Kexaako monumentu multzoa

Kexaako higiezin monumentalen multzoa

Kexaako monumentu multzoa Aiaratar leinuaren egoitza eta alboko eraikinak izan ziren, Aiara udalerrian (Araba) dagoen Kexaa herrian kokatuak daudenak.

Kexaako monumentu multzoa
Aiaratarren dorretxea
Ikuspegia.
Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
HerriaAiara
Koordenatuak43°04′33″N 3°04′22″W / 43.07583°N 3.07278°W / 43.07583; -3.07278
Map
Arkitektura
Estiloaarkitektura gotikoa
Ondarea

Eraikinok multzo arkitektoniko bat osatzen dute, plazatxo forma duena eta eraikin nagusietarako sarbidea dena. Eraikin horien itxurari erreparatuz gero, bata bestearen jarraipen dira nahiz eta bakoitzak bere erabilera propioa eta ondokoaren independentea izan. Aipatutako plaza horretara heltzearekin bat honako hauek ditugu bertan:

  • Jauregia, Aiaratarren leinu-etxea (Komentu berria) (1300)
  • San Joan Bataiatzailearen komentua (Komentu zaharra) (1378)
  • Adatseko Andre Mariaren[1] elizaren kapera eta dorrea.
  • San Joan Bataiatzailearen eliza. XV. mendearen hondarretan hasia, erretaula on bat du eta fundatzailearen biloben hilobiak.[2]

Jauregiak sarrera independentea du baina besteetan sartzeko abade-etxearen beheko solairutik igaro behar da, eta ondoren hiru erabilpen ezberdinak banatzen dituen patio baten bitartez.

Kokapen geografikoa eta museoa

aldatu

Aiaratarren oin-etxea izan zen Kexaako monumentu-multzoa Gorobel mendilerroaren babesean dagoen Aiarako Haranean dago, larre eta basoek osatzen duten edertasun handiko paisaiaz inguraturik.

Multzo zein familiaren historia, antzinako jauregiaren hegal batean dagoen museoari esker ezagut daiteke. Irudi, maketa eta objektuez hornituriko dokumentazio ugariaz gain, 600 urtetan zehar komentuan gordetako hainbat arte-lan ere erakusten da.

2002ko, otsailaren 26an, Eusko Jaurlaritzak monumentu-multzo izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[3].

Irispidea

aldatu

Eraikin-multzoa Aiarako haranaren erdian dago. Bertaratzeko Amurriotik Artziniegara doan C-624 bidea hartu behar da eta Arespalditza parean bidearen ezker aldera jo. Multzoak plataforma bat osatzen du mendi hegalaren erdi inguruan eta hor kokatzen dira bata bestearengatik ezberdintzea zail gertatzen diren hainbat eraikin, izan ere urrutitik begiratuta, bakarrik bata bestearen gainean kokatutako teilatu eta hormak ikusten baitira. Bertara joateko bide estu bat hartu behar da eta bidean, bihurgune batean dago bertara joateko zubia. Bihurgunean kanpai bat duen kanpai-horma dago eraikin erlijiosoa han inguruan dela abisatzen.

Zubiaren beste aldean hiru eraikin ziren, bata hondatua eta beste biak atxikiak, eraikin-unitate bakarra osatuz, eta gaur egun etxebizitzak direlarik. Daturik ez den arren, badirudi eraikinak sarreraren defentsarako eginak zirela.

Jauregia, Aiaratarren leinu-etxea

aldatu
 
XVII. mendeko jauregi zaharberritua.

XIV. mendean eraikitako jauregi-gotorlekua da, gotikoa goren aldian zegoenean. Oinplano karratua, hegaletan dorre handiak eta erdian patio handi bat zituen. Fatxada nagusia ekialdekoa zen, bertan apaindu gabeko arku zorrotza duen ate bat dago.

Ziren dorreetatik bakarrik ipar-ekialdekoa dago egun zutik. Eraikinak solairu bi ditu, biak ere harlangaitzez eginak. Kanpora egindako baoak zulo txiki karratuak dira, 1737ko konponketa-lanean egindakoak.

Iparraldeko altxaerak baditu zenbait jatorrizko elementu, hots, baoak, leihate bikiak, gotikoak, harrian landutako arkua dutenak; eta arkuz errematatutako atea. Leihate batzuk komentu berria eraikitzeko lanak egin zirenean berreskuratu ziren, beste batzuk, ordea, estalita jarraitzen dute ez zeudelako osorik eta ez zirelako konpondu.

Barruko patioa eraberritu zenean interesa zuten elementuak mantendu eta beste eraikin berri bat egin zen, baoen ordena eta erritmo zorrotza erakusten dituena, modu sinplean egina. Gaur egun mojen gelak, jangela, egongela eta abar daude bertan.

Pedro Lopez Aiarakoa kantzelariaren dorrea (ipar-ekialdeko dorrea) ere eraberritu zen eta egun museoa da eta bertara jauregiaren ate nagusitik joan behar da.

San Joan Bataiatzailearen komentua

aldatu

Fernan Perez Aiarakoa, Kexaako jauregi-gotorlekuaren fundatzailea, politikan buru-belarri sartuta bizimodua eman ondoren, predikatzaileen ordenan sartu zen. Hil aurretik, donazio-karta egin zuen Kexaako monasterioa moja domingotarrei uzteko.

Komentuak bi solairu dituen kalostra karratua du eta horren inguruan du banatuta bere espazioa. Behe solairuak ertz-ganga du, erdi-puntuko zeharkako arkuak dituena. Gakoak San Domingoren ordenaren XVIII. mendeko gurutzez eta armarriz apainduak daude. Argitasuna idi-begi/okulu eta leiho angeluzuzen bidez lortzen da.

Batzar-gela XVIII. mendekoa da, holako esparru zabal barrokoa da, estalki laua du eta bai aldeetan eta aurrealde bietan ilargixkak ditu. Estalkia modu geometrikoan jarritako ornamentuzko molduraz apainduta dago. XVIII. mendeko arkitektura zibilerako interes aipagarria duen egoitza da.

Elizako koru garaiera bakarrik mojek dute sarbidea. Ertz-ganga du eta puntu erdiko zeharkako arkuz bananduta. Bigarren trailuan sabaileiho bat dago eta hortik sartzen da gelan argia.

Gainontzeko gelek ez dute aparteko interesik. Fatxadek bao desordenatuak dituzte inolako hierarkiarik ez dutenak.

Adatseko Andra Mariaren kapera

aldatu
 
Kaperako leiho gotiko bat.

Petri II.a Lopez Aiarakoa, komentuaren fundatzailearen semeak eta "Kantzelaria"-k, eraiki zuen Adatseko Andre Mariaren kapera edo kapera-dorrea.

Alabastrozkoak diren etzandako irudiko hilobiak daude bertan: Kantzelariarena berarena, bere emazte eta gurasoenak. Kaperan, erretaulak eta taula baten gainean pintaturiko aldare-frontalak egiten dute buru (egun, Chicagoko Arte Institutuan dagoen jatorrizkoaren kopia).[2]

Dorre trinko eta latza, harlangaitzezkoa eta hegalak harlanduz eginak dituena. Hiru kurbaturako modiloien gainean jarritako hegalkin modura jarritako almenek errematatzen dute.

Dorre handiak bao gutxi ditu, erdibituak goiko solairuetan eta erlijiosoak behekoan, idi-begi bat eta erdi-puntuko leiho luzatua.

 
Aiarako jaun-andre nagusien hilobiak: Pedro Lopez Aiarakoa kantzelariaren eta haren emazte Leonor Guzmanena.

Adatseko Andra Mariaren kapera beheko solairuan dago. Bertara klausurako eta 1735ean eraikitako elizarako sarbidea den patiotik joan behar da. Atelada arku zorroztua da eta dobela handiak eta hiru arkibolta ditu, hiruetatik bakarrik bigarrena dekoratua. Arkuak oin hartzen duten janbetako baketoiak eta inposta pertsona-buruen irudi txikiz apainduta daude.

Barrua kanoi zorrotzeko gangak estaltzen du; gangak bi tarte ditu hormari erantsita dauden zutabetan oin hartzen duen zeharkako arku batek banatzen dituenak. Bertan dira Aiarako jaun-andre nagusien hilobiak; lau dira guztira eta balio artistiko handia dute.

Kaperaren gainean sala bat dago eta patioko eskaileretatik gora lehen eskailera-ataletik aurrera eginda han bertan dago. Gapirio eta korapilozko sabai batek estaltzen du. Leihoak erdibituak dira eta hegaleko bankudunak dira.

Almenen-gunea gela handi diafanoa da eta estalkiak, 1960-70ko hamarkadan berritu zenak, metalezko egitura du.

Aiaratarren aldare-aurrekoa eta erretaula

aldatu
 
Kaperako erretaularen kopia.

Kexaa­ko dorrean, Aiaratarren kaperako aurreal­dea eta erretaulako margolanak ere lerroz­ko marraz­ketaren barruan kokatu behar dira; zeren eta Araban, XIV. mendetik gorde diren apurretakoak baitira. Kaperaren zaharberri­tzea zela-eta, 1959an burutu zirenak orain erakusten dira jatorriz­ko aleen errepikapen zehatz moduan, izan ere 1913an sal­du eta Londresen enkantean izan ondoren, Chicagoko Arte Institutura eraman ziren.

Erretaulak eta aurreal­deak Maria Birjinaren ondoan Kristoren Haur­tzaroko misterioa erakusten dute. Aiala eta Guzmandarren armarriak er­tzetan dituela dagoen erretaula az­piko zerrendako idaz­kunak honela dio: “mandaron fazer don Pero López de Ayala e donna Leonor de Guzmán su mujer al servicio de Dios e Santa Maria en el año del nacimiento de nuestro Señor Ihu Xpo de mil e trescientos e noventa e seis años”.

Erretaulak bi zerrenda ditu. Az­piko zerrendan, ez­ker-muturreko koadroan, on Pedro eta bere seme on Fer­nanen otoitz irudia azal­tzen da, San Blasek zaindu eta bedeinkatuak; jarraian, Deikundea, Ikustal­dia, Jaio­tza eta Magoen Gur­tza, Elizan Sar­tzea eta Egiptoko Ihesa; Eskuineko muturrean, belaunikaturik dauden Leonor Anderea eta bere erraina, Maria Sarmientokoa Anderea, Santo Tomas Akinokoak bedeinka­tzen dituela. Zerrenda horren erdiko tartean Adatsaren Ama Birjina deritzonaren erlikitegiaren eki‑santu gisa erabili zen. Goiko zerrendan, zaz­pi eszena agertzen dira, Jesus heldua deneko pasarteak: Jesus eliz gurasoen erdian, Kanako Ezteiak, Piztuera eta Guru­tzil­tzaturiko Kristo, kan­tzelariaren bi biloben otoitz-jarrerako irudiekin. Ondoren, Igokundea, Mendekoste eta Birjinaren Jasokundeko eszenak. Aldare-aurrekoan, Epifaniaren eszena errepika­tzen da.

Irudi horiek denak esparru ar­kitek­tonikoetan kokatuak daude, saihe­tsetan urrez­ko zutabeak dituztela eta ar­ku trilobulatuez burutuak, hauek urreztatutako gableteak eta erdian lauorriak gainjarrian dituztela.

 
Petri II. Lopez Aiarakoa kantzelaria eta bere semea San Blasi eskean. Erretaulako beheko zerrendako irudia.

Irudi horien hondoak lauak, leunak eta krema-koloreko ñabardurak dituena da. Kontakizunean esanahi handi bat nabarmen­tzen zaie, irakurriak izateko eginak dira. Irudiak beren keinuez hitz egiten dute, aurpegiek ez baitute ezer adierazten. Garaiko janz­kerez jan­tziak daude, Errege Magoen kasuan, esaterako, ba­tzuetan oso abera­tsak dira, eta besteetan berriz herrikoiak, baina betiere xehetasun handikoak. Konposaketak xumeak dira eta paisaiako xehetasunetan naturarekiko maitasun handia azal­tzen dute.

Egile ezezagun honek zaletasun fran­tses puska bat azal­tzen du; garaiari zerion italiar ku­tsua an­tzematen zaio ezaguna zuena. Gogoan har dezagun Aiarako On Pedro Lopez Fran­tzian enbaxadore izana zela; zaz­pi al­diz ere joana zen bertara, eta 1381ean lortu zuen frankoen eta gaztelarren arteko ituna; Avignonen ere Klemente VII.a Aita Santuaren aurrean enbaxadore izana zen, Italiako ertilari onenak han behar zireneko al­di hartan. Dena den, erretaula buru­tzeko hartu zen ertilariak ikonografian eta grafismoa gailen­tzean, tradizio gotikoaren barruan finkaturik jarraitu zuen.[4]

Taula gaineko pinturak Pedro Lopez Aiarakoa kantzilerraren hileta-kaperaren parte izan ziren. Ikuspegi formaletik, pintura horiek gotiko lineal arkaizante gisa katalogatu dira, baina pintura italiar eragina eta nazioarteko gotikoko pinturatik eratorritako elementuak ere ikus daitezke. Patronatuaren ikuspegitik, Marisa Moneo Melerok arte-historialari nafarrak dionez bai pinturen alderdi formalek, bai Petri II.a Lopez Aiarakoaren irudiari buruz ezagutzen ditugun datu historikoek gomendatzen dutela haren patronatua Leonor de Guzmán Ayala kantzilerraren emaztearekin lotzea. Horrek ez du esan nahi pinturen betekizuna, hileta-kaperako beste elementuen helburua bezala, Aiaratarren leinua goratzea eta betiereko atsedenaren alde egitea izan ez zenik.[5]

San Joan Bataiatzailearen eliza

aldatu

Komentuko tenplu nagusia da eta Kexaako parrokia. Klausurako patio komunean du sarrera. Atelada ertz biziko lau arkibolta dituen arku zorroztua da eta ez dago dekoratua.

Absidea harlangaitzezkoa da, poligonala eta lau kontrahormek indartzen dute. Erdiko hormatalean idi-begi/okulu bat dago.

Barruan bost tarteko nabea da, bostetik hiru elizan eta bi koruan. XVIII. mendeko ertz gangak ditu eta lehen eta hirugarren tarteek aurreko eraikitze-lanetako arrosa-leihoak ditu.

Ertz gangak 1739an egin zituen Juan Andres de Llagunok. Kapera nagusia tertzeletezko ertz ganga batek estaltzen du, erdiko nabearen inguruan zirkuluak eginez jarritako nerbio kurbatuak ditu mentsulen gainean jarrita. Nerbioen arteko ganga zatiak grisailazko groteskoekin apaintzen dira. XVI. mendeko lehen urteetakoa da.

Tenpluaren behean Fernan Perez jaunaren familiaren hilobi-eskulturak daude. Sakristia Aiaratarren jauregiaren hego-ekialdeko dorre handian dago.

Abade-etxea

aldatu

Sarbidea den patioa ixten du eta bere fatxada da. Ziurrenera XVIII. mendekoa da, azken eraikuntza-lanak egin zirenekoa. Baoak goitik behera lerrotuta ditu eta beheko solairua harlanduzko puntu erdiko arku bik osatzen dute. Goiko bi solairuetako bakoitzak balkoi bana eta leiho txikia dituzte.

Beste eraikuntzak

aldatu

Sarbidea den zubia, ezin da ondo ikusi dagoen landarediarengatik baina, dirudienez, zapata mailakatuan jarritako arku zorrotza du. Harlanduz egina dago, eta petrilak lauza lauez errematatuta daude. XVII. mendekoa dela esan daiteke, garai horretan antolatu baitziren lehen azokak Kexaan.

Sarbidean diren etxeak, zubiaren ondoan. Bi eraikin dira bertan bata bestearengandik ezberdinduak. Lehenak, zubitik hurbilago dagoenak, puntu erdiko arkudun portikoa du, bao leihoburudunak eta gaineko errematea harriz egina du, bigarrenak, interes gutxiago du baina aipatzekoa da duen bao bat hirugingileko gotiko estilokoa, ziurrenera beste nonbaitetik ateratakoa.

Zubiaren eskuinaldean ageri diren eraikuntza aztarnak zubiaren defentsa izango zenarenak dirudite, plazaren ondoan duenaren antzeko batenak. Ez da eraikuntzaren aztarna handirik geratzen eta dagoena landarediak tapatzen du.

Bidearen beste aldean, Kexaako parrokia zaharraren dorrea dago, komentua seinalatzeko aztarna modura geratu dena bertan.

Komentuaren barruan eraikuntza exentu bat dago, inolako baliorik ez duena, nekazaritzako tresnak gordetzeko erabiltzen dena. Ortuan badira sakabanaturik horrelako eraikuntza txiki batzuk balio gutxikoak baina multzoaren itxurari kalterik egiten ez diotenak eta ondo integratuta daudenak.

Erreferentziak

aldatu
  1. Batzuetan Cabello Andre Maria agertzen da (Aiarako Udala), bestetan Virgen del Cabello, osoa gaztelaniaz (Monumentu-multzo izendapena EHAAn), bestetan Adatseko Andre Maria, guztiz euskaraz (Hiru webgunean). Euskarazko izen osoa hautatu da hemen, Eusko Jaurlaritzaren "Hiru" webgunean bezala eta Museotik EAEko museoen plataforman bezala (https://museotik.euskadi.eus/egileak-izengabea/izenburua-kexaako-adatsaren-ama-birjinaren-erlikitegia/objetua-erlikia-ontzia/museotik-ca-115353/webmus00-contenedor/eu/).
  2. a b Museoen Zentroa, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila. Eusko Jaurlaritza. (2014-09-05). «Kexaako Museoa» www.euskadi.eus (Eusko Jaurlaritza) (Noiz kontsultatua: 2025-01-05).
  3. Monumentu-multzo izendapena EHAAn
  4. J. CAMON AZNAR, Pintura medieval española. S.A. XXII, 1966; J. GUDIOL RICART, Pintura gótica. A.H. IX.ean, 1955; M. ARANEGI, El Canciller Ayala. B.I.S.S. XVIII.ean (Gasteiz, 1974); J. M. PORTILLA, Torres y casas fuertes..., II. libk. 1978, 853‑886. or.; S. SILVA Y BERASTEGI, Las empresas del Canciller Pedro de Ayala. Congreso de Estudios Históricos: Vitoria en la Edad Media (Gasteiz, 1985), 761‑778. or.; M. N. E, 298‑299. or.; C.M.V. VI. libk., 786‑792. or.
  5. (Gaztelaniaz) Melero-Moneo, Marisa. (2000-12-01). «Retablo y frontal del convento de San Juan de Quejana en Álava (1396)» Locus Amoenus 5: 33–51.  doi:10.5565/rev/locus.101. ISSN 2014-8798. (Noiz kontsultatua: 2025-01-05).

Kanpo estekak

aldatu
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa