Leixuri Arrizabalaga

euskal politikaria

Leixuri Arrizabalaga Arruza (Gatika, Bizkaia, 1981eko apirilaren 25a) bizkaitar abokatu eta politikari jelkidea da. Zuzenbidean lizentziatua, gaztetatik sartu zen politikan Gatikako zinegotzi gisa. 2015ean Gatikako alkate izendatua izan zen, herriaren historian emakumezko lehen alkatea bilakatuz.[1] 2012 urteaz geroztik eusko legebiltzarkidea izan da, X. eta XI. legealdietan.[2][3] 2016an EAJren BBBko kide bilakatu zen. 2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EAJren Bizkaiko zerrendaburua izan zen.[4] 2021ean Gatikako alkate kargua utzi zuen, legebiltzarreko lanean zentratzeko.[5] 2023ko uztailetik aurrera, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatua da.[6] 2023ko irailetik aurrera, gainera, Bizkaiko Foru Aldundiaren bozeramailea ere bada.[7]

Leixuri Arrizabalaga


Bizkaiko Foru Aldundiako Foru Diputatua

2023ko uztailaren 6a -

Eusko Legebiltzarkidea

2020ko abuztuaren 3a - 2023ko uztailaren 6a
Barrutia: Bizkaia
Hautetsia: Eusko Legebiltzarreko XII. legealdia

Eusko Legebiltzarkidea

2016ko urriaren 21a - 2020ko abuztuaren 3a
Barrutia: Bizkaia
Hautetsia: Eusko Legebiltzarreko XI. legealdia

Gatikako alkate

2015eko ekainaren 13a - 2021eko ekainaren 30a

Eusko Legebiltzarkidea

2012ko abenduaren 21a - 2016ko abuztuaren 2a
Estibaliz Hernaez Laviña
Barrutia: Bizkaia
Hautetsia: Eusko Legebiltzarreko X. legealdia
zinegotzi

2003ko ekainaren 14a -
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakLeixuri Arrizabalaga Arruza
JaiotzaGatika1981eko apirilaren 25a (42 urte)
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
Hezkuntza
HeziketaDeustuko Unibertsitatea
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakabokatua eta politikaria
Lantokia(k)Gatika eta Gasteiz
KidetzaBizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsua
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Eusko Alderdi Jeltzalea

Lehen urteak aldatu

Familia jeltzale batean jaio zen. Kaxiano, amaren aldeko aitite, abeltzaina zen, eta Gatikako parrokiako sakristaua izan zen. Aita plentziarra eta ama gatikarra, azken hau Intxurtu dantza taldearen sortzaileetako bat izan zen 1960ko hamarkadan. 2001 urtean, ama zendu ondoren, Leixurik hartu zituen taldearen ardurak.[1] Oso txikitatik herriko bizitza soziokulturalean aktiboki parte hartu izan duː euskal dantzen taldean, abesbatzan, elizan zein jai-batzordean laguntzen ibilitakoa da.[8]

Gatikako Sertutxa auzoan hazi zen, Lugarrietan. Gatikako eskolan ikasi zuen. Zuzenbidean lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean, eta ondoren Praktika Juridiko eta Abokatutza masterra gauzatu zuen unibertsitate berean. Haren ibilbide profesionala abokatu bezala jardutera bideratu du, gehienbat genero-indarkeria eta familia-zuzenbideari loturiko kasuetaz arduratuz.[2]

Ibilbide politikoa aldatu

Ideologia politikoa betidanik oso zehaztua izanik, 18 urte zituela batu zen EAJra, EGIko kide gisa.[9] Jesus Mari Fullaondo Gatikako alkateak eta EAJren Uri Buru Batzarreko buruak egin zion eskaitza, orduan egiten zuen lan soziokultural guztia udaletik koordinatzea egokia zela iritziz.[8] 2003 urtean alderdikidetu eta Gatikako EAJren Uri Buru Batzarreko kide bilakatu zen.

Gatikako udala (2003-2021) aldatu

2003ko udal hauteskundeetan EAJren zerrendan laugarren postuan aurkeztu zen.[10] Alderdiak botoen %41,77a eta lau zinegotzi eskuratu zituen, beraz Leixuri zinegotzi bilakatu zen. Udal gobernuaren Gazteria, Kultura eta Kiroletako zinegotzia izan zen 2003-2007 legealdian. 2007-2011 legealdian ere zinegotzi izaten jarraitu zuen, bigarren alkateorde gisa, eta 2008an lehen alkateorde izendatua izan zen.[11]

2011ko udal hauteskundeetan EAJren zerrendan bigarren postuan aurkeztu zen, eta 2011-2015 legealdian zinegotzi izateaz gain alkateordea ere izan zen. 2015eko udal hauteskundeetan alderdikideek alkatetzarako hautagai izendatzea erabaki zuten. Hauteskundeak irabazi zituen botoen %44,54 eta lau zinegotzi eskuratuta, eta era horretan Gatikako lehen emakume alkatea bilakatu zen. Alkate zela Gatikako lehenengo Berdintasun Plana jarri zuen martxan, eta aurrekontu parte-hartzaileak bultzatu zituen.[12][13][14]

2019ko udal hauteskundeetan berriz ere EAJren hautagaia izan zen.[15] Botoen %52,75arekin bost zinegotzi lortu zituen EAJk eta beraz gehiengo osoa eskuratu zuen 9 zinegotziz osaturiko udal bilkuran. Emaitza hauek EAJk inoiz izandako emaitza onenak izan ziren 1986ko EAren zatiketaz geroztik, baita ordutik gehiengo osoa lortzen zuen lehen aldia ere.

2021eko ekainean alkatetza utziko zuela iragarri zuen, Eusko Legebiltzarreko lanari dedikazio osoa eskaintzeko. Ekainaren 30ean egindako bilkuran utzi zituen alkate eta zinegotzi karguak, eta Onintze Amezaga alkateordeak ordezkatu zuen alkatetzan.[5]

Eusko Legebiltzarra (2012-2023) aldatu

X. legealdia (2012-2016) aldatu

2012ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EAJren Bizkaiko zerrendan 13. postuan aurkeztu zen.[16] Alderdiak 11 legebiltzarkide lortu zituen, baina Iñigo Urkullu lehendakari izendatu ondoren Andoni Ortuzar eta Estibaliz Hernaezek uko egin zioten legebiltzarkide izateari. Era horretan Leixuri Arrizabalaga 2012ko abenduan iritsi zen Legebiltzarrera, Estibaliz Hernaez ordezkatuz. Ordutik Euzko Abertzaleak taldeko legebiltzarkidea izan da, eta talde barruan berdintasun gaietarako arduraduna izan da. Bere lehen legealdian Hezkuntza Batzordeko eta Bateraezintasun Batzordeko kidea izan zen.[17] Era berean EITBren Kontrol Batzordeko kidea ere izan zen, Josune Albizuak ordezkatu zuen arte.

Horretaz gain Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Herritarren Partaidetzaren Batzordeko kidea eta gerora lehendakaria izan zen. Bestalde, legebiltzarraren ordezkaria izan zen Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Kontseilu Errektorean zein Emakundeko Zuzendaritza Kontseiluan.

2016ko urtarrilean EAJren Bizkai Buru Batzarreko kide bilakatu zen, historian lehen aldiz emakumeen gehiengoa zuen exekutiba osatuz.[18][19]

XI. legealdia (2016-2020) aldatu

2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EAJren Bizkaiko zerrendan seigarren tokian aurkeztu zen, eta legebiltzarkide kargua berritu zuen. Legealdi honetan Hezkuntza Batzordeko zein Giza Eskubide eta Berdintasun Batzordeko kide izaten jarraitu zuen, baita Emakundeko Zuzendaritza Kontseiluko ordezkaria izaten ere, eta Erreglamendu eta Gobernu Batzordeko kide egin zen. Gainera, EITBren Kontrol Batzordeko lehendakaria eta Diputazio Iraunkorreko kidea izan zen.[17]

Legealdi honetan ohiartzuna irabazi zuen, besteak beste, berdintasunaren arloan egindako hitzaldiengatik. 2019ko ekainean EAJren aldeko botoa defendatzea egokitu zitzaion 14/2012 legearen 3. artikuluaren aldaketan, pertsona transexualen eskubideen alde.[20]

XII. legealdia (2020-2023) aldatu

2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EAJren Bizkaiko zerrendaburua izatera igaro zen.

Bizkaiko Foru Alundia (2023-) aldatu

2023ko Bizkaiko Batzar Nagusietarako hauteskundeen ondoren, Elixabete Etxanobe ahaldun nagusi hautatu zuten uztailaren 5ean. Egun horretan bertan jakinarazi zuen foru gobernu berriaren osaera. Berritasunen artean, Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatu izendatu zuen, Lorea Bilbao ordezkatuz.[21] 2023ko irailean, foru-gobernuak uda ostean egindako lehen gobernu-kontseiluan, Arrizabalaga erakundearen bozeramaile izendatu zuten. Aldundiak asteroko prentsaurrekoak berreskuratuko zituela ere iragarri zuen, 2020an ohitura hori alde batera utzi ondoren.[22]

Bizitza pertsonala aldatu

Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez daki.[17] Musika eta dantza gustuko ditu, eta irakurzale handia da. Txikitan Gatikako abesbatzan zein dantza taldean ibili zen, eta txistulari zein klarinete jole ohia da. 2001 urteaz geroztik Gatikako Intxurtu dantza taldearen arduraduna da. Seme eta alaba bikiak ditu.[15]

Hauteskundeak aldatu

Leixuri Arrizabalagak lehiatutako hauteskundeak
Hauteskundeak Hautagaitza Barrutia Postua Emaitza
2003ko udal hauteskundeak EAJ Gatika 4.a (9tik) Hautetsia
2007ko udal hauteskundeak EAJ Gatika 4.a (9tik) Hautetsia
2011ko udal hauteskundeak EAJ Gatika 2.a (9tik) Hautetsia
2012ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak EAJ Bizkaia 13.a (25etik) Ez hautetsia[a]
2015eko udal hauteskundeak EAJ Gatika 1.a (9tik) Hautetsia
2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak EAJ Bizkaia 6.a (25etik) Hautetsia
2019ko udal hauteskundeak EAJ Gatika 1.a (9tik) Hautetsia
2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak EAJ Bizkaia 1.a (25etik) Hautetsia
  1. 2012an legebiltzarkide izendatu zuten, Estibaliz Hernaez ordezkatuz.

Erreferentziak aldatu

  1. a b Batzar, Euzkadi Buru. «Leixuri Arrizabalaga izan liteke Gatikako lehen alkate andrea» Bizkai Buru Batzarra (Noiz kontsultatua: 2020-03-08).
  2. a b Batzar, Euzkadi Buru. «Gure Legebiltzarkideak Leixuri Arrizabalaga» Eusko Legebiltzarra (Noiz kontsultatua: 2020-03-08).[Betiko hautsitako esteka]
  3. (Gaztelaniaz) DEIA. (2020). «El rostro de la renovación en Bizkaia» www.deia.eus (Iparragirre SA) (Noiz kontsultatua: 2020-03-09).
  4. EAJ-PNV. «EAJ-PNV - Iñigo Urkullu aho batez Lehendakarigai apirilaren 5eko Euskadiko Hauteskundeetarako» Euzkadi Buru Batzarra (Noiz kontsultatua: 2020-03-08).
  5. a b (Gaztelaniaz) Deia. «Onintze Amezaga releva a Leixuri Arrizabalaga en la Alcaldía de Gatika» www.deia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-07).
  6. (Gaztelaniaz) Igea, Octavio. (2023-07-05). «El nuevo Gobierno de Elixabete Etxanobe» El Correo (Noiz kontsultatua: 2023-07-05).
  7. «Bizkaiko Foru Aldundiak Leixuri Arrizabalaga izendatu du bozeramaile uda osteko lehenengo gobernu-kontseiluan - Komunikazioa - Bizkaia.eus» www.bizkaia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-09-10).
  8. a b Virginia Woolf Basqueskola, EUDEL. (2017). Leixuri Arrizabalaga Arruza, Gatikako alkatea. Emakunde (Noiz kontsultatua: 2020-03-08).
  9. (Gaztelaniaz) «Leixuri Arrizabalaga Arruza EAJ-PNV» Osoigo (Noiz kontsultatua: 2020-03-09).
  10. Gernika-Lumo Eremuko hauteskunde Batzordea. (2003). (pdf) Martxoaren 31ko 374/2003 Errege Dekretuaren bidez deituriko udal hauteskundeetarako Bizkaian aurkeztutako hautagaitzak. BAO Bizkaiko Aldizkari Ofiziala.
  11. Gatikako Udala. (2008). (pdf) 2008ko uztailaren 30eko ohiko osoko bilkuraren akta. .[Betiko hautsitako esteka]
  12. (Gaztelaniaz) Zarate, Carlos. (2018). «Gatika impulsa su primer Plan de Igualdad» (pdf) Hemendik Txorierri-Mungialdea-U.Butroe (Iparragirre SA) 2018ko urtarrilaren 19a.[Betiko hautsitako esteka]
  13. (Gaztelaniaz) Hemendik. (2017). «El presupuesto de Gatika vuelve a ser participativo» (pdf) Hemendik Txorierri-Mungialdea-U.Butroe (Iparragirre) 2017ko abenduaren 15a.[Betiko hautsitako esteka]
  14. (Gaztelaniaz) Hemendik. (2018). «Gatika recaba las propuestas vecinales para los presupuestos» (pdf) Hemendik Txorierri-Mungialdea-U.Butroe (Iparragirre) 2018ko azaroaren 30a.[Betiko hautsitako esteka]
  15. a b EAJ-PNV. «Leixuri Arrizabalaga Arruza izango da, berriz ere, Gatikako EAJ-PNVk Alkatetzarako aurkeztuko duen hautagaia» Euzkadi Buru Batzarra (Noiz kontsultatua: 2020-03-08).
  16. Bizkaiko Lurralde Historikoko Hauteskunde Batzordea. (2012). (pdf) Bestelako Xedapenak - Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria. .
  17. a b c «Eusko Legebiltzarra - Legebiltzarkideak eta organoak - Norberaren fitxa» www.legebiltzarra.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-08).
  18. EAJ-PNV. «EAJ-PNV - Bizkaiko alderdikideek Itxaso Atutxa berrautatu dute emakume baino gizon gehiagok osatuko duten lehen Bizkai Buru Batzarraren buru gisa» Euzkadi Buru Batzarra (Noiz kontsultatua: 2020-03-08).
  19. «Se reúne por primera vez el nuevo Bizkai Buru Batzar, presidido por Itxaso Atutxa. Deia, Noticias de Bizkaia» web.archive.org 2016-01-27 (Noiz kontsultatua: 2020-03-08).
  20. «Leixuri Arrizabalaga: “Benetako berdintasuna emakume pentsiodunentzat ere iritsi behar da” -» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-08).
  21. (Gaztelaniaz) Igea, Octavio. (2023-07-05). «El nuevo Gobierno foral de Elixabete Etxanobe» El Correo (Noiz kontsultatua: 2023-07-05).
  22. (Gaztelaniaz) Igea, Octavio. (2023-09-07). «Leixuri Arrizabalaga será la nueva portavoz foral» El Correo (Noiz kontsultatua: 2023-09-10).