Lankide:Anne Elizaga/Proba orria

Giza klonazio aldatu

Giza klonazio deritzo genetikoki erabat berdina den gizaki, giza zelula edo giza ehun baten kopia sortzeko prozesuari. Giza klonazio terminoak, oro har, giza klonazio artifizialari egiten dio erreferentzia, ez biki identikoen sorkunde naturalari.

Helburuaren arabera, bi teknika bereiz daitezke: klonazio terapeutikoa eta ugalketa-klonazioa. Klonazio terapeutikoan, gizaki baten zelulak klonatzen dira medikuntzan eta transplanteetan erabiltzeko. Ikerketa-eremu aktiboa da, baina oraindik ez dauka aplikazio medikorik. Klonazio terapeutikoko bi metodo ikertuenak dira ama-zelulen transferentzia nuklearra eta zelula ama pluripotenteen indukzioa. Ugaltze-klonazioan, aldiz, gizaki oso bat klonatzea da helburua.

Giza klonazioak gatazka etiko eta juridikoak sortu izan ditu. Ondorioz, kritika erlijiosoaren eraginez, hainbat herrialderi lege espezifikoak sorrarazi edo aldarazi zaizkie.

Historia aldatu

Gizakiak klonatzeko ideiak espekulazioa eta polemika eragin zituen XX. mendean zehar, baina zientzialariak eta legegileak ikuspegi hori serio hartzen hasi ziren 60ko hamarkadan.

1966: Joshua Lederbergek (Nobel Saria irabazi zuen genetista) klonazioaren eta ingeniaritza genetikoaren alde egin zuen lehen aldiz. Eztabaida piztu zen Leon Kass bioetiko kontserbadorearekin, zeinak bere garaian idatzi baitzuen "gizakiaren erreprodukzio programatuak, izatez, gizatasuna kenduko duela".

1971: James D. Watsonek (Nobel sariduna), klonazioaren potentziala eta arriskuak argitaratu zituen The Atlantic Monthly saioan, "Hacia el Hombre clonal” izenekoan.

1996: Zelula somatikoen transferentzia nuklearraren bidez (SCNT) lortutako Dolly ardiaren klonazioak, giza klonazioaren ideia eztabaidagai jendetsu bihurtzea eragin zuen. Herrialde askok debekatu egin zuten, zientzialari batzuek hurrengo urteetan klon bat sortzea promestu zuten bitartean.

2000 eta 2005: Hwang Woo-suk (Seulgo Unibertsitate Nazionaleko irakaslea) bi artikulu argitaratu zituen Science aldizkarian, zelula somatikoen transferentzia nuklearreko teknikak erabiliz klonatutako giza blastozisto batetik abiatuta enbrioi-zelula ama pluripotenteak modu arrakastatsuan landu zituela adierazten zutenak. Hwang-ek patentatutako berariazko zelula amen hamaika lerro sortu zituela adierazi zuen; hori izan zitekeen klonazioaren lehen aurrerapen handia.  

2006: Science Hwang-en bi artikulu horietan atzera egin zuen, datu esperimental asko faltsuak zirelako ebidentzia sendoekin.  

2008: Andrew French doktoreak eta Samuel Wood-ek (Stemagen bioteknologia-konpainiakoak) SCNT erabiliz lehen bost giza enbrioi helduak arrakastaz sortu zituztela iragarri zuten. Kasu honetan, enbrioi bakoitza azaleko zelula baten nukleoa hartu (Wooden eta lankide baten eskutik) eta nukleorik gabeko giza obulu batean txertatuz sortu zen. Enbrioiak blastozistora arte garatu ziren, eta, puntu horretan, ikerketa-prozesuek suntsitu egin zituzten. Laborategiko kideek adierazi zuten hurrengo esperimentuen helburua enbrioi-zelula amen lerroak sortzea izango zela, zelula horiek klonazio terapeutikorako edo ugalketarako erabilgarriak izango zirelarik.

2011: New Yorkeko Zelula Amen Fundazioko zientzialariek iragarri zuten enbrioi-zelula amen lerroak sortzea lortu zutela, baina haien prozesuak obozitoaren nukleoa bere lekuan uztea eskatzen zuen, zelula triploideak lortuz, klonazioa egiteko alferrikakoak.

