Lankide:Ondatz/Proba orria


Aitzagako ermitaAldatu

 
Aitzagako ermita

Aitzaralde, Altzaga edo Aizagako Andre Mariaren ermita. XII. mendekoa da, erromanikoa, eta XIX. mendearen hasieran zaharberritu zuten.

 
Portada
 
Kapitelak

Iturmendiko errotatik eta Burunda ibaitik gertu dago, Gipuzkoara doan bidearen ondoan, muino baten gainean, haritzez inguratutako paraje ikusgarri batean.

Bertan XI. edo XII. mendetik XIV. mendera arte egondako izen bereko herrixkako eliza izan zen. Tokiaren izena hainbat barianterekin ageri da dokumentazio historikoan: Aizaga, Aycaga, Huecaga, Eitzaga, Izaga, Icaga, Ilzaga, Izcaga; baita gaur egun ere: Aitzaga, Aizara o Aritzaga[1].

Lehen aipamena Leireko monasterioaren 1196ko agiri batean dago, testamentu batean zehazki, baina beste iturri batzuen arabera Pedro I.a erregeak dohaintzan eman zion Aralarko San Migel monasterioari 1106an[2]. XIV. mendean, Arabatik eta Gipuzkoatik etorritakoen eraso eta arpilatzeen ondorioz, herrixka hauek desagertzen joan ziren Burunda eta Sakana osoan, babesik gabe baitzeuden, ea bertako bizilagunek herri handiagoetara jo zuten (Aitzagakoak azkenetakoak, XV. mendearen hasieran).

Aizagako ermita landa eremuko eliza erromaniko bat. Jatorrian abside erdizirkularra izan zuen, baina XIX. mendean egin zitzaion erreforma handian kendu zuten, erortzeko arriskuan zegoelako ziurrenik; kareharrizko harlanduxkoekin eraikia dago, baina portada, baoak, kantoiak eta apaingarri eskultorikoak hareharriz eginak dira. Nabarmentzekoa da portada, osorik ez badago ere, guztiz erromanikoa baita; sarrera puntu erdikoa da eta arkibolta bikoitzekoa, eta alde bakoitzean bi zutabe ditu, eta kapiteletan zizelaturik monstruo hegadunak edo lehoiak, arpiak edo hegaztiak eta sugeak diruditenak, balio historiko eta artistiko handikoak. Gorago mentsula bat dago, buruekin apaindua, garai batean estalpe bati eusten ziona. Bataiarria ere erromanikoa da baina Iturmendiko elizan dago gaur egun. Garai batean gurtzen zen Jasokundeko Ama Birjinaren irudia, erromanikoa, desagerturik dago.

Ondoko larrean kalbario barroko bat dauka, herritik datorren gurutze-bidearen bukaera. Euskarazko hitz batzuk ageri dira gurutzeetan[3].

Ermitaren inguruan tradizioak edo kondairak sortu ziren, gehienak jentilei buruz mintzo direnak: izaki mitologiko erraldoi hauek elkarri harrizko bolak botatzen ibiltzen ziren, Urdiaingo Aitzibergo ermitatik Aizagako honetara, edo Aizagatik Donamariagain dermiora; beste kondaira batek dio azken jentilak kristautu zirenean Aizagako bataiarrian bataiatu zituztela.

Jasokundearen egunean (abuztuaren 15ean) festa ospatzen da.

ErreferentziakAldatu

  1. (Gaztelaniaz) Gabirondo, Nicolás Arbizu. (). «Ermitas de Iturmendi» Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra 24 (59): 95–114. ISSN 0590-1871. (Noiz kontsultatua: 2020-06-15).
  2. (Gaztelaniaz) Pérez Ollo, Fernando. (1983). Ermitas de Navarra. Caja de Ahorros de Navarra, 131 or. ISBN ISBN: 84-7231-851-6..
  3. «Gurutze-bide euskalduna Iturmendin - Iturmendi» Guaixe.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-15).