Kanbodiako historia

Kanputxeako historia» orritik birbideratua)

Kanbodiako historia hego-ekialdeko Asiako herrialde horretan bizi izan diren herrien historia da. Eta, batez ere, bertako etnia nagusiarena, khmer herriarena, eta haien erresumena, historian zehar gaurko estatuaren mugak gainditu zutenak.

Lehenbiziko erresumak aldatu

Khmer herria lehenbizietakoa izan zen Indiako ideiak eta egitura politikoak hego-ekialdeko Asian ezartzen, hots, erresuma zentralizatu bat eremu zabalean agintzen zuena. Eskualdeko lehenbiziko erresuma ezaguna Funan izan zen, I. mendean ezarri zena hego-mendebaldeko ordokietan; Malaysiako penintsula osora zabaldu zen haren eragina. VI. mendean, artean Funanen mende egondako Txenla erresuma nagusitu zen egungo Kanbodia, Laos, Thailandia eta Vietnamgo lurraldeetan.

Khmer Inperioa aldatu

Artikulu nagusia: «Khmer Inperioa»
 
Angkor Wat, Angkor hiriko tenplu nagusia

VIII-XI. mendeetan, Khmer Inperioa garatu zen. Dinastiaren sortzaileak, Jayavarman II.ak (802-850), erresuma bateratu, Eguzki-jainkoarenganako kultua ezarri, eta Mekong ibaiaren ertzean kokatu zuen hiriburua, Mahendraparvatan.[1] Iasovarman I.arekin, berriz, Angkor bilakatu zen hiri nagusia. Haren ondorengoek oso estatu ahaltsua eratu zuten. Suryavarman II.aren agintaldian, 1113 eta 1150 bitartean, iritsi zuen une gorena Angkorko zibilizazioak. Jayavarman VII.a (11811218 agintean) budismora bihurtu zen.[1]

Ondoren, inperioa indarra galtzen hasi zen, inguruko herrien (batez ere siamdarren eta champatarren) oldarkortasunak gora egiten zuen heinean; halaber, dinastia barneko liskarrek eta ureztatze sistema konplexuen hondatzeak zerikusi zuzena izan bide zuten gainbehera horretan. Angkorko dinastia 1431n amaitu zen, thailandiarek hiria hartu eta khmer erregeak hegoaldera ihes egin zuenean; Phnom Penh ondoan kokatu zen gortea.

XV-XIX. mendeetan, bertakoek siamdarrei eta vietnamdarrei egin behar izan zieten aurre. XVIII. mendean, Mekong ibaiaren deltaz jabetu ziren vietnamdarrak, eta XIX. mendean beste lurralde batzuez, khmer lurrak guztiz berenganatu eta kultura vietnamdu nahian.

Frantziar protektoratua aldatu

 
Kolonia garaiko eraikuntzak Phnom Penhen

Ang Duong erregeak (1840-1860) Frantziari laguntza eskatu zion galdutako lurraldeak eskuratu ahal izateko, eta 1863ko uztailean Kanbodia Frantziaren protektoratu bihurtu zen. Kanbodia frantsesen babesean egon zen urteetan mugak finkatu, barneko istiluak baretu eta herriaren egoerak hobera egin zuen. 1887tik aurrera, Kanbodia Frantziar Indotxinaren parte izan zen, Kotxintxina, Annam, Tonkin eta Laosekin batera,.

Bigarren Mundu Gerran Japoniak lurraldea hartu zuen gerrako eginkizunetarako oso egokia zelako, eta frantsesek nagusitasuna galdu zuten. Naziotasun sentimenduak gero eta indar handiagoa hartu zuen; Japoniak gerra galdu zuenean, monarkia autonomo bat ezarri zen, Frantziar Batasunaren barruan; independentzia 1953an lortu zuen.

Independentzia eta Khmer Gorrien diktadura aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Khmer Gorriak» eta «Kanbodiako Gerra Zibila»

1960an, Norodom Sihanoukek hartu zuen aginpidea, eta errege tituluari uko egin bazion ere, antzinako estatu egiturak zirauen indarrean, khmer nekazarien egoera batere hobetu gabe. Estatu Batuek Vietnamgo Gerran parte hartzea erabaki zutenean, bi herrialdeen arteko harremanak eten ziren. 1969an, Estatu Batuek bonbez eraso zioten Kanbodiari, eta 1970ean, CIAk antolatutako estatu kolpearen bidez, aginpidetik kendu zuten Norodom Sihanouk. Lon Nol jeneralak hartu zuen orduan aginpidea, Khmer errepublika sortu zuen eta Estatu Batuekiko harremanak estutu zituen. Lon Nolen gobernuak, baina, Khmer Gorrien gerrillari aurre egin behar izan zion. Gerrillak, berriz, Sihanoukek Pekinen erbesteraturik sortu zuen Kanbodiako Fronte Batuaren eta Txinaren laguntza zuen, eta 1975ean aginpidea lortu eta diktadura ezarri zuen.

