Laneko segurtasun eta osasuna

Lan-baldintza» orritik birbideratua)

Laneko segurtasun eta osasuna edo lan-arriskuak langileak lanaren ondorioz osasun galera bat izateko aukera da lan arriskua. Aukera hori bada arrisku baten aurrean gaude. Osasun galera horiek gaixotasun, patologia, lesioak... izan daitezke.

Bigarren Mundu Gerrako kartel klasiko honetan emakume bat ikus daiteke bere lantokian. Bere begiak ez daude babestuak. Gaur egun praktika hau ez dago baimendua munduko herrialde garatu gehienetan, langileentzako segurtasun minimoa eskatzen delako. Hala ere, herrialde askotan ez dago inongo araudirik gai honen inguruan.

Bi aldagai izango dira kontuan arriskua sailkatzerakoan: larritasun mailaren arabera eta probabilitatearen arabera. Larritasunaren arabera: arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke. Probabilitate handiagoa izateak ez du esan nahi larritasuna handiagoa izango dela.

Lan-arriskuaren definizioa aldatu

Kalte larriak sor ditzakeen edozein laneko alderdiari lan-arriskua deitzen zaio. Lan arriskuen prebentzioa langileen osasun eta segurtasuna bermatzen duen diziplina da, eta arrisku hauen identifikazioa, ebaluazioa eta kontrola egiten da. Honez gain, lan-arriskuei aurre hartzeko beharrezko neurri eta aktibitateen garapena sustatzen du lan arriskuen prebentzioak.

Nahiz eta esparru honek Espainian 100 urte baino gehiagoko historia izan, izendapen hau nahiko berria da, Laneko Arriskuen Prebentzioko azaroaren 8-ko 31/1995 Legea kontutan hartuz[1]; izan ere, lege honek Espainiako Konstituzioko 40.2 artikulua garatzen du. Artikulu honek, botere publikoei laneko segurtasun eta osasuna bermatzeko gomendioa ematen die, politika sozial eta ekonomikoaren printzipio nagusienetakoa izanik.

Lan-arrisku motak aldatu

Ingurumen arloko lan-arriskuak aldatu

  • Klimatizazioa
  • Lan zentroaren itxura orokorra
  • Kutsatzaile biologikoak
  • Kutsatzaile kimikoak
  • Lanpostura arte dagoen distantzia
  • Argiztapena
  • Erradiazioak
  • Zaratak
  • Aireztapen industriala

Ingurune-baldintzak bai osasun fisikoarentzat, baita adimen-osasunarentzat ere kaltegarriak izan daitezke, perturbazio batzuen funtzio izanik. Perturbazio hauetako batzuk oldarkortasun handikoak izan daitezke. Adibidez, lan-ingurune kimiko, fisiko edo biologikoak aipa daitezke, bertan lan egiten duten pertsonek osasunean negatiboki eragina duten arriskuak jasan ditzaketelako. Hauek higiene-arrisku deiturikoak dira.

Honez gain, sentsazio negatiboak sortu daitezkeen lan-baldintza batzuk ere badaude, hauek kontutan hartu beharrekoak izanik. Ahal bada zuzendu behar dira. Atal honetan aipatu beharreko ikuspuntu batzuk ere badaude, adibidez, lantokiaren aspektu orokorra, langileak etxetik lantokiraino ibili behar duen distantzia, lantokia zein ingurunetan kokatua dagoen, langileak lan-ingurunetik kanpo eduki ditzakeen arazoak, enpresak edukiko duen kokaleku geografikoa edota enpresaren balorazio soziala. Baldintza guzti hauek langilearentzat kaltegarriak baldin badira, langileak berak ondoeza jasan dezake eta enpresaz aldatzeko intentzioa eduki dezake.

Lantokiaren aspektu orokorra aldatu

Lantokiaren aspektu orokorra eraikinen egituren segurtasunak definitzen du. Hau da: jaulkitze edo behe-jauzi arrisku ezak kontutan hartu behar dira, oso zaharrak direlako edo gainkargatuak egon daitezkeelako; eraikin gaixoaren sindromeaz kaltetua ez dagoela ziurtatu behar da; ingurune-arrisku ezak atmosferan edota ingurune naturaletan isurketa kaltegarriak ekiditen ditu; langileek beraien lanpostuan jasan dezaketen arrisku fisikoak kontrolatu behar dira, norbera babesteko ekipamenduak (NBE) langile bakoitzak edukiz; lantokien seinalizazio egokiak jarri behar dira; ingurunearen argitasuna eta zainketa mantendu behar da eta ebakuazio-plan azkar eta seguruak seinalizatuak eta organizatuak egon behar dira.

Klimatizazioa aldatu

Lantoki baten baldintza klimatikoak, bertan burutzen ari diren lanen tenperatura eta hezetasun baldintzen araberakoak dira. Lan fisikoak gorputzean beroa sortzen du. Bero hau erregulatzeko giza-organismoak inguruko gorputz-tenperatura konstantea mantentzeko sistema bat du. Erregulazio termikoa eta konfort termikoaren sentsazioa, gorputzak sortzen duen beroaren eta pertsona dagoen ingurunean gertatzen diren tenperatura aldaketen araberakoak dira. Guzti hau hurrengo puntuen funtzio da:

  • Giro-tenperatura.
  • Ingurunearen hezetasuna.
  • Garatzen ari den jarduera fisikoa.
  • Laneko janzkera motak.

Tenperatura eta hezetasun kondizio txar batzuen ondorioz, osasunean efektu negatibo eta kaltegarriak sor daitezke. Efektu kaltegarriak arrazoi batzuen funtzio aldatuko dira, pertsona bakoitzaren ezaugarriak eta beraien aklimatazio kapazitateak kontutan hartuz adibidez. Arrazoi hauengatik hozturak, izozketak, deshidratazioak, bero-kolpeak eta nekea handitzea gertatu daiteke, arazoak istripuetan bukatu daitezkeelarik.

Lantokiaren kanpoaldean egiten diren lanetan, beste faktore batzuk ere izan behar dira kontutan. Faktore klimatikoetan adibidez eguzki-izpien azpian denbora asko pasatzeak azalean minbizia sor dezake.

Kutsatzaile biologikoak aldatu

 
Arrisku[Betiko hautsitako esteka] Biologikoen Ikur Internazionala

Lan-baldintzak negatiboak izan daitezke kutsatzaile biologikoen presentzian egiten badira. Kutsatzaile mota hauek agente biologiko batzuk dira, eta giza-gorputzean sartzen badira infekzio edo parasitoen gaixotasunak sor ditzakete.

Agente biologikoaren kontzeptuak honakoak hartzen ditu barnean: bakteriak, onddoak, birusak, protozooak, rickettsiak, klamidiak, giza-endoparasitoak, birkonbinazio produktuak, giza kultibo zelularrak edo animalien kultibo zelularrak eta zelula hauek eduki ditzazketen agente biologiko infekziosoak, prioiak eta beste infekziozko agenteak.

Kutsatzaile biologikoak gorputz barnean sartzeko bide nagusiak ondorengoak dira:

  • Arnasbidea: inhalazioaren bitartez. Bide honetatik sartzen diren substantzia toxikoak normalean ingurunean egoten dira barreiatzen edo esekituta, adibidez, gasak, lurrunak edo aerosolak. Kutsatzaile biologikoak sartzeko bide nagusia da.
  • Bide dermikoa: azalarekin kontaktuan egon eta gero sortutakoa, kasu askotan larruazaleko erupzio edo alterazio nabarmenik eragin gabe.
  • Irensketaren bidea: aho, hestegorri, urdail eta hesteen bidez sartzen dena, orokorrean laneko orduetan elikagaiak irestean, edariak edatean edo tabakoa erretzean.
  • Bide parenterala: gaizki babestu diren zauriekin kontaktuan jartzean.

Substantzia toxikoa odolera pasatzen denean, odolak organismo guztian zehar banatzen du. Organismoan zehar banatzeko abiadura substantzia sartu den gunearen eta odolaren zikulazioan non sartu den araberakoa izango da.

Lan-baldintzak egokiak ez direnean, kutsatzaile biologikoak giza-gorputzean sartzeko ahalmena izango dute. Hauek gorputzean bertan berehala kalteak sor ditzakete edo denbora pasa ahala pixkanaka kalteak azaltzen joan daitezke. Egun batzuetara intoxikazioa nabaritzea gerta daiteke, edo urte batera gutxienez laneko gaixotasuna bilakatzea ere gerta daiteke.

