Lantzeko idazkuna

Lantzen (Nafarroa) aurkitutako idazkuntza

Lantzeko idazkuna Nafarroa Garaiko Lantz herriko meatze guneko Aierdi VIII leize zuloan aurkitu zuten inskripzio paleohispaniko bat da, duela 2.000 urte ingurukoa;[1][2] hortaz, Irulegiko Eskuaren garai bertsukoa da. Idazkunean identifikatu dituzten hiru ikurrak (i5ka5e1) IKAE edo IGAE gisa transliteratu dituzte ikerleek.

Lantzeko idazkuna
Jatorria
Sorrera-urteaK.a. I. mendea
Aurkikuntza lekuaLantz, Nafarroa Garaia (Euskal Herria)
Aurkikuntza data2022
Aurkezpen data2024ko urriaren 21a
Aurkitzailea edo asmatzaileaNafarroako Gobernua
Ezaugarriak
Dimentsioak130 (zabalera) × 230 (luzera) mm
Hizkuntzaipar-ekialdeko iberiar idazketa
Idazketa-sistemaipar-ekialdeko iberiar idazketa
Kokapena
LekuaAierdi VIII
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Nafarroa Garaia
UdalerriaLantz
Koordenatuak43°00′33″N 1°35′24″W / 43.00929312°N 1.5899866°W / 43.00929312; -1.5899866
Map

Nafarroako Gobernuak 2024ko urriaren 21ean eman zuen aurkikuntzaren berri [3], eta adierazi zuen bere Kulturako Zuzendaritza Nagusiko ikerketa taldeek «duela gutxi» aurkitu zutela inskripzioa. Hala ere, iturri fidagarrien arabera, aurkikuntza 2022an egina zen, eta 2024ko maiatzean idazkunaren hormaren 3D modelo bat igo zuen Sketchfab webgunera ikertzaileetako batek.[4]

Inskripzioaren ezaugarriak

aldatu
 
Inskripzioaren marrazkia, arkeologoen argazkiaren gaineko kalkoa. Puntuzko marra, desagertu den eta balizko lerroak dira.

Leize zuloaren sarreratik 61 metrora eta 18 metroko sakoneran aurkitu zuten idazkuna. Sabaiaren azpian eginda dago, iparraldera ematen duen paretan, lurretik 84 zentimetrora, buztinez eta legarrez osaturiko geruza batean. Identifikatu diren hiru ikurrek 23 zentimetro luze eta 13 zentimetro zabal hartzen dituzte, eta buztinean eginda daude, tresna ziztakari batez. Ildoak 4-6 milimetro zabal hartzen ditu, 2 eta 9 milimetro arteko sakonera erakusten dute.[1]

Idazkunean identifikatu dituzten hiru ikurrak (   ) IKAE edo IGAE gisa transliteratu dituzte ikerleek. Iberiar zeinuek ez dute beti foram berdina soinu baterako, eta aldaera geografikoak edo kronologikoak egon daitezke. Aldaera edo forma horiek hainbat corpusetan jaso izan dira, eta korpus batzuei begiratuta badirudi foram hauek erabili direla Lantzeko idazkunean: I soinua idazteko erabili zuten zeinuaren forma i5 kodea du, KA edo GA soinuak U187=ka5 kodea duen zeinuaren formarekin idatzi zuten eta E soinua, E edo I idazteko erabiltzen zen zeinuaren U41 = e3 edo E idazteko U38=e1 forma.[5]

Hitz horren izaera baskonikoa posibletzat jo zuen Nafarroako Gobernuak 2024ko urriko oharrean lotura eginez ikhai / ikai euskarazko hitzarekin (aldapa, aldats), meategiko aldats batean baitago idatzia.[3] Ikai Arnaut Oihenarten 17. mendeko atsotitz bilduman agertzen da, eta lotzen da ikhan / igan / igo aditzarekin.[6]