 
Khmer Gorrien biktimen garezurrak Choeung Eken

1976an Kanbodia Demokratikoa izeneko errepublikaren konstituzioa onartu zen, alderdi komunistaren kide ziren Khieu Samphan presidentearen eta Pol Pot lehen ministroaren gobernupean. Khmer Gorrien gobernu maoista nekazaritzan oinarritutako komunismo utopikoa ezartzen ahalegindu zen; hiriak jendez hustu zituen, herriaren egitura ekonomikoa eta soziala errotik irauli zuen, administrazio eta hezkuntza erakundeak desegin zituen, eta kulturaren adierazpide txikiena ere desagerrarazi zuen. Zapalkuntza itzel horretan 1,7 milioi pertsona hil ziren, orduko biztanleriaren % 21.[2]

Vietnamdar inbasiotik aurrera aldatu

1979an, Vietnamgo gudarostea Kanbodian sartu eta herriaren batzorde iraultzailea jarri zuen gobernuan, zortzi kidez ostatua, Heng Samrin buru zela. Haren gobernuak, vietnamdarren gidaritzapean, erregimen komunista ezarri zuen. Hala ere, Khmer Gorrien gerrillak borrokan jarraitu zuen Kanbodiako iparraldean eta Thailandiako muga bere kontrolpean hartu zuen. Halaber, Khmer Herriaren Askapenerako Frontea eta Sihanuken aldeko taldeak sortu ziren gobernuari eta Khmer Gorriei aurre egiteko.

1989an, Vietnamgo gudarostea Kanbodiatik atera zen. 1991ean, Nazio Batuen aholkuei jarraituz, borrokan ari ziren taldeek su-eten baterako akordioa izenpetu zuten. Norodom Sihanouk erregea Kanbodiara itzuli eta nazio batzordearen buru jarri zen 1993ko maiatzeko hauteskundeak bitartean. Hauteskundeetan Funcinpec alderdi erregezalea izan zen garaile, baina ez zuen gehiengorik lortu. Sihanoukek lau alderdiren arteko koalizioko gobernua osatu zuen, Funcinpec-eko buru Norodom Ranariddh printzea eta Kanbodiako Herriaren Alderdiko Hun Sen (Vietnamen aldekoa) lehen ministro izendaturik. Konstituzio berriak aginpidean ezarri zuen berriro erregea.

Khmer Gorrien gerrillak ez zuen amore eman eta borrokan jarraitu zuen gobernuaren kontra, harik eta zenbait galera handiren ondoren 1996an giroa baretzen hasi zen arte. Ahuldadea erakusten ari zen gerrilla eta gobernuak ahaleginak egin zituen haien artean zatiketa eragiteko. 1997. urtean, ordea, Hun Sen "bigarren lehen ministroaren" jarraitzaileek Sihanouken semea aitaren kontrako estatu kolpea prestatzeaz akusatu, bere kargutik kendu eta epaitu egin zuten 1998an.

   
Hun Sen lehen ministroa eta Norodom Sihamoni erregea.

Nazio Batuek zuzendurik, legebiltzarrerako hauteskundeak egin ziren 1998an, eta Kanbodiako Herriaren Alderdia izan zen garaile, Funcinpek alderdiari aurrea harturik. Gobernuari boikota egingo zioten beldur zen Hun Sen ordea, eta Funcinpec alderdiarekin koalizioa osatzea erabaki zuen. 1999an senatua antolatuko zutela adostu zuten. Pol Pot 1998an hil zen eta, urte horretan bertan, Norodom Sihanouk erregeak amnistia eman zien Khmer Gorrien buruzagi nagusiei. 1999ko hasieran, Khmer Gorrien buruzagi nagusiek eskaini zitzaien bake prozesua onartu zuten eta gutxi batzuek baizik ez zuten jarraitu ipar-mendebaldeko probintzietan. 2004an, Norodom Sihanoukek abdikatu zuen, eta haren seme Norodom Sihamoni bilakatu zen errege. Ta Mok, Pol Poten oinordeko politikoa, espetxean hil zen 2006an.

Giza eskubideen aldeko elkarte askoren eta NBEaren presioz, Hun Senen gobernuak Khmer Gorrien buruzagiak epaitu behar izan zituen, genozidioa egin izana egotzirik. 2007an hasi zen epaiketa. 2014ko abuztuaren 7an, bizi guztiko espetxe zigorra eman zieten Khieu Samphan eta Nuon Chea agintari ohiei. Epaileak errudun jo eta, besteak beste, gizateriaren aurkako krimenen, hilketen, desagertzen eta jazarpen politikoaren erantzule egin zituen.[3]

Erreferentziak aldatu

  1. a b Kanbodia. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa, www1.euskadi.net (Noiz kontsultatua: 2022-2-22).
  2. Introduction to Cambodian Genocide Program. Yale University, gsp.yale.edu (Noiz kontsultatua: 2022-2-23).
  3. Bizi guztiko espetxe zigorra ezarri diete Khmer Gorrien bi buruzagiri, Kanbodian. Berria, 2014ko abuztuak 8, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-2-23).

Kanpo estekak aldatu