Kutsatzaile biologikoen aktibitatea hobetzeko, hiru baldintza nagusi bete behar dira: nutrienteen presentzia egotea, hezetasuna eta tenperatura mantentzea eta horiek kontrolatzea.

Lan-arriskuen prebentzioa aldatu

Lan-arriskuen prebentzioa, laneko istripuak edo gaixotasunak ekiditeko helburuarekin enpresako jarduera guztietan hartu behar diren ekintza edo neurri multzoak dira. Prebentzioa enpresako fase guztietan aurkitu behar dugu: prozesu teknikoan, lana antolatzerakoan eta lan baldintzetan. Arriskuaren arabera neurri multzoak desberdinak izango dira.

Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen (Ley 31/1995, de 8 de noviembre, de prevención de Riesgos Laborales) (hemendik aurrera LPRL) 14. artikuluan enpresak prebentzioaren aurrean izango dituen betebeharrak arautzen dira. Betebehar nagusia langilearen segurtasuna eta osasuna bermatzea da, eta horiek lortzeko betebehar zehatzak ezarrita daude:

Lan ekipoak eta babes bideak (LPRL 17.art) aldatu

Lan ekipoak seguruak izateko, enpresariak beharrezkoak diren neurriak hartu beharko ditu. Horretarako, lanpostuaren diseinuan egin behar da. Lan ekipoen barnean ere norbera babesteko ekipoak barneratzen dituzte. 17.2 artikuluan esaten da enpresariaren beharra dela langileari babesteko ekipoa ematea.

Informazioa ematea. Kontsulta eta parte-hartzea (LPRL 18.art) aldatu

Langileek eskumena dute prebentzioarekin zerikusia duten gaien inguruan proposamenak egiteko enpresariari.

Enpresariaren betebeharra da prebentzioko informazioa langileek jasotzen dutela bermatzea eta horretarako beharrezkoak diren neurriak hartu beharko ditu.

Langileari informatu behar zaio enpresan dauden arriskuei buruz eta lanpostuetan dauden arriskuei buruz. Halaber, arrisku horiei aurre egiteko edo ekiditeko ezarri diren neurri edo burutu diren ekintzei buruzko informazioa eduki behar dute. Eta, azkenik, larrialdi egoeretarako ezarri diren neurriak ezagutu beharko dituzte.

Legeak ez du prozedura zehatz bat ezartzen informazioa helarazteko. Informazioa orokorra bada, langileen ordezkariak edukiz gero, haiei eman beharko zaie; bestela, langileei zuzenean. Bestalde, langileari bere lanpostuaren arriskuei buruzko informazioa zuzenean eman behar zaio.

Prestakuntza ematea prebentzioaren arloan (LPRL 19.art) aldatu

Prestakuntza orokorra (programek nola funtzionatzen duten, eguneratzea, eta abar) langilearen esku egon daiteke, baina prebentzioaren arloko prestakuntza enpresak eman behar du. Prestakuntzak prebentzioaren arlo guztiak batu behar ditu, arriskuak eta hauen ondorioak adierazi beharko dira. Horren helburua langileak lana ere seguruan betetzea da.

Prebentzioari buruzko prestakuntzak ezaugarri batzuk izan behar ditu:

  • Teorikoa: Gaian aditua den pertsona batek klaseak, azalpenak ematea.
  • Praktikoa: Ikasitako teoria hori praktikan jartzea, hau da, lanpostuan lantzea.
  • Nahikoa: Nahikotasun hori zehaztu daiteke akordioen bitartez: non, nork eman behar duen, zer, zenbat iraungo duen... Hau da, zein izan behar den prestakuntza horren edukia adosten dute. Prestakuntza errepikatu egin behar da behar den guztietan.
  • Egokia: Prestakuntza egokia izango da, langileak lanpostuan izango dituen funtzioei buruz izango dituen arriskuei buruz eta emandako prestakuntza egokia denean.

