Lankide:Inesm8/Proba orria

GURPIL-LERROKO ABIADURAKO IRRISTAKETA aldatu

Gurpil-lerroko abiadurako irristaketa, abiadurako irristaketa kirolaren modalitateetako bat da, zeina gurpil-lerroko irristailuak erabiliz praktikatzen den. Irristalariak pista obal batean bueltaka aritzen dira, helmuga-marrara ahal bezain lasterren ailegatzeko.

Prestakuntza fisiko zein psikologiko eskaera handia duen kirola da. Izan ere, kirol aerobikoa da, momentu oro oxigeno beharra dagoelako; baina, modu berean anaerobikoki lan egin beharra dago, esprint probak egin ahal izateko, baita iraupen luzeko lasterketatan momentu espezifiko batzuetan erritmo-aldaketak egiteko ere. Modalitate honetan indarra, erresistentzia eta trebezia batzen dira. Ildo beretik, entrenamenduen helburua denbora tarte luzeago batean gero eta azkarrago irristatzeko gai izatea da, hau da, gero eta abiadura altuagoa mantentzeko gai izatea ahalik eta denbora tarte luzeenean. Horretaz gain, entrenamenduetan talde-estrategiak edo estrategia-indibidualak lantzen dituzte, zeinen bitartez helmuga-marrara lehenago ailegatzea lortu nahi den.

World Skate modalitate hau zuzentzen duen erakunde nagusia da, zeinak berezko komitea eta presidentea duen; haren izena  Abiadurako irristaketaren komite internazionala (CIC) da. Nazioarteko txapelketa internazional garrantzitsuena Gurpil Gaineko Abiadurako Irristaketako Munduko Txapelketa da. Txapelketa hau urtero ospatzen da, eta CICek antolatzen du.

MATERIALA aldatu

Modalitate honetan abiadurako gurpil-lerroko irristailuak erabiltzen dira, hauek hurrengo zatiak dituzte: bota, plantxa (frame) eta gurpilak. Plantxa torlojuen bitartez botari lotuta doa, eta gurpilak ere torlojuen bitartez plantxari egokitzen zaizkio.

Botari dagokionez, material ezberdinez osatzen da, orokorrean goiko zatia larruz egiten da, eta lokarriak gehitzen zaizkio kirolariek bota oinaren formari egokitu dezaten. Haren azpiko zatia aldiz, karbono-zuntzaz osatzen da, pisurik izan ez dezan, trabarik ez sortzeko. Haren tamainari dagokionez, indibiduala izango da, pertsona bakoitzaren oinaren tamaina eta formaren araberakoa. Are gehiago, gaur egun irristalari askok neurrira egiten dituzte, botak haien oinen tamaina zein forma berdina izan dadin.

Modu berean, plantxa eta gurpil luzera eta diametro ezberdinak daude. Gurpilen ezaugarririk garrantzitsuenak diametroa eta gogortasuna dira, 70-125 millimetro arteko diametroa izan dezakete[1].

Are gehiago, gurpilaren iraupena gogortasunaren araberakoa da, baita haren heltzea eta erresistentzia, hau da, gurpila zenbat eta bigunagoa heltze handiagoa izango du, erresistentzia gehiago sortuko du, eta ondorioz gehiago higatuko da haren iraupena murriztuz. Aldiz, zenbat eta gogorragoa, heltze gutxiago, erresistentzia gutxiago, iraupen gehiago eta abiadura handiagoa.

Gurpilen diametroaren arabera, plantxa aukeratuko da, izan ere plantxa bakoitzak diametro zehatza duten 4 gurpiletarako diseinatuta egongo da. Hala ere, gaur egun badaude plantxa batzuk 3 gurpiletakoak direnak, normalean 3 gurpil horiek 125 milimetrotakoak dira eta distantzia oso luzeak egiteko erabiltzen dira, adibidez, maratoiak. Orokorrean, gurpila zein plantxa irristalariaren maila eta adinaren araberakoak izango dira, hau da, kirolariak zenbat eta maila altuagoa izan orduan eta plantxa eta gurpil handiagoak erabiliko ditu. Izan ere, handiagoak eta luzeagoak direnez pisutsuagoak dira eta haiek mugitzea teknikoki ere zailagoa da, baina errendimendu aldetik, handiagoak diren heinean behin mugimenduan egonda askoz ere efizienteagoak dira[2]

Material horretaz gain, kaskoa ere ezinbestekoa da, bai entrenamenduetan baita lasterketetan ere kaskoa erabiltzea derrigorrezkoa da. Beste aldetik, nahiz eta ezinbestekoak ez izan, irristalari askok hurrengo tresnak ere erabiltzen dituzte: betaurrekoak, eskularruak, belaun-babesak eta ukondokoak[3]

TXAPELKETA ETA PISTA MOTAK aldatu

Kirol hau praktikatzeko entrenamenduetan baita txapelketetan ere erabiltzen diren pista edo instalakuntza guztiak lau motatan sailka daitezke: pistak, frontoiak, zirkuituak eta errepidea. Pistak estaliak edo aire zabalekoak izan ahal dira, obal formakoak dira, 125 eta 400 metro tarteko luzera izan dezakete eta gutxienez bost metroko zabala. Horretaz gain, batzuek bihurgunetan peraltea dute. Zirkuituak aldiz, asimetrikoak dira, batzuk espazio itxietan daude eta beste batzuk aire zabalean, zabalera gutxienez 6 metrotakoa, eta luzera 400 eta 1000 metro tartekoa. Frontoietan 80-100 metro tarteko luzera izan dezakeeten zirkutito simetrikoak sortzen dira. Hauek luzera berdineko bi zuzen eta bi kurba izan behar dituzte.

