anioiak.

Estekatzaile-motak eta lotura-motaka[3] aldatu

Estekatzaile σ-emaileak eta π-emaileak aldatu

Estekatzaile oso elektronegatiboek, base sendoak, eta nukleoaren inguruan elektroi-dentsitate handia dute. Oxidazio-egoeran altuan dauden trantsizio-metalak egonkortzen dituzte batez ere. Metalak d orbitalak hutsik ditu eta estekatzaileak eskaintzen dion π elkarrekintza onartzeko moduan dago. Haluroak dira horietako estekatzaile tipikoak.

Estekatzaile σ-emaileak aldatu

Trantsizio-seriaren oxidazio-egoerarik egonkorrena egonkortzen dute. Horrelakoak dira ura, amoniakoa eta aminak

Estekatzaile σ-emaileak eta π-hartzaileak aldatu

σ loturaren bidez dentsitate elektronikoa ematen dute eta π loturaren bidez kendu. Metalaren oxidazio-egoera baxuak egonkortzen dituzte eta d balentzia-orbitaletan dituzten elektroiak estekatzaileari emateko gai dira π elkarrekintzaren bidez. Metalak zein estekatzaileak simetria egokia izan behar dute. Horrelakoak dira karbono monoxidoa, fosfinak, nitrogenoa eta zianuroak.

Hauen artean bada kasu berezi bat. Alegia, π elkarrekintza ez denean gertatzen metalarikin baizik eta estekatzailearen π elektroi-dentsitateko hodei batekin. Hori gertatzen da, adibidez, estekatzaileak π loturak dituenean etilenoaren eta beste olefinen kasuan bezala. Horiei π konplexu esaten zaie.

Erreferentziak aldatu

  1. Estekatzaile. Zientzia eta teknologia hiztegi entziklopedikoa. Elhuyar, https://zthiztegia.elhuyar.eus/terminoa/eu/estekatzaile or..
  2. Basterretxea, Francisco; Zabala, Gorka; Mijangos, Fernando; Izurieta, Itziar; Etxebarria, Nestor & Martinez de Marigorta,, Edorta. (1996). Kimika orokorra. UEU, 405 or. ISBN 84-86967-71-6..
  3. Castillo Garcia, Oscar & Beobide Pacheco,, Garikoitz. Kimika ez-organiko aurreratua. EHU, 44-46 or. ISBN 978-84-9082-142-8..

Kanpo estekak aldatu