Jose Miguel Beñaran Ordeñana, Argala ezizenez ezaguna, (Arrigorriaga, Bizkaia, 1949ko martxoaren 7a - Angelu, Lapurdi, 1978ko abenduaren 21a) ETAko kide eta buruzagi historikoa izan zen. Bere autoaren azpian jarritako lehergailu batez hil zuten Espainiako zerbitzu sekretuek. Ekintza Batallon Vasco Español delakoak hartu zuen bere gain.
Arrigorriagan jaio zen, Arratia bailara euskalduna eta Bilbo industrialaren erdibidean. Ama, Felicidad Ordeñana Uriarte, Arantzazukoa, euskalduna zuen, baina etxean erdaraz soilik egiten zuen. Aita, Pablo Beñaran Ormazabal, Arrigorriagakoa, abertzalea zen, eta ez zekien euskaraz, guraso euskaldunak izan arren. Lau seme-alaba izan zituzten: Jose Migel (1949), Maite (1951), Iñaki (1952) eta Pablo (1955). Euskal nazioaren kontzientziaren berpizkundea izan zen 1960ko hamarkada: ikastolak, jaialdiak, euskara ikastaroak... Giro horretan bete betean murgildu zen Jose Migel Beñaran. 1968an ETAn sartu zen, Kuadrillako hainbat lagunekin batera. Ingeniaritza ikasketak egiten aritu zen, baina ikasketak utzi, eta banketxean lanean hasi eta giza zientziak ikasteari ekin zion aldi berean.
|