Nerbio

Kirio» orritik birbideratua)

Nerbioa edo kirioa[1] ehun berezizko hari-moduko egitura luzanga da entzefaloa eta bizkarrezur-muina gorputzeko gainerako aldeekin komunikatzen duena[2]. Nerbioa nerbio-sistema periferikoaren oinarrizko unitatea da eta bulkada elektrikoak igortzen ditu mezu sentsitibo zein motorrak garraiatzeko. Giza espeziean 12 nerbio kranial bikote daude eta 31 nerbio espinal bikote.

Nerbio
Nerbioak (horiz) goiko gorputz-adarrean Irudi gehiago
Xehetasunak
Honen parteNerbio-sistema periferikoa
KonponenteakAxoia
Identifikadoreak
Latineznervus
TAA14.2.00.013
FMA65132
Terminologia anatomikoa

Nerbioak axoi edo nerbio zuntzez osatuta daude eta horietako bakoitza neurona batetik dator. Gainera, Schwannen zelulak topa ditzakegu, axoi horiek mielinaz estaltzen dituzten zelulak.

Etimologia

aldatu

Nerbio Erdi-Aroko latineko nervus (nerbio) hitzetik dator, hau latineko nervus-etik (tendoi, soka), antzinako latinaren neuros hitzaren metatesitik sortua. Hitzaren erroa aitzinindoeuropereko (s)neu (tendoi) hitzetik datorrela uste da. Erdi-Aroan nervus hitza erabiltzen zen bai tendoi zein nerbioak izendatzeko, bi egitura hauen antzekotasunak zirela medio[3].

Deskribapena

aldatu

Nerbioak nerbio-prozesu edo axoien sortak dira. Hari itxurakoak, eta garunaren eta bizkarrezur-muineko nerbio-zentroak gorputzeko organo guztiekin komunikatzen dituzte. Nerbio sistema periferikoaren parte dira. Nerbio aferenteek zentzumen-seinaleak eramaten dituzte garunera, adibidez, larruazaletik edo beste organoetatik; nerbio eferenteek, bitartean, seinale motorrak garunetik muskuluetara eta guruinetara eramaten dituzte, muskuluak uzkurtu eta mugimendua ahalbidetuz. Nerbio-seinaleak (nerbio-bulkadak ere deitzen direnak) neurona baten zelula-gorputzetik abiatzen dira, eta azkar hedatzen dira, axoian zehar, bere amaieraraino, non sinapsiaren bidez estimulua beste neurona batera edo organo efektore batera transmititzen den, adibidez, muskulu-zuntz edo guruin batera[4].

Egitura

aldatu

Nerbioa axioiez eta glia-zelulez osatuta dagoen egitura da. Axoi bakoitza endoneuro deritzon ehun konektibo geruza batez inguratua dago. Axoiak faszikulutan biltzen dira eta bakoitza perineuro deritzon geruza batean bilduta dago. Nerbioa epineuro izeneko azken ehun konektibo batek biltzen ditu[5].

 
Nerbio baten zehar ebakidura (a) Axoi faszikulu, endoneuro, perineuro eta epineuroa jasotzen dituen eskema. (b) Nerbio ebakidura baten irudi histologikoa

Nerbio motak

aldatu

Nerbio-sistema periferikoko nerbioak hainbat irizpide fisiologiko edo funtzionalen arabera sailkatu daitezke. Sailkapen nagusiena jatorriaren araberakoa da.

Sailkapena funtzioaren arabera

aldatu
  • Nerbio motorrak. Mezu motorrak garraiatzen dituzte nerbio-sistema zentraletik periferiara, mugimendu zein jariaketa estimuluak garraiatuz.
  • Nerbio sentsitiboak. Mezu sentsitiboak garraiatzen dituzte zentzumen organoetatik sistema zentralera [6].
  • Nerbio mixtoak. Mezu motor zein sentsitiboak garraiatzen dituzte. Nerbio-sistema periferikoko nerbio gehienek bi motako informazioa garraiatzen dute.

Sailkapena estimuluaren norabidearen arabera

aldatu
  • Nerbio aferentea. Informazioa nerbio-sistema zentraletik periferiara garraiatzen duen nerbioa.
  • Nerbio eferentea. Informazioa periferiatik nerbio-sistema zentralera garraiatzen duen nerbioa.
  • Nerbio mixtoa. Informazioa bi noranzkotan garraiatzen duen nerbioa.

Sailkapena nerbio-sistema periferikoaren atalen arabera

aldatu
  • Nerbio somatikoa. Borondatezko mugimenduak kontrolatzen ditu.
  • Nerbio autonomoa. Nahi gabeko erantzunak kontrolatzen ditu.

Sailkapena jatorriaren arabera

aldatu

Nerbio kranial edo bikote kranialak

aldatu
 
Nerbio kranialak entzefaloaren oinaldetik ikusita

Nerbio kranialak entzefalotik ateratzen diren nerbioak dira. Zenbaki eta izen bidez identifikatzen dira[7].

  • I. Usaimen nerbioa. Usaimenaren informazioa garraiatzen du nerbio sentsitibo berezi honek.
  • II. Nerbio optikoa. Ikusmenaren informazioa garraiatzen du erretinatik garunera nerbio sentsitibo berezi honek.
  • III. Begiko nerbio motore amankomuna. Begi-globoa eta betazalen mugimendua kontrolatzen ditu
  • IV. Nerbio troklearra. Begi-globoaren mugimendua kontrolatzen du.
  • V. Nerbio trigeminoa. Mastekatzeko muskuluak kontrolatu eta aurpegiko informazio sentikorra jasotzen du.
  • VI. Begiko kanpoko nerbio motorea. Begiko alboko muskulu zuzena inerbatzen du, begi-globoaren mugimendua kontrolatuz.
  • VII. Nerbio faziala. Aurpegiko mugimenduen eragilea, mingainaren bi herenen dastamen informazioa jaso eta listsu eta malko guruinen jariaketa kontrolatzen ditu.
  • VIII. Nerbio bestibulokoklearra. Entzumenaren eta orekaren informazioa garraiatzen du belarritik garunera.
  • IX. Nerbio glosofaringeoa. Mingainaren beste herenaren dastamen informazio jaso, parotida guruinaren jariaketa kontrolatu eta irensketan faringeko muskuluak kontrolatzen ditu.
  • X. Nerbio bagoa. Laringea, faringea, esofagoa, trakea, bronkioak, bihotza, urdaila eta gibela inerbatzen ditu eta epiglotisaren eta faringearen informazio sentikorra jasotzen du
  • XI. Nerbio laguntzailea. Esternokleidomastoideo eta trapezio muskuluak inerbatzen ditu.
  • XII. Nerbio hipoglosoa. Mingainaren muskuluei inerbazioa motorra ematen die

Nerbio espinal edo bizkarrezurreko nerbio

aldatu
 
Nerbio espinalak bizkarrezur-muinetik ateratzen

Nerbio espinalek bizkarrezur-muinean egiten dute nerbio-sistema zentralarekin konexioa, sustrai dortsal eta bentralen bidez. Orotara 31 nerbio bikote dira bizkarrezur-muinetik ateratzen direnak, nerbio kranialen antzera zenbaki eta izen bidez identifikatzen dira. Nerbio espinal guztiaz mistoak dira eta informazio sentsitibo zein motorrak garraiatzen dituzte [8]. Bizkarrezurraren ornoarteko zuloetatik irteten dira, eta ornoaren arabera izendatzen dira:

  • 8 nerbio bikote zerbikal
  • 12 nerbio bikote toraziko
  • 5 nerbio bikote lunbar
  • 5 nerbio bikote sakro
  • Nerbio bikote kokzigeoa

Erreferentziak

aldatu
  1. «Euskaltzaindiaren Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-15).
  2. Testu hau lizentzia librean argitaratuta dagoen «Nerbio» zthiztegia.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2018-03-16). orrialdetik hartua dago.
  3. (Ingelesez) «nerve | Origin and meaning of nerve by Online Etymology Dictionary» www.etymonline.com (Noiz kontsultatua: 2021-03-03).
  4. Principios de Anatomía y Fisiología. Autor: Tortora-Derrickson. Consultado el 16 de noviembre de 2018
  5. Peltonen, Sirkku; Alanne, Maria; Peltonen, Juha. (2013-07-01). «Barriers of the peripheral nerve» Tissue Barriers 1 (3): e24956.  doi:10.4161/tisb.24956. PMID 24665400. PMC PMC3867511. (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  6. (Ingelesez) Heinbockel, Thomas. (2018-07-18). «Introductory Chapter: Organization and Function of Sensory Nervous Systems» Sensory Nervous System  doi:10.5772/intechopen.78738. (Noiz kontsultatua: 2021-03-10).
  7. (Ingelesez) Purves, Dale. (2018). Neuroscience. (Sixth edition. argitaraldia) ISBN 978-1-60535-380-7. PMC 990257568. (Noiz kontsultatua: 2021-03-10).
  8. (Gaztelaniaz) Moreno Benavides, Carlos. (2017). El nervio periférico : estructura y función. ISBN 978-958-738-806-0. PMC 1156724487. (Noiz kontsultatua: 2021-03-10).

Kanpo estekak

aldatu