Kromosoma homologo
Kromosoma homologoa organismo eukarioto diploideetan dagoen kromosoma-bikoteko bakoitza da. Meiosiaren lehenengo profasean kromosoma homologoak elkartu eta elkargurutzaketaren bidez geneak trukatzen dituzte.
Organismo baten zelula somatikoetan eskuarki kromosomak bikoteetan daude. Hots, zelula horiek bi kromosoma sorta dituzte. Kromosometako bikote horiek itxura eta neurria bera dute, eta kariotipoa egiterakoan elkarrekin sailkatu ohi dira.
Gametoek, aldiz, kromosometako sorta bakarra dute. Zelula hauek ez dute kromosoma homologorik.
Bestalde, zelula diploideetan aleloak kromosoma homologoetako leku berean (locus) kokatzen dira.
Kromosoma homologoek jatorri ezberdina dute; bat amarengandik dator (obulu batetik), eta bestea aitarengandik (espermatozoide batetik).
Gizakiok 22 pare kromosoma homologoak ditugu (autosomak), eta beste pare bat kromosoma sexual. Emakumezkoek bi kromosoma sexual berdinak dituzte (X), beraz haien kasuan kromosoma sexualak ere homologoak dira. Gizonezkoek, aldiz, X kromosoma bat eta Y kromosoma bat dute. Azken bi hauek ez dira homologoak, X kromosoma Y kromosoma baino askoz handiagoa baita.