Kurrilo arrunta (Grus grus) gruidae familiako hegaztia da[1], Eurasiako iparraldean bizi dena. Euskal Herrian negu partean ikusten dugu, urrian iritsi eta martxoan egiten du alde[2][3].

Kurrilo arrunt
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaGruiformes
FamiliaGruidae
GeneroaGrus
Espeziea Grus grus
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Elikadura iturri nagusiaorojalea
Zabalera2,22 m
Kumaldiaren tamaina2
Errute denbora30 egun
Kurrilo arrunta.
Kurrilo familia.
Kurriloaren irudia Lufthansa konpainiako hegazkinetan.

Deskribapena aldatu

Kurriloa lertxun itxurako hegazti handia da, 96-119 cm arteko luzera eta 180-222 cm arteko hego-zabalera dituena[4]. 5'7 kilogramo pisatzen ditu batazbete[5]. Kolore grisa nagusitzen zaio, hegoen muturretan beltza bihurtzen dena. Burua eta lepoa beltzak dira, pileo gorria du eta begien parean marra zurixka batzuk hasten zaizkio lepoan zehar mantentzen direnak. Begia ere gorria da. Lertxunek baino moko laburragoa du, gris-berdexka kolorekoa. Hanka luzeak ditu, hauek ere gris kolorekoak. Kurrilo gazteek kolore arrea izaten dute[4].

Ibilera dotorea du[6]. Hegan ari denean lepoa eta hankak luzatu egiten ditu eta taldeek "V" itxurako egitura hartzen dute. Oso zaratatsua da, tronpetaantzeko zaratak urrutitik entzuten dira[4].

Habitata aldatu

Kolonia handienak Eskandinavian eta Errusian eratzen ditu. Errusian bertan 100.000 kurrilo zenbatu izan dira. Taiga eremuetan, landaretza baxuko tokietan dauden hezegune eta zingirak okupatzen ditu. Neguetan Afrikara (Maroko eta Etiopiatik hegoalderantz), hegoaldeko Europara eta hegoaldeko Asiara (Pakistanera eta ekialdeko Txinara) migratzen da eta bertako nekazal eremuetan agertzen da (arroz soroetan bereziki). Ilunabarrean toki hauek utzi eta lo tokietara joaten da, padura eta aintziretatik gertu[6].

Elikadura aldatu

Orojalea bada ere landare jatorriko elikagaiek dietaren %90-98 osatzen dute[5].

Ugalketa garaian landare jatorriko elikagaiak jaten ditu gehienbat, sustraiak, errizomak, tuberkuluak, fruituak, hostoak eta haziak. Dieta osatzeko intsektuak, armiarmak eta zizareak harrapatzen ditu, proteina kopuru bat behar baitu txitek garapen egokia izan dezaten[4].

Negualdiaren hasieran ezkurrak jaten ditu ugari eta hauek amaitzen direnean uzta bildu ostean zelaietan gelditzen diren zekale haziak, bulboak eta lekaleak jaten ditu. Tarteka zizareak, barraskiloak eta inoiz ornodun txikiren bat ere bai[4].

Ugalketa aldatu

Eztei-dantza konplexuak egiten dituzte sexu bietako kideek, beti ere toki lasai eta bereizietan, mugimendu, jauzi eta erakusketa bitxiak dituztenak, eta oso zaratatsuak. Bikotea eratu ondoren aintzira ertzeko landare baxuak baino gorago habia eraikitzen du adaxkak eta zurtoinak era desordenatuan ezarriz eta bertan emeak bi arrautza jartzen ditu. Guraso biek txitatzen dituzte hilabete batean zehar eta txitak jaiotzen dira, normalean egun batzuen diferentziaz. Lehenengo txitak gurasoen zaintza eta elikagai gehiago jasotzen ditu eta sarritan bigarrenak ez du aurrera egiten. 67-70 egun pasa behar dituzte txitek hegan egiten hasteko. Familiak bat eginda jarraitzen du migrazioan eta negu parte osoan ere. Helduak gazteak baino lehenago itzultzen dira kumatze eremuetara[4].

Taxonomia aldatu

Carl von Linneok deskribatu zuen 1758 urtean Systema naturae liburuan. Ardea grus izena jarri zion, Ardea "koartza" da eta grus "kurriloa". 1760 urtean Mathurin Jacques Brisson zoologo frantsesak sorturiko Grus generoan sartu zen.

Antzina hiru azpiespezie sailkatu ziren, G. g. grus, G. g. lilfordi eta G. g. archibaldi, baina gaur egun denak batera biltzen dira.

Euskal Herrian dituen izenak aldatu

Munduko kurrilo espezieen artean, Euskal Herrian bizi den bakarra da. Tokian tokiko euskalkiak dokumentatu ahal izan diren eremuan, honako formak jaso izan dira euskaraz hegazti honentzat: kurrilo edo kurrillo, grulla, kurlo eta lertsun[7].

Folklorea aldatu

Hegazti dotorea izanik hainbat armarri eta sinbolotan agertzen da, eta herrialde batzuetako zigiluetan ere ohikoa da kurriloaren ilustrazioak agertzea. Aipatzekoa da esate baterako Lufthansa Alemaniako aire konpainiaren sinboloa kurriloa dela[8].

Iruditegia aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. del Hoyo, J. et al., (1996). Handbook of the Birds of the World 3: 88.
  2. «Kurrilo arruntak Gautegiz Arteagako paduran - Urdaibai Bird Center» www.birdcenter.org (Noiz kontsultatua: 2019-12-30).
  3. Gutiérrez, Itziar. (2015-11-17). «Plaiaundiko Hegaztiak - Aves de Plaiaundi: ¿Qué pasa por Txingudi?» Plaiaundiko Hegaztiak - Aves de Plaiaundi (Noiz kontsultatua: 2019-12-30).
  4. a b c d e f «Grulla común» SEO/BirdLife.
  5. a b «Grulla común - Grus grus» www.vertebradosibericos.org (Noiz kontsultatua: 2019-12-30).
  6. a b «Grulla Común» www.pajaricos.es (Noiz kontsultatua: 2019-12-30).
  7. «Kurrilo arrunta» txoriak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-19).
  8. (Ingelesez) GmbH, TERRITORY Content to Results. «Crane: Tripping the air fantastic | Lufthansa magazin» magazin.lufthansa.com (Noiz kontsultatua: 2019-12-30).