2013: Shoukhrat Mitalipov-ek zuzendutako zientzialari-talde batek SCNT erabiliz sortutako enbrioi-zelula amei buruzko lehen txostena argitaratu zuen. Esperimentu horretan, ikertzaileek SCNT giza zeluletan erabiltzeko protokolo bat garatu zuten, beste organismo batzuetan erabilitako metodologiatik pixka bat aldentzen dena. Enbrioi-zelula amen lau lerro deribatu ziren giza zelula somatiko fetaletatik, blastozistoetatik abiatuta. Lau lerroak emaile beraren obozitoak erabiliz lortu ziren, herentziazko DNA mitokondrial guztia berdina izango zela ziurtatuz.

2014: Robert Lanzak Advanced Cell Technology-n zuzendutako talde batek jakinarazi zuen Mitalipov-en emaitzak erreproduzitu zituztela eta zelula helduen klonazioaren eraginkortasuna frogatu zutela SCNTren bidez.

Metodoak aldatu

Zelula somatikoen nukleo-transferentzia aldatu

Zelula somatikoen nukleo-transferentzia (SCNT ingelesez, eta ZSTN euskaraz), zelula somatiko emaile baten nukleoa atera, eta mikropipeta baten laguntzaz obulu ostalarian birlandatzen da, zeinaren material genetikoa aldez aurretik kendu den. Ostean, zelula somatikoaren material genetikoa obuluarekin fusionatzen da korronte elektriko txiki bat aplikatuz. Bi zelulak fusionatu ondoren, zelula berria ordezko ama baten barruan edo artifizialki garatu daiteke. Prozesu horren bidez klonatu zen Dolly ardia (HISTORIAESTEKA JARRI).

Zelula ama pluripotente induzituak aldatu

Zelula ama pluripotente induzituak sortzea (ZAPI ingelesez) prozesu luze eta ez-eraginkorra da. Zelula ama pluripotenteak enbrioien hiru geruza germinaletatik edozeinetan bereizteko ahalmena duen zelulak dira: endodermoan (urdailaren barruko estaldura, traktu gastrointestinala, birikak), mesodermoan (muskuluak, hezurrak, odola, sistema urogenitala), edo ektodermoan (ehun epidermiko eta nerbio-sistema deritzenak). IPSCak sortzeko, zelula heldu batean birprogramazio-faktore deritzenak erabiltzen dira, eta horiek seinaleak bidaliko dizkiote zelulari ZAPI bihur daitezen. Hain zuzen ere, hori da ikerketa askoren xedea, indukzioa optimizatzearren.

Erabilitako metodoaren arabera, zelula helduen birprogramazioak eta ezarpenak mugak eduki ditzakete gizakietan. Adibidez, birprogramazio-faktore gisa birus bat erabiltzen bada, minbizia eragiten duten onkogene izeneko aktibatzeko arriskua dago. Hala ere, 2008an, zenbait ikerketa-taldek onkogene horiek ezabatzea ahalbidetzen zuen teknika bat garatu zuten, gizakietan ZAPIak erabiltzea areagotu zuena.

ZSTN eta birprogramazioaren arteko alderaketa aldatu

Bi prozesuek dauzkate abantailak eta desabantailak. Historikoki, birprogramazio-metodoak ZSTN teknikak baino areago ikertu dira zelula ama enbrionarioak sortzeari begira. Hala ere, azken ikerketek garrantzi handiagoa eman diote SCNT prozedura berrien garapenari. Momentu honetan, ZAPIekin alderatuta ZSTN teknikak duen abantaila nagusia zelula amak sortzeko abiadura da. Izan ere, enbrioi-zelula amen ZAPI bidezko ekoizpenak zenbait hilabete irauten ditu, eta askoz denbora laburragoa behar da ZSTNak erabiliz gero. Sorkuntza-abiaduren alde hori garrantzitsua izan liteke aplikazio medikuei begira. Ikerketa berriak iPS zelulen sorrera abiadura eta egonkortasunaren aldetik optimizatzera bideratu dira, birprogramazio-faktore berriak aurkitu direlako.

ZSTN prozesuak iPS zelulen aurrean izan dezakeen beste abantaila bat da gaixotasun mitokondrialetarako tratamendu moduan jarduteko potentziala, horrelakoetan-oozito emaileak erabiltzen baitira. Momentuz, ez da bestelako abantailarik ezagutzen.

