Artikulu hau Pharomachrus mocinnori buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Ketzal».

Ketzal (hegaztia)
Iraute egoera

Ia galzorian (IUCN 3.1) [1]
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaTrogoniformes
FamiliaTrogonidae
GeneroaPharomachrus
Espeziea Pharomachrus mocinno
de la Llave, 1832[2]
Banaketa mapa
Errute denbora18 egun

Ketzala (Pharomachrus mocinno) Pharomachrus generoko animalia da. Hegaztien barruko Trogonidae familian sailkatua dago.

Erdialdeko Amerikako hegazti igokaria da, goialdean luma berde distiratsuak eta behealdean gorriak dituena.[3]

Izena aldatu

Nahuatl hizkuntzatik dator ketzal izena. Quetza hitzak "tente" esan nahi du eta quetzalli "luma tentea" da. Hortik quetzaltotōtl sortzen da, "luma tentedun txoria". Azken honen laburdura da quetzal, euskarazko grafian ketzal[4].

Deskribapena aldatu

Tamaina ertaina duen hegazti bat da, 36-40 cm-ko luzera eta 210 gramotako pisua duena. Arrak isats luzea du eta 63 cm hartu ditzake[5]. Luma berde irisatuek estaltzen dute gorputza, urre koloreko isladak eta urdin-moreak dituena. Irisazio horrek basoan kamuflatzen laguntzen diete eguraldi euritsuetan[6].

Hegaztietan ohikoa den bezala arra koloretsuagoa da eta emea aldiz apalagoa.

Arraren kasuan burua ere berdea da, gorputzaren kolore berekoa, eta moko hori txikia du, hau ere lumaz estalita zati batean. Gandor txiki bat ere azaltzen du hainbat luma tentez osatua. Bularraldea gorria da eta hegotako azpialdeko luma zuriak azaltzen zaizkio. Isatsa luma luze fin berdeek osatzen dute.

Emeek gorputz berdea dute, burua arrea eta moko beltza. Hegoetako lumek isats laburra ia estaltzen dute. Quetzalí esaten diote bertan.

Ketzal kumeek azkazal bestigialak dituzte hegoen artikulazioan eta heltzerakoan galdu egiten dituzte.

Elikadura aldatu

Fruitujalea da ketzala. Tarteka intsektuak ere jaten ditu dietaren osagarri gisa, liztorrak, inurriak eta larbak bereziki. Ahuakatea jaten dute bai eta Lauraceae familiako fruitu txikiak ere[7]. Zuhaitz adarren muturretan dauden fruituak atsegin dituzte bereziki[8]. Fruitu txiki hauek osorik irensten dituzte eta ondoren berrahoratu eta haziak kanporatzen dituzte. Honek landarearen hazien sakabanaketan laguntzen du.

Helduek nagusiki fruituak jaten dituzte baina txitek intsektuak jaten dituzte proportzio handiagoan[8].

Ugalketa aldatu

Ketzala habian.

Hegazti bakartia den arren ugalketa garaian bikote monogamoa osatzen du. 6-10 hektarea arteko lurraldea izaten du.

Ugalketa garaia martxoa eta apirila artean da Mexikon, martxoa eta maiatza artean Guatemalan eta maiatza eta ekaina artean El Salvadorren[9]. Emeak zuhaitz enborrean egindako zulotxo bat egiten du 60 metrotik gorako altueran[6] eta barruan bi arrautza jartzen ditu. Kolore urdin argia izaten dute arrautzek. Guraso biek erruten dute, arrak egunez eta emeak gauez. Egunez arraren isatsa zulotik atera eta gorantz kurbatzen da, zuhaitzean dagoen iratze baten itxura hartuz.

18 egun igarota jaiotzen dira txitak eta gurasoek fruitu, intsektu, sugandila eta igel txikiz elikatzen dituzte. Emeak denbora gutxira alde egiten du eta arraren ardurapean gelditzen dira txitak harik eta beren kabuz bizitzeko gai diren arte.

Ketzalek bi kumaldi egiten dituzte, habiaren galera ratioa oso handia baita, %70 ingurukoa[10].

Arrisku egoera aldatu

Ketzala ia galzorian dagoela kontsideratzen da. Mexikon bereziki iraungipen arriskuan dago[11]. Guatemalako Baja Verapaz departamentuan bada ketzalen ugalketarako biotopo bat. Toki turistiko aipagarria ere bada.

Ketzalaren garrantzia kulturan aldatu

 
Guatemalako armarria.

1871ean Guatemalako hegazti nazionala izendatu zen eta gaur egun haren armarrian agertzen da[12]. Guatemalako txanpona ere ketzala da (GTQ)[13].

Mesoamerikako aintzinako kulturetan Quetzalcoatl izeneko jainkoa agertzen da. Cóatl hitzak sugea esan nahi du eta jainkoa beraz "Lumadun sugea" da. Airetako jainkoa zen eta nahua herrientzat jainko nagusia zen. Nobleek ketzalaren lumak jartzen zituzten buruan. Hegaztia hiltzea debekaturik zegoenez harrapatu eta luma pare bat kendu ondoren askatu egiten zuten. Gaur egun eremuko hainbat hizkuntzatan ketzal hitzak "sakratua" esan nahi du.

Ketzalaren inguruko kondaira ugari daude. Ezagunenetako batean Tecún Umán kʼicheʼ printze gerlariarena dago. Pedro de Alvarado espainiar konkistatzailearekin aurrez aurre borrokan ari zela espainiarrari lantza sartu zion bularrean, baina honek altxatu eta ezpataz hil zuen kʼicheʼ printzea. Orduan ketzal bat zauriaren gainean pausatu zen eta haren izpiritua eraman zuen. Horregatik dauka bularraldea gorria ketzalak[14]. Borroka izan zen lekua Quetzaltenango deitzen da gaur egun.

Maien kondaira batek dio ketzalak lehen oso ongi abesten zuela baina espainiar konkistatzaileak iritsi zirenetik ixildu egin zen. Berriz abestuko du lurraldearen askatasuna lortuko denean[15].

Azkenik Kretazeo garaiko pterosauro bati Quetzalcoatlus izena eman zaio.

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez)BirdLife International (2012) Species factsheet. www.birdlife.org webgunetitik jaitsia 2012/05/07an
  2. (Ingelesez) IOC Master List[Betiko hautsitako esteka]
  3. Lur entziklopedietatik hartua.
  4. Andrews, J. Richard. (2003). Introduction to Classical Nahuatl. University of Oklahoma Press ISBN 0-8061-3452-6..
  5. Schulz, Ulrich; Eisermann, Knut. (2017-12). «Morphometric differentiation between subspecies of Resplendent Quetzal (Pharomachrus mocinno mocinno and P. m. costaricensis) based on male uppertail-coverts» Bulletin of the British Ornithologists’ Club 137 (4): 287–291.  doi:10.25226/bboc.v137i4.2017.a6. ISSN 0007-1595. (Noiz kontsultatua: 2021-09-19).
  6. a b LaBastille, A.; Allen, D. G.; Durrell, L. W.. (1972-04-01). «Behavior and Feather Structure of the Quetzal» The Auk 89 (2): 339–348.  doi:10.2307/4084210. ISSN 1938-4254. (Noiz kontsultatua: 2021-09-19).
  7. (Ingelesez) Dayer, Ashley A.. (2020-03-04). «Resplendent Quetzal (Pharomachrus mocinno)» Birds of the World (Noiz kontsultatua: 2021-09-19).
  8. a b H., Ma. Lourdes Avila; O., V. Hugo Hernandez; Verlarde, Enriqueta. (1996). «The Diet of Resplendent Quetzal (Pharomachrus Moncinno mocinno: Trogonidae) in a Mexican Cloud Forest» Biotropica 28 (4): 720–727.  doi:10.2307/2389058. ISSN 0006-3606. (Noiz kontsultatua: 2021-09-19).
  9. Handbook of the birds of the world. Lynx Edicions ©1992-©2013 ISBN 84-87334-10-5. PMC 861071869. (Noiz kontsultatua: 2021-09-19).
  10. (Ingelesez) Dayer, Ashley A.. (2020-03-04). «Resplendent Quetzal (Pharomachrus mocinno)» Birds of the World (Noiz kontsultatua: 2021-09-19).
  11. International), BirdLife International (BirdLife. (2016-10-01). «IUCN Red List of Threatened Species: Pharomachrus mocinno» IUCN Red List of Threatened Species (Noiz kontsultatua: 2021-09-19).
  12. Txantiloi:Es-GT «Así ha cambiado el Escudo de Armas de Guatemala con el tiempo» Aprende Guatemala.com 2017-09-06 (Noiz kontsultatua: 2021-09-19).
  13. (Gaztelaniaz) «El quetzal de Guatemala. Billetes en circulación GTQ EUR» iCambio 2020-08-23 (Noiz kontsultatua: 2021-09-19).
  14. (Ingelesez) Pena, Erin. «Pharomachrus mocinno (resplendent quetzal)» Animal Diversity Web (Noiz kontsultatua: 2021-09-19).
  15. (Ingelesez) Owen, Michael. (2011-03). The Maya Book of Life: Understanding the Xultun Tarot. Kahurangi Press ISBN 978-0-473-11989-8. (Noiz kontsultatua: 2021-09-19).

Kanpo estekak aldatu