Prestakuntza hiru unetan eman behar da nahitaez:

  • Kontratatzerakoan: Ez da kontuan hartzen kontratu mota edota iraupena.
  • Funtzioak aldatzean: Langilea jarduera batzuk egiteko kontratatzen da eta orduan horri buruzko hasierako prestakuntza emango zaio. Funtzio horiek aldatzen badira, funtzio berri horien inguruko prestakuntza jaso beharko du.
  • Ekipo edo teknologia berriak: Langilea kasu honetan berriz hezi beharko da. Langileak ekipo eta tresna berriak erabili behar baditu bere lanpostuan, arrisku ezezagun eta berriei buruzko prestakuntza jaso behar du.

Prestakuntza etengabeko gauza bat da, beti egon behar gara eguneratzen. Prestakuntza orduak, lanorduak dira. Prebentzioa denboran bakarrik konpentsatzen da, prebentzioa ezin da diruz ordaindu.

Prestakuntza eman baino lehen langileei jakinarazi edo kontsultatu behar zaie zeri buruz egingo den prestakuntza, non, nola… Behin enpresariak prestakuntza eskainiz gero, langileak behartuta egongo dira prestakuntza betetzera: alderdi hori ez du LPRLek zehazten baizik eta Langileen Estatutuak.

Larrialdi egoerako neurriak (LPRL 20.art) aldatu

Enpresariak aurreikusi behar ditu bere enpresako larrialdi egoerak. Horretarako, faktore edo baldintza batzuk kontuan izan behar ditu: jarduera mota, enpresaren tamaina eta hirugarren pertsonen presentzia. Ondoren, faktore horien arabera enpresariak neurriak hartu behar ditu larrialdi egoeretarako.

Enpresa batzuetan, larrialdi egoerak oso larriak izaten dira; beraz, kanpoko laguntza edo baliabideak beharko dituzte. Protokolo bat egongo da egoera hori aurreikusteko, eta protokoloa egitearen ardura enpresariarena da.

Berehalako arriskua (LPRL 21.art) aldatu

Enpresariak ahalik eta azkarreninformatu behar ditu langileak egoerari, hartu diren neurriei eta hartu behar dituzten babes neurriei buruz.

Enpresariak ez badu onartzen egoera hori dagoela, langileak lanpostuan neurriak hartu beharko ditu edo ordezkariak ordezkari gisa neurriak hartu beharko ditu.

Ordezkari legalek eskubidea dute lana gelditzeko. Erabakia ordezkari legal horien gehiengoaren bitartez hartzen da eta enpresari  eta Lan Agintaritzari eman beharko diote abisua. Posible ez bada ordezkari legalak biltzea, erabaki hori hartzeko eskumena prebentzio delegatuek daukate.

Osasun zaintza (LPRL 22.art) aldatu

Osasun zaintzaren abiapuntua lan-arriskuen ebaluazioa da. Behin arriskuak jakinda, badakigu arrisku horiek nola eragin dezaketen gure osasunean

Enpresariarentzat nahitaezkoa da osasun zaintza. Idatziz egin behar da eta bertan langileari egingo zaizkion probak zeintzuk diren eta zertarako balio duten azalduta egon beharko da. Egokituta egon behar da lanpostuei, hau da, lanpostuetan dauden arriskuen araberakoa izango da.

Esan bezala, langilearentzat osasun zaintza borondatezkoa da, baina hiru egoeratan nahitaezkoa da osasun zantza langilearentzak:

  • Arauren batean azaltzen bada.
  • Egoera bereziren bat arautzen denean.
  • Guztiz ebaluatu gabe dauden arriskuetan.
  • Eragina ez dagoenean zehaztuta.
  • Langile baten osasun egoera arriskutsua izan daitekenean berarentzat, beste langileentzat edo beste hirugarren pertsona batentzat.       

Probak pertsona espezializatu batek egin beharko ditu (pertsona espezializatu horrek bete beharreko baldintzak 843/2011 EDan araututa daude). Ezin dira langilearen duintasunaren aurka doazen probak izan eta ahalik eta kalte gutxien eragin behar dute.    

Osasun zaintzaren emaitzek intimitate eskubidea errespetatu behar dute. Beraz, emaitzak konfidentzialak izan behar dira eta bakarrik langileari eman beharko zaizkio. Enpresariak ezingo ditu proben emaitzak langilearen kontra erabili.

