Leonor Taboada

Kazetaria, idazlea eta ekintzaile feminista

Leonor Taboada Spinardi (Buenos Aires) kazetaria, idazlea eta ekintzaile feminista da. Emakumeen osasun eta sexualitateari buruzko gaietan espezializatuta dago, eta mugimendu feministako aitzindari izan zen Espainiako trantsizioaren garaian, "self help" mugimendua bultzatuzean. 1978an, Fontanella argitaletxean Cuaderno Feminista. Introducción al self help (Koaderno feminista. Self help-en hastapenak) liburua argitaratu zuen. 70eko hamarkadan, Our Bodies, ourselves (Gure gorputzak, gu geu) gaztelaniara itzultzen lagundu zuen, eta 1982an Espainian argitaratzea bultzatu zuen. Our Bodies, ourselves-ek, Bostongo Emakumeen Osasun Liburuaren Kolektiboak Estatu Batuetan 1971n argitaratu zuen liburuak, emakumeen gorputzaren autoezagutza aldarrikatzen zuen.[1] Taboadak emakumeek beren osasunari buruzko hezkuntza jasotzea defendatzen du, uste duelako emakumeek beren askapenerako beharrezkoa dutela beren gorputza ezagutzea. Emakumeak beren arazoak konpontzeko "hipermedikalizazioaz" baliatzen direla salatzen du.[2] Taboadaren ustez, emakumeak bere gorputza lurralde kolonizatu gisa ulertu eta berreskuratzeko erronka dauka, eta baita gozamenerako eskubidea aldarrikatzeko ere.[3] Hainbat komunikabidetan parte hartu du. 1996. urtetik argitaratzen den Mujeres y Salud aldizkariaren zuzendaria da. 2010ean, Mallorcako Consell-aren urrezko domina jaso zuen Balearretan eta Espainian feminismoaren erreferente izateagatik.

Leonor Taboada

Bizitza
JaiotzaBuenos Aires, XX. mendea
Herrialdea Espainia
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakemakumeen eskubideen aldeko ekintzailea eta kazetaria

Ibilbidea aldatu

Leonor Taboada Buenos Airesen (Argentina) jaio zen. Perun bi urte bizi izan ondoren, 1973an Espainiara joan zen.[4] Hasieran Madrilen eta Bartzelonan bizi izan zen, eta gero, Palma de Mallorcan.[5][6] Balear Uharteetako mugimendu feministaren aitzindarietako bat izan zen. 2010ean, Mallorcako Consell Insularren aitorpena jaso zuen, 70eko hamarkadatik borroka feministan izanda zuen paper historikoagatik.[7]

'Our Bodies, Ourselves' liburua aldatu

Taboadaren aktibismo feministaren inflexio-puntua 70eko hamarkadaren hasieran gertatu zen, Estatu Batuetara bidaia egin zuenean eta 1972an herrialde hartan argitaratutako "Our Bodies Ourselves" liburua aurkitu zuenean. Ikuspegi politiko eta feminista zuen emakumeen osasunari buruzko lehen liburua izan zen eta 250.000 ale saldu zituen.[4]

1974 eta 1976 artean, Raquel Scherr-Salgado, Kaliforniako Unibertsitateko literatura konparatuko irakaslea, eta Leonor Taboada bera arduratu ziren liburua gaztelaniara itzultzeaz. Geroago, 2013an, honela azaldu zuen Taboadak esperientzia:[4]

