Latzen
Latzen Oñatin 1993an sortutako heavy metal musika talde bat izan zen.
Latzen | |
---|---|
Datuak | |
Jatorria | Oñati (Gipuzkoa) |
Musika mota | Heavy metal |
Instrumentuak | Ahotsa, Kitarrak, Baxua, Bateria. |
Urteak | 1993 - 1999, 2008 |
Produkzioa | |
Diskoetxea(k) | Oihuka |
Taldekideak | |
Gorka Lazkano Iker Martinez de Zuazo (Marti) Joxe Mari Azpitarte Aitor Uriarte | |
Informazio gehigarria | |
Ibilbidea
aldatuOso gazte hasi ziren, eta Hor Konpon taldea alboan izatea lagungarri suertatu zitzaien. Jaialdiak ugaldu ahala, Carlos Kreatoren estudioan gauzatu zuten lehen maketa, Heriotzari deika izenekoa. Euskadi Gazteako maketa lehiaketan entzuleen harrera beroan, entzuleen saria irabazi zuten.
Kontzientzia ala infernua izan zen haren lehen estudio-diskoa. Oihuka diskoetxearen arabera, lanak batzen ditu metal arloan dauden erritmo desberdinak. Kanta azkarrak, gogorrak, boteretsuak eta zanpakorrak ditu, gitarren indarrean egindakoak eta ahots garbi eta melodiatsuak lagunduak. Makinak ederki funtzionatzen du bizi-bizi zein makal, eta baladen egituran doazenak ez dira atzean gelditzen. Tonu epiko, metalzale eta heavyak. Hitzak zainduak dituzte eta giza arlokoak dira batik bat, baina maitasunezkoak ere badituzte. 1997ko Gaztea Sarietan kantarik kuttunena izendatu dute Laztana abestia.
Bigarren estudio-diskoa Ardi Larruz izan zen. Oihuka diskoetxearen arabera, bigarren disko hau, aurrekoaren aldean, gogorragoa da. Metal boteretsuago eta landuagoa. Azala bezala, gordinagoa, nahiz eta abiadurak, orokorrean, apur bat jaitsi diren; horrek sendotu egiten ditu kolpea eta iraunkortasuna. Oinarri erritmiko sendoak eta metaleroak. Gitarretan lan eskerga dago, punteo distiratsuak. Ahotsak melodiak osatzeko erraztasun apartu du, lakarrak batzuetan eta, leunak tarteka.
2007an, taldearen banatzetik zortzi urte igarotakoan, taldea berriro elkartu zen "Infernuko Ateetan Tour" izeneko agur-bira egiteko.
Taldea
aldatuLatzen heavy metal taldea Oñatiko lau gaztek osatu zuten, 1993. urtean. Garai hartan, Gorka Lazkano (bateria jotzailea), Joxemari Azpitarte (baxua) eta Aitor Uriarte (ahotsa) ikasgela berean zeuden, eta Aitorrek beste jarduera batzuetatik ezagutzen zuen Iker Martinez de Zuazori (gitarra jotzailea) taldera batzeko esan zion. Hamasei urte baino ez zituzten. Laukotea osatuta, Hor Konpon taldearen entsegu lokalean sartu ziren. Lehen kontzertua, 1993ko abenduan egin zuten, Oñatiko Ongi tabernan. Hurrengo hilabeteak entsegu lokalean abestiak sortzen eta kontzertuak ematen pasa zituzten.
1995. urtean, lehen maketa atera zuten, Heriotzari deika izenekoa. Sei abestiz osaturiko lehen grabazioak sekulako arrakasta izan zuen Euskal Herriko gazteen artean. Denbora gutxian 2.000 ale inguru saldu zituzten. Hori ez ezik, laukoteak Euskadi Gaztearen entzuleen saria eskuratu zuen, eta Egin Txotx! lehiaketa irabazi zuen. Bi lorpen horiei esker, taldearen musika dezente hedatu zen, batez ere irrati uhinen bitartez. Taldearen heavy doinu indartsuak oihartzuna izan zuen. Era berean, Oihuka diskoetxearen interesa piztu eta aurreneko diskoa grabatzeko aukera eman zien. Horrela, 1996an Kontzientzia ala infernua estreinako diskoa plazaratu zuten. Zinez metalzalea. "Bat gehiago", "Hiesa ihes" eta "Ze ingo xu" kantuek eta irratian mila bider errepikatu zuten "Laztana" baladak areagotu egin zuten Oñatikoen arrakasta. Urte hartan jende ugari joan zen Latzenen kontzertuetara. Adibidez, Bilboko Aste Nagusian Gas plazan emandako zuzenekoa jendetsua izan zen.
1997. urte bukaeran, taldea atseden hartu eta bigarren lana prestatzen hasi zen. Urtebete geroago, Ardi larruz (Oihuka, 1998) argitaratu zuen. Atseden txikiaren ondorengo pausoa. Gipuzkoarrek euren musika gogortu, eta, aldi berean, moteldu egin zuten. Metal pausatuago eta pisutsuago baten alde egin zuten. Gipuzkoarren bigarren lanak ere harrera beroa izan zuen, hala jarraitzaile nola salmenten ikuspuntutik. Aurkezpen kontzertua Chiapasen aldeko mugimenduaren jaialdian egin zuten, Oñatin. Gerora beste hainbat emanaldi iritsi ziren, tartean Espainian aurreneko aldiz egin zituztenak. Alabaina, 1999ko abuztuaren 13an azken kontzertua eman zuten Arantzan (Nafarroa). Laukoteak, arrakastaren gailurrean, taldea desegitea erabaki zuen, arrazoi jakinik gabe. "Hirugarren diskoa grabatzera sartzeko prest ginen, eta diskoetxearekin azken kontuak egitera autoan gindoazen, Lekeitiorantz, Angelillorekin elkartzera, Jabiertxo managerrarekin batera. Bidean, beste inongo misteriorik gabe, taldea uztea adostu genuen" (1).
Latzen banandu ostean, lau kideek ez zuten musika baztertu. Aitor Uriartek Sen sortu zuen, besteak beste, Haritz Harreguy gitarrista eta soinu hartzailearekin -Latzenen soinu teknikaria izan zen azken urteetan-. Pop rock doinuak lagun, hiru disko argitaratu zituzten. Gerora, berriz, Une rock-metal taldean sartu zen, eta bi disko kaleratu dituzte. Iker Martinez de Zuazok eta Joxemari Azpitartek Potemkin taldea sortu zuten. Egun, Ikerrek soilik segitzen du taldean.
Alabaina, 2007ko urriaren 2an Latzeneko lau musikariek beren proiektuak albo batera utzi eta taldearen azken kontzertu bira egingo zutela iragarri zuten. Esan eta egin. Urriaren 12an Infernuko ateetan birari hasiera eman eta 15 kontzertu eman zituzten Euskal Herrian. Tartean, Eskoriatzan emandako kontzertua grabatu zuten zuzeneko lan berri bat kaleratzeko. Horrela, 2008an Hellmuga izeneko zuzeneko disko eta DVDa argitaratu zuten. Oñatiko taldearen azken testigantza. Ondoren, lan berria aurkezteko beste zenbait kontzertu jo eta Latzen behin betiko lozorroan sartzea erabaki zuten.
Taldekideak
aldatu- Gorka Lazkano: bateria.
- Iker Martinez de Zuazo: gitarra eta akustika.
- Joxe Mari Azpitarte: baxua eta ahotsak.
- Aitor Uriarte: gitarra eta ahots nagusia.
Diskografia
aldatu- Heriotzari Deika (maketa) - 1995
- 1.Gu Ez Gara
- 2.Beldurra
- 3.Argiaren Zai
- 4.Putzu Beltzean
- 5.Latzen
- 6.Infernuko ateetan
- Kontzientzia ala infernua - 1996
- 1.Kontzientzia Ala Infernua(intro)
- 2.Bat Gehiago
- 3.Ze Ingo Xu?
- 4.Torturaren Artea
- 5.Metal Erasoa
- 6.Laztana (Balada Mitikoa)
- 7.Mezua Hil Aurretik
- 8.Aurkitu Zaitez
- 9.Indarra (Instrumentala)
- 10.Hies-a Ihes
- 11.Mamuak Baztertu
- Ardi Larruz - 1998
- 1.Itsutu
- 2.Traidorea
- 3.Aukera Baten Bila
- 4.Mila Esker
- 5.Izatearen Giltza
- 6.Ohituren Menpe
- 7.Iritsiko Da Eguna (Balada)
- 8.Nola Azaldu
- 9.Ardi Larruz
- 10.Gor
- 11.Lurra Odolean
- 12.Bakean Naiz
- 13.Itsutu(Remix)
- Heriotzari deika - 2007
- 1.Gu ez gara
- 2.Beldurra
- 3.Argiaren zai
- 4.Putzu beltzean
- 5.Latzen
- 6.Infernuko atean
- Hellmuga - 2008
- 1.Intro
- 2.Bat gehiago
- 3.Mamuak baztertu
- 4.Aukera baten bila
- 5.Izatearen giltza
- 6.Torturaren artea
- 7.Indarra
- 8.Metal erasoa
- 9.Hiesa ihes
- 10.Ze ingo xu?
- 11.Laztana
- 12.Lurra odolean
- 13.Zu atrapatu arte
- 14.Infernuko ateetan + Gu ez gara
- 15.Kontzertua
Sariak
aldatu- Gaztea maketa lehiaketa: 1995 (entzuleen saria)[1]
Erreferentziak
aldatu- Edukiaren zati bat «Latzen» artikulutik hartua da. Artikulu hark Inaxio Esnaola du egile, eta Creative Commons Aitortu-Partekatu Berdin 3.0 lizentziarekin argitaratu da Badok euskal kantagintzaren atarian.
- ↑ «Maketa Lehiaketa, 27. irabazlearen bila» Euskal Irrati Telebista (Noiz kontsultatua: 2020-11-14).