Txapelketak pista motaren araberakoak dira eta distantziaren arabera sailkatzen dira. Pistan hurrengoak dira:

  • 300 m-ko erlojupeko proba
  • 500 m
  • 1000 m
  • 3000 m-ko errelebo-lasterketa
  • 10.000 m-ko kanporatze proba
  • 10.000 m-ko kanporatze eta puntuazio proba

Aldiz, zirkuituan hurrengoak dira:

  • 100 edo 80 m-ko lerroko proba
  • 200 m-ko erlojupeko proba
  • 500 m
  • 1500 m
  • 3.000 m-ko errelebo-lasterketa
  • 10.000 puntuazio proba
  • 15.000 kanporatze eta puntuazio proba

Kanporatze probatan, buelta bakoitzean helmuga-marra azkenekoa zeharkatzen duen pertsona bat edo bi kanporatuak izango dira, eta irabazlea 10.000 metroak bukatzerakoan helmuga-marra lehenengoa zeharkatzen duen pertsona da. Aldiz, puntuazio frogatan bi itzuli egiten dituzten bakoitzean helmuga marra lehenengoa zeharkatzen duenak bi puntu jasotzen ditu, eta bigarrenak puntu bakarra, irabazlea froga bukatzerakoan puntu gehien dituena izango da. Aldiz, bi motak konbinatzerakoan, buelta batean kanporatzea izango da eta hurrengoan puntuazioa, eta irabazlea berriz ere puntu gehien lortzen dituena izango da, betiere kanporatua ez bada. Hau da, nahiz eta puntu asko jaso hasierako itzulietan, ondoren kanporatze batean helmuga-marra azkenekoa pasatzekotan, lasterketatik eliminatuta egongo da eta lortutako puntuak galduko ditu. Beste aldetik, errelebo-lasterketetan lau edo bost talde aurka egiten dute, talde bakoitza hiru edo lau pertsonatakoa izanda. Betiere taldeko kide bakarra egon ahal da irristatzen momentu bakoitzean; haien artean txanda emateko eremu zehatz batzuk daude, eta eremu horietatik kanpo ematekotan, taldea kanporatua izango da. Lasterketa hauetan talde irabazlea 3.000 metroak azkarren egin eta helmuga-marrara lehenengo iristen den taldea izango da.

Txapelketa guzti hauetaz gain, maratoia ere aipagarria da. Izan ere, Espainiako zein Munduko txapelketan azken egunean 42 km luze den lasterketa hau egiten da.

ESKAERA FISIKOAK ETA PSIKOLOGIKOAK aldatu

Abiadurako irristaketako eskaera fisiko zein psikologikoak analizatzerakoan hainbat autorek, hala nola, Gonzalez-ek (2011) kirol honek prestakuntza fisiko, tekniko, taktiko eta psikologiko handiaren beharra duela adierazi dute. Hau azaltzearren, sistema energetikoen erabilpena azaltzen dute. Izan ere, modalitate hau praktikatzerakoan energia lortzeko bide ezberdinak konbinatzen dira. Alde batetik, energia modu aerobikoan lortzen da, etengabeko oxigeno kontsumo beharra dagoelako. Beste aldetik, anaerobikoki ere lan egin beharra dago, momentu zehatz batzuetan abiadak egitearren.

Aurretik aipatutako energia bideen erabilpena, giharren funtzionamendua eta eraginkortasuna, indarra, erresistentzia eta abiadura gaitasunen lanketarekin batera, gaitasun koordinatiboak ere landu beharra dago, hala nola, malgutasuna, oreka, erritmoa, arintasuna eta mugikortasuna.

Ildo beretik, praxiologikoki aztertuta, kirol soziomotorra da, 200 eta 300 metroko lasterketak izan ezik hauek modu inbidualean praktikatzen baitira. Beste lasterketa guztietan aurkari eta taldekideekin batera arituko dira, kooperazioan eta aurkaritzan.

Aurretik aipatu bezala, txapelketaren helburua froga bakoitzaren distantzia ahalik eta denbora gutxienean betetzea denez, irristalarien irristatzea oinarrizko faktoretzat har daiteke, zeinaren osagai garrantzitsuenak aerodinamika eta irristalariaren posizioa diren. Izan ere, irristalariak aurrera egiteko erresistentzia aerodinamikoari aurre egin behar dio, baita gurpilek lurrean sortzen duten erresistentziari ere. Erresistentzia aerodinamikoei dagokienez, kirol honetan garrantzi handiena duena frontala da, irristalarien gorputzen eta haizeren artekoa, eta abiadura, irristalarien arteko distantzia eta irristalarien beraien gorputz formaren araberakoa izango da. Hau da, zenbat eta abiadura handiagoa izan, erresistentzia frontala handiagoa izango da. Aldiz, irristalaria ondoko edo aurreko irristalariagandik zenbat eta gertuago egon, haizearen erresistentzia txikiagoa izango da. Eta gorputzari dagokionez, zenbat eta dimentsioa handiagoa, orduan eta erresistentzia frontal handiagoa. Are gehiago, hainbat autorek esanda, irristalari bat beste baten atzean joatearen ondorioz haren energia kontsumoa %15-20 inguru murriztu daiteke, zeinak erlazio zuzena duen erresistentzia frontalaren gutxitzearekin.

ABIADURAKO IRRISTAKETAKO TEKNIKA aldatu

Diziplina honetan lantzen den teknikari dagokionez, bi teknika mota ezberdintzen dira, lerro zuzenekoa eta bihurgunekoa. Lerro zuzenekoari dagokionez, hanken alboko eta atzeranzko bultzada da, bi hankak txandakatzen direlarik. Hanken mugimendua besoen mugimenduarekin koordinatzen da, oreka mantentzearren. Horretaz gain, aldakaren flexioa momenturo mantentzen da, enborra aurreranzko posizioan egonda, hanken bultzada luzea  eta eraginkorra izan dadin, baita oreka ere hobea izateko. 1990. urtean Chad Hedrick estatu batuarrak bultzada bikoitza deritzon teknika asmatu zuen. Teknika berri horren oinarria hanken alboko bultzada egin baino lehen, barruranzko bultzada txiki bat egitean datza. Teknika oso eraginkorra da, baina menperatzea zaila da, beraz gaitasun fisiko eta teknikoaren prestakuntza handiagoa suposatzen du.

Beste aldetik, bihurguneko teknika gorputzaren posizioaren berdina izango da, baina bihurgunerantz inklinatuz. Baina, hankei dagokionez, kanpoan doan hankak hasteko alboko bultzada egingo du, jarraian erdira bueltatu eta beste patinaren gainetik pasako da. Bitartean, beste hankarekin indarra eginez patinak bultzada txiki bat egingo du beste hanka hurrengo alboko bultzada egiteko prest dagoen arte.

EGOERA OLINPIKOA aldatu

Gurpil-lerroko abiadura irristaketa Nazioarteko Batzar Olinpikoak onartzen dituen modalitateen arteko bat da. Baina, 2005ko uztailaren 8an Singapurren Nazioarteko Batzar Olinpikoaren Batzorde Betearazleak egindako bileran ez zituen behar bezain beste boto jaso kirol olinpikoa bilakatzeko.

2008an Gijonen Munduko Txapelketa egin zen eta Nazioarteko Batzar Olinpikoko ordezkari batzuk txapelketa ikusten egon ziren, kirola analizatzeko, 2016ean kirol olinpiko bilakatzeko helburuarekin. Gai horren inguruko bilera 2009an egin zuten, Kopenhagen, eta berriz ere kirol olinpikoetatik kanpo gelditu zen.

EUSKAL HERRIKO FEDERAZIOAK aldatu

Euskal Herrian irristaketa diziplina mota hau zuzentzen duten bi federazio daude. Alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegokoa, Euskal Herriko Irristaketa Federazioa deiturikoa. Federazio honek irristaketa diziplina anitzak kudeatzen ditu, hala nola, gurpil-lerroko abiadura irristaketa,  estilo libreko irristaketa, gurpil-lerroko hockey, hockey irristaketa, irristaketa artistikoa, irristaketa derbia eta skateboard.  Beste aldetik, Nafarroko Irristaketa Federazioa, honek ere, gurpil-lerroko abiadura irristaketaz gain, hockey, irristaketa artstikoa, irristaketa derbia, skateboard eta irristaketa alpetarra zuzen ditu. Bi federazioen zereginak antzekoak dira: federazio barruko organoen antolaketa eta hautaketa, txapelketen antolamendua, txapelketa hauek arautzen dituzten neurriak erabakitzea eta helaraztea, txapelketen koordinatzaile eta zuzentzaileak hautatzea, pertsona hauen soldataz arduratzea… Betiere guzti hau bi federazioek Espainiako Irristaketako Errege Federazioaren araupean egingo dute[4][5].


  1. (Gaztelaniaz) «boscoszaragoza» boscoszaragoza (Noiz kontsultatua: 2021-04-04).
  2. «FISIOLOGÍA DEL PATINAJE: BIBLIOGRAFÍA» FISIOLOGÍA DEL PATINAJE (Noiz kontsultatua: 2021-04-04).
  3. (Gaztelaniaz) «boscoszaragoza» boscoszaragoza (Noiz kontsultatua: 2021-04-04).
  4. www.fnp.org (Noiz kontsultatua: 2021-04-20).
  5. (Gaztelaniaz) Patinaje Velocidad | Federacion Vasca de Patinaje - Euskal Herriko Irristaketa Federazioa. (Noiz kontsultatua: 2021-04-20).