Enpresariari, berriz, txosten bat ematen zaio. Txosten horren helburu nagusia lan-arriskuen neurrietan zerbait falta edo zerbait gaizki dagoen detektatzea da.

Dokumentazioa (LPRL 23. art.) aldatu

Arauak dokumentazioa gordetzera behartzen du enpresaria.

Hauek dira gorde behar diren dokumentuak: lan-arriskuen ebaluazioa, osasun zaintzaren txostena, jarduera prebentiboaren planifikazioa eta gertatu diren lan istripu edo gaixotasun profesionalen zerrenda.

Dokumentazio hori enpresan gorde behar da. Enpresarien, prebentzio ordezkariaren, langileen ordezkarien eta lan eta osasun agintaritzaren esku egon behar da. Enpresak bere jarduera amaitzen badu, enpresariak lan agintariari bidali behar dio dokumentazio hori guztia.

Lanaren ondorioz osasun galderak egon direnean, enpresariaren betebeharra da lan agintariari jakinaraztea. Jakinarazpenaren kopia bat enpresan geratzen da eta beste bat langileari emango zaio. Gaixotasun profesionalen kasuan entitate kudeatzaileari dagokio jakinarazpena egitea.

Emakumeen lan-arrisku propioak aldatu

Haurdunaldi, erditze (ondoren) edo edoskitze egoeran dagoen langilearen babesa aldatu

LPRLren 26. artikuluan zehazki arautzen da nola babestu langilea haurdunaldi, erditze edo edoskitze egoeretan dagoenean. Horrelako egoerak arautzen hasi zirenean (urriaren 19ko, 92/85 Direktiba), kritika handiak jaso ziren egoera zehatz batzuk bakarrik kontuan hartzen zirelako. Ondorioz, langileek egoera batzuen aurrean segurtasun juridiko eza zuten. Segurtasun juridiko ezaren egoera ekiditea lege desberdinekin lortu da, pausoz pauso.

Haurdunaldi, erditze edo edoskitze egoeren babesa arriskuen ebaluazioan hasten da, zeina prebentzio sistemaren erdigunea baita.. Ebaluazioan ateratzen diren emaitzetan oinarritzen dira etorkizunean hartuko diren neurri prebentiboak.

Babesaren neurri espezifikoak aldatu

Arriskuen ebaluazioa aldatu

LPRLren 26.1 artikuluak arautzen du arriskuen ebaluazioak kontuan izan behar duela arriskuaren maila eta langilearen esposizio denbora, emakumearen egoeran eragina izan ahal duten agente desberdinena. 26.1 artikuluak lortu nahi duena lanpostu guztiak arriskuen ebaluazio hori izatea, ez bakarrik haurdunaldi egoera dauden emakumeen lanpostuetan. Horrekin hau lortu nahi da: etorkizunean emakumeren batek edozein lanpostutan lan egiten badu, lanpostu guztiek dituzten arriskuak ezagutzea, momentu oro, zehazki haurdunaldi, erditze edo edoskitze egoeretan.

Lan denbora eta lan baldintzen moldaketa aldatu

Langileen arrisku desberdinen esposizioa ekiditeko, enpresariak neurri egokiak hartu beharko ditu. Arriskuak ekiditea lan baldintzak edota lan denboraren moldaketaren bitartez egin beharko dira, beharrezkoa denean, zehazki, gaueko lana edo txandakako lana debekatuz.

Modu orokorrean dagoenez araututa, enpresariaren esku geratzen da (prebentzio zerbitzuaren laguntzarekin eta arriskuen ebaluazioaren laguntzarekin) neurri zehatzak hartzea arriskuak ekiditeko. Kontuan izan behar da ezingo dituela mugak jarri eta ezingo duela ezarri nola aurrera eraman neurriak.

Neurriak errazak eta kostu txikikoak izan daitezke: adibidez, mahaia edo aulkia aldatzea, edo arriskutsuak diren zereginen debekua ezartzea. Gaueko lana debekatzen denean, goizez egiten den lan batera pasatu beharko da langilea, beraren egoerarentzako arriskutsua ez den bitartean.

