Lentoia edo aligota (Pagellus acarne) Esparidoen familiako arrain hezurduna da. Bisigu arruntaren antzeko arrain begi-handia, sukaldaritzan oso aintzat hartua da.

Lentoi
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaActinopteri
OrdenaSpariformes
FamiliaSparidae
GeneroaPagellus
Espeziea Pagellus acarne
Risso, 1827

Euskal izendegia aldatu

Lentoia izendatzeko izen asko daude Euskal Herrian[1]:

Izena Erabilera-eremua (udalerria)
aliota, aligota, aliyota
allikota Elantxobe
allueta Bermeo, Mundaka
elefante zaharra Getaria
lentoi

Deskribapena aldatu

Jaso den lentoi handiena 36 cm-ko ar bat izan zen[2], baina normalean 25-30 cm neurtzen dute. 7 urte bizi daitezke[3].

Gorputzean bi kolore nagusitzen dira, arroxa eta zilar kolorea[3], eta urre koloreko distirak ditu. Gorputza luze xamarra eta fusiformea dute. Bizkarraldeko hegatsa luzea da, 12-13 arantza eta 10-12 erradio bigun ditu. Bularraldeko hegatsaren oinarrian puntu gorri ia beltza du[2], dilista baten tamainakoa. Hegatsek kolore gorrixka dute, sabelaldekoak argiagoak dira.

Burua eta muturra borobiltsuak dira[1] eta gainaldean tono ilunak ditu. Diametro handiko begia du. Aho txikia du, barnealdean laranja kolorekoa da[4] eta hiru hortz ilara ditu, aurrealdean txikiak, konikoak eta zorrotzak eta atzean handiagoak diren haginen bi ilara[5].

Banaketa aldatu

Ozeano Atlantikoaren ipar-ekialdean aurkitzen da, Bizkaiko golkotik hasi eta Senegal alderaino. Britainiar uharteetan ikustea arraroa da. Azoreetan, Madeiran, Kanarietan eta Cabo Verde uhartedian ere bizi da. Mediterraneo guztian ere zabaldurik dago, ez ordea Itsaso Beltzean[2].

500 metro arteko sakoneran ere aurki daitekeen arren normalean 40 eta 100 metro arteko sakoneran ikusten da[2].

Biologia aldatu

 
Lentoia.

Elikadura aldatu

Lentoi helduek habitat ugari kolonizatzen dituzte, nagusiki Posidonia zelaiak dituzten hareazko hondoak. Lentoi gazteak kostaldetik gertuago ibiltzen dira. Bakartiak dira eta ez dira lurraldekoiak, baina beste espeziekiko erasokorrak izan daitezke[3]. Arrain orojaleak dira eta algaz gain itsas zizaretaz eta molusku eta krustazeo txikitaz elikatzen dira[6].

Ugalketa aldatu

Arrautzak ur azalera iristen dira eta handik jaiotzen diren larbek zooplanktona osatzen dute[5]. Tamainaz handitzen direnean kostaldera inguratzen dira. Lentoiak ar jaiotzen dira. 15 cm-ko luzera hartzen dutenean sexu heldutasuna lortzen dute eta 24-30 cm-ko luzera hartzean arrak eme bihurtzen dira[2].

Gastronomia aldatu

Bisiguaren antza duen arren ez da hain preziatua. Haragiak gantz kopuru ertaina du eta beraz ez du kaloria askorik, baina haragia zuria, trinkoa eta zaporetsua da. Gisaturik edo labean erreta jaten da, parrillan ez oso lehorra gelditzen baita. Hainbatek marinatu egiten dute aldez aurretik[7].

Erreferentziak aldatu

  1. a b «lentoi» arrainak.eus (Noiz kontsultatua: 2024-01-09).
  2. a b c d e «Pagellus acarne, Axillary seabream : fisheries, gamefish» www.fishbase.se (Noiz kontsultatua: 2024-01-09).
  3. a b c (Ingelesez) «Pagellus acarne • Fish sheet» Fishipedia (Noiz kontsultatua: 2024-01-09).
  4. Terofal, F. y Militz, C.. (2005). Peces de Mar. Barcelona, Editorial Blume, 98 or. ISBN 84-8076-268-3..
  5. a b (Gaztelaniaz) Valderrey, Juan Luis Menéndez. «Pagellus acarne (Risso, 1827)» Naturaleza y turismo (Noiz kontsultatua: 2024-01-09).
  6. (Gaztelaniaz) «Pagellus Acarne o Aligote | Características, fotos y video» pecesmediterraneo.com 2019-03-29 (Noiz kontsultatua: 2024-01-09).
  7. (Gaztelaniaz) «aligote» Diccionario Gastronomía (Noiz kontsultatua: 2024-01-09).

Kanpo estekak aldatu