Kubaren kontrako estatubatuar bahimendua
Estatu Batuek Kubarekiko zuten bahimendu komertzial, ekonomiko eta finantzarioa ("blokeo" bezala ere ezaguna), lehen aldiz, 1958ko martxoak 14an ezarri zuten armen salmentaren gainean, Fulgencio Batistaren diktadura garaian. Bigarrenez, 1960ko urrian ezarri zuten: gobernu iraultzaile berriak, Batistak porrot egin eta Fidel Castrok boterea hartu ondoren, uhartean zeuden konpainia eta gainontzeko hiritar estatubatuarren desjabetzeei erantzuteko. Hasieran elikagaiak eta botikak baztertzen zituen arren, 1962ko otsailean neurriak gogortu zituzten eta murrizketak ia erabatekoa izatera iritsi ziren. 1959an, esportazioen %73a Estatu Batuetara zihoan, eta inportazioen %70a lurralde horretatik zetorren.[1]
1992an, Kubako Errepublikaren aurkako zigorrak mantentzeko asmoz, bahimendua lege bilakatu zuten. Cuban Democracy Actean (euskaraz: «Kubatar Demokraziaren Legea») jasotakoaren arabera, Kubako Gobernuak "demokratizaziorako pausoak emateari uko egin eta giza eskubideekiko errespetu handiagoa erakutsi bitartean" zigorrek aurrera jarraituko zuten.[2]
1996an, Estatu Batuetako Kongresuak Helms-Burton legea onartu zuen. Legeak estatubatuar herritarrek uhartean edo Kubako gobernuarekin negozioak egiteko aukera kendu zuen. Habanako Gobernuaren edozein oinordekori laguntza publikoak edo pribatuak emateko mugak ere ezarri zituen, behintzat, Kubako gobernuaren aurkako zenbait eskaera argitu arte.
1999an, Bill Clintonek estatubatuar konpainien filial atzerritarrei Kubarekin 700 milioi dolarretik gorako salerosketak egitea debekatu zien. Bahimendu komertzialaren zabalpen hau munduko lehen lege transnazional bihurtu zen. Hala ere, 2000. urtean Clintonek berak Kubari zenbait produktu humanitario saltzea baimendu zuen.
Hamarkada askotan zehar, Kubako erbesteratu askok bahimendu ekonomikoaren politika defendatu dute, eta horien botoak Floridan erabakigarriak izan dira. Erbesteraturiko talde hauek zenbait estatubatuar politikariengan eragin handia izan dute eta hauek erbesteratuen ikuspuntuak bereak egin dute.[3] Kubatar-estatubatuar hauen jarrerak estatubatuar negoziogizonen artean desakordioak sortu ditu, hauen finantza-interesek merkataritza askea Kubarentzat zein Estatu Batuentzat ona izango zela argudiatzen dutelarik.[4]
Kubarekiko enbargo komertziala historia modernoan ezagutzen den luzeena da. Nazio Batuek 23 aldiz zigortu dute, Kubako ekonomiarentzat oztopo bat dela argudiatzen dutelako. 2015eko urriaren 28an, bahimenduak kontrako 191 boto jaso zituen, eta aldeko bi besterik ez – Estatu Batuak eta Israel –. Nazio Batuen organo gorenak, besteak beste, honako printzipio hauek berretsi zituen: estatuen berdintasun subiranoa, barne-arazoetan esku ez hartzea, eta nazioarteko merkataritza- eta nabigazio-askatasuna.
2014ko abenduaren 17an, Ameriketako Estatu Batuetako eta Kubako presidenteek, Barack Obamak eta Raúl Castrok, bi herrialdeen arteko harreman politiko, sozial eta ekonomikoak hobetzea adostu zuten, eta, ondorioz, askok irlarekiko enbargo ekonomiko, komertzial eta finantzarioaren amaiera izango zela suposatu zuten.[5] 2017ko urtarrilaren 20an boterera iritsi ondoren, Donald Trumpek aurreko administrazioak hartutako neurrietako asko desegin zituen, bi herrialdeetako harreman diplomatikoak berriro hoztuz.
Hala eta guztiz ere, egun, Ameriketako Estatu Batuak Kubako bost merkataritza-bazkide nagusietako bat da (kubatar inportazioen %6,6 AEBetatik iristen dira).[6] Gainera, Kubako nekazal produktuen lehen hornitzailea ere bada. AEBk arrozaren %96 eta hegazti-haragiaren produktuen %70 hornitzen ditu. AEBetatik etorritako eskala handiko beste inportazio batzuk garia, artoa, soja eta bere deribatuak dira. Hala ere, Kuba eta Estatu Batuen arteko merkataritza erregulazioen menpe dago eta baldintza jakin batzuetan gertatzen da. Adibidez, Kubak AEBtatik datozkion produktuak eskudirutan eta eskura ordaindu behar du, izan ere, AEBk Kubako gobernuari ez dio inolako finantza-krediturik ematen.[7]
Gaur egun, AEBen lehiakide nagusia Europar Batasuna da (Kubarako nekazaritza-produktuen bigarren esportatzaile handiena), Brasil, Argentina eta Kanada atzetik dituztela. Guztira, Kubak mila milioi dolar inguru inportatzen ditu.[8]
Erreferentziak
aldatu- ↑ (Gaztelaniaz) «50 verdades sobre el embargo de Estados Unidos contra Cuba» LARED21.
- ↑ (Ingelesez) State Department. Cuban Democracy Act of 1992. .
- ↑ (Ingelesez) «Ignored Majority - The Moderate Cuban-American Community» Usaengage.
- ↑ (Ingelesez) «Eyes on Cuba: U.S. Business and the Embargo» Foreign Affairs.
- ↑ (Gaztelaniaz) NBE. Asamblea General aprueba nueva resolución contra el bloqueo a Cuba. .
- ↑ CIA: The World Factbook
- ↑ (Ingelesez) «End embargo on Cuba, US is urged» BBC News 2009-9-2.
- ↑ (Ingelesez) Foreign Agricultural Service. Datuak. .