Lanpostuaren edo funtzioen aldaketa aldatu

Mugikortasun funtzionala bi modutan ulertzen  da, beti ere, emakumearen egoera babesteko asmoz:

  1. Lan baldintza eta lan denboraren moldaketa ezin egin izatea.
  2. Moldaketa nahikoa ez izatea.

Legeak ezartzen du lanpostua aldatzeko aurretik prozedura formal bat jarraitu behar dela: mediku ziurtagiria (langilea hardunaldi arrisku egoeran dagoela baieztatzen duena) eta momentuan dagoen lanpostuan arriskuak daudela emakumearentzako edo umekiarentzako. Ziurtagiria erankunde publiko batek eman beharko du, baina enpresatik at dagoen erakundea izan beharko da beti. Medikuaren ziurtagiriak  bi fase edo atal izango ditu: informea (Osasun Zerbitzu Publikoari dagokiona) eta ziurtagria bera (enpresak prebentzio zerbitzuak kontratatuta duen Mutuari edo INSS dagokiona).

Kontuan izan behar da lanpostuaren aldaketa ez dela bakarrik arrisku toxiko edo kimikoak dauden egoeren aurrean egingo, beste edozein lan baldintza hartu beharko dira kontuan; adibidez: eskuz manipulatzen diren karga pisutsuak edo neke fisiko eta mentala.

Langilea joango den lanpostu berria, aurrekoaren maila edo talde profesional berekoa izan behar da Langileen Estatutuak 39. artikuluan dioena errespetatuz. Ordea, maila edo talde profesional bereko beste lanpostu bat existitzen edo libre ez badago, beste talde edo maila bateko lanpostu batera bidali ahalko dute langilea (goragokoa edo beheragokoa).  Soldataren inguruan aipatu beharreko bi kasu bereizten dira:

  1. Lanpostu berria maila edo talde altuagoko bat bada, bertako soldata eta plus desberdinak jaso beharko ditu langileak.
  2. Lanpostu berria maila edo talde baxuagokoa bada, antzinako lanpostuko soldata eta plus desberdinak jaso beharko ditu.

Kontratuaren etetea aldatu

Aurreko egoerak (lan baldintzen eta denboraren moldaketa eta lanpostuaren eta funtzioen aldaketa) aurrera eroatea ezinezkoa bada, emakumearen (eta umekiaren) babesa bermatzeko, lan kontratua eteteko aukera dago.

Kontratua eten ahal izateko, enpresariak ahalegin guztiak egin dituela frogatu beharko du. Hau da, etetea azken aukera izan behar da eta hartu diren neurri guztiak nahikoak eta egiteko ezinezkoak direnean egingo da.

Lan istripuen eta gaixotasun profesionalen ondorioak aldatu

Lan-arriskuak ez ekiditzearen ondorioak lan istripuak eta gaixotasun profesionalak dira, eta horiek, aldi berean, ondorio batzuk dituzte. Ondorioak hiru multzo edo arlo desberdinetan banatzen dira: administratiboak, legalak eta galerak.

Administratiboak aldatu

Lan istripuak edota gaixotasun profesionalak sortzen duten prozedura dela esan dezakegu. Beste modu batean esanda, paperekin (agiri desberdinak aurkeztu, egin beharreko urrats administratiboak, etab.) enpresa barnean egin behar direnak, baita administrazioarentzat edo administrazioarekin (edo beste erakunde) egin beharrekoak.

Legalak aldatu

Eginkizun eta betebehar (ohikoena da enpresariarenak izatea) prebentiboak betetzen ez direnean gertatzen dira osasun galerek. Lanaren ondorioz sortzen diren osasun galerek erantzukizuna sorrarazten dute.

Erantzukizunak, zehazki,  lau motatakoak izan daitezke:

  • Erantzukizun administratiboa: urrapen administratiboak daudenean (LISOS legean arautzen direnak) .
  • Erantzukizun zibila (Kode Zibilak araututakoak): kalte ordaina ordaintzea da ohikoena. Norbaitek (enpresariak) bere betebeharrak ez betetzerakoan, langileren bati edozein kalte sortuz gero kalte ordaina jasotzeko eskubidea du langileak.
  • Erantzukizun penala (Zigor Kodean arautzen dena) .
  • Gizarte Segurantzan: Kasu honetan gainkarguak izango dira, eta Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO) 164. artikuluan arautzen dira.

