Landa grabaketa (ingelesez field recording) grabaketa estudiotik at egindako audio grabaketa da.

Bi gizabanako, landa grabaketa egiten.

Landa grabaketen artean, naturako soinuen landa grabaketa dago, fonografia izenaz ere ezaguna (fotografiarekin dituen antzekotasunak agerian uzteko erabiltzen den terminoa), kanpoan egindako ikerketa lanei lotutako dokumentazio gisara, edo zinemarako soinu bilketa lan gisara onartu izan da. Denborarekin eta bereziki kalitate handiko grabaketa ekipamendu eramangarriak eskuragarriago edukitzerakoan, arte praktika bihurtu da. Landa grabaketako musikariei agertokitik kanpo egindako grabaketak izendatzeko ere erabiltzen da.

Teknikak aldatu

Landa grabaketak egiteak gure inguruneko hots konplexuak edo entzungaitzak jasotzea suposatzen du askotan. Arrazoi horregatik grabaketa hauek egiten dituzten teknikari edo artistek beraien ekipamendua muturrera eraman ohi izaten dute, egoera zailenak ere grabatuz, eta erabilera hauei esker, gaur egun soinua grabatzeko teknologia oso aurreratua topa dezakegu merkatuan. Aurrerapen hauekin batera, soinuak grabatzeko teknikak ere asko ugaritu dira, mikrofonoen kokapen eta konbinazio tekniketatik hasi eta gure belarriak entzuten ez dituzten soinuak jasotzeko moduetaraino. Horren adibide dira bibrazioak jasotzeko mikrofonoak (kontaktuzko mikrofono bezala ezagunak), urazpiko soinuak grabatzekoak (hidrofonoak), maiztasun oso altuko (ultrasoinuak) edo oso baxuko soinuak (infrasoinuak) entzunarazteko gailuak, eremu elektromagnetikoak entzuteko sentsoreak...

Ikerketa aldatu

Etnomusikologia aldatu

Jatorrian, ahozko tradizioak eta adierazpideak, nahi etnomusikologia egitasmoak dokumentatzeko eta biltzeko moduari deitu zitzaion landa grabaketa.

Bioakustika aldatu

Bioakustikaren eta biomusikologiaren alorretan lan-tresna garrantzitsua da, bereziki txori kantuen ikerketan. Dokumentazio sistema hauen bidez, animali espezie desberdinen komunikazio eta ahoskatze sistemak aztertu eta konpara daitezke.

Artea aldatu

Musika aldatu

Musika konkretua, musika esperimentala eta orokorrean abangoardismoko musika praktiketan erabili izan dira landa grabaketak. 1940ko hamarkadan Pierre Schaeffer konposatzaileak bere konposizioetan estudiotik kanpo eta musika-tresnak ez ziren beste iturriek sortutako soinuak txertatu zituenean, soinu mota hauei marko berri bat ezarri zien. Hamarkada batzuk beranduago R. Murray Schafer kanadar musikagileak ekologia akustikoa eta soinu-paisaia kontzeptuak asmatzerakoan balio berriak gehitu zizkion landa grabaketak egiteko praktikari. Gaur egun, musika esperimentalen munduan, ia musika estilo jakin bat bihurtu da, baita zinemarako edo bideo-jokoetarako soinuak biltzeko teknika ere.

Irrati dokumentaria aldatu

Irratirako dokumentaria generoak landa grabaketak erabiltzen ditu elementu dramatiko eta narratzaile gisara. Batzuetan soilik soinu efektu gisara eta bestetan elementu narratibo nagusi gisara.


Ikus ere aldatu

Kanpo estekak aldatu