Kukuma (haitzuloa)

Kukuma haitzuloa» orritik birbideratua)

Kukuma Arabako ipar-ekialdeko haitzulo txiki bat da, 1975ean Juan Antonio Madinabeitiak aurkitua. Altzaniako mendilerroaren hegoaldeko magalean dago, Araia herritik hurbil. Hor egindako indusketa lanetan, besteak beste, epipaleolitoko aztarnategi bat aurkitu zuten, Magdaleniar kulturakoa, az­ken ehiztarien garaikoa, alegia.[1] Inguruan kareharria da nagusi; harri mota horrek giza aztarnak aurkitzeko unean garrantzi handia du, zeren eta, harriaren ezaugarrien ondorioz, gizakientzat errazagoa baitzen leku horiek erabiltzea.[2]

Kukuma haitzuloa
Altzania mendilerroa.jpg
Kukuma (haitzuloa) hemen kokatua: Araba
Kukuma (haitzuloa)
Kukuma (haitzuloa)
Kukuma (haitzuloa) (Araba)
Udalerria Asparrena
Koordenatuak 42° 53′ N, 2° 18′ W / 42.89°N,2.3°W / 42.89; -2.3Koordenatuak: 42° 53′ N, 2° 18′ W / 42.89°N,2.3°W / 42.89; -2.3
Garaiera 715 m.
Altuera 1,5 metro
Zabalera 3 metro
Sakonera 7 metro
Bisitagarria Ez
Margoak Ez
Aztarnak Bai


AurkikuntzaAldatu

Juan Antonio Madinabeitiak jakinarazi zuen Kukumako kobazuloan bazela aztarnategi arkeologiko bat, 1975ean egindako lagin baten ondoren. Izan ere, silexezko zenbait pieza topatu zituen bertan, baina lan ondorioak ez ziren inon jasota geratu.

Hala ere, urte batzuk geroago Amelia Baldeón eta Eduardo Berganza arkeologoek berriz hartu zuten gaia eta 1980 eta 1981 urteetako udetan indusketak egin ziren kobazulo honetan beste zenbait pertsonen laguntzarekin eta Arabako Foru Aldundiaren babesarekin.

Laborategi lanak ere burutu ziren. Bertan, unibertsitate desberdinetako adituek hartu zuten parte: Geografia, Historiaurre eta Arkeologiako departamentuak Euskal Herriko Unibertsitatean, Jesús Emilio Gonzálezek Kantabriako Unibertsitatetik edo Arantzadi Zientzia Elkarteko zenbait kidek ere bai, besteak beste.[3]

AztarnategiaAldatu

Kukumako haitzuloa Araiatik bi kilometrotara dago, Altzania mendiaren magalean. Leku honen koordenadak hauexek dira: 012310 longitudea eta 425340 latitudea.

Aztarnategia barrunbe txiki baten barruan aurkitzen da, eta bere sarbideak hiru metroko zabalera du eta 1,5ko altuera. Sarrerak gela txiki batetara eramaten gaitu zazpi metroko sakonera duena. Barrura sartu heinean altuera eta zabalera murriztuz doa eta meazulo batzuk agertzen dira, 30 bat metroko sakonera dutenak.

Indusketa metodologiaAldatu

Aztarnategiko indusketa metodologia honelakoa izan zen: Lehenik, bertan azalean zeuden gorpuzkiak kendu ziren. Gero, topografiatu eta bertako planoa egin zen, bizitzeko leku egokiena izan zitekeena aukeratuz. Eta, ondoren induskatu beharreko gunea mugatu zen, eremu bakoitza zenbakitu bere X-Y koordenatu kartesiarrak zehaztuz. Lurra 2 zentimetroko unitateetan ateratzen joan zen eta gero sedimentuak behatu ziren. Eta noski, lan guzti hauen erregistroa egin zen ikerkuntza aurrera joan ahala.

Induskatutako eremua 11 metro karratukoa izan zen eta bertan topatutako materialak Arabako Arkeologia Museora eraman ziren. Lagin palinologikoak eta sedimentarioak ere hartu ziren, geroago ikertuak izateko[4].

EstratigrafiaAldatu

Estratigrafiari dagokionez, hiru maila sailkatu ziren. Hasierako mailan gaur egungo materialak industria litikoaren hondakinekin nahasirik zeuden lehenengo bi zentimetroetan. Bigarren mailan hareazko eta buztinezko 10-15 zentimetroko lur geruza agertu zen. Hortik aurrera, hareazko lurra eta hare-uharriak ugaritu egin ziren. Azken lur geruza honek 100 zentimetroko sakonera dauka, eta 145 zentimetroko sakonerara heltzean bertan behera utzi zen indusketa.

Esan beharra dago, 10-15 zentimetroko lur geruzan agertu zirela industria litikoa eta fauna gorpuzki gehienak. Hirugarren maila aldiz, guztiz antzua suertatu zen, ikuspegi arkeologiko batetik behintzat[5].

Industria litikoaAldatu

Industria litikoaren analisiari dagokionez, Madinabeitiak lehendik topatu zuenarekin bateratuta egin zen; jakinda, beti ere, maila hura izan zela benetan oparoa suertatu zen bakarra. Aurkitutako lehengaien artean, material litiko aloktono gehienak suharri hondakinak dira, baina kuartzo eta okre aztarna batzuk ere aurkitu ziren. Baina, baita ere aurkitu dira suharriak aztarnategitik gertukoa izan behar zirenak. Bestetik, Baldeón eta Berganzak FORTEA eta ROZOY tipologiak erabili dituzte materialen sailkapena egiteko. Bertan topatutako materialek, ikertzaileek diotenez, aditzera ematen du bertan lantze, konpontze eta doikuntzak egin zirela. Bertan erabilitako tresnak askotarikoak izan dira, baina kopuru txikian topatu dira (guztira 48 tresna agertu dira): karraskagailuak, burilak, ertz-zanpatuko ijekitxoak, puntak, printzak, mikroburilak eta irudi geometrikodun mikrolitoak, besteak beste. Aldiz, alaka bikoak edo trapezioak ez dira topatu bertan. Tresna hauei hareharri bat gehitu behar zaie, zeinak leuntzeko tresna gisa erabili zenaren zantzuak dituen.

Tresnen analisia egin eta gero ikusten da tresna gehienak ijeki gainean egindakoak direla, % 83,3 hain zuzen. Gainontzeko zazpiak, hau da %14,6, printza gainean eginda daude. Ertz etzana daukaten ijekitxo hauek, bizkar puntekin batera gezi moduan erabiltzeko eginak ziren, makil batean finkaturik. Beraz, ikertzaileen aburuz, Kukuman aurkitutako pieza gehienak ehizari bideratuak ziren. Bestetik, baditugu ehiza ez zen beste jarduera batean erabil zitezkeen beste zenbait tresna, burilak edo karraskagailuak, esaterako. Hala ere, baliteke horiek ere ehizarekin lotura izatea edo honen gehigarri izatea. Datu hauekin guztiekin, indusketan aritu zirenek baieztatzen dute ehizara edo jarduera horrekin zerikusia zeukan ekintzetara bideratuta zegoela industria litikoa Kukuman[6].

Tresneria litikoaren fabrikazioaAldatu

Tresneria litikoaren fabrikazioaren prozesua Jesús Emilio González Urquijo eta Juan José Ibañez Estévezek burutu zuten. Jesús Kantabriako Unibertsitatetik aritu zen lanean, eta Juan José Bartzelonako Unibertsitate Autonomotik. Kukumako indusketaren arazoa, esan berri dugunez, oso material gutxi agertu zirela da, eta zaila dela patroi batzuk izendatzea. 40 ijekitxo oso berreskuratu ziren soilik eta 205 printza eta printza zati. Hala ere, 35 soilik ziren bi zentimetro baino gehiago zituztenak.

Material guztia suharri gainean landutakoa da, kuartzozko printza bat salbu. Beraz, ikus daiteke agertu den produkzio gehiena ijeki eta ijekitxoak direla, printza bakun batzuk izan ezik. Printza hauek ijekitxoak egiterako orduan agertu ohi dira, ikerketaren egileen aburuz, eta kontserbatutako hondakin litikoek aditzera ematen dute zizelkatze jarduerak ijekitxoak ekoiztera bideratuak zeudela. Printzei dagokionez, ijekitxoak egitearen ondorioz agertutakoak lirateke, eta tresntatzat erabiliak izateko moldatuak. Buril, karraskagailu edo zulakaitz izateko moldatuak izan dira printza hauek. Beste printza batzuk, beste aztarnategietan ematen den moduan erabiliak izan dira inongo eraldaketarik egin gabe.

Ijekiekin jarraituz, esan dezakegu Kukumara jadanik fabrikatuak eraman zituztela, ez baita aurkitu haien ekoizpen zantzurik. Ijekitxoak aldiz, badirudi tresneria litikoaren ekoizpenaren helburu nagusia izan zirela. Honen froga dira aurkitutako nukleoak edo tabletak.

Bestalde, aztarnategian bi ijekitxo moten ekoizpena daukagu. Bi mota hauen agerpena azalpena, adituen ustez, funtzio ezberdinak zituzten tresnak izatean datza. Baina erabilera hori Europan zehar marjinala izan da, eta gehienetan baztertuak izan ohi dira. Kukumaren kasuan, ukiera malkartsua daukaten ijekitxoak izan dira nagusigoak, puntak edo bizkardun ijekitxoak lortzeko xedearekin eginak. Gure kasuan, bizkardun ijekitxoen erabilera bi motatakoa izango zen, adituen ustetan: txikienak jaurtigai moduan erabiliko ziren, eta handiagoak, aldiz, larrua edo haragia mozteko erabiliko ziren. Beraz, tresnak egiterako orduan harriei emandako tratamenduak ahalbideratzen digute gizatalde hauen estrategia ekonomikoak nolabait interpretatzea, nahiz eta lehenago aipatu dugun moduan, hain tresna gutxi aurkitzeak ikerketa eremua mugatzen duen. Hala ere, esan dezakegu ekoizpen litikoa ijekitxoak lortzera bideratua izan zela eta ijekitxo hauekin puntak, bizkardun ijekitxoak eta ijekitxo geometrikoak egin zirela.

Material hauek ehiza-tresna eta laban moduan erabiltzeko eginak zeuden, garaiko beste asentamenduetan gertatu ohi den moduan. Beraz, Kukuman, jarduera hau garrantzitsua izan zen.

Bestalde, esan dugun bezala, ekoizpen zantzurik gabeko printzen eta printza gaineko tresnen agerpenak tresna haiek haitzulora eramanak izan zirela iradokitzen du, eta ez zirela bertan landuak izan. Beraz, asentamendu hau ehizan eta ondorengo ekintzetan espezializaturik legoke. Espezializazio honek aditzera ematen du denbora gutxiko okupazioak izango zirela. Bertara joandako giza taldeak, ekoitzitako tresneriarekin joan ziren bertara. Kukuman, tresnen konponketak eta ordezkapenak egiten ziren bakarrik. Hori esanda, adituek diote asentamendu hau beste asentamendu iraunkorrago batez osatua egon beharko zela, non talde horren jarduera ekonomiko gehienak aurrera eraman ahalko ziren[7].

DatatzeaAldatu

Kronologiari dagokionez, datazioan baliagarri izan daitekeen aurkitutako materia organikoa urria izan da. Ez zen behar beste ikatz zati topatu lagin on bat osatzeko. Aurkitutako gorpuzkiak K14 frogak eskatzen zuten lagin kopurura heltzeko ere ez ziren nahikoa. Hala ere, zenbait lagin lortu ziren laborategietara bidaltzeko. Aldiz, lagin hauek emandako emaitzak baztertuak izan ziren emandako datazioak ez zetozelako bat ikertzen ari zen lekuarekin. Beste lekuetan izandako datazioak kontuan hartuta, adituek esan zuten Kukumako haitzuloa K.a. 8.000 urtearen inguruan erabili zela, eta epipaleolito garaiko aztarnategi bat behar zuela izan. Gaineratu zuten ez zela horrelako toki bakarra Araban, beste batzuk ere badaude eta: Berniollo Morillasen, Fuente Hoz Anuntzetan edo Socuevas Pobesen, besteak beste.

 
Zerra formako ijekitxoa. Fosil gidaria da. Azken Magdalen aldikoa, hain zuzen.

Baina, hau esanda, datu bat aipatu beharra dago, zeinak kolokan jartzen duen aztarnategiari buruz Baldeón eta Berganzok egindako ikerketa: laborategira eramandako lau laginetatik, bat duela 11500 urte ingurukoa litzateke, baina Baldeón eta Berganzok baztertu egin zuten, beste aztarnekin bateragarria ez zelakoan. Izan ere, haien esanetan epipaleolitoko kokapen bat da Kukumakoa. Hala ere, indusketa egitean, eskuineko argazkian ageri den pieza agertu zen; eta zerra formako ijekitxo horrek ezeztatu du adituen baieztapena. Are gehiago, fosil gidari baten aurrean gaude, Alvaro Arrizabalaga adituaren esanetan. Fosil gidari hau Madelein aldikoa litzateke, eta beraz ikerketaren ondorioak ezbaian daude, pieza horrek kolokan ezartzen baititu aurretik egindako baieztapenak. Baina txostenaren ondorioak aurkeztu zirenean horrela finkatu ziren.   

SedimentologiaAldatu

Analisi sedimentologikoa Arantzadi Zientzia elkarteko Milagros Olaskoaga eta Ana Urizek burutu zuten, eta zera eman zuten aditzera: Kukuma haitzuloa kareharrizko eremu batean kokatuta dagoela. Bertan bi maila bereizi ziren. Batean portzentaia altuko hareak aurkitzen dira uharriekin batera, eta bere gainean lur emankorra agertzen da hareak limo eta buztinekin nahasten direnak. Kareharrizko harri txiki batzuk ere agertzen dira lur maila horretan.[8]

Ikerketarekin jarraituz, Koro Mariezkurreta Arantzadi Zientzia Elkarteko kideak Kukuman agertutako ugaztun gorpuzkiak aztertu zituen. Bertan, orein, basurde, sarrio, basahuntz eta abelgorrien gorpuzkiak agertu ziren. Horrez gain azkonarra, basakatua, erbia eta karraskariak ere agertu ziren. Guztira, 267 lagin izan ziren laborategira eraman zirenak, baina soilik 34 izan ahal ziren zehaztuak. Izan ere, zatiketa maila oso altua zen, ikerketa eremua mugatuz. Mikrougaztunei dagokionez, Eduardo Pemán Arantzadi Zientzia Elkarteko kideak egin zituen ikerketak, eta, bertan, bost espezie ezberdin agertu ziren, zonalde horrekin bat egiten zutenak.[9]

Palinologia eta paleokarpologiaAldatu

Analisi palinologikoa Maria José de Isturiz Arantzadi Zientzia Elkarteko kideak burutu zuen. Lau lagin aztertu zituen eta hauexek izan ziren bere ondorioak: ikertutako garaian landaredia baso misto batez osatua zen, nahiko itxia eta ustez basoaren elementu nagusia hurritza zen. Egilearen iritziz, baliteke harizti misto baten hasieran egotea. Honek klima epela eta hezea zela iradokitzen du. Agian esan daiteke klima borealaren hondarra eta klima ozeanikoaren hasiera zela, hain lagin gutxirekin adirazpen ziurrik egitea zaila bada ere.[10]

Ikaztutako egurren azterketa antrakologiaren bidez egin zen. Honetan Lydia Zapata EHUko irakaslea aritu zen. Egilearen arabera, egurrak bi gairi buruzko informazioa eman dezake. Alde batetik, ekologiari buruzkoa, historiaurreko landaredia berreraikitzeko. Eta, bestetik, etnobotanikari buruzkoa, hots, gizakiaren landarediaren baliabideen erabilerari buruzkoa. Kukumatik 19 hondakin lortu ziren (kopuru txikia analisi on bat egiteko, egilearen ustez). Horietatik gehienek Corylus avellana espeziari dagozkio, eta besteak Querqus generokoei. Beraz, datu hauekin ezin da egin analisi kuantitatibo ezta interpretatiborik paleoekologia edo etnobotanikaz. Soilik, esan daiteke, Holozenoaren garaian gertatutako epeltze klimatikoak Quercus bezalako familien ugaritzea ahalbideratu zuela, duela 10.000 urtetik aurrera. Corylus espeziea zertxobait beranduago agertu zen, duela 9.500 urte. Beraz, honekin esan daiteke Kukuma aztarnategia data horren ondorengoa dela. Baita ere, egileak dio bi espezie hauek maiz agertu zirela mota honetako aztarnategietan. Hau horrela zen taxoi franko zeudelako eta egur honen bero-ahalmen handiagatik[11].

Paleokarpologia ikerketa Carmen Cuberok eraman zuen aurrera, Centre d´Estudis Martorellencs laborategiko langileak. Bertara zenbait hazi bidali ziren ikerketa egiteko xedearekin, baina hauen ikerketak ez zuen fruitu handirik eman: ikertzailearen ustez hazi hauek beranduago utziak izan ziren leku horretan, eta ez datoz ikertzen ari ziren garaiarekin bat[12].

OndorioakAldatu

Azterketen ondoren, Amaia Baldeón eta Eduardo Berganza arkeologoek honako ondorioak atera dituzte Kukumako asentamenduaz: ingurune heze eta oihantsuan zebiltzan animaliak ehizatzeko aldizkako gunea zela, eta ehiztari-biltzaile nomadek erabiltzen zutela noizbehinka, gordeleku eta lantoki gisa.

InguruneaAldatu

Batetik, bertan bizi izandako ehiztari-biltzaile taldearen garaiko baldintza klimatikoak epelak eta hezeak izan zirela esan dezakegu datu sedimentologikoei erreparatuz gero. Informazio hau datu palinologikoek eta antrokologiak berresten dute, Corylus (hurritza) espeziea hazi ahal izatekeo klimak epela izan behar baitu. Bigarrenik, landare paisaia gaur egungoaren bertxua izango zen, betiere kontuan izanda ekintza antropikoek lautadan izandako eragina, noski. Beraz, hosto iraunkorreko eta hosto erorkorreko landaredia izango genuke bertan, haritza edo pinuak, esaterako. Eta, Kukumako aztarnategia Holozenoaren barruan kokatu beharko genuke.

Aztarnategiaren lekuarekin jarraituz, esan dezakegu tokia nahiko egokia zela ingurua kontrolatzeko, eta bertatik lautada osoa ikuskatzen zela. Errekatxo bat ere bada parean, zeinak ura daraman ia urte osoan zehar, eta haitzuloko bizitza erraztuko zukeen.

ErabileraAldatu

Haitzuloaren okupazioari dagokionez, autoreek diote jende gutxik okupatu zutela. Izan ere, barruan egindako laginetako bat antzua izan zen, beraz, ez zen haitzuloa osorik erabili. Badakigu ordea, barruan sua egin zutela, ikaztutako hondakinak agertu baitziren.

Bizimoduari dagokionez, aurkitutako animalia aztarna gehienak basa-ungulatuenak izan ziren (% 82,4), eta, hauetarik gehienak ahuntzei dagozkie (% 47,1). Hau jakinda ezin ukatuzkoa da ehiza mota horrek zuen garrantzia, baina laginak hain urriak direnez ezin da espezializazioa bazenik esan. Beste datu esanguratsua hezurren adina da, gehienak animalia gazteenak baitziren. Hau normala da adituen ustez, errazagoa baita animalia kume edo gazteak ehizatzea. Beraz, daukagun zantzuekin, ehiza jardueretako geldiune modura erabilia izan zen giza-kokaleku baten aurrean gaudela esan daiteke, beti ere egileen aburuz.

Suharrien lanketari dagokionez, egileek diote ez dela izan oso ugaria Kukuman. Esan berri dugun moduan gune globularretatik abiatuta soilik egiten ziren ijekitxoak. Hori bat dator beste zantzuekin, haitzuloa leku batetik mugitzen ziren ehiztari-taldeentzat atseden eta lan tokia zela uste baita. Bestetik, material gehienak maila bakarrean aurkitu izanak iradokitzen digu asentamendu bakar batek erabili izan zuela espazio hau. Beste talde batek erabili bazuen bi taldeen arteko denbora tartea oso txikia zatekeen, adituen ustez. 

Ehiztari-talde honen zeregin nagusia beraz, ehiza izan zen. Haitzuloa ehiza-estrategiak eta erremintak prestatzeko eta harrapakinak lantzeko erabili zela uste da. Elementu mikrolitikoen prestaketan aritu ziren, kirten eta eskutokiak eginez, eta baita hildako animalien larrua prestatu edo konpontzen ere. Baina, nahiz eta esan dugun moduan ehizara bideratua egon talde hau, ezin daiteke baztertu beste elikatzeko moduak ere baliatu izana, eta fruitu, onddo, sustrai edo landarediaren beste elementuez osatuko zuten dieta. Amaitzeko, aipatu behar da talde honek bizitza nomada zeramala, eta haitzulo hori beste asentamenduekin batera uztartu zuela[13].

ErreferentziakAldatu

  1. (Gaztelaniaz) «Kukuma», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  2. http://catalogo.fsancho-sabio.es/Record/66684
  3. (Gaztelaniaz) Kukuma. El yacimiento Epipaleolítico de Kukuma. Un asentamiento de cazadores-recolectores en la Llanada alavesa (Araia-Álava). Arabako Foru Aldundia, 16-17 or. ISBN 84-7821-302-3.
  4. (Gaztelaniaz) Kukuma. El yacimiento Epipaleolítico de Kukuma. Un asentamiento de cazadores-recolectores en la Llanada alavesa (Araia-Álava). Arabako Foru Aldundia, 13 or. ISBN 84-7821-302-3.
  5. (Gaztelaniaz) Kukuma. El yacimiento Epipaleolítico de Kukuma. Un asentamiento de cazadores-recolectores en la Llanada alavesa (Araia-Álava). Arabako Foru Aldundia, 20-21-22 or. ISBN 84-7821-302-3.
  6. (Gaztelaniaz) Kukuma. El yacimiento Epipaleolítico de Kukuma. Un asentamiento de cazadores-recolectores en la Llanada alavesa (Araia-Álava). Arabako Foru Aldundia, 24-34 or. ISBN 84-7821-302-3.
  7. (Gaztelaniaz) Amelia Baldeón y Eduardo Berganza. Kukuma. El yacimiento Epipaleolítico de Kukuma. Un asentamiento de cazadores-recolectores en la Llanada alavesa (Araia-Álava). Arabako Foru Aldundia, 89-96 or. ISBN 84-7821-302-3.
  8. (Gaztelaniaz) Kukuma. El yacimiento Epipaleolítico de Kukuma. Un asentamiento de cazadores-recolectores en la Llanada alavesa (Araia-Álava). Arabako Foru Aldundia, 53-57 or. ISBN 84-7821-302-3.
  9. (Gaztelaniaz) Kukuma. El yacimiento Epipaleolítico de Kukuma. Un asentamiento de cazadores-recolectores en la Llanada alavesa (Araia-Álava). Arabako Foru Aldundia, 61-63 or. ISBN 84-7821-302-3.
  10. (Gaztelaniaz) Kukuma. El yacimiento Epipaleolítico de Kukuma. Un asentamiento de cazadores-recolectores en la Llanada alavesa (Araia-Álava). Arabako Foru Aldundia, 71-72 or. ISBN 84-7821-302-3.
  11. (Gaztelaniaz) Kukuma. El yacimiento Epipaleolítico de Kukuma. Un asentamiento de cazadores-recolectores en la Llanada alavesa (Araia-Álava). Arabako Foru Aldundia, 77-79 or. ISBN 84-7821-302-3.
  12. (Gaztelaniaz) Kukuma. El yacimiento Epipaleolítico de Kukuma. Un asentamiento de cazadores-recolectores en la Llanada alavesa (Araia-Álava). Arabako Foru Aldundia, 83-85 or. ISBN 84-7821-302-3.
  13. (Gaztelaniaz) Kukuma. El yacimiento Epipaleolítico de Kukuma. Un asentamiento de cazadores-recolectores en la Llanada alavesa (Araia-Álava). Arabako Foru Aldundia, 101-111 or. ISBN 84-7821-302-3.

Kanpo estekakAldatu