Kontuan izan behar da erantzukizun administratibo eta penala izanez gero, penalak duela lehentasuna. Aldi berean ezin dira bi erantzukizunak eskatu, hau da, ez dira bateragarriak.

Galerak aldatu

Materialak aldatu

Lan tresnak, makinak, produktuen inguruan hitz egiten da galera materialez hitz egiterakoan. Ez dira soilik galera ukigarriak izan behar, hau da, ukitu daitezkeen gauzak, denbora ere galtzen baita lan istripuetan; adibidez: istripua oso larria bada, denbora galtzen da, prozedura administratiboan, langilea ospitalera eramatean, berrantolaketan, etab.

Energia ere galtzen da galera materialetan. Alde batetik, makineriak aurrera jarraitu behar duelako (adibidez) eta pertsona baten falta dela eta, energia gehiago erabili beharko da langile hori ordezkatzeko eta bere lana egiteko. Bestalde, zerbaitek eztanda (agente toxikoak edo kimikoak direla medio) eginez gero ere energia galtzen da, eta horrek lesioak eragingo lizkioke langileari.

Pertsonalak aldatu

Kalte patologikoak, lesioak edota gaixotasunak gertatzen direnean: psikikoak, mina sortzen dutenak, estrukturalak, funtzionalak eta heriotza.

Argi izan behar da galera pertsonalen inguruan hitz egiten denean ez dela soilik heriotzaren inguruan hitz egiten. Langileek hainbat galera izaten dute ondo ez babestutako lan-arriskuen ondorioz.

Lanaren Nazioarteko Erakundea aldatu

 
LANEren[Betiko hautsitako esteka] bandera

Laneko segurtasun eta osasunaren helburu nagusia da babes-neurriak ezartzea lanak dakartzan arriskuak saihesteko, eta horretarako beharrezkoak diren jarduerak garatzea. Lanaren Nazioarteko Erakundearen 155. hitzarmena arduratzen da horretaz.

Laneko segurtasuna eta osasuna bermatu ahal izateko, beharrezkoak dira honako ezaugarri hauek: lan-ingurune egoki bat izatea, bidezko lan-baldintzak izatea, langileek euren jarduerak duintasunez garatu ahal izatea, eta langileek aukera izatea osasun- eta segurtasun-neurriak hobetzeko prozesuetan parte hartzeko.

Osasun kontzeptua, Osasunaren Mundu Erakundearen Konstituzioaren (New York, 1946) hitzaurreren arabera, erabateko ongizate fisiko, mental eta soziala da, eta ez bakarrik afekziorik edo gaixotasunik eza. Beste era honetara ere definitu liteke: organismo baten eraginkortasun funtzional edo metabolikoa, bai mikro (zelular) mailan, baita makro (sozial) mailan ere.

Lana osasunaren iturritzat ere har daiteke, langileari onurak baitakarzkio. Onura horien artean daude, adibidez, honako hauek: lortzen den soldatarekin, bizitzeko eta ongizate orokorrerako beharrezkoak diren ondasunak lortu ahal izatea; jarduera fisiko eta mentalaren bidez, organismoa bizirik eta aktibo izaten laguntzea; lankidetzaren bidez, harreman sozialak garatzen eta aktibatzen laguntzea; eta, gainera, autoestimua ere igotzea, langileek sentitzen baitute gizarteari ekarpena egiten diotela. Lanak, ordea, kalteak ere sor ditzake osasun mental, fisiko edo emozionalean, baldintza sozialen eta materialen arabera. Lanak osasunari eragiten dizkion kalteei aurrea hartzeko, Lanaren Nazioarteko Erakundea dago. Erakunde hori da lan-baldintzak etengabe hobetzeaz arduratzen den nazioarteko erakunde nagusia, eta, horretarako, hitzarmenak egiten ditu urteroko konferentzietan, bai eta zuzendaritza-taldeetan ere. LANE Nazio Batuetako erakunde espezializatu bat da. Erakundeko estatu kideetako gobernuek, enplegu-emaileek eta langileek osatzen dute, eta munduan zehar lan duina sustatzeko ekintzak burutzeko sortua dago.

Erreferentziak aldatu

  1. «BOE.es - Documento BOE-A-1995-24292» www.boe.es (Noiz kontsultatua: 2019-06-12).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu