Kreditu sindikatua mailegu modu bat da. Modalitate horretan, maileguaren zenbateko handia dela eta, hainbat entitate finantzariok hartzen dute parte multzoan. Sindikazioari esker, mailegua hainbat entitateren artean bana daiteke. Hartara, enpresa batek finantzazio gehiago lor dezake, eta bankuek arrisku handiak saihesteko modua dute, kredituaren bolumena hainbat entitateren artean banatzen baita. Enpresek epe luzerako finantzazioa lortzeko baliatu ohi duten bide bat da kreditu sindikatua. Ez zaio, ordea, edozein enpresari onartzen. Eskuarki, bolumen eta solbentzia handiko enpresei eman ohi zaie, kopuru handiko kredituak izaten baitira. Kreditu operazioak bostetik zazpira urteko iraupena izan ohi du[1].

Mailegu sindikatuek tasa bariableak izaten dituzte erreferentzia; batik bat, Euribor eta Libor tasak. Kreditu sindikatu hori antolatzerakoan, banku batek hartu ohi du bere gain kreditua antolatzeko ardura, eta hark proposatzen die operazioa beste banku batzuei. Banku agentea esan ohi zaio. Kreditu horretan kopuru handiekin parte hartzera konprometitzen direnei talde aseguratzailea esaten zaie, eta konpromisoa bermatu gabe parte hartu nahi dutenek talde ezartzailea osatzen dute[1].

Erreferentziak aldatu

  1. a b Udalaitz, Daniel. (2005eko ekainaren 26a). «Zer da: Kreditu sindikatua» Argia CC-BY-SA lizentzia.

Kanpo estekak aldatu