Lankide:Larar25/Proba orria

Bizi-zikloa eta ugalketa aldatu

D.melanogasterren bizi-zikloak 21 egun irauten du, arrautzatik irteten denetik hiltzen den arte.

Hainbat intsektu-espezie ektotermikoren kasuan bezala, D.melanogasterren garapen prozesua tenperaturaren menpekoa da. Garapen prozesuak arrautzatik hasi eta heldu bihurtu diren arte irauten du. Garapen-denbora laburrena 7 egunekoa izaten da, eta 28 ºC-tan lortzen da. Garapen prozesua luzatu egiten da tenperatura igo ahala: 19 egunekoa da 18 ºC-tan, eta 50 egun baino gehiagokoa tenperatura 12 ºC-koa denean. Tenperatura optimoa 25 ºC dira, euliak 8,5 egunetan garatzea eragiten duena. Emeek 400 arrautza inguru erruten dituzte, 0,5 mm inguruko luzera dutenak, usteldutako frutan edo perretxikoetan. Baldintza optimoetan (25ºC) 12-15 ordu iragandakoan eklosionatzen dute arrautzek, eta horietatik irteten diren larbek, 4 egun pasatu ondoren, pupa bihurtu eta metamorfosia jasaten dute. Metamorfosiaren ostean, heldu bilakatzen dira. Larba direlarik, bitan aldatzen dute azala (exubiazioa), arrautzatik irten eta 24 eta 48 ordura. Garapen-fase horretan, fruta usteltzen duten mikroorganismoez eta frutak berak dauzkan azukreez elikatzen dira.

Ugalketa aldatu

Ozpin-euli arrek emeak gorteatu behar dituzte, ugaldu baino lehen. Gorteatze prozesu horrek bost fase ditu, zeinetan arrak emea erakartzen saiatzen den hegoen bibrazioen eta bestelako taktiken bitartez, emeak onartzen duen arte. Emeek arrak errefusa ahal dituzte horiei ostikoak emanez edo alde eginez. Euli emeak arra onartzen badu, kopulazioak 15-20 minutu irauten du. Emeek bikote batekin baino gehiagorekin kopulatu ohi dute. Beraz, eme bakarrak errunaldi bakarrean ar baten baino gehiagoren arrautzak ipiniko ditu. Hori gertatzen da D.melanogaster emeek kopulatzen dituzten arren esperma gordetzen dutelako euren gorputzaren barruan. Ar desberdinen espermek lehiatu egiten dute emearen obuluak ernaltzeko. Zientzialariek uste dute kopulatzen azkena izan den arrak arrautzen % 80ren aita izango dela lehia horren ondorioz. Ernalketa gertatu ostean, emearen umetokiko neurona sentsorialek arren esperman dagoen proteina bati, sexu-peptidoari, erantzuten diote. Proteina horrek emeak ernalketa gertatu osteko 10 egunetan kopulatzea ekiditen du. Neurona sentsorialak sexu-peptidoaren aurrean kitzikatzen dira eta eulietan hipotalamoaren homologoa den garunaren gunera bidaltzen dute seinalea. Ondoren, hipotalamoak desira eta jokaera sexuala kontrolatzen ditu. Prozesu horren bide metabolikoa ondo deskribatuta dago.

D. melanogaster bizitzaren luzera aztertzen duten ikerketetan erabiltzen da, mutatutakoan eulien bizitza luzatzen duten geneak identifikatzeko adibidez.

Garapena aldatu

D.melanogasterren garapen prozesuak lau fase ditu: arrautza, larba, pupa eta euli heldua.

D.melanogaster ikerketa genetikoetan oso erabilia izan den organismo modeloa da. Bere garapen prozesua sakonean ikertu da, abantaila asko eskaintzen baititu beste animalia modeloekin alderatuta: tamaina txikia, garapen-denbora laburra eta arrautza kopuru handia errunaldi bakoitzean.

Oogenesia aldatu

 
Diska imaginaleko zelulen helmuga euli heldu baten hankan.

Oozitoa ernaldu ostean, sortu berri den enbrioiak hainbat DNA bikoizketa jasaten ditu, eta 13 nukleo zatiketa. Prozesu horren ondoren, 5000 eta 6000 nukleo artean egongo dira zelula bakarrean, zitoplasma partekatzen. Nukleo horiek zitoplasmaren gune desberdinetara migratzen dute; gehienak enbrioiaren gainazalera, eta beste batzuk enbrioiaren erdialdera. Azken horiek bitelo-zakua osatuko dute. Nukleo zatiketak oso azkar gertatzen dira, kontrol handirik gabe, eta, beraz, akatsak egon daitezke DNAn. Akasdun nukleoek enbrioiaren erdialdera migratzen dute, bitelo-zakuko zelula bihurtzeko, gune hori ez baita euliaren gorputzaren parte izango. Hasierako garapen-faseetan aldaketa asko gertatzen dira enbrioian, eta ezagunak diren gene askok parte hartzen dute horietan. Gene sare hau hobeen deskribatuta dagoen gene sareetako bat da.

Gastrulazioan eta hasierako garapen-faseetan zehar enbrioiak mugimendu morfogenetiko ugari jasaten ditu: mesodermoaren eta endodermoaren hainbat inbaginazio, gorputz-atalen segmentazioa, etab. Arrautzatik irten ostean, larba fasean sartzen da. Fase honetan larban diska imaginalak sortzen hasten dira. Diska horiek zelula epitelialen taldeak dira, pupa fasean euliaren kanpoko egitura bilakatuko direnak. Zelula taldeak diska moduan antolatzen dira, hortik datorkie izena.

Larba-fasea amaitzean, larbek metamorfosia egiten dute. Prozesu horretan zehar, larba pupa bihurtzen da. Larba eratzen zuten ehunak birxurgatu egiten dira eta diska imaginalek mugimendu morfogenetiko asko jasaten dituzte, euli helduen egiturak sortuz, adibidez: burua, hegoak, toraxa eta sexu-organoak.