Behin, Kalifornian nengoela, [...] izkina batean liburu-denda bat zegoen, eta liburu-dendak jarrita zituen azal bereko hainbat liburu. Haien aurrean iltzatuta geratu nintzen. Bizitza osoan gutxitan gertatu zait horrelako "flash" bat edukitzea, "Ene jainkoa, hau garrantzitsua da" esaten duzun horietako bat. Bostongo Kolektiboaren liburua zen. Azalean arraza eta adin desberdinetako emakumeak agertzen ziren, eta "Gure gorputzak, gure bizitzak" irakur zitekeen. Nik horrelaxe itzuli nuen, nahiz eta benetan jartzen zuena "Our Bodies Ourselves" izan, hau da, "Gure gorputzak, gure nia. Emakumeek emakumeentzat eginiko liburua." Han bazegoen alderik ordura arte ikusi eta egin nuen guztiarekiko. Liburua erosi nuen, eta segituan joan nintzen Raquel Salgadoren etxera, chicana bat, (...) Princetonen espainiar literaturari buruzko eskolak ematen zituena. Liburua bularraren kontra ondo estututa iritsi nintzen, eta esan nion: "Begira", eta berak bertatik atera zuen oparitu behar zidan liburua, eta minutu batean bi libururen jabea nintzen. Esan nion, "Rachel, itzuli egin behar dugu". Begiratu eta esan zidan, "txoratuta zaude". (...) Mallorcan mediku baten bila hasi nintzen, ingelesez nahikoa zekiena eta terminologiarekin lagunduko zidana, ginekologiako eskuliburu bat bezalakoa baitzen eman zidaten kapitulua. Aurkitu nuen, eta gizonari bizitza aldatu genion. (...) Gizon horrek terminologiarekin lagundu zidan. Han zituzten milioika gauzen artean aukeratu gintuzten. Lehenik Kaliforniara joan nintzen Rachelekin lan egitera eta gero Bostonera, berak Bostongo kolektiboa ezagutzen baitzuen in person.

Liburuaren gaztelaniazko lehen edizioa Bostonen bertan argitaratu zen 1977an, eta 37 lagun gehiagoren kolaborazioa izan zuen; pertsona haietako asko Estatu Batuetako kolektibo latinoetakoak ziren, eta kultura-egokitzapenean eta edukiak zabaltzen lagundu zuten.[8] Handik urte batzuetara, 1982an, Taboadak Espainian Nuestros cuerpos, nuestras vidas (Gure gorputzak, gure bizitzak) liburua Icaria argitaletxean plazaratzea lortu zuen. Horrez gain, Bostongo Emakumeen Taldearekin liburua itzultzeko izandako elkarlanari esker, Leonorrek aukera izan zuen Estatu Batuetan emakumearen eta osasunaren gaiari buruz ikuspegi feministatik lanean ari ziren beste esperientzia batzuekin ere harremanetan jartzeko. Espainierazko egokitzapenean Kataluniako La Mar self-help talde feministak parte hartu zuen.[4]

'Self-help' mugimendua eta 'Jornades Catalanes de la Dona' jardunaldiak (1976) aldatu

Leonor Taboadak hasiera eman zion Estatu Batuetan jaio zen "self-help" mugimendua Espainian hedatzeari. Mugimenduak, feminismo erradikalaren ikuspegitik, emakumeek beren gorputza — bereziki sexualitateari dagokionez— ezagutzea bultzatzen zuen. Taboada "self-help" mugimenduarekin harremanetan egon zen Our bodies, ourselves (1972) itzuli eta argitaratzeaz arduratu zenetik. Ikuspegi politiko eta feminista zuen emakumeen osasunari buruzko lehen liburua izan zen, eta 250.000 ale saldu ziren.

Taboadak, 1976an, Bartzelonan izan ziren Kataluniako Emakumearen Jardunaldietan parte hartu zuen. Han autoazterketa- eta autoezagutza-tailerrak eman zituen. Haiei esker lortu zen gero kolektibo feminista askok autoezagutzaren praktika bere gain hartzea eta emakumeen osasuna haien lehentasunetako bat izatea. Jardunaldietan, Taboadak emakumeen osasunari, kontrazepzioari, plazeraz gozatzeko eskubideari eta abarri buruzko hitzaldi bat eman zuen. Saioan, bularreko minbizia prebenitzeko autohaztapen metodoa erakutsi zuen. Espikuluaren bidezko baginaren autoezagutzaz ere hitz egin zuen.[1][9]

Pelbis Kolektiboa aldatu

1977an, Taboadak, Nini Quetglas arte-galerista eta ekintzaile politikoarekin, Jimena Jimenez —orduan medikuntzako ikaslea— ginekologoarekin eta Malén Cirerol terapeutarekin batera, Clítoris Koletiboa sortu zuen Palma de Mallorcan.[1] Taldeak, geroago, Pelvis Kolektibo Feminista[10] izena hartu zuen. Taldea Estatu Batuetako "self-help" mugimenduetan inspiratuta zegoen.[1] Kolektiboak multinazional farmazeutikoen arteko harremanak eta osasun-sistemaren kudeaketa, emakumeen osasunari dagokionez, zalantzan jarri zituen. Horrez gain, emaginen eta erizainen papera aldarrikatu zuten, eta salatu zuten gizonek emakumeen gorputzaz duten ikuspegiak emakumeen sexualitatea baldintzatzen duela. 1979an, Pelvis kolektiboak 1985era arte bere zerbitzuak eskaini zituen Plangintza Zentro bat ireki zuen Mallorcan. Taldea, 1984an, Colectivo de Salud de las mujeres (Emakumeen Osasun Kolektiboa) bihurtu zen.[4]

Kolektiboak astean behingo orrialde bikoitza lortu zuen Mallorcan hedapenik handiena zuten egunkarietako batean. Lehen bi artikuluen gaia emakumearen orgasmoa izan zen. Taldeak irratian ere oihartzuna izan zuen, Radio Mallorcan bi programa izan baitzituen: 'Señoras y señoras' eta, geroago, 'Semillas de futuro'.

Koaderno feminista aldatu

Bi urte geroago, 1978an, Taboadak Cuaderno feminista. Introducción al self-help (Koaderno feminista. Sel-help-aren hastapenak) liburua, Montse Clavéren irudiekin, argitaratzen du.[10]

«Iraultzaileak izatea eta botere patriarkalari oinarritik aurre egitea, horixe dugu modu bakarra gure seme-alabek aske izateko aukera bat, behintzat, izan dezaten. Ezin izango dira libre izan beren etxean bertan sexuaren araberako diskriminazioa ikusten badute, edo ez badute beren ama bere askatasunaren alde borrokan ikusten, ezarritako arauak zalantzan jarriz, bide erdian abortatutako gizaki proiektu bat besterik ez izatera kondenatzen duten arau horiek berak, bere genitalak ez direlako hanken artean zintzilikatzen. Gure askatasunaren alde borrokatzen ez badugu, uko egiten diogu beren askatasuna lortzeko gai izango diren seme-alabak hazteari. Kanoi-bazka, robotak, etorkizuneko zapalduak eta zapaltzaileak sortuko ditugu» (Taboada, 1978:9)

Koaderno feminista «Trantsizioan izan ziren feminismoak inspiratu zituen espiritu subertsiboaren printzipio-adierazpentzat» hartu izan zen. Koadernoan azaltzen zen emakumeak, inoren laguntzarik gabe eta talde feministen egoitzetan saltzen zen espekuluaren laguntzaz, aldizkako azterketa bat egin dezakeela, eta informazioa ematen zen gehien erabiltzen diren sistema antikontzeptiboei eta haien arriskuei buruz, diafragma eta krema espermizidoaren erabilerari buruz, abortuari buruz, etab.[10] Gai guztiak lotuta zeuden, “denak zuen zerikusia guztiarekin”: autoestimuak osasunarekin, legeek autoezagutzarekin, orgasmoak amatasun librearekin, adulterioak autonomiarekin.[1]

Trantsizioko Espainian bizi ziren emakumeen artean sortu ziren eztabaidek Estatu Batuetako feminismo erradikalaren espiritua jasotzen zuten.[2]

Taboadak, 1982an, Gijónen Espainiako Familia Plangintzaren Lehen Kongresua antolatu zen urtean, Familia Plangintzaren Batzorde Nazionalean parte hartu zuen Balearretako ordezkari gisa. Berarekin batera, ondokoak izan ziren batzordearen kideak: Mercè Gascó, Rosa Ros eta Encarna Albella (Catalunya), Isabel Serrano, Rita Daudén eta Marisa Castro (Madril), Federico Goyarts eta Carmen Olmedo (Andaluzia), Amparo Cardaño eta Luis Monasterio (Euskadi), Pilar Alonso (Asturias), Antonio Campos Romay (Galizia) e Isabel Soler.[2]

1994an, Taboadak Madrilen egindako Emakumeari eta Osasunari buruzko I. Jardunaldietan “Informazio/orientazio sexuala Familia Plangintzako Zentroetan” izeneko txostena aurkeztu zuen. Txosten horretan, familia-plangintzako zenbait zentroren kritika egin zuen, bere ustez haien kudeaketa gehiegi aldentzen zelako ikuspegi feministatik.[4]

1986an, Taboadak La maternidad tecnológica: de la inseminación artificial a la fertilización in vitro (Amatasun teknologikoa: intseminazio artifizialetik in vitro ernalketara) argitaratu zuen. Liburu horrekin berriz ere aitzindaria izan zen eztabaida berri batean: emakumeen bizitza medikalizatzeko prozesuekin lotutako ugalketa-teknologiak, gorputza eta ugalketa-prozesua bereiztea hutsaltzea, alokairuko amen agerpena, etab.[11]

Urteetan zehar, bere kolaborazioak hainbat hedabidetan agertu dira; besteak beste, El País, Cadena Ser eta Balear Uharteetako komunikabideetan, adibidez, Diario de Baleares egunkarian.[3]

'Mujeres y Salud' aldizkaria aldatu

Taboadak Mujeres y Salud (Emakumeak eta Osasuna) aldizkaria —MyS izenez ere ezaguna— zuzentzen du. Aldizkaria 1996an jaio zen eta CAPSren (Centro de Análisis y Programas Sanitarios - Osasun Azterketa eta Programa Sanitarioen Zentroa) Osasuna eta Bizi Kalitatea programak argitaratzen du. "0" zenbakia Kataluniako "20 Anys de Feminisme" jardunaldi feministetan argitaratu zen. Erredakzio kontseiluan, Taboadaz gain, Carme Valls-ek —mediku eta diputatu ohia eta CAPSko "Emakumea, osasuna eta bizi kalitatea" programaren zuzendaria—, Montserrat Cervera Rodónek eta Margarita López Carrillok ere parte hartzen dute.[12]

Esker onak aldatu

  • 2010ean Mallorcako Consellaren urrezko domina jaso zuen, Balearretan eta Espainian feminismoaren erreferente izanagatik 70eko hamarkadaren erdialdetik aurrera.[7]

Argitalpenak aldatu

  • Taboada, Leonor. Cuaderno Feminista. Introducción al self help. (Kaier feminista. Sel-help-aren hastapenak) Bartzelona: Fontanella argitaletxea, 1978. 'Las Desobedientes' bilduma.
  • Taboada, Leonor. La maternidad tecnológica: de la inseminación artificial a la fertilización in vitro. (Amatasun teknologikoa: intseminazio artifizialetik in vitro ernalketara) Icaria Argitaletxea, 1986

Artikuluak aldatu

Zenbait artikuluren aukeraketa:

  • Las mujeres se mueven (Emakumeak mugitu egiten dira). Diario Baleares, 1976.
  • El feminismo, única alternativa para la mujer (Feminismoa, emakumeen hautabide bakarra). Diario de Baleares (1977)
  • Cómo derribar la medicina masculina. El self-help o la descolonización de nuestro cuerpo (Nola eraitsi gizonezkoen medikuntza. Self-help-a: gure gorputzaren deskolonizazioa). 'Vindicación Feminista' aldizkaria, 20. zk., 1978ko otsailaren 1a. 38-40. or.
  • Las mujeres Luchan por su Salud. (Emakumeak borrokan beren osasunaren alde). 'Vindicación Feminista' aldizkaria, 24. zk., 1978ko ekainaren 1a, 10-11. or. Taboada, Leonor; eta Muck, Hanna.
  • Hijas del Rock and Roll (Rock and Roll-aren alabak). 'El País' egunkaria, 1988ko irailaren 27a.
  • De feministas y espéculos (Feministei eta espekuluei buruz). 'Mujer y Salud' aldizkaria (5), (2000ko otsaila).
  • Las fotos que no vimos. (Ikusi ez genituen argazkiak) (R. CAPS, Ed.) 'Mujeres y Salud' aldizkaria (5), 1. (2000)
  • Nosotras, vosotras, ellas. Nuestros cuerpos, nuestras vidas, nuestra historia (Emakumeok: gu, zuek eta haiek. Gure gorputzak, gure bizitzak, gure historia).Revista MyS (Mujeres y Salud)(20), 11-14. (2006)
  • Vulva Sapiens y Gynepunks. Dos maneras de descolonizar el cuerpo femenino (Vulva Sapiens eta Gynepunks. Emakumearen gorputza deskolonizatzeko bi bide). MYS, 40, 24-27. (2016)

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e (Gaztelaniaz) Llinàs Carmona, Conxa. (2016ko urtarrila/uztaila). Feminismos de la Transición en Cataluña. labrys, études féministes/ estudos feministas (Noiz kontsultatua: 2022ko urtarrilaren 5a).
  2. a b c (Gaztelaniaz) Ferreira, Silvia Lúcia. (2008). El movimiento feminista y la salud de las mujeres: la experiencia de los Centros de Planificación Familiar (CPF) en Catalunya (1976-1982). Revista Estudos Feministas, 16. liburukia, 3. zk., 785-807 or. ISBN 0104-026X. (Noiz kontsultatua: 2022ko urtarrilaren 5a).
  3. a b (Gaztelaniaz) Cerón, Pere. (2018-03-06). «Leonor Taboada: "La huelga feminista del 8M ya ha triunfado antes de empezar"» Cadena SER (Noiz kontsultatua: 2022-01-05).
  4. a b c d e f (Gaztelaniaz) Martínez Rebolledo, Alba, El movimiento self-help y el autoconocimiento como práctica de la pedagogía crítica. Análisis de una vertiente del movimiento feminista en el Estado español (1976-1985) (Martínez Rebolledo, 2013), (Noiz kontsultatua: 2022ko urtarrilaren 5a)
  5. Torres Blanco, Juan; El feminisme balear a la transició. El temps. Suplement.
  6. (Katalanez) Moyà Culla, Anna. (2020). Feministes dels 70: alliberant la sexualitat segrestada. ARA (Noiz kontsultatua: 2022ko urtarrilaren 5a).
  7. a b (Gaztelaniaz) J.T.B.. (2010-09-02). «El Consell nombra hijo adoptivo a Chopin y premia la lucha feminista» Ultima Hora (Noiz kontsultatua: 2022-01-05).
  8. (Gaztelaniaz) Teresa Ortíz Gómez (2014). «Conocer el propio cuerpo para acabar con el patriarcado. Publicaciones feministas sobre salud en España durante la transición democrática». (In) Medicina y poder político. XVI Congreso de la Sociedad Española de Historia de la Medicina. 259-264. or. Madril. 2014ko ekainaren 11-13a
  9. (Gaztelaniaz) Cols, Carles. (2019-04-17). «El 'big bang' de la educación sexual en Barcelona cumple medio siglo, por Carles Cols» elperiodico (Noiz kontsultatua: 2022-01-05).
  10. a b c (Gaztelaniaz) País, El. (1978-04-13). «El cuerpo de las mujeres está colonizado» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2022-01-05).
  11. Belén Nogueiras García. (2018). [https://eprints.ucm.es/49892/1/T40529.pdf La teoría feminista aplicada al ámbito de la salud de las mujeres: discursos y prácticas (España, 1975-2013). ].
  12. (Gaztelaniaz) «Mujeres y Salud - Revista de comunicación científica para mujeres» Mujeres y Salud. (Noiz kontsultatua: 2022ko urtarrilaren 5a).

Bibliografia aldatu

  • Leonor Taboada, pionera del self-help. (Leonor Taboada, self-helparen aitzindaria). 'La Calle' aldizkaria, 35. zk. (1978ko uztailaren 11-17a).
  • Información/orientación sexual en los Centros de Planificación Familiar (Informazio/orientazio sexuala Familia Plangintzako Zentroetan). 'Mujer y Salud' jardunaldietako Aktak, [Madril, 1984ko maiatzaren 16, 17 eta 18a] (11-19. or). Madril: Instituto de la Mujer.
  • Taboada, Leonor (2013ko abuztuaren 14a). (Martínez Rebolledo, Alba. Elkarrizketatzailea)
  • Moreno, Amparo: Mujeres en lucha: El movimiento feminista en España. “El self-help o las mujeres recuperan su cuerpo” in Bartzelona: Anagrama, 1977, or. 193-194. or.

Kanpo estekak aldatu