Kazkabarra

Euskal musika taldea

Kazkabarra herri musika berreskuratzeko lanaren eta egile musikaren artean kokatu beharreko taldea da. Juan Mari Beltranen anaia Bixente Beltranek sortu eta gidaturik, zuzeneko ugari eman zituen 80ko hamarkadaren bigarren erdialdean, bere musikaren alaitasun, dantzagarritasun eta bersatilitateagatik. Hasieran folk txaranga gisa ere hartu izandakoak, kale musikatik urrutiratu ahala, ibilbide pertsonalagoa egin zuen hiru diskotan.

Kazkabarra
Datuak
JatorriaLasarte-Oria (Gipuzkoa)
Musika motafolk
Urteak1985 - 1993
Produkzioa
Diskoetxea(k)Elkar,
Taldekideak
Patxi Saiz
Bittor Ulla
Arantza Lizaso
Iñaki Linazasoro
Karmen Lauzirika
Sergio Villar
Joxan Zabalo
Xabier Gil
Jon Arrizabalaga
Alberto Murua
Bixente Beltran
Lehengo taldekideak
Jaime Eguzkiza
Ricardo Sarobe
Xabier Berasaluze "Leturia"
J. Luis Arizti
Joxe M. Urreaga
Gotzon Huizi
Daniel Adrian
Juan Luis Vallejo
Mainel Sierra
Badok: kazkabarra Musikasten: kazkabarra

Taldea aldatu

Herri musika eta herri tresnekin harreman luzea zuen Bixente Beltranek, eta haren bultzadaz sortu zen Kazkabarra, Eskola dantza taldearen barnean. Berez, Donostiako inauteri sortu berriak euskal inauterien erroekin lotzeko asmoz urteetan hainbat lan egin ondoren, Bixente Beltranek sortutako hainbat doinu bildu zituen Ihauteriak lehen diskora (Elkar, 1985). Sonoritate bereziko taldeak festa eta dantza giroa aldarrikatzen zuen lan horretan. Bixente Beltran (txirula, klarinetea), Gotzon Huizi (atabala, ahotsa), Jaime Eguzkiza (kontrabaxua), Daniel Adrian (gitarra, biolina), Ricardo Sarobe (trikitia), Xabier Berasaluze "Leturia" (panderoa), Karmen Lauzirika (flauta), Juan Luis Vallejo (eskusoinua), Mainel Serra (bonbardinoa), J. Luis Arizti (pianoa) eta Joxe M. Urreagak (alboka, ahotsa) osatu zuten taldea.

Taldearen nortasuna honela azaldu zuen Bixente Beltranek: "Kazkabarra herriarengandik, bere kulturaren baitatik sortu den taldea da, tradiziozalea, gure herri izatearen ezaugarri izan den kultur ondare berezi hori berea eginez, gaurko egunez musika alaia eta festazalea egiten ahalegintzen dena, geure geurea dela senti eraziko digun musika hain zuzen" (1).

Ameskide bigarren diskoak (Elkar, 1988) bide beretik jo zuen. Bixente Beltranenak dira diskoko kantu gehienak, nahiz eta, aurrekoan ez bezala, ahotsa agertzen den diskoko pieza gehienetan. Bittor Ulla (kontrabaxua, gitarra) garai hartan sartu zen taldean. Zuzeneko ugari eman zituen Kazkabarrak, eta handik hiru urtera kaleratu zuten hirugarren eta azken diskoa, izenburu argigarri batekin: Azken saltsak (Elkar, 1991). Aldaketa garrantzitsuak ekarri zituen disko horrek, taldekideetan lehendabizi. Arantza Lizaso eta Iñaki Linazasoro (biolina), Sergio Villar (eskusoinua, trikitia), Joxan Zabalo (bonbardinoa), Jon Arrizabalaga (bateria, perkusioa) eta Alberto Murua (kontrabaxu , ahotsa) sartu ziren taldean, Kazkabarraren azken urteetan kantari nagusi bilakatu zen Patxi Saizekin batera. Ikuspegi musikalaren aldetik ere aldaketak gertatu ziren. Nahiz eta Beltranenak izan kantu gehienak, Aitor Amezaga (Akelarre, Estitxu, Gernika...) moldaketa musikalak egiten hasi zen. Azkenik, instrumentazioari zegozkion aldaketen artean, hainbat kantutan bateria erabili zuten.

Hala eta guztiz ere, ez zuten zorte handirik eduki. 1993an taldea desagertu egin zen, eta haietatik Patxi Saizek garatu du ibilbide emankorrena. Bakarlari gisa hiru disko kaleratu ditu Getariako kantariak: Iratzarra (Autoekoizpena, 1998), Galdetzen (Kultulan, 2003) eta Haize urrunak (Autoekoizpena, 2005).

Diskografia aldatu

  • Ihauteriak (1985, Elkar)
  • Ameskide (1988, Elkar)
  • Azken saltsak (1991, Elkar)

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu