Leihotikan

Euskal musika taldea

Leihotikan Iruñeko punk eta rock talde bat da. Kaliforniako estiloak eraginda, hardcore melodikoa jotzen dute, letra zainduak lagun.

Leihotikan
Datuak
JatorriaIruñea
Musika motaPunk - Rock, Hardcore
Urteak1992 - gaur egun
Produkzioa
Diskoetxea(k)Gor Diskak
Taldekideak
Gorka
Patxi
Aitor
Titi
Informazio gehigarria
http://www.leihotikan.net/
Facebook: leihotikan.taldea Twitter: LEIHOTIKAN Instagram: leihotikan_taldea Badok: leihotikan Spotify: 0zrSKZ5WiXkuluSFWReqdG Last fm: Leihotikan Musicbrainz: 9fcab171-5ce5-4e7f-9930-ecf06ab624cc Discogs: 3444071 Allmusic: mn0001967104 Musikasten: lehiotikan Edit the value on Wikidata

Taldekideak aldatu

  • Gorka (ahotsa)
  • Patxi (gitarra)
  • Aitor (baxua)
  • Titi (bateria)

Historia aldatu

Hastapenetan, taldea hiru lagunek osatu zuten: Patxi Mercerok (gitarra eta kantagillea), Gorka Armendarizek (ahotsa) eta Alfonso Contin Titi-k (bateria). Beren lehen kantuari Leihotikan izenburua jarri zioten, eta taldeak horrela deitzea erabaki zuten. Hirukote gisa maketa bat grabatu zuten, eta lagunen artean banatu. Bigarren maketa ere etorri zen, baina ordurako taldean bost lagun ziren, Aitor Remon (baxua) eta Mikel Aranguren (gitarra) taldekide berriekin. Nafarroatik kanpoko lehen kontzertua 1997an egin zuten, Bilbo Hiria Pop-Rock Lehiaketan. Arangurenek taldea utzi zuen.

Bigarren maketa Gor diskoetxeko arduradunen eskuetara heldu zen, eta "Punk-rock" kantuak Iruñeko tabernetan oihartzun handia izan zuela kontuan hartuta, disko bat grabatzeko proposamena egin zioten taldeari. Kantu berriak behar bezala lantzeko astirik gabe, Hemen ez da ezer aldatzen lehen diskoan (Gor, 1998) maketetako kantuak sartu zituen. Besteak beste, Bad Religion, Pennywise, NOFX, 7 Seconds eta Minor Threat taldeen eragina sumatzen zitzaion baina, batez ere, Ezin Izan taldearen eragina aldarrikatu zuen boskoteak. Urte batzuk geroago Ezin Izanen bertsio bat grabatu zuten Ilunago, ederrago diskoan (Gor, 2006): "No oirás". Hardcore melodikotik baino gertuago sentitzen zen taldea punk-rocketik. "Hardcore melodikoa etiketa bat da. Punk-rocka musika baino zerbait gehiago da. Jarrera bat da", zioten[1]. Aurrekoez gain, Euskal Rock Erradikaleko taldeek eta Kataluniako 80ko hamarkadako hardcore taldeek ere (HHH, Monstruacion, GRB...) eragin zieten.

Lur diskoan (Gor, 2000), bigarrenean, kantuak gordinagoak eta zuzenagoak izan zitezen saiatu ziren, naturari, arrazakeriari eta norberaren kezka existentzialei buruzko hitzekin, baina aurreko lanaren hardcore eta punk-rock ildotik atera gabe. Itoiz taldearen "Clash & Pistols" kantuaren moldaketa grabatu zuten —kontzertuetan, Itoizen kantu gehiago jotzen zituzten—, eta, bitxikeria gisa, Hemendik At! dance taldeko Iker Sadabak girotze lana egin zuen Iñigo Ibarrak abesturiko bertsoan. Disko guztietan Ibarraren bertso bat sartzeko ohitura du talde iruindarrak.

Hala ere, diskoa "ilunegia" geratu zitzaiela uste zuten, eta hurrengoan, Munduaren leihoa-n (Gor, 2003), lehenengoaren freskura eta bigarrenaren sendotasuna uztartzen saiatu ziren. Taldekideen osasun arazoak zirela medio, hiru urte eman zuen taldeak "desagerturik", zuzenean jo gabe. Kantu gehiago sortzeko aprobetxatu zuten geldialdia. Los Angelesko (Kalifornia, AEB) Youth Brigade taldearen moldaketa bat egin zuten disko horretan ("Zerbaitetan sinetsi"), eta Iker Piedrafita (Dikers) izan zuten ekoizpenean lagun. Hitzetan, mezu argiagoak eta hurbilagoak azaltzen ahalegindu zen taldea.

Diskoak patxadaz eta presiorik gabe prestatzeko ohiturari jarraituz, beste hiru urte pasatu ziren Ilunago, ederrago kaleratu arte. Taldearen diskorik "landuena" da eta hitzetan "sakonagoa eta intimoagoa", taldekideen hitzetan. Estilo aldetik punk-rock eta hardcoreari eutsi arren, aniztasuna dago kantuetan. Disko honekin Euskal Herritik atera ziren estreinakoz jotzera; Espainiara eta Kataluniara, hain zuzen ere. 2004ko urtarrilean Madrilen jo behar zuen, Berri Txarrak taldearekin batera, baina Espainiako zenbait komunikabide eta elkarte ultraeskuindarrek egindako presio eta mehatxuen ondorioz, antolatzaileek kontzertua bertan behera uztea erabaki zuten.

2018 urtean diska bikoitz bat atera dute, Non zaude? izena duena, halaber Gor diskoetxearekin. Non zaude? (Egoen lehian) eta Non zaude? (Bizientzat zein hilentzat) diska bien izenak dira.

Diskografia aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. Euskaldunon Egunkaria, 1998ko ekainaren 25a
  2. Harold. (Noiz kontsultatua: 2018-11-09).
  3. Punk Rock talde soil bat.... (Noiz kontsultatua: 2018-11-09).
  4. Non zaude? (Egoen lehian). (Noiz kontsultatua: 2018-11-09).
  5. Non zaude? (Bizientzat zein hilentzat). (Noiz kontsultatua: 2018-11-09).

Kanpo estekak aldatu