Lankide:Ainhooa8/Proba orria

Conrad lurrunontzi belgikarra, Kongo Garaian, 1889

Geltokian tresna eta ordezko pieza egokirik ez dagoenez, Marlow lanarekin atzeratu egin da eta haserre dago konponketak egiteko denbora asko beharko duelako. Bestalde, gerente nagusiak ez duela Kurtz miresten, baizik eta harekin minduta dagoela konturatzen da. Behin bidaiari ekinda, Kurtzen geltokiraino ibaian gora egingo duen bidaiak bi hilabete iraungo ditu. Lurrunontziak geldialdi bat egiten du ibai ertzean, txabola batetik gertu. Txabolara sartzean, Marlowk egur pila bat aurkitzen du, eta ohartxo bat. Oharrak dio egurra hartzeko, eta azkar baina arretaz jokatu behar dutela Inner Stationera hurbiltzean.

Gau batean, Inner Stationetik 13 km-ra geratzen dira. Goizean, tripulazioa esnatu eta lurrunontzia laino zuri lodi batez inguratuta dagoela ohartzen dira. Ibaiertzetik garrasi ozen bat entzuten dute eta ondoren zarata desatsegin bat. Ordu batzuk geroago, seguru nabigatzea gero eta zailagoa bihurtzen da, eta, bat-batean, basotik datozen gezi txiki batzuek lurrunontzia erasotzen dute. Lantza batek lemazaina jo eta hura Marlowren oinetara erortzen da. Marlowk behin eta berriz jotzen du lurrunontziko txilibitua, eta erasotzaileak ikaratzea eta gezi zaparrada gelditzea lortzen du. Marlowk eta erromes batek (horrela izendatzen ditu lurrunontziko parasito europarrak) lemazaina hiltzen ikusten dute. Marlowk etorkizuneko begitazio bat izan eta ikusten du Ohitura Basatiak Ezabatzeko Nazioarteko Elkarteak Kurtzi txosten bat idazteko agintzen diola, eta hori elokuentziaz egiten duela. Eskuz idatzitako post-data batek, dirudienez Kurtzek gerora idatzi zuenak, honela dio: «Hil basati guztiak!».

Kurtzen geltokira iristean, Marlowk gizon bat ikusten du ibaiertzean, besoa astintzen, lehorreratzeko seinaleak eginez. Ongi armatutako erromesek nagusiari itsasertzeraino laguntzen diote Kurtz jauna salbatzeko. Ibaiertzeko gizona lurrunontzira igo da, eta Kurtzen kanpamenduan bukatu duen errusiar nomada bat dela konturatzen dira. Hark azaltzen du berak utzi zituela egur pila eta oharra txabola abandonatuan. Elkarrizketan zehar, Marlow Kurtzen inguruko hiru gauzekin ohartu da: zein axolagabea izan den, bertakoek nola gurtzen duten eta azkenaldian zein gaixo egon den. Errusiarrak Kurtz bere adimenagatik eta ideiengatik —maitasuna, bizitza eta justiziaren ingurukoak— miresten du, eta poeta bat dela iradokitzen du. Kurtzi esker, ideia edo pentsatzeko modu desberdinak ulertzeko gai dela kontatzen du, eta badirudi haren botereagatik (eta hura erabiltzeko duen irrikagatik) ere miresten duela Kurtz. Marlowk, ostera, Kurtz zoratu egin dela dio.

Lurrunontzitik, geltokia arretaz begiratzen du Marlowk, eta harrituta gelditzen da geltokiko etxe ondoan zutoinen ilara bat ikustean, puntan natiboen moztutako buruak dauzkatelako. Etxeko izkinaren bueltan agertzen da nagusia erromesekin, esku-ohe bat daramate, eta bertan doa Kurtz, zarpailduta eta mamu itxura duela. Borrokarako prest dauden hainbat natibo azaltzen dira, baina Kurtzek esku-ohetik zerbait oihukatu du eta natiboak basora itzuli dira. Erromesek Kurtz lurrunontziraino eramaten dute, kamarote batean uzten dute, eta han, berak eta nagusiak isilpeko elkarrizketa pribatua izaten dute. Marlowk itsasertzean pauso neurtuekin dabilen eta ontziaren ondoan gelditzen den emakume eder bat ikusten du. Literatur iruzkingileek Kurtzen maitalea dela diote. Nagusia kamarotetik irteten denean, Marlow albo batera eramaten du eta Kurtzek konpainiak eskualdean dituen negozioei kalte egin diela esaten dio, eta haren metodoak ez direla «egokiak». Geroago, errusiarrak dio Kurtzek uste duela konpainiak geltokitik atera eta hil egin nahi duela, eta Marlowk baieztatu egiten du azken hori, alegia, Kurtz urkatzeaz hitz egin dutela.