Erabilerak aldatu

Klonazio-tekniken gaineko azterketek eta lanek eragina izan dute gizakion garapenaren biologiaren oinarrizko ulermenean. Giza zelula pluripotenteen kultiboek bestelako metodoekin aztertu ezin den giza enbrioiaren garapena erakusten dute. Egun, zientzialariak gai dira giza garapen goiztiarraren etapak zehaztasun handiagoz definitzeko. Seinaleen transdukzioaren ikerketa eta etapa goiztiarretan ematen den giza enbrioiaren manipulazio genetikoa bateratuta aztertzeak aukera ematen du garapeneko gaixotasun eta akats askori erantzuteko. Gizakietan berariazko seinaleztapen-bide asko aurkitu dira enbrioi-zelula amen azterketaren bidez.  

ZSTN edo iPS zelulen bidez sortutako zelulek aplikazio-aukera zabala dute gaixotasunen etiologiaren ikerketan eta botikak aurkitzeko eredu-sistema gisa. Halaber, aldizka erabil daitezke terapia zelular gisa edo transplanteetarako organoen sorreran, birsortze-medikuntza bezala ezagutzen dena.  

Ama-zelulekin egiten den terapia gaixotasun bat tratatzeko edo prebenitzeko ama-zelulak erabiltzean datza. Adibidez, hezur-muinaren transplantea ama-zelulen terapian asko erabiltzen da. Izan ere, une honetan ez dago bestelako erabilera klinikoa duen terapia zelularrik. Gaur egun, ikerketak garatzen ari dira ama-zelulen terapiak erabiltzeko gaixotasun kardiobaskularrak, diabetea eta bizkarrezur-muineko lesioak tratatzeko.

Birsortze-medikuntza asko ikertu da azkenaldian bere erabilerak direla eta. Tratamendu honek transplante autologoak ahalbidetuko lituzke, horrela transplantatutako organoak errefusatzeko arriskua ezabatuz. Adibidez, gaixotasun hepatikoa duen gaixoak gibel berri bat lortuko luke bere material genetikoa erabiliz eta transplantea eginez, kaltetutako ehuna ordezkatzeko. Duela gutxi egindako ikerketen arabera, giza zelula ama pluripotenteak iturri garrantzitsuak izango dira giza neuronak sortzeko, birsortze-medikuntzak lesio zerebral eta neurologikoen arloan duen ahalmen birsortzailea frogatuz.

Etika aldatu

Bioetikaren ikuspuntutik, klonazioaren etika ikuspuntu multzo bat da, klonazioaren aplikazioen ingurukoak; batez ere, giza klonazioari dagokiola. Ikuspuntu horien artean, askok jatorri erlijiosoa daukate, baina badira ikuspegi laikotik eratutako iritziak ere.  

Klonazio terapeutikoaren aldekoek deritze ehun eta organoen sorrera beste modu batean transplante bat lortu ezingo duten pazienteei tratamendua eman ahal izateko aukera aparta dela, farmako immunodepresoreen erabilera ekidinez. Bestalde, ugalketa-klonazioaren aldekoek diote ondorengoak sortzeko gai ez diren gurasoek teknologia hau eskuragarri eduki beharko luketela.

Klonazio terapeutikoaren kontrako jarrera batez ere enbrioi-zelula amen egoeran oinarritzen da, abortuari buruzko eztabaidarekin lotura baitu. Ugalketa-klonazioko oposiziogile batzuek diote teknologia ez dagoela behar bezain garatua segurua izateko. Beste zenbaitek azpimarratzen dute ugaltze-klonazioaren ondorioz abusuak eman daitezkeela, horrek gizakiak sortzea ekarriko lukeelako, beren organoak eta ehunak lortzek; horrekin batera, klonatutako norbanakoak familietan eta gizartean integratzeko kezka zabaltzen da.  

Bada beste ikuspuntu bat ere: giza klonazioaren saiakera, hildako pertsona bat berreskuratzeko. Pertsona hori fisikoki hildakoaren berdin-berdina izanda ere, beste pertsona bat izango litzateke, geroago jaiotako anaia bikia balitz bezala. Pertsona berri horrek bere kultura-egoeraren, esperientzien, familiaren, bizitzan dituen aukeren eta abarren eragina izango luke. Beraz, kasualitate hutsa litzateke Einstein bat, kirolari handi bat, artista bat eta abar izatea, edo pertsona bera, bere zeluletako bat klonatuz.

Era berean, Erlijio katolikoak, Joan Paulo II.a Aita Santuaren bitartez, honako hau esan zuen: “Esperimentazio zientifiko bakar bat ere ezin da justifikatu, inolaz ere, baldin eta bizitzarekiko errespetuak zehaztutako muga gainditzen badu, Jainkoaren borondateak ezarri bezala”.