Datazioa

aldatu

Idazkunaren datazio zehatzik ezin izan da egin, baina inguruko arrastoetan egin dira Karbono 14aren bidezko testak, eta 2.000 urteko antzinatasuna egozten zaio inskripzioari.[3] Leize/meategi berean 1991 inguruan aurkitu zen kriseilu zeramiko bat, oso tipologia zehatzekoa eta Erroma zaharreko aro errepublikar berantiarrari lotua, txori buru formako luzerna edo kriseilua (Dressel 4 edo Vogelkopflampen izenekin ezagunak arkeologian); eta hauen datazioa oso zehatza da, K.a. 20. urtearen eta K.o. 10. urtearen artekoa[7]

Adituen azalpenak eta iruzkinak

aldatu

Mattin Aiestaran arkeologoak azaldu zuenez, «Lantzeko idazkuna berezia da toki produktibo batean aurkitu delako». Irulegiko Eskuaren aurkikuntzaren ardura izan zuen arkeologoaren iritziz, Lantzeko idazkuna loturik dago harekin. Zertxobait geroagokoa eta oso laburra izan arren, hipotesi bat indartu zuen idazkunak Aiestaranen ustez, hau da, «baskoiek bazutela beren hizkuntzan idazteko idazkera propioa».[8]

Jesus Sesma Aierdiko meategiaren indusketaren ardura duen arkeologoak azaldu zuen «Nafarroan azken urteetan egindako aurkikuntzarik zirraragarrienetako bat» zela, garai hartako meategietan, Iberiar penintsulan behintzat, ez baitzen ordura arte antzeko idazkunik aurkitu.[9]

Beste aditu batzuek ere azpimarratu zuten idazkunaren garrantzia, hiru ezaugarritan oinarrituta: lehenik, baieztatzen du erromatar garaiko Nafarroan signario paleohispanikoan idazteko ohitura; bigarrenik, Ultzamaldean aurkitu zen, Iruñetik iparraldera; eta azkenik, meategi baten barruan aurkitu zenez, izan zezakeen harremanik bertako langintzarekin.[10]

Erreferentziak

aldatu
  1. a b Garbiñe Ubeda. (2024-10-21). «Duela 2.000 urte inguruko idazkun bat aurkitu dute Lantzeko meatze-gunean» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-10-22).
  2. Juan Kruz Lakasta. «Duela 2.000 urteko idazkun bat aurkitu dute Lantzeko meatze-gunean - Nafarroa» Euskalerria irratia (Noiz kontsultatua: 2024-10-22).
  3. a b c (Gaztelaniaz) Nafarroako Gobernua. (2024-10-21). «Hallada una inscripción paleohispánica en el complejo minero de Lantz» Nafarroa.eus (Noiz kontsultatua: 2024-10-22) Ohar honek Gobernuak plazaratutako gaztelaniazko oharrera egiten du esteka. Izan ere, euskarazko bertsioa askoz ere laburragoa zen, eta ez zuen funtsezko informazioa jasotzen aurkikuntzaren ezaugarriez..
  4. (Gaztelaniaz) Lacosta, Teresa. (2024). Inscripción en mina Aierdi VIII - 3D model. (Noiz kontsultatua: 2024-10-23).
  5. «Cathalaunia | Iberika / Signari» cathalaunia.org (Noiz kontsultatua: 2024-10-28).
  6. «Hiztegia - EHHE - Ikai» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2024-10-24).
  7. (Gaztelaniaz) Lacosta, Teresa. (2023-05-31). Lucerna Dressel 4 - 3D model. (Noiz kontsultatua: 2024-10-24).
  8. Garbiñe Ubeda. (2024-10-22). «"Lantzeko idazkuna berezia da toki produktibo batean aurkitu delako"» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-10-22).
  9. Ansa, Mikel P.. (2024-10-22). «Zergatik da horren garrantzitsua Lantzeko inskripzioa?» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-10-22).
  10. (Gaztelaniaz) Joseba Abaitua. (2024-10-21). «Los tres signos paleohispánicos de Lanz» Trifinium - Apuntes anotados de lingüística vascorrománica (Noiz kontsultatua: